Mussche
Mussche
2012, nobela
200 orrialde
978-84-92468-43-0
Kirmen Uribe
1970, Ondarroa
 
2021, nobela
2019, poesia
2016, nobela
2001, poesia
Mussche
2012, nobela
200 orrialde
978-84-92468-43-0
aurkibidea
 

 

16

 

        1945, urtarrilak 21.

        Errusiarrak Berlindik 150 kilometrora baino ez daude! Badatoz, azkenean, garaipena eta bakea.

        Entzuten al nauzu, maitea? Zauden tokian jakizu neure pentsamenduan zaudela. Eutsiozu, neuregatik eta zure alabarengatik. Oso ondo hitz egiten du dagoeneko, eta bizi-bizia da. Aitatxo ikusteko desiratzen dago.

        Musu batekin agurtzen gara...

 

        1945, otsailak 2.

        Gerrari buruzko berriak ezin hobeak dira. Espero dut martxorako edo apirilerako bukatua izango dela. Zure itzuleraren eguna neure bizitzako zoriontsuena izango da. Ezkondu ginen eguna baino gehiago, gure alabatxoa jaio zena baino gehiago. Bizitza berri bat hasiko dugulako orduan, eta atzean utzi oinaze hau, hutsune hau.

 

        1945, martxoak 12.

        Laztana,

        gauzak ezin hobeto doaz. Kolonia hartu dugu, aliatuek zubia eraiki duten Rhin ibaiaren gainetik. Presoak itzultzen ari dira Alemaniatik. Aurki izango gara elkarrekin...

 

        1945, martxoak 21.

        Bihotza,

        badira egun batzuk Montgomeryk erasoa hasi duela Rhin aldean. Aurrerakuntza handiak egin ditu. Frankfurt, Wiesbaden eta Darmstadt erori dira. Une historikoak bizitzen ari gara! Egunero milaka preso itzultzen dira etxera. Eta ni zatozenerako planak egiten ari naiz.

        Zure lagunetatik inor ez da ni bisitatzera etorri. Ez dakit zergatik. Akaso ni ez naiz horren garrantzitsua eurentzat. Min ematen du, eskertuko nuke maitasun eta ulermen pitin bat. Eskerrak, gure auzoek, Allinckx senar-emazteek, kasu apur bat egiten didaten eta maiz galdetzen didaten ea eurekin batera afaldu nahi dudan.

        Faborez, zator azkar!

Vic

 

        1945, apirilak 19.

        Irratian egunero entzuten ditut kontzentrazio esparruetan gertatu diren triskantzak. Milaka lagun hil dira Gestapokoen eskuetan. Non zaude ba? Nolako sufrimendua pairatu behar izan duzu?

        Bidali egidazu hitzen bat, ezin dut zu gabe bizi. Mesedez, eutsi torturei, egin edozer gauza etxera bueltatzeko.

        Maite zaitugu.

 

 

Alabak bakarrik ahaztarazten dio itxaronaldi luzea Vici. Berarekin dagoenean, denborak azkarrago egiten du aurrera. Umea hazten ari da, ikusten duen guztia du ikasbide. Ama negarrez ikusten badu, berak ere negar egiten du amaren ondoan. Otoitz egiten ikusten badu, hark ere, amaren ondoan belaunikatu eta otoitz plantak egingo ditu.

        Etxeko zereginak egiten ari delarik, Vicek bistatik galdu du haurra. Egongelan zegoela pentsatu du, baina ez du han aurkitu. Aztoratu egin da. Gelak arakatu eta ezta ere. Halako batean komunera joan da, beldurtuta, bainerara erori eta kolpe txar bat hartuko ote zuen, laket du-eta umeak bainerara gauzak botatzen ibiltzea.

        Komunean topatu du. Kaka egiten, pixontzian, amak agindu bezala. Baina ez eserita, oinak barruan sartu eta tente baino, prakak eta guzti. Umeak irribarre txikia atera dio Vici.