
Mi padre me llevaba a casa,
los lobos aullaban al cielo.
Amorante
Dardara egiten duen zura
zura hara danda hura
herriko etxe guztietako jendea
hurbilduko da eliza atarira
hurbilduko da azken agurrera
hurbilduko da hurbil ezinera
hurbilduko da
intziria zeru labarra
abereen marrumak
ordura arte arindu gabeko joareak
libratu gabeko saihets hezurrek
puskatu dute
beldurtu dute
dardararaziko dute
amaren soinekoaren gibelean
kokatutako eta ezkutatutako
begi-hemisferioaren pertzepzioa
aita zeruan dela seme
aita zeruan lasaitu hadi
semea baina zerura so zerua su
zerua eskolako margo
zerua bortz hatzetako ikusmin
zerua eskuineko begia hertsarazten dion argi-zuzi
amatxik kulunkatzen zuen txondorra
mazela musugorriaren eguzki irribarretsua
zeruan hodeiak hur
basoko animalia beldurtuek
ez dute asfaltoaren gainetik
herriak hesitu mugarik zeharkatuko
gaurik hertsienean letaginik erakutsiko
uluka agurtuko dute basomutilaren
zaulitasunaren babesa
hitz eta keinurik gabekoa
aita zeruan dela seme
non zein tokitan ama
ez dut inon ikusten
ez dut bere hatsa sentitzen
nora joan da zergatik utzi gaitu bakarrik
semea eskutik hartu eta berarekin eramanen du
otsoen artera
lur erreka eta zuhaitz arteko aienera
herriko amenazuetarik
libro
eta seguru mantenduko dituen
urtaroen erritualekin nahastera
su lur haize itsaso zerumugan
zabal izatera