Mussche
Mussche
2012, nobela
200 orrialde
978-84-92468-43-0
Kirmen Uribe
1970, Ondarroa
 
2021, nobela
2019, poesia
2016, nobela
2001, poesia
Mussche
2012, nobela
200 orrialde
978-84-92468-43-0
aurkibidea
 

 

18

 

        1945, maiatzak 11.

        Maitea,

        hainbeste berri idatzi nizun azken aldian. BAKEA heldu da azkenean! Gure bizitza aldatuko du hitz horrek. Maiatzaren 8a, sekula ahaztuko ez dudan eguna.

        Zure berririk ez oraindik. Dena den, jakin badakit bizirik zaudela eta hitzok irakurriko dituzula noizbait...

 

        1945, maiatzak 13.

        Gaur berriz ere hainbat preso politiko ailegatu dira Gantera. Ez dago hitzik adierazteko zer ari naizen bizitzen eta zenbat sufritzen dudan. Hain zara ausarta, bidali egidazu, mesedez, keinuren bat. Noizbait itzuliko zara eta orduan ez gara bananduko, sekula.

        Gaur Minnaert buruzagi komunista iritsiko da Gantera. Agian jakingo du zerbait zutaz. Hauetako egun batean izango dut zure berri eta hain zoriontsua izango naiz orduan...

Vic eta Carmen

 

        1945, maiatzak 14.

        Gaur egun oso urduria izan dut. Goizean jakin dut Roels jauna onik heldu dela etxera. Zurekin batera zegoen Alemaniara eraman zintuen tren horretan, 1944ko irailean. Baina bestalde, arratsaldean jakin dut hondoratu zen ontzi horren berri, 9.000 lagun zituela barruan. 450 baino ez ziren salbatu. Ontzi horretan al zeunden? Hau galdera beldurgarria. Noiz arte iraungo du tortura honek...

        Trankildu egin behar dut, pentsamendu gaiztoak uxatu. Laster izango zara etxean.

        Zugatik egiten dugu otoitz, laztana.

Zure Vic

PD: Oraintxe jakin dut preso politiko baten ahotik, ondo zeundela apirilaren 9an, osasun onean. Jainkoari eskerrak!

 

 

Agi denean, esparruetatik zetozen presoei buruzko albisteak nahasiak ziren. Etxera onik itzuli ziren Minnaert eta Roelsi galdetu arren, Vicek ez zuen Roberten aztarnarik atera. Carmenek esandakoaren arabera, Minnaert buruzagi komunista oso ezaguna zen Erresistentziako kideen artean. Brujasen jaioa, flandriera hiztunen eskubideen alde egin zuen gaztetandik. Hori dela-eta, Alemaniaren alde azaldu zen Lehen Mundu Gerran, eta haien babesarekin sortu zuen unibertsitate flandriarra. Aitzitik, traidoretzat jo zuten gerra bukatu ondoren eta Holandara joan zen bizitzera. Astrofisikan espezializatu zen han, Bigarren Mundu Gerra heldu zen arte. Orduan komunista bilakatu zen, garaiko beste intelektual ugari legez. Damurik, Minnaertek ez zeukan Roberti buruzko berririk, Neuengammera eraman zutela bai, baina gauza garbirik ez.

        Roels, bestalde, Neuengammera zihoan trenetik botatako papertxoan ageri zen huraxe bera zen. Ifrentzuan Roelsen izena, aurkian Robertena. «Alles Goed» idatzi zuten orduan, dena ongi, baina Vic zalantza batean bizi zen presoak Gantera iristen hasi zirenetik, benetan dena ongi egongo ote zen pentsatzen. Itzuli berriek albiste on gutxi izaten zituzten deportatuei buruz, eta notizia txarrak jakin arren, maiz, nahiago izaten zuten isildu, gurago zuten aurrera begiratu, «Noizbait jakingo du, zergatik esango diot ezer nik orain?», beren kabutan onartuta.

        Halako batean Vici hots egin zioten, kontatzeko gizon batek irratira deitu zuela, esanez Robert Mussche zela, bizirik eta sano zegoela, laster izango zela etxean. Vic bizkortu egin zen orduan, Robertek dei hori nondik egin zuen jakin nahian hasi ziren bera eta lagunak. Herman behin baino gehiagotan joan zen Itzulera Mandataritzara, Roberten izena itzulitakoen zerrendaren batean ba ote zetorren jakitera, baina goitik behera arakatu zituzten zerrenda guztiak eta ez zuten lagunaren arrastorik topatu. Irratiko Robert Mussche hura beste norbait izango bide zen; gaizki ulertuko zuten, Mussche esan beharrean Mensche esango zuen, auskalo.

 

 

        1945, ekainak 7.

        Hain arduratuta nago zugatik! Zenbat preso iritsi diren eta zure berririk ez oraindik. Ekainean gaude, bada hilabete oso bat gerra bukatu zela. Zure berri jakiteko esperoan nago. Beste guztiek uste dute ez zarela sekula itzuliko. Nik bakarrik. Gogoan duzu? Duela urtebete elkarrekin ginen. Inoiz joan izan ez bazina, ez ginatekeen orain horren egoera larrian. Zure argazkiari begiratzen diot eta lasaitu egiten nauzu. Itxaropena eman. Eta neu ere itxaropentsu jartzen naiz, baina beste batzuetan hain beldurtuta sentitzen naiz, hain galduta.

        Albiste txarrak eman behar dizkizut. Vereecken jauna hil egin zuten 1944ko azaroaren 3an. Zopa burruntzali batengatik kolpatu egin zuten naziek. Zapuztuta dago bere andrea.

        Zuri ezin zaizu horrelakorik gertatu, oraindik ere badut itxaropena. Nire indar guztiekin pentsatzen dut nire beso artean egongo zarela egun hauetako batean.