Espaloian dago munduaren xilkoa
Espaloian dago munduaren xilkoa
1989, poesia
102 orrialde
84-86766-15-X
azala: Ester Fernandez
Joakin Balentzia
1947, Iruņea
 
 

 

Inori ez diot kondatuko

 

Inori ez diot kondatuko, zehazki,

nire burutik zer pasatu zen

tenore izugarri hartan,

baina antzemateren bat

izan behar duzue

nolabait ulertzeko

kontzientziaren zulo horren

sakontasun itzela;

lagunak zaretenez gero

konprenituko didazue, seguraski.

 

Nola izan zen munduaren sorrera azaltzeko

mito asko

asmatu dira nonbait;

zientifikoek ere adierazten digute

berena, modernoa, korapilotsua,

poetikoa ere, zergatik ez?

Sinestea da kontua honetan ere,

gezurra ala egia

hor dago hipotesia

eta, dena dela, bizia

aurrera doa.

 

Eta kontzientziaren beraren sorrera

non datza?

Hauxe dugu gizatasunaren funtsa,

gizakia gizaki bihurtzen duen mamia.

Horri buruz lagun batek

asmaturiko mito berria

hezurretaraino sartu zitzaidan

tenore izugarri hartan

nire buruan lehertuz.

Ordu luze batzutan zehar

bizi izan nituen aintzinako garai haiek

argiro eta bihotz bihotzez.

Nolabait sentitzen nintzen

lehenbiziko gizona, harro eta biluzik,

lurralde zabal bat menperatzeko gauza.

Mundua ere konpontzeko era bitxia

bururatu zitzaidan

telefonoaren bitartez

edo zientzia fikziozko pelikularen bat

prestatuz; txakurra, umea eta hiruok

pertsonaia nagusiak izaten.

 

Hura izan zen ene gorputzak berak

sorturiko droga aluzinakorra,

luzaro lo ezinik egonez gero;

baina, amets ero bihurturik,

sobera luzatu omen zen

eta kimikazko fruitua sartu zidaten

beldurrarekin bide batez.

Nire garrasi urragarri hura

aditu zen haitzuloetako gizaki haiengan

pelikularen protagonista

sentitzen nintzelarik.

Hura izan zen komeria

eta bitartean sufrimendua zabaldu zen

nire inguruan

itzultzeko bide malkartsua

ibili arte.

 

Baina orain, kontu guzti haiek

hausnartzen ditudan aldiro,

galdera hauek airean diraute

izartegiko oihartzuna bezala:

kanpoko gauza izan ote zen

aintzinako leherkunde hura?

Eta oraingoa, nongoa ba izan behar?