HEILIGENDAMM
Kamioi baten gainaldean besoak zabalduta
Ezkerraldera egin dugu bidegurutzean. Hurrengoan,
Eskuinaldera. Martxoaren 35a da. Ez dugu sekula
Jakin izan agur esaten. Nora, nola iritsiko garen
Zehazki jakin gabe zenbait material bildu dugu
Bazter batean, David Bowiek filmetan egiten duen
Lez (ilea moztuta). Ingurura begiratu dut desoseguz
(Arraroa bada ere), eta «hau Rostock da!» esan dut
Nire baitarako. Biolentzia politikoa zintzilikatu
Dute airean: terrorismoaren gramatika aldrebesa.
Espaloiei begira eman ditzakegu datozen egun
Guztiak; gauean, atseden hartuko dugu auskalo
Noren omenez. Ez ditut ikusten umeak kaleetan
«Bideoaren inozokeriak agian» aipatu du norbaitek
(Naroak). «Eztabaidarako prest egongo bagina...».
Gero esan diot, kapitalismoak garaituko gaitu.
Uraren presioak mozorroak itxuragabetu eta
Aurpegiko makillajea guztiz narrastu digu.
Nolanahi ere, aurrera egiten saiatu gara, nahiz eta
Gure xalotasunak ez digun askorako balio izan,
Balio izango. Adibidez margolari bat etor zitekeen
Bataila honen testigantza gordetzera, horrela agian
Hemendik urte mordo barru negozioa egingo dute
Gurekin. Baina kontsolamenduak zertarako balio
Dezake hemen? Eta gero gure kontraesanak aintzat
Hartzera behartzen gaituztenean munduko komedia
Negargarrienetan bahiturik amaitzeko? Arropa denda
Ireki berrietan gorri koloreko galtzak saltzen ari dira
Itxura denez. Nik (!) inguruko etxebizitza batetik
Datorren musika epela entzun dut kanpoaldean itxoin
Bitartean. Agureak eta atzerritarrak dabiltza kalean
Barrena betiko errutinari gogor atxikirik (eta zer
Iritzi duten ez dakigula). Eguraldi ona egiten du
Bainuetarako, esan dute irratian.