GEOGRAFIA
Norbanakoaren posizioaren menpe
Gauzak, objektuak, gisa ezberdinean
Antolatzen dira. Ordenak ez du inoiz
Seme bikirik erditzen, eta higidurak
Ez du zinez iturri finkorik. Puntu bat,
Koordenada geografiko jakin bat.
Ezinbestean amiltzen da mundua bere
Baitan, nostalgiarik, garai hobeen mirarik
Edukitzeko aukerarik gabe. Luis de
Gongorak esan zuen behin, hordituta,
Jaiotza eta patua heriotzaren modalitate bi
Baino ez direla, eta Juan Ramon Jimenezek
Erantzun zion gero: Ezin da dena aurreikusi
Luis, ezin da. Balkoiko emakumeak erabat
Biratu du bere burua adibidez, aurrezki
Kutxako eskaleak, unibertsitatean pasa
Du gaua. Tren estazioa hamar zentimetro
Mugitu da ekialdera osteguneko lurrikararen
Ondorioz baina «ez dago arduratzeko
Motiborik», esan dute ingeniariek seguru,
«Lurrikarak mendiak mugitzeko gai
Dira». Beraiek ere, fakultate garaitik
Iragandako denbora kontatu dute eta
Galdu egin dute arnas apur bat. Euren
Amiltzea, izan ere, tristea baita.
Frantsesek, guztiarekin, aurrera egiten
Dute, automobilak ekoitzi, banderak
Eroan, doxa eta epistemea zedarritu,
Harrotasuna mantendu lotsarik gabe,
Eta abar. Bi bider zenbatuta ere, fisikaren
Legeek ez dute etsiko eta maitaleek tipi-tapa
Pasioan jarraituko dute baratze zainduetatik,
Itsasertzeko kale garbietatik. Horregatik da,
Pentsatu du Mariak, alferrikakoa.