ZORIONEZ
Andreu Gabrielentzat
Elurrak oro estaltzen du, ez du etorkizunean
Pentsatzen uzten. Hostoak aspaldi usteldu dira
Espaloian; agian, hemendik urte mordo batera euren
Lorratzak topatuko dituzte iltzaturik harri
Pusketetan. Jane joan egin zen lurralde ederrago
Baten bila, beste bizi baten alde. Antzinako
Gobernadoreak bezalaxe, kemenez begiratu zuen
Itsasoz bestaldera, zera esanez: «Ezin da hildako
Baten kontra borrokatu» eta nik ezin izan nion ezer
Erantzun. Orain, hemen, Shirley Templerekin
Larrutan egin nahiko nuke, bere biloetatik tira egin,
Jo emagaldu bati bezala. Teilatuetan, prest dira
Denak, azkeneko errezoak egin dituzte lipar batez
Euren buruez harro sentitzeko. Parkeko loreek
Higuina sorrarazi didate, nazka, amorrua; baina zer
Lor nezake banan-banan aterako banitu errotik?
Udaberria aspaldi amaitu zen betiko eta inork ez
Dauka gaur heroi izateko borondaterik. Zorionez.
Kuraia apur bat besterik ez dut eskatzen suizidentzat,
Bihar elurrak estaliko dituenentzat. Guretzat. Gure
Lagun eta amoranteentzat. Etsaientzat. Berriz saia
Gaitezke apika, baina mereziko ote du? Kaleko
Farolek dir-dir egiteari uzten diotela pentsatu dut
Momentu batez, baina leihoaz harantzago jendea
Besterik ez da ikusten, abrigu luzeekin eta gora
Begira. Katu beltzak eta guzti izutzen dituzte gaueko
Itzalek, errepideak oihan bat dirudi, itsas azpiko
Hondarra. Hala ere, zortea izan dugu segur aski.
Behin sentitu genuen zoriona, denbora luzez barre
Egiteko motibo bat; ezagutu ditugu iluntze eder
Batzuk, hizketa gogoangarriak, Jonek, Mariak,
Ikerrek jarritako abestiak. Metroa, basoek txin-txin
Egin dute, dirua galdu dugu. Zinema pantailatik
John Huston irten dela esan dute iragarki batzuek,
Ekologista itxura zuela atzera zeluloidean sartu
Aurretik. Guk, adiskideok, ordea, badakigu hori
Guztia ezinezko, gezurrezko dela. Etorriko zatekeen
Nigana.