Espaloian dago munduaren xilkoa
Espaloian dago munduaren xilkoa
1989, poesia
102 orrialde
84-86766-15-X
azala: Ester Fernandez
Joakin Balentzia
1947, Iruņea
 
 

 

Ura eta odola bildu ditun

(Esterri)

 

Ura eta odola bildu ditun, sabel ugalkorra,

tximista, elefantearen grina, esku pentsakorra;

zimeldu ditun loreak, hainbeste lore,

baina hire begiek jarraitzen dinate

barruko errekak margotzen,

ura eta odola biltzen.

 

Haragizko harkaitza, bideetako mahatsondoa,

mamia, heldu den mundua, fruitua

haur bihurtzeko zorian;

malkoen gorritasunak ezin din estali

hire aurpegi harro eta zurbila;

itzaletako kapela,

izarretako barraskiloa,

gauetako garrasia.

 

Ohantze honetara itzuli behar, pentsatuz,

aurkitzen dinat bere arrasto zerrepela

bakardaderik sakonenean, mamuen karrikan;

liburu samin eta ederra hi haiz,

bizia dastatzeko leku eskerga, erraldoiemea,

amildegi irekia indarrak neurtzeko.

 

Aspalditik itxirik diagon paradisua guretzat,

sobera gorrotatzen dugun katu itsuok, zorionez;

ibiltzerakoan, ordenuaren aztarnak

ezabatu nahian aurkitu hindudan,

garaietako zubia,

herri honetako alaba samurra,

nire bila hentorrelarik,

bular erreak, mingain moztua, pasioa.

 

Edo ohitura behartsuaren esklabutasuna,

oinazeagatik poza,

emakumezkoaren isiltasuna,

kaka zaharra!

zorro arrosa burua ezkutatzeko;

zapalkuntzarik aintzinakoena, heriotza?

Ez, etsimendua. Belaunikatzea, itxarote luzea,

harriak, zutabeak, iluntasun hezeak.

 

Hik iraun huen haize zital horietan zehar,

lizarra, haritza, mendia, erraldoiemea;

basoa mugitzen dun jadanik gaztelua

asaltatzeko kupidarik gabe; gaur da

gerra bikain bat, oihuak, erostak, dardarak;

herri honetako alabak erakusten din

bese benetako tamainua.