Mussche
Mussche
2012, nobela
200 orrialde
978-84-92468-43-0
Kirmen Uribe
1970, Ondarroa
 
2021, nobela
2019, poesia
2016, nobela
2001, poesia
Mussche
2012, nobela
200 orrialde
978-84-92468-43-0
aurkibidea
 

 

24

 

Karmentxu Cundinen albiste gehiago ez zuen izan Carmen Musschek 2008an Bilbon gerrako haurrei egin zitzaien omenaldira arte. Gerrako ume izandakoak eta haiek jaso zituztenen senitartekoak gonbidatu zituzten. Lehenik eta behin Santurtziko portuan bota zituzten loreak, Habana ontziaren joan-etorriak gogoratuz. Haren ostean omenaldi bat egin zen Euskalduna antzokian. Carmenek Karmentxuren berri izan nahi zuen kosta ahala kosta. Horixe zen Bilbora bidaiatzeko arrazoi nagusia. Dora Mahyk emandako zapi brodatua zen haren azken seinalea. Baina urte asko igaro ziren ordutik.

        Urduri ibili zen Carmen, argazki zahar batekin galdezka, ea Karmentxu Cundin areto hartan zegoen. Haren itxurako andrerik bazegoen begiratzen zuen, irudikatuz nolakoa izango zen Karmentxu, edadean sartuta.

        Ez zuen aurkitu. Ramon neba bai, ordea, zahartuta eta alzheimerrarekin. Oroimena makaldu eta desagertzen joan zen, Ganteko uso mezulariak hanketan mezu txikiak zituztela bidean galtzen ziren bezala, zatika aldentzen. Handik eta hemendik galdetuta, Karmentxuren iloba batekin hitz egitea lortu zuen azkenean Carmenek.

        — Gauza bat bakarrik jakin nahi dut —esan zion ilobari—. Karmentxu zoriontsua izan al zen Euskal Herrira itzuli zenez gero?

        — Bai. Ezkondu egin zen eta urte onak igaro zituen, nahiz eta seme-alabarik ez izan. Jostuna izan zen bizi osoan, jostun fina.

        Carmenek begietara so egiten zion neskari. Karmentxuren begi berdinak zituen ilobak, beltz-beltzak.

 

 

In memoriam Robert Mussche liburuxkan Hermanek dio seindun dagoela andrea eta jaioberriari Robert jarriko diola izena, hildako lagun maitearen omenez. Umea neskato jaio zen eta Frederique ipini zioten. 1945eko abenduaren 11n jaio zen, baina berehala zendu zitzaien, otsailaren 2an.

        Bigarren semeari Evert jarri zion Hermanek. Beraz, neure kabutan pentsatu nuen, Hermanek ez zuela asmoa bete.

        Carmeni galdetu nion. Ezer ez zekiela, erantzun zidan.

        Duela gutxi idatzi dit Carmenek, adieraziz paperen artean lau poema biltzen dituen plaketa bat aurkitu duela, Hermanek egina. Poemak alabatxoari buruzkoak dira. Eskuz idatzirik, eskaintza bat dakar: «Vic eta Carmeni, gure Frederique-Roberte maitearen oroimenez». Azkenean Roberte ipini zion, agindu bezala, bere haur txikiari.

 

 

2010eko azaroaren 28an jaio zen gure alaba Arane. 2011ko apirilaren 24an hil zen nire lagun Aitzol Aramaio. Elkarrekin egon ginen azken aldietako batean hauxe esan zidan Aitzolek:

        — Heroi baten istorioa kontatu behar duk.

        — Baina niretzat ez zagok heroirik. Pertsonen alde hauskorra gustatzen zaidak niri, ez balentriak. Beldurra ematen zidatek heroiek.

        — Ez nauk halako heroiez ari. Jende arruntaz ari nauk. Heroiak zaudek hor zehar, lehen eta orain, hemen eta mundu zabalean; heroi txikiak, jendea laguntzen dihardutenak.

        Isildu egin nintzen orduan. Gaur egun arrazoia ematen diot. Heroiak daude hor zehar, lantzean behin hil egiten zaizkigunak.

        Bada, hementxe duzu heroi baten istorioa, nire bihotzeko laguna.

 

 

                                Sausaliton, 2012ko martxoaren 19an

                                Ondarroan, 2012ko urriaren 26an