Aurkibidea
ESPALOIAN DAGO MUNDUAREN XILKOA?
UTZ NAZAZU PAKEAN
Hildakoen artean izendatu ninduten
Aintzinako artzainaren harrotasuna
URA ETA ODOLA BILDU DITUN
Atzo zamalkatu nintzen, desinhibiturik
Nire hatzek hire ile jorien artean
Amildegiko ahoraino hurbildu nindunan
BERE PASIOEN BIKTIMA IZAN ZEN
Munduaz pentsatzen ari nintzen bakarti
HODEI GORRIAK JOTZEN
Aurkibidea
ESPALOIAN DAGO MUNDUAREN XILKOA?
UTZ NAZAZU PAKEAN
Hildakoen artean izendatu ninduten
Aintzinako artzainaren harrotasuna
URA ETA ODOLA BILDU DITUN
Atzo zamalkatu nintzen, desinhibiturik
Nire hatzek hire ile jorien artean
Amildegiko ahoraino hurbildu nindunan
BERE PASIOEN BIKTIMA IZAN ZEN
Munduaz pentsatzen ari nintzen bakarti
HODEI GORRIAK JOTZEN
Agurtzen zaitut
Agurtzen zaitut, solasean,
baina ez dut ikusten gaua.
Itxita dago kobazuloa eta
ezin dut kanpoko iluntasuna ikusi;
harrapariak ote daude
zure begien zain?
Hotza eta hotsa
bildu dira erotzeko zorian
tenore honetan.
Hatzaparkadak eta urradurak ditut,
non eta zenbat ez dakit;
bizitzaren erritmoan
galtzen dira ene kontuak
iragan gizajoaren antzera.
Ez dugu astirik
hainbeste zama jasotzeko,
herritar urdinok.
Agurtzen zaitut, errepidean,
zaratak eta kotxeetako trumoiak
uzten ez didate
zure begirada gorria ikusten,
ameslari, arlote,
labezomorroek helburu ezinezkoa
jarraikitzen dute.
Dardaraka hurbildu naiz sarreraraino
hostoen loa bereiztekotan,
baina ehuntzangoak dira
irteera gordetzen,
zelatari ausartak;
tristurak pozoindu ditu saguzarrak
eta hau ez da notizia izan.
Agurtzen zaitut, mila aldiz egunero,
arnasa hartzearen antzera;
labanetako kaparrak,
mihura eta goroldioa
jaiotza apaintzeko?
Ezta hori. Izerdia eta nekea,
erleen ibilbidea, bai,
guzti horrekin
egin daiteke geure etxea;
bortxakeria espiralaren norabidea
iragartzen omen dute
azti harroputz berriek,
baina ez dakite
zenbat ur daramaten geure ibaiek,
zenbat diren hemengo irriak
eta nolakoak geure emeak.
Inoiz ez dute jakinen
geure haizea harrapatzen.
Agurtzen zaitut, oraingo zaparradan;
bazterrak zikinak jarri dira,
gure seme-alaben gogoekin;
haizearen semeak,
ilargiaren alabak.
Piztu da sua elurren eraginez,
ezpain zimurtuak
gorputz gutiziatsuan.
Ozenki deitzen zaitut
solasean, errepidean,
oraingo zaparradan,
mila aldiz agurtzen zaitut egunero.