14
Handik eta hemendik Vicek jakin zuen Robert non zeukaten. Anberesko kartzelan gatibu. Bi hilabetez egon zen han, ziega heze eta mehar batean. Uztail eta abuztu osoan behin bakarrik bisitatu ahal izan zuen gizona. Robertekin aurrez aurre jarri zenean, ez zion gizonari itxura onik hartu. Argalduta zegoen, erkin eta kaden. Odolbatuzko orbainak zituen larruazalean. Begirada galduarekin, bere baitara iraulita zegoen. Ez zion aditzen Vicek esaten zuenari. Isilik egon zen denbora gehiena. Nabarmenak ziren torturaren ondorioak. Burdinazko ohean biluzik eta bustita etzanarazi eta argindarrez torturatzen zuten.
Ulertu ahal izan zizkion hitz totelen artean, hauxe besterik ez du gogoan:
— Ez dut inoren izenik eman.
— Eman izan bazenu ere, Robert. Eman izan bazenu ere...
Anberestik Alemaniako kontzentrazio esparruetara zihoan trenean sartu zuten 1944ko abuztuaren 31n. Deportatu egingo zutela jakin zutenean kexatu egin ziren Vic eta bere familia, ahalegindu ziren agintariak konbentzitzen, esanez tuberkulosia igaro berri zuela eta ezin izango zuela deportazioa jasan. Alferrik izan zen. Nahiz eta bazterrak mugitu, ez zuten deus ere lortu. Tren hura, Robert Alemaniara eraman zuen trena, Anberestik heriotza esparruetara irten zen azkena izan zen. Ez zen infernurako beste trenik atera. Huraxe izan zen azkena.
Ganaduarentzako bagoi haietatik, ohol arteko zirrikituren batetik paper zatitxo bat jaurti zuen Robertek trenbidera. Paperak bere izena eta helbidea idatzita zeramatzan aurkian, eta berarekin batera trenean zihoan beste gizon batena ifrentzuan.
Duitsland Robert
Van Echelpoel
Van Diepenbeekstraat 56
Eta beste aldean:
Mr Roels
Oloonylaan 109
Antw. Alles Goed.
Hala edo bestela, norbaitek papertxo hura idoro zuen trenbide bazterrean eta ailegarazi zion Vicen familiari. Duitsland ipini zuen Robertek, Alemaniara zihoala argi uzteko; eta behean Vicen etxeko helbidea, Anbereskoa baitzen haren familia. «Robert Alemanian da. Trenez bidali dute», esan zioten Vici.
«Alles Goed», irakurri zuen Vicek mezuaren bukaeran. «Dena ongi da».
Tren hark Robert Alemaniara eraman zuen egun berean Vic eguneroko bat idazten hasi zen. Emazteak hantxe kontatzen zizkion senarrari egunean zehar gertatzen ziren gauza guztiak. Bidali gabeko gutunak ziren, Roberti zuzenduak, baina etxetik sekula atera ez zirenak. Kaier hartan geratu dira idatzita Vicen kezkak, pozak eta nahigabeak, Carmen txikiaren aurrerapenak, gerrako gorabeherak eta Robertekin berriz juntatzeko zituen itxaropenak, denak.
1944, abenduak 27.
Maitea,
egun gutxi batzuetan hainbeste gauza gertatu da!
Gure herria oso-osorik askatu zen, baina alemanek eraso egin zuten atzera ere, eta Maas hartu. Banuen itxaropena Eguberri egunerako gurekin batera egongo zinela, baina ezin izan da.
Hamaika lagun elkartu gara etxean: gurasoak, Yet ahizpa, Jenny eta Annie lagunak eta, ez duzu sinetsiko, hiru soldadu poloniar. Oso atseginak ziren. Zeinen pozik zeuden etxean hartu genituelako Gabonetan. Nik pentsatu nuen beharbada zu zeu ere beste familia batek hartuko zintuela etxean, eta guk haiek tratatu genituen bezain ondo hartuko zintuztela zeu ere...
Maite zaitut, mesedez, zatoz laster.
Vic eta Carmen
Ardenetako bataila deritzona izan zen egun horietan. Aliatuek espero ez zutela, Normandiakoaren ostean irabazle ikusten baitzuten beren burua, armada alemanak erasoa jo zuen Ardenetako basoan, Anberesko portua hartu nahian. Hasiera batean bazirudien erasoak bere fruituak eman zituela, Anberestik ehun kilometrora jartzea lortu baitzuten. 75.000 soldadu alemanek parte hartu zuten erasoaldian, zeuzkaten tanke talde onenekin. Dena den, lainoa zela-eta nekez egin ahal izan zuten aurrera, eta aliatuei astia eman zien erasoari egoki kontra egiteko. Fronteak, horrela, konkor itxurako forma hartu zuen. Horregatik ere badatorkio izena, Konkorraren bataila ere esaten baitzaio. 1945eko urtarrila arte gogor oldartu zitzaizkien aliatuak eta, azkenean, atzera egin behar izan zuten alemanek.
Gerraren norabidea aldatzeko azken ahalegina huraxe izan zen alemanen aldetik. Geroztik beren gainbehera hasiko zen. Galdutako indarraren eraginez, ekialdeko fronteak askoz azkarrago egin zuen aurrera eta uste da sobietarrek horrexegatik hartu zutela Berlin amerikarrek baino lehenago; orobat, aliatuen aurrerakuntza ere mantsotu zuelako Ardenetako gatazka odoltsu horrek. Gauzak ez ziren aurretik pentsatu bezain bizkor joango. Ardenetako gatazka eguraldi txarragatik oroitzen da, hotza eta elurra egin baitzuen etenik gabe. Soldaduentzat baldintzarik okerrena. Ardenetako batailari buruz idazten, Robertek aspaldi ezagututako bat izan zen: Ernest Hemingway.
Vicen izeba gazteena zen Yet. Europara gerran etorritako amerikar pilotu batekin maitemindu eta Estatu Batuetara joan zen bizitzera, Ohiora. D-Day delakoan parte hartu zuen osabak, eta ohitura zuen Europara urtero ostera egitekoa andrearekin batera egun hura ospatzera. Profitatzen zuen Carmeni bisita egiteko. «Zoriontsuak izan ziren, urte onak igaro zituzten elkarrekin», esaten zidan Carmenek beraiei buruz.
Amaren egunkarian aipatzen diren soldadu poloniarrenak gogora ekarri zion Carmeni amak kontatutako beste kontu bat. Eguberri horietan, Carmen txikerrak ezin izan zuen egongelara sartu, gizon haiek bertan egiten baitzuten lo, hain justu gorputzetik libratzen ikasten ari zen sasoi berean. Umearen ekandua zen egongelako bazter batera joan eta han egitea kaka. Platerak gordetzeko altzariaren atzean sartu eta hantxe bertan. Baina soldadu poloniarrak iritsi zirenean ezin zuen eta negarrez hasi zen haurra.
Ama berehala konturatu da, eraman du komunera umea, armairu barrutik pixontzia atera eta atzamarrarekin seinalatu dio:
— Hementxe egin behar duzu aurrerantzean, laztana.
1945, urtarrilak 7.
Aitatxo,
gure alabatxoa gaixorik dago. Sukar handia du eta sabeleko mina. Espero dut bihar hobeto egotea.
Thilda ahizpa nagusia, Bob senarra eta Gerda alaba iritsi dira gaur Anberestik. Hantxe zeuden V1 bonbak lehertu zirenean. Bob eta umea gurekin geratuko dira, baina Thildak itzuli egin behar du. Eskolako maisua da eta ezin ditu ardurak utzi. Hain nago kezkatuta beragatik...
Eta hain harro zutaz, Robert.
Besarkada.
Alemaniarren V1 eta V2 misilek izu larria sortu zuten Anberesen. 1944ko urrian erabiltzen hasi ziren, gerraren hondarrean. Ehun eta berrogeita hamalau egunez bonbardatu zuten hiria, milaka V1 eta V2 jaurtiz. Indar handiko bonbak ziren eta arras hiltzaileak. Dozenaka eraikin honda zezakeen haietako bakar batek eta ehunka hildako eragin. Alemaniatik igortzen zituzten plataforma luze batzuen bitartez. Ikusi egiten zen zerua zeharkatuz nola iristen ziren. Azkarrak ziren, hegazkinak baino bizkorragoak, seiehun kilometro orduko hartzen baitzuten. Buzz bomb edo doodlebug deitzen zieten ingelesek, zomorro handi baten zarata ateratzen zutelako hegan. Hala ere, erreakzio-motorra itzaltzen zitzaienean isildu egiten ziren eta jendeak bazekien euren gainera eroriko zirela segundo gutxitan. Horrek areagotu egiten zuen beldurra. Horixe baitzen, batez ere, bonba haien helburua, zibilen artean izua eta etsipena zabaltzea.
Londres eta Anberes izan ziren bonba haiek gehien jasan zituzten hiriak. 1944ko abenduaren 16an V2 batek bete-betean jo zuen De Keyserki etorbideko Rex zinema, arratsaldeko hirurak eta hogeian. Bostehunetik gora hildako eragin zituen. Gary Cooperren film bat ikusten ari ziren, Buffalo Bill. Geroztik, itxi egin zituzten antzoki eta zinema aretoak eta debekatu egin zuten berrogeita hamar lagun baino gehiago toki berean biltzea.
Garai latzenetan hogei minuturo egiten zuen eztanda halako bonba batek Anberesen. Bertakoek hiritik kanpo lo egiten zuten eta egunez itzultzen ziren hirira, lanera.
Erasoak saihesteko elkar hartu zuten armada britainiarrak, estatubatuarrak eta poloniarrak. Baziren hegazkinaren hegoaz ukitu eta desbideratu egiten zituzten abiadoreak ere. Gerraren bukaera aldera, trikimailu horien bitartez, bonben ehuneko hamarrak soilik egiten zuen eztanda.
Vicen ahizparentzat, ordea, beranduegi zen. Thilda erotu egin zen V1 eta V2 bonben leherketen ondorioz, eta psikiatriko batean igaro zituen bere azken egunak.