8
Hermanen hamazazpigarren urtebetetzean, 1929ko irailaren bigarrenean, Robertek liburu bat oparitu dio: Anatole Franceren L'Anneau d'améthyste. Eta zorion hitzen artean hauxe idatzi du:
«Urteak betetzen dituzu gaur eta horrek zoriontsu egiten nau. Aitzitik, urrats bat hurbilago zaude bizitzak, bihozgabe, banatuko gaituen egunetik.
Beharbada egunen batean hartuko duzu liburu hau esku artean, baina ez literatur lanaren ederragatik, oroitzen ahalegintzeko baizik, gogoratzeko behin liburua oparitu zizun aspaldiko lagun hartaz.
Lagun diezazula, beraz, opari honek etorkizunean, ahaztuta zenituen gauza horiek bihotzaren sakonean aurkitzen».
Hermanek irakurri duenean, ezetz esan dio, ez pentsatzeko, arren, horren gauza hitsetan, sekula ere ez direla-eta elkarrekin haserretuko. Betirako egongo direla elkarrekin. Beraien adiskidantza, hori dena baino askoz indartsuagoa dela.
Hausturak ez dira bat-batean gertatzen, luzarotik sortzen ari den zauri baten ondorio izaten dira. Lurrikarak bezala, lur barneko geruzek indarrak egiten jarduten dute isilean, bata bestearen kontra, azkenik, une jakin batean, lurrazala urratzen duten arte. Hausturaren arrazoia ere, barru-barruko zioa, ez dugu hain garbi izaten denboraldi bat igaro eta gero arte; eta gutxitan izaten da gauza bakar bat arrazoia, desenkontru bakar bat, haserrealdi bakar bat, lurrikara hori guztia sorrarazten duena. Gainera, denboraren poderioz, hainbeste mindu gintuen arrazoi hura lausotzen joaten da, ertzak gastatzen zaizkio, katedraleko atariko irudi gotikoei bezala, eta ez digu hainbesteko oinazea ematen.
Lagunak ez dira bat-batean haserretzen, aitzitik, bakoitzaren bizitzak tira egiten du alde batera eta bestera, eta indar horien ondorioz apurtzen da adiskidetasuna, oihal zahar bati tiratzen diogunean bezala. Eta norberak pentsatzen du nola den posible garai batean hain gertu izandako pertsonak gero hain urrun egotea, behin ondo elkar hartu zuten pertsona berek saminez jokatzea gero, bihozgabeko amorruz, maitalerik traketsena balitz bezala.
Zerk bultzatu zuen Herman Robertekin hain maltzur jokatzera? Zergatik nahi izan zuen horren gaizki utzi mundu guztiaren aurrean haren oso barruko gauzak azaleratuta? Egiaren jabe zela uste al zuen Hermanek, Roberten gainetik zegoela? Ez al zen nahikoa maitatua sentitzen edo iraganekoa uste zuen zela beraien arteko adiskidetasuna, atzean utzi beharrekoa? Batek daki. Agian arrazoi bat baino gehiago izan zen, gehienetan gertatzen den antzera.
Elkarrekin egondako azken aldietan solasaldiak ez ziren horren lasaiak; hastapenetan ez bezala, engoitik ez ziren bat etortzen begirada bakar batekin. Materiaz eta izpirituaz aritu ziren hartan gertatu moduan. Materia izpirituaren aurka. Robert platonzalea zen horretan, materia eta izpiritua bi ziren.
— Erromatarrek, dakizun legez, anima esaten zioten arimari, hots, mugiarazten duen hura, bizidunak bizidun egiten duen hura. Indar hori gabe, Herman, deus ez gara gizakiak.
— Harritzen nau, Robert, kristaua ez izanda, izpirituaren alde horrenbeste egitea. Izpiritua ez da ezer materiarik gabe. Pertsona bat bi-biak dira. Zientziak erakutsi digu hori.
Emile Zolaren Ametsa liburuaz ere eztabaida izan zuten. Robertek gustuko izan zuen bederatzi urteko umezurtza etxean hartzen duten brodatzaileen istorioa. Neguko gau batean eliz atari batean aurkitu eta hezi egingo dute neskatila, ipuin miragarriak kontatuz eta santuen bizitzak irakurriz. Neskak usteko du bere bizitza ere halakoxea dela, harik eta ezkontza egunean bertan hilko den arte. Angelique hark eutsi egingo dio ontasuna aurkitu nahi horri, heriotzaren egunera arte.
— Erabat inozoa iruditzen zait liburua —zakar esan dio Hermanek, Roberten suharra apalduz—. Ez du zerikusirik Germinal harekin. Bi idazle desberdinek idatzita daudela ematen du.
— Bada, nik gustuko izan dut. Azkenean Zolak planteatzen duena da, nahiz eta inguru jakin batean jaio, ideal bat jarraitzen baduzu, zure bizitza bestelakoa izango dela. Determinismoaz ari da, zergatik behar duen pertsona baten etorkizunak finkatuta egon, bestelako aukerarik eman gabe.
— Baina ezkontza egunean hil egiten da-eta... A ze nolako askatasun aukera!
— Denok ez gara zu bezala bits-aparretan haziak izan, Herman.
Herman eta Roberten ezbaien sakonean sexuaren kontua zegoen, geroago jakin dudanez. Urteak aurrera zihoazen eta Hermanek ez zuen ulertzen zergatik Robertek ez zuen neskekin harremanik izaten. Maitemintzen zen bakoitzean pertsonarekin maitemintzen zen edo, areago, pertsona hartaz berak zuen ideiarekin. Maitasun erromantikoak izaten ziren denak, hobeto esan, platonikoak, Hermanen ustez, zeharo beste garai batekoak.
Gauzak horrela, Robertek sentitzen zuen, Hermanek bultzarazi nahi zuela hartu nahi ez zuen erabaki bat hartzera, eta lagun artean ere behin baino gehiagotan burla egiten ziola gai honi buruz.
— Robert apaiz sartuko zaigu horrelako martxan...
Sexuari buruz hitz egiten zutenean, beti Hermanek ateratzen zuen gaia. Eta Robert uzkurtu egiten zen, ez zuen horri buruz jardun nahi izaten.
— Sexua ez da dena, Herman. Badira gauza ezinbestekoagoak, adiskidetasuna adibidez. Nik balio handiagoa ematen diot horri. Baita maitasunari ere, eta sexuak maitasuna urra lezake.
— Baita sexurik ezak ere —barre algara egin zuen Hermanek.
Amorratu egiten zuen laguna hain inozo ikusteak, naturaren dei horri etengabe uko egiteak; Robertek gaztelu handi bat eraikitzen zuelako kanpora begira, ez zuelako bizitzako plazerez gozatu nahi, itxuraz.
Yvonne de Ghouy izeneko neskatila ezagutu zuen Robertek 1930ean. Lauzpabost urtean ibili ziren elkarrekin. Haren gutun asko daude gordeta, harreman sendoa izan zuten seinale. Herman, Robert eta hirurak sarritan irteten ziren elkarrekin.
Patjentje izeneko garagardotegian batu dira Urtezahar eguna ospatzeko. Yvonnek Shakespeareren obra guztiak oparitu dizkio Roberti, hauxe adieraziz eskaintzan: «Nire mutil goxoari, esperoan liburutxo honek azkenean asebeteko zaituela». Liburuak mila orrialdetik gora ditu. Barre egin dute hirurek, Yvonnek idatzitakoa Robertek ahots gora irakurri duenean.
Ostean, Yvonne eta Herman bakarrik geratu dira kalean, gaua luzatu guran. Robert etxera joan da eta edaten jarraitu dute beste biek. Absenta probatu dute, hainbeste maite zituzten poeta sinbolisten eran.
— Verlainek Rimbaud benetan miresten zuen. Gazte hau benetan ona da, ni ez naiz sekula iritsiko bere mailara —esan dio Hermanek Yvonneri, besotik helduta kalean barrena doazela—. Ni Verlaine bat naiz, asko jota. Robert da Rimbaud. Ez dut ezagutu bera bezain poeta den inor. Hain erraz daki bizitzako gauza esentzialak jasotzen, benetan garrantzia dutenak. Hain fina da gauzez ohartzen. Baina gehiago idatzi behar luke.
— Ez dakit Robertek maite nauen —diotso Yvonnek, gaia aldatuz.
— Nola ezetz? Ez esan halakorik —Hermanek, erdi barrez oraindik, alkoholaren eraginez.
Yvonnek pausoa eten eta aurrez aurre geratu dira, arra beterik ez da izango aurpegi bien artean.
— Esan nahi dut ez dakidala maite nauen emakume gisa.
— Zer esan nahi duzu horrekin?
— Ez duela nirekin harremanik nahi. Berarentzat andre ederra naiz, azkarra, kultua. Solaskidea besterik ez. Kakatzarra. Ez da, gero, musukatzeko gai, ez du laztanik ematen, ez du...
Eta Herman musukatzeko keinua egin du.
— Tira, Yvonne. Nahikoa edan dugula uste dut —moztu dio Hermanek.
1934an idatzitako gutun batean, Yvonnek sentitzen zuen hura zuzenean esan zion Roberti, eta harremanaren gainbeheraz ohartu. Hermani egoera hartaz aholkua eskatu ziola ere onartzen dio.
Yvonnerekin izandako elkarrizketa horietan oinarrituta, Aurora izeneko nobela idatzi zuen Hermanek, ez Roberti ez Yvonneri, inori ezer esan gabe. Soldadutza Frantzian egiten ari zela idatzi zuen, eta urte batzuk geroago argitaratu, 1940an, Johan Daisne goitizenarekin. Nobelan ironiaz kontatzen ditu bikote gazte baten gorabeherak, nola mutilak ez duen sexu harremanik izan nahi neskarekin, eta neskak bai ordea. Horren kariaz, liburuaren bukaeran, harremana moztu egingo da.
Egia da, beharbada, garai moral hertsiaren kritika izan nahi zuela liburuak, egia da Roberten eta Yvonneren arteko harremana baino harantzago zihoala, baina Ganten mundu guztiak zekien Herman nori buruz ari zen. Hori ere ezin zuen ukatu.
Robertek ezin zuen sinetsi nola egin ziezaiokeen horrelakorik bere ustezko lagunik onenak. Nahiz eta aspaldian elkarren artekoa hoztuta izan, garai batean bizitakoaren gomutak ez al zion eutsi Hermanen kitzika sortzaileari? Laguna bera baino garrantzitsuagoa ote zen idazle famatua bilakatzea? Ez al zuen beste kontakizunik esateko? Beste egoerarik irudikatzeko? Elkarrekin izandako paseo horiek guztiak, elkarrekin izandako une zoragarri haiek gezur hutsa baino ez ziren? Iraganeko hautsa? Edo hori baino okerrago, etxe oneko semeak erabili egin al zuen gazte txiro eta herabe hau?
Bertan hautsi zen Roberten eta Hermanen arteko lagunartea. Hermanek desenkusatu nahi izan zuen esanez fikzioa zela liburuan ageri zena, beren istorioa oinarri gisa baino ez zuela erabili, bazekiela berak ere idazle guztiak oinarritzen direla errealitatean gero pixkanaka-pixkanaka irudimenari hegan egiten uzteko.
Sinetsi nahi dut Hermanek Roberti egiatan esango ziola hori, zuzen zebilela usteko zuela. Hala ere, Robert ez zegoen ezer entzuteko. Oinarri sendoko gizona zen eta ez zituen halakoak onartzen. Ezta Artearen izenean ere. Gutxitan haserretzen zen Robert, baina zapuzten zenean iraun egiten zion amorruak. Ez zuen aise barkatzen. Hermanek bazekien hori. Bazekien kostako zitzaiola Robertengana berriz hurbiltzea.
Hermanek beti izan zuen damu hori. Zergatik eramango ote zituen gauzak hain muturrera. Roberten sentimenduak ezin ziren bortxatu. Eta bera bortxaz sartu zen haren bihotzean eta den-dena urratu zuen bere erpeekin, dena hartu zuen hankapean, gatibu hartzen duten animalia errabiatu bat balitz bezala. Roberten bihotz ederra barru-barrutik zauritu zuen. Behin eta berriro gomutara etortzen zitzaion duela urte batzuk aitak esandakoa: «Sekula ez duzu izango horrelako lagunik».
Aurora eleberri hark ez zion poz handirik ekarri Hermani. Ez da, inolaz ere, bere lanen artean aipagarria. Maila apalekoa da, bere nobelagintzaren ale dotoreenak Bigarren Mundu Gerra bukatu eta gero etorriko baitziren.
Belgikako Banku Nazionalera sartu da Robert, goizero bezala. Aurrenetakoa da iristen. Lankideak agurtu eta kutxan jarri da, jendaurreko leihatilan. Brontzezko zutabeen artetik kaleko atea ikus dezake. Jende gutxi dabil, lanbrotuta dago goiz partea.
Bankuko zuzendariak bere bulegora deitu dio. Armand Neven zen sasoi hartan banketxeko burua. Robert harritu egin da, ez daki zer nahi ote duen. Gorbata estutu eta goiko solairura igo da.
Muturtuta aurkitu du zuzendaria. Ez da ohiko agurrik izan.
— Robert, kutxak ez du koadratzen —bota dio egunonik esan gabe.
— Ezinezkoa, Neven jauna, behin eta birritan begiratu dut —Robertek ez daki zer pentsatu, ez zuen espero zuzendariaren esaldia.
— Dirua falta da.
Robert estutu egin da.
— Ez duzu pentsatuko ni izan nazenik, jauna.
— Ez, ez dut horrelakorik pentsatu nahi. Nik ez dut ezer pentsatzen, hori poeta eta filosofoen kontua da —esan dio beltzuri—. Nik erabakiak hartzen ditut. Kutxa zeure ardura da, eta banku honetan araua da dirua falta denean norberak ipintzea.
— Baina...
— Ez dut esateko besterik. Agur.
Robertek dirua ipini behar izan zuen soldatatik. Dezente zen falta zena. Halatan, etxeko gastuei aurre egiteko, bigarren lan bat hartu behar zuela erabaki zuen eta gaileta fabrika batean hasi zen beharrean.
Iluntzero lantegiko kontuak egiten ditu. Berandu eta nekatuta iristen da etxera.