Aurkibidea
TABAKALERAKO
ERREZITALA
(2006-04-04)
LIBURUA
Erbien omenaldia Mateo Soinuri
Amerikaren konkista ezinezkoa gertatzen bada ere kontsolagarri
Langue et civilisation françaises
Aurkibidea
TABAKALERAKO
ERREZITALA
(2006-04-04)
LIBURUA
Erbien omenaldia Mateo Soinuri
Amerikaren konkista ezinezkoa gertatzen bada ere kontsolagarri
Langue et civilisation françaises
EDITOREAREN OHARRA
Idatziak oro, eta poesiak bereziki, badauka bere musika, edo musikaltasuna: kadentzia batean esaten zaizkigu esatekoak, beren motelaldi eta arinaldiekin; kakotxak eta puntuak isilaldi labur eta luzeak ditugu... eta noski, hizkuntza guztiak dira hots-sistema konplexu samarrak, alegia, aberatsak. Honek ez du esan nahi poema batek berea ez den beste musikarik onar ez dezakeenik. Testuaren musikaltasuna gorabehera, kantagarri izan zitekeela uste ez genuen poema mordoa kantatzen dugu. Eskultoreak materiari bezala, testu-masari forma kendu dio musikariak, kantariak.
Idatzia, poema, musikagarria da. Baina kantua, irakurgarria ote da?
Musikak poemaren beste alderdi bat erakusten duen bezala, irakurketak kantuaren dimentsio berri bat erakusten digu musika erantzitakoan. Har dezagun balada bat, irakur dezagun astiro: narrazio luzearen mailakatze bera dauka, nobela luze bat da, elipsian emana. Har dezagun kopla zahar bat, gure lirikaren irudi ederrenetakoak utzi dizkigute egile anonimoek.
Kantuan, idatziak ahozkotasunera hurbildu behar du, bestela oso gutxitan kontuan hartzen diren aldaerak zaindu behar dira: hitzen arteko loturak, kontsonante-bokalen oreka, barne-etenak... Esangarria izan behar du aurrena testuak, kantatu ahal izango bada. Letragintza, beraz, genero literario berezia bihurtzen da. Bere legeak ditu; hobeto esanda, bere printzipioak. Genero apala da, artisautza nahi baduzue, baina ez horregatik erraza. Apalean bertan zaila, errazkeriaren arriskua daukana.
Askotan menostu egin den genero honen adibidea dugu Teilatuko lizarra liburuan proposatzen duguna: Koldo Izagirrek hogeita hamar urtetik hona argitaratutako kantu eta kantugaiak, eta gordean zeuzkan beste hainbat letra berri. Sehaska kantu xaloak eta gaiztoak, blues malenkoniatsuak, baladak, koplak... denetarik aurkituko duzue hemen, eta baita ere kantu kultua esan genezakeena, frantsesek chanson à paroles esaten dutena, kantu berbadunak, "zer edo zer" molde jasoan esaten duten parolak, letrak.