6
Granollers, 1938ko maiatzak 31. Egun bi baino ez dira Robert bertan dagoela. Goizeko bederatziak puntuan hegazkinen hotsa entzun da. Bederatziak eta bostean deseginda dago herria. Pasada bakar batez italiarren Savoia-Marchetti S.79 hegazkin bonbaketariek sutan utzi dituzte bazter guztiak. Minutu bateko kontua baino ez da izan, lurrikara baten iraupen zolia izan du, lipar hiltzaile bat.
Robert kale erdian harrapatu du bonbardaketak. Konturatu orduko, inguruan zuen guztia desegin da. Lurra behean, goian zerua. Parez pare duen etxean, hondakinen artean, harri, ohol eta burdina zatien azpian oihuka ari da norbait. Kapela bat, plater hautsiak, zartatu egin den erloju zahar bat kendu ditu haren aztarnaren bat idoro nahian. Auhena entzuten ari da Robert, gizonaren bila dabil hura salbatu guran, baina ezin du ezer egin. Bat-batean, zalaparta, iskanbila kalean, erreskate taldeak, anbulantziak, polizia. Jendea korrika ezker-eskuin. Hondakinen artean preso dagoen gizon haren lanturua entzuten du soilik zarata guztien gainetik.
Auhena eten egin da une batez, bor-bor egin dio ahoak, irentsitako hautsarekin itolarrian zebilen. Gero, isilunea. «Hil da. Nire aurrean hil da eta ez naiz mugitu ere egin». Mina sentitu du Robertek, oinazea gorputz osoan. Horren ostean, nazka. Bere burua madarikatu du. Zer egiten dut nik hemen kalearen erdian? Zergatik ez dut ohol bakar bat ere kendu? Zergatik mugi ditzaket nik beso-zangoak aske eta hondakin artean dagoen horrek ez?
Ezintasunez damutu da Robert. Ordura arte ez zuen horren gertutik ikusi pertsona bat hiltzen. Ezin al zen ezer egin hura salbatzeko? Soldadutzako saguzar hura hartu zuen gomutan. Saguzarrak zortea izan zuen azkenean, ospitaleko zaindariak libratu zuen eta bizirik atera zen. Baina orduan ere berak ez zuen ezer egin. Begira egon, hitz totel batzuk esan, besterik ez. Ez zien aurre egin bost soldadu ero haiei. Eta, orain, Granollersen, biztanle zibilen aurka inoiz egin den erasorik larrienetako batean, han ere ez da nor izan erreguka zebilen bizitza hura salbatzeko. 224 hildako eta 161 zauritu minutu bakar batean. Madarikatu egin ditu hegazkinak. Norbaitek bere kargu hartu beharko ditu, bada, krimen hauek.
Aita hilko zaionean ere, zenbait urte geroago, sentimendu bera izango du Robertek. Hogei urte egon zen aita gaixotasunaren aurka borrokan. Hogei urte fabrikan istripua izan zuenetik. Hogei urte arnasa ezin hartuta. Aita, aiurri gogorreko gizon hura, indartsua eta lodia sasoi batean, txori txiki bat bezain singlea bilakatu zen azken urteetan. Halaxe ikusi zuen itzaltzen Robertek, gutxika-gutxika. Egun batean zotin egin eta arnasa betiko joan zitzaion arte. «Baldintza arrunt batzuetan, aita luzaroan bizi izango zen», idatzi zion Robertek Hermani. Baina bizi eta lan baldintza astunak nozitu behar izan zituen.
Aitari esku hotza hartu zionean hauxe agindu zion Robertek bere buruari: «Heriotza ez dadila alferrekoa izan, ez dadila gehiago horrelakorik gerta». Granollersen pentsatu zuen gauza bera, han kalearen erdian, belauniko, ukabilak estutu eta zerura begira.
Theatre Royal. 1938, otsailak 22. Argiak itzali dira. Robert eta Karmentxu elkarren ondoan eserita. Oihala altxatu da. Eresoinka-ren emanaldia. Euskal Herriko kantak eta dantzak taularatuko dituzte. Antzokia mukuru bete da. Gerrako haur guztiak bildu dira bertara, guraso berriekin. Atera dira dantzariak oholtzara. Kaxarranka dantzatu dute aurrena, Lekeitioko arrantzaleen dantza; San Pedro egunean egiten dute, kofradiako agiriak gordetzen dituen kutxa handi baten gainean dantzatzen du dantzariak. Alkandora urdinak eta zapi koadrodunak ikustean Santurtziko portuaz oroitu da Karmentxu. Gero, pentsatu du bere zortzi urteko adimenarekin, nola demontre konpontzen diren dantzariak halako toki estuan pauso eta brinko egiteko, estropezu egin eta handik goitik ez erortzeko. Urduri jarraitu du dantza, kutxa gaineko gizon haren oinei begira eta, noizbehinka, etengabe mugitzen zen kutxari eusten zioten beheko dantzarien aurpegi neketsuei. Goiko dantzaria noiz eroriko, aldi berean beldurrez eta desiratzen. Dantzen artean, kaxarranka eta ezpata dantza izan ditu gustukoen Karmentxuk, batez ere, bigarren dantza honetan mutilik txikiena bizkar gainera altxatzen duten une hori, nola gurtzen duten txikitxoa dantzari handienek, ezpatek antzokiko argiekin ñirñirka egin bitartean.
Emanaldiaren erdialdera, abesbatzak sehaska kanta bat kantatu du.
Haurtxo txikia sehaskan dago
zapi zuritan txit bero.
Txakur handia etorriko da
zuk ez baduzu egiten lo.
Amonak dio, ene potxolo,
arren egin ba, lo, lo.
Horregatik ba, ene potxolo,
egin agudo lo, lo.
Lo-kantarik ederrenetakoa izango da, doinuari dagokionez, Haurtxo txikia izeneko hori. Baina edertasun horrek halako amenazu bat gordetzen du azpian. Umea goxo-goxo dago zapi zuritan; aitzitik, bigarren ahapaldian mehatxua dator, esaten zaionean, txakur handia etorriko dela lo egiten ez badu. Federico Garcia Lorcak esana zuen hitzaldi batean, euskal haur kanten irudiak ez direla hain gogorrak, poetikoak direla, baina nago ez dela guztiz egia. Bada sehaska-kanta bat, Loa-loa izenekoa, honela dioena: «Aita gureak diru asko du, ama bidean salduta», edo beste aldaera batean, «Aita zurea tabernan da, ama etxean utzita». Kantuak kantu, itxuraz Karmentxu harrapatu du txakur handiak, lo geratu baita Robert konturatu orduko, eta ez da berriz itzarri bukaerako txalo zaparrada arte.
Robert Musschek gorde egin zuen gau hartan antzokian banatu zuten esku-orria eta bertan datoz jasoak datu guztiak, dantzatutakoak eta kantatutakoak eta parte-hartzaileen izen-abizenak. Haurtxo txikia interneteko bilatzailean sartu eta Eresoinkaren garaiko grabazio bat aurkitu dut. Ahotsa Pepita Enbilena da. Oilo ipurdia jarri zait. Placido Domingo tenorearen ama zen Pepita Enbil eta han ibili zen Europan barrena Euskal Herriko ohitura eta kulturaren berri ematen. Luis Mariano kantariak ere parte hartu zuen biran. Halako kultura enbaxada bat izan zen. Manu de la Sota Eusko Jaurtzaritzako ordezkariaren gidaritzapean hainbat artista, dantzari eta kantari bildu ziren Eresoinka egitasmoan. Antonio Gezala margolariaren eszenografiaren irudiak jasotzen zituen esku-orri txukunaren arabera, Eresoinkarekin Bruselako Orkestra Sinfonikoak jo zuen Ganten.
Birako argazkiak aurkitu ditut, halaber, sarean. Artista taldea kanaletako zubiren batean argazkia ateratzen, hogeitik gora lagun. Berokiekin jantzita doaz, otsaileko negua nabari zaie begibitarteetan. Lanbroa da ur azalean. Beste argazki batean emanaldiko kartela ageri da, txokolate denda bateko erakusleihoan jarria.
Diktaketetako koaderno bat taxutu zuen Robertek 1937. urtean, haurrentzat St. Nievens kalean igandero antolatzen zituzten eskoletarako. Astean behin biltzen zituzten gerrako haur guztiak, euren artean eta sorterriarekin zuten zilbor-hestea erabat ez hausteko. Robert gaztelania eskolak emateaz arduratzen zen. Bere liburutegiko idazleen esaldiak ageri dira kaierean, handik eta hemendik berak hautatuak. Egile kuttunen liburuak zabaldu eta kopiatu egiten zituen pasarteak. Luzea da idazleen zerrenda, besteak beste, Montesquieu, Goethe, Victor Hugo, Zola, Schiller, Tolstoi, Hume, Carlyle eta Auerbachen pentsamenduak daude jasoak. Txikia da koadernoa, karratuduna, ikasleek ibiltzen zuten horietakoa.
Orriak pasa ahala Saforen hiru esaldi hauek irakurri ditut:
«Amorruaren aurrean ez dago ezer hoberik isiltasuna baino».
Eta beherago:
«Pertsona eder bat ederra da besteek ikusten dutenean soilik, baina pertsona jakintsua ederra da inork ikusi gabe ere».
Eta azkenik:
«Heriotza ona balitz, jainkoak ez lirateke hilezkorrak izango».