
Itzal
egiten duten
eskuen dardararekin
neurtu genuen
distantzia
gibelka
igeri egiten
ikasi
laukizuzenetan.
Urezko zulo haietan
frustrazioak
galerak
gabeziak
estaltzen
saiatu ginenetik
ilea zuritu zaigu.
Eguzki-izpien tokian
zergatik lerratu dira
itzalak?
Igerilekura bidean
Jaungoiko gurutziltzatuarena
eginez
begiak
hertsarazten zizkigun
eguzkiak.
Ez genuen
erruaren
gupidaren
barkamenaren
berririk.
Arnasarik hartu gabe
urpean metro gehien
nork egingo
distraitzen ginen
gurpilak lehertu arte.
Bizitzaren deskubrimendu
eta algara hartan
inozentziaren txirristan
jauzi egin.
Kortxo-ilarei helduta
joan gara hurbiltzen
elkarrengana.
Kontrako norabidean
emandako
besarkadetan
distantziak
kotatzen.
Inoiz ez dugu
jakin zer egin
herdoilarekin.