8
Zitak bere bi haur ttarrotuak batera besartean tinkatu zituen.
Presaka zetorren nerabe asiatiko batek, behingoz berrosatzen ari zen familia monogurasoar haren zoriona ikustean harridura markatu zuen. Plazer txiki hori planeta urdinaren azaleko debaldetuen opari zitzaion, minimoa izan edo luxuzkoa. Mexikarrak zirela bazekien, baina zertan zebiltzan, bada, europar eitea zeukaten bi pertsona haiek?
Sigmak ikaslearen susmoa haztatu zuen.
Zitaren gonari tiraka ari zitzaizkion Psili eta Zei, jauzika. Jostari eta alegera.
— Ama! Ama!
— Zatozte ene panpoxak!
— Ama...
Estudiantea astiro aldendu zen.
Iztak Zita musukatu zuen. Coatli eta Lamda autoan zeuden, gertatzen ari zenarekiko sinesgaitz. Ustekabetarik Lamdaren soa Sigmarenean aitzur landatu zen. Haserre. Ez zion amore emango. Alabaina Flagstaffetik Berkeleyrako 66 errepidean, Los Angelesen sartzean, border patrol kontrol bat pairatu zuten.
Polizia gizon beltz hanpurusak, gidariaren paperak ikertu zituen xeheki. Mexiko DFn matrikulatu chevroleta aztertu zuen mesfidati. Coatli, agirien arabera, New Yorken kokatzen zela baimendurik, eskuaz askatu zituen azkenean. Ematen zuen hargatik zer edo zer oker zebilela susmatzen zuela eta borondate aurkaz baizik ez zituela laxatu. Bizkitartean, ortzaizean, aingeruen hiria alfer hedatzen zen, autopistak goihar, zementu eta burdinazko dantzaria bailitzan.
Zitarekin solasean higatzen zihoan Iztaren itzalean, Sigmari Lamdaren kolera gorriaren amildegia zebilkion oraindik neuronen harrotzaile:
— Ezin da... Lanjerrean jartzen gaituzu aldi oroz.
— Ez da neure errua. Bisaren eskatzea ahantzi nuen. Barkatu beldurra baizik ez baldin badizuet jasanarazi. Linea berdea nerener zeharkatu nuen Suzie Beerekin.
— Noski, ez duzu zuk nehoren beharrik! Bakarrik zabiltza. Egoista halakoa. Porrutipulatik baduzu! Umeak ditugu gurekin: nahi duzu kartzela liputsuetan buka dezaten ala?
— Lamda —artekatu zuen Coatlik—, ez da deus agitu. Bakea emaiozu. Zuek, europarrek, zuen artean elkar bipiltzeaz beste erremediorik ez daukazue ala? Hemen gauzak erlatiboagoak direla konturatuko zarete... tragikoak dira... baina banabestekoaz trenkatzen ditugu.
Bezperan bezala Sigma isilik zegoen.
Irratian, intzirika inguratzen zen Coatlik grabatu best of konpakta. Leonard Cohenen Hallelujah haren hamalau bertsio zetozen Kd Lang, Jeff Buckley, Damien Rice, The OC, Rufus Wainwright, Tina Dickow, Damien Leith, Allison Crowe, John Cale, Sheryl Crow, Bob Dylan, Bon Jovi, Kate Voegele, Amanda Jenssen edo Jason Castroren ahotsez apaindurik. Gehienetan, pianoa zuten eleek zuztarri, gainerakoetan aldiz, Bukleyren kasua zen, eresilariak tauladako argipean zeuden, gitarra elektrikoa sabelean dilinda eta marrakaz.
Anarik euskaraz egoki baleza?
Sigmaren proposamena.
Los Angeles eta San Francisco artean, zirkulazio gaitzaren zurrunbiloak burtzoraturik, Sigmari zeritzon Hallelujah hori XX. mende sufrituan idatzi zen kantarik ukigarrienetarik bat zela, huts egiten ez zituen Cold Case edo FBI: Missing telesail bakunen bukaerako generiko gisa erabili zelako bereziki. Mikel Laboa zendu zen goizalde euritsuan ez zitzaion Leonard Cohenen otoitz musikatuaz aparteko ahaiderik muineratu, ibai nahasiaren gainetik lanera zihoala. Geroztik lana galdu zuen eta hor, Kalifornia minean, ez zukeen ukatzen zitzaion doluminduaren partekatzeko aukerarik. Hala zirudion behintzat.
Argi azkorrian, Hozho Moteleko harrerategia desertu izan arren, stetson txapelak zaramatzaten behargin akituak gurutzatu zituzten. Buztinez perdukaturiko pickup trucketan metatzen ziren. Flagstaff-eko baserri guneetan barreiatu behitegien logoak papoan zekartzaten nagusiei gazteleraz edo spanglishez mintzo zitzaizkien. Ez ote ziren ertamerikar jatorriko klandestinoak? Estatu Batuetan, herrialde garatu frankotan nola, immigrazioa gaitzesten zen, jendeak etorkinen aurka berotzen ziren, manipulatzen alaina; baina ekonomia osoa uhin horien bizkar loratzen zen, pasatzaileak, estatuei garesti ordainarazten zizkieten hotel gela zakar jabeak, abokatuak, enpresariak eta ausarki aberasten ziren jaunkillotak, legeez axolatu ez eta boteretsuen adiskide zirelako. Maltako uhartean adibidez hiru mila afrikar desterratu parkatuak zeuden, nora ez. «Begira», zioen Sigmak, chevroleteko soinutegian Bob Dylanen Hallelujah bukatzear zegoela, «ez da urrutira jo beharrik, lur ahul honen haga, herdoilak kurruskatua dela eta bike eskasez uhalak lepondoan zauri dagiela baimentzeko».
Goiz zohar hartan, Psili eta Zei besoetan lotan zeuzkala jalgi zen Izta Hozhotik. Arraposki pausatu zituen atzeko jargietan. Guztiak sakaila tinkatu zirenean, Coatlik izen gabeko KD bat erakutsi zien, sortaldeko lurrertzaren magia ahuspatuz:
— Hallelujah...
— Zer diozu? Daramagun ilegal nazkagarri honekin ez dugu aperentziarik ere mistikotasunerako betarik!
— Ez arrangura, Lamda. Musika palpitagarria baino ez da, egiazko rock'n'rolla. Esker onekoa, basamortuaren erdian dastatzekoa.
— Zenbat aldaera atzeman dizkiozu?
Lehen notek Sigmaren izpiritua kilimatu zuten. Coatlik, kontaktuari ekinez, ihardetsi zion behin hasi eta laurogei minutuko diskoaren betetzeko adina bertsio ezberdin deskargatu zituela, ezjakinez menturaz, kanpo geratu zitzaizkiolarik asko. Iztak ahurra sorbaldan pausatu zion.
— Goazen bada...
Segurtasun premia zimizta arduratsuak inarrosi zuen Coatli. Olioaren izaria eta arrasten indarrak ikertu zituen. Artean eguzkiaren erronda minerala bultzatuz, azpimarratuz eta gorrituz John Cale-ren boz lakarra hedatu zen, pianoaz, biolinaz eta kontrabaxuaz lauhazkatua:
— Now I've heard there was a secret chord...
Canyon Handiaren holtz hegiak sutzen zituen ekiak. Sage-brushez estali eremuen erdian, higamenetik salbatu axis mundi meharrek zutik zirauten. Ekai zirimolak altxatzen ziren denetarik, larruak pitzatuz. Sartaldean laino astunak gaiztatzen zitezkeen, lautada benedikatuan non gratak bailiran. Alta lurraldea euri erreguz belauniko zetzan, Hopiek edo Navajoek uharrak jauzarazteko zeremonia zaintsuak antolatzen zituztelarik: gutxi aski zen alabaina mundua mundutzeko, espazioa, airea, eguzkia, lantxurda amets bat eta bizpahiru lagun aldamenean. Sigmak burua Iztaren sorbaldan abandonatu zuen, Canyonaren zabalerak ninika zabal-hertsia irensten ziola. Bizkarrean zaku lodia zeukan indio gazte bat agurtu zuten. Errauts sakratuz bete fetitxea zeraman papoan. Exilio guztiak baimentzen zituen errepide mitikoaren ipularrean hormatua bezala zen, barrez, zigarreta ezpainetan, artozko taloa milikatzen, noraino joan zitekeen galdezka.
Into the wild baiki.
Iztaren mugimenduengatik Psili iratzartu zen, pixagale. Lapindegi zizkolatsuetan gatibaturiko kurkumixen pare jalgi ziren chevroletetik, agudo, aharrausika zetzan Zei salbu. Desertuaren usainak larrantzi zituen, hasperen eta intziriak ipar bolera freskoarekin melodia maliziosetan juntatzen zirela. Bele urguilutsuak balantzatzen ziren zuhaitz idorren abarretan, harrizko murru lehorretan behera urak daratulatu harpeetan koiote eta azeri ironikoak gordetzen, mirotz eta arranoek altzairu urdinezko ortzia zirrimarratzen zutela. Canyon Handia deitu parke nazionala itsasotik urrun zen arren, Pazifikoaren perfumea, atzamarra eta zigilua iragar zitzakeen.
Memoria harrotu zuen Sigmak:
— Duela zenbait urte Pariseko La Villette zentroko saihets-erakusgela batean tindatzaile navajo taldea miretsi nuen. Hondarrak omen ziren. Goizalde osoa bertan iltzaturik iragan nuen: behatz puntekin kolore ezberdineko sableak bihikatzen zituzten, benedikatze kantak xuxurlatzen zituztenen erritmo hipnotikoak ardatz. Beraztu nintzen, erabat. Sand painting ekitaldian, ziotenez, margoa jainkoen etor eta parti lekua zen. Veronica Begay medecine woman zelakoa zuten Parisen etxekandere. Ohikoan hoganen hegats pean kudeatzen zen zeremonia azken bolada hauetan nonahi garatzen zen, beharren arabera.
— Zerk zintuen bereziki ukitu?
Iztaren haia zen:
— Besoen eta gorputzen ibilera urriek ninduten uhertu. Orduan mentsa bezala bizi nintzen, itolarrian, presaka, hilko banintz hobe nerasan, gauzetan eta jendeetan finkatzeko astirik gabe. Estres, bizkarreko eta bihotzeko min baino ez nintzen. Guztiak hala genbiltzan oro har. Ilunena nekarren erraietan, ezezkoan beti, ezeztatua, ezabatua eta ezezkorra. Zinominoka ari ginen, azala galanki lardaskatu ondoan mamiari ezin eutsiz, urratsik sinpleena bere zabaltasun mehatxagarrian konplitzeko lotsaz. Badakizu neoliberalismoak eredutzen dizkigun betekizunen menpe gaudela, gertakariak, ontasunak, ospe nahikundeak, amodio domestikoak, gogoeta gutiziatsuak eta gorrotoak metatzen ditugula, gohaitzeraino. Ez dugu keinu bakar bat sakoneraino eramaten, ohaideak nehoiz zinez maitatu eta laztandu barik ganbara hegian biluz geratzen gara, etxeak eraiki eta handik sei hilabetera zuztarriak kraskatzen zaizkie, eguneroko ogia epe laburrean idortzen zaigu...
— Zergatik hainbeste zinkurin? —Lamda zen, motz eta hotz.
— Arrazoi duzu —erantzun zion Sigmak—, baina hausnartzekoa bada, ezta? Sand painting saioak neure bizimoduarekiko arrangurak urratu zizkidan. Bat-batean gabetasun lehia hori piztu zitzaidan; erran nahi dut minimoarekin ihardokitzeko arrabia, afektiboki manipulatzen gaituen aberastasun material hutsen gaineko diskurtsoez haratago. Ez dakit nola esplika. Debaldeko xendretan urtzeko desira, Coatliren moldean Hallelujah-ren hamalau bertsioekiko KDa lepondoko lilihaustegian eta Amaia Lasaren hiru poema bildumak motxilan altxor sekretu. Bai eta...
—...Leslie Marmon Silkoren Cérémonie.
—...Monique Wittigen Les guerrillères.
— ...Judith Butlerren Precarious Life.
Ideiak ez ziren falta.
Algara-jauziak isuri ziren. Canyoneko eguerdia jadanik sapatsu zegoen. Geldotasuna zoramena zen. Borobilean zeuden, lur pikor gorriak purruskatzen, mineralaren urrina eta bazterren biluztasuna beraien baitakoa baino ez bailitzan. Arin sentitzen ziren behingoz: mortua, bidaiari bederarentzat habitus bat zen, edozein gisaz. Mugak zeharkatzean, zerrasan Sigmak, klandestinoki ala ez, bestaldean ardura, norbera zen aurkitzen, maskara, gezur eta deboilatik salbatzeko balio zuten mintzaldi seduzitzaileen tramankulurik gabe.
Oreka bila hautsiko ziren hari meheetan.
Edo umezurtz.
Pixka bat frantses gobernuak, Sangatteko jungle entzutetsua garbitu eta suntsitu zuen larrazken hartan afganiarrak, irandarrak eta irakiarrak, kenyarrak, somaliarrak edo etiopiarrak agitu ziren bezalaxe.
Posa. Fahir. Modou.
Lurzurtz.
Sigma urduri zebilen.
Eskerrak border patrolen kontroletik landa ortzaizean Los Angeles agertu zitzaiela. Bakersfieldera iristean, hiriaren sarrerako basque jatetxe batean geratzea erabaki zuten. Kamioiak lerroan, aparkalekuak, gasolindegiak, musika memelarekiko dendak eta indiferentziaz itsutu asiarrak, chicanoak, sudacak, indigenak, mozkor eta eske, amerikar zuri gizajoak eta kapelu beilegien azpian aurpegiak ezkutatzen zituzten ibiltariak zirikatu zituzten.
Sigmaren aburuz bizkaitar jatorrikoa zitekeen zerbitzari lerdenak menuen liburukia eskuetan jarri zion Iztari:
— I come back soon...
Psilik ostatuko barra hornitzen zuten takoak eskatu zituen karbaz. Coatli desagertu zen. Zei altzoan zetxikala, Lamdak kartak zekarrena irakurri zuen. Iztak mexikar txilakiles zaporetsuak hobetsi zituen, Sigmak Euskal Herriko arrautz-eta-xingar nostalgikoa manatzen zuela. Amerikar brunch tradizionalaren zale zen Lamda.
Jatetxeko jabeak jada ezer berezirik ez zeukala jakinarazi zien.
— Sorry.
— Orduan lau txilakiles, ez sobera pipertsu.
— Edateko?
— Ura.
Takoa ausikitzen zuten maneratik, haurrek Zitaren laztantzeko grina handia zutela nabarmen zitekeen. Hitzemana zitzaien. Bazen hiru urte Ipar Ameriketara joan zitzaiela ama, koiote baten zerbitzuak ordaindu eta Ciudad Juarez lanjerosean linea berdea ausikiz. Hurbileko makilladoreei uko eginez, sehi bihurtu zen Berkeleyn. Apartamentua hiriko auzorik zikinenean alokatzen zuen, baina bost axola, Kalifornian geratzeko paperak sakelaratu zituelako. Psili eta Zei ttarrotuak berarekin bizitzera jinarazten ahal zituen ondorioz. Zitaren zuri-beltzezko aspaldiko argazkia moltsatik atera zuen Iztak:
— Badu bost urte ez garela batu. New Yorken errotu nintzen eta, diploma erdietsirik, Chalcoratzean Zitak alde egin zuela erran zidaten. Amona xangrinez hil zitzaigun. Haren ildotik aita, urdaileko minbiziaz. Zitaren umeez axolatu zen gure ama. Hondarrean Zitaren berriak lortu genituen, ahotik ahora... Gogoan atxiki ezazue, han eta hemen, botere politikariek salatzen eta gaitzesten duten familia berrosaketa baten obratzen ari garela.
Piper minkarra hozkatu eta eztulka hasi zen.
Batzuen bizitzek besteenek baino gehiago balio ote zuten?
Zerbitzariaren soakoa larderiatsua zen, baina funtsean oneziaz itoa. Sigmak bazekien hori euskotarrena zela. Nehor ez zen determinismo horretarik eskapatzen ahal. Tabernariak Bakersfieldeko Noka saldoaren konpaktua ezarri zuen irakurgailuan. Basque-american bikotearen ahots kilkiratsuek gunea alaitzen zutela, Zitaren deia hartu zuen Iztak. Harroki zebilen, soinalde osoa ikaraz, mendeak mendetegi ez besarkatu, ez balakatu, ez mamurkatu Zitaren boza aditzen zuelakoan.
Kanpoan ausatzen ziren atzerritarrak zeuzkaten begiko. Coatlik autoko berinaldea xahatzen zuen, Lamda hurbil-hurbil zegokiola. Psili eta Zeiren hortzetan itsatsi janari puskak garbitzen zituen alaiki Iztak. Nolabaiteko burutazioak ihalozkatzen zizkion Nativeyes-en erranak errepikatu zituen berekiko Sigmak:
— Zergatik dira mugak, goiz edo berandu guzti-guztien zeharkatzeko aukera baldin badugu, indarrez, astiaz, intimitatez. Ausart eta elemen. Legeak egiten dituzte izakiak leku zehatzetan konfinatzeko, gosetuak, gaixoak, koloretsuak, langileak, laborariak, baina uharte sasi-segurua uholdeak noiznahi irents dezake. Hurrupa. Heia-heia, auhenez zerraikan Nativeyes-ek, mugarik ez da kapitalarentzat, klik bakarraz globoa trabeskatzen du diruak, bioteknologientzat, OGMekiko arto haziak populkatzen dira debekatuak zaizkien pentoketako bihiak kutsatzeko. Eta jendeak ez duela mugajale bilakatzeko eskubiderik? Kamera infragorriak, helikopteroak, ADN testak, kontrol gogorragoak, fronteretan, autopistetan eta trenetan, erretentzio zentroetako egoera zailagoa delarik oraino, deshumanizatzailea arras, eta estatu bortizkeria zilegi, Sahara behereko afrikarrak charterretan estekaturik, txertoz emokaturik edo kolpekaturik igortzen direla.
Nativeyes.
Nor ote zen, Modesto hiriaren erditik zulatuz Berkeleyrantz zihoazela, Sigmak oharkabean, bere imajinazioaren larrutsetarik iradokiriko Nativeyes hori? Bikaina zen horrela solaskide fiktibo baten eraikitzea, errealitatearen islatzeko, kideak asper, narda eta haserre uzteko peril arnegagarritik aldenduz. Irri aingerukoia marraztu eta Iztaren besaintzina zimikatu zuen:
— Min egiten didazu...
— Berkeleyn gaude.
Lamda karkaraz lehertzear zen.
— Zerk kitzikatzen gaitu, errealitatearen eta ametsaren arteko biribilketa zalantzakorrak ez bada? —segitzen zuen marmara Sigmak Iztaren belarrira—. Horrek dizkigu sabelondoak iraultzen. Dudak. Biluztasun ideologikoaren nahikundeak. Gutxiarekin moldatzekoak garela eta hurkoarekiko harremanetan nortasun eta ego harropuztuentzat zirrikiturik ez dela haboro baiesteak. Gatzaren oldarrek karramiskatu eta errautsaren duintasunaz hantzen eta berehala hertzen dituen harriak gara. Horretan nago. Obsesio bat da.
Larrua jotzeko desirak larrantzi zion soinaldea.
Ez zuen Iztaren irria bezain loriosik sekula miretsi.
— Arrazoia duzu: nehoiz ez gara ezertara heltzen, eta heltzen dela dioenak, edo heltzeko anbizioa duenak, gezurra dio; geldotasunaren hel-puntu bakarra herioa baita. Benetakoa. Metaforikoa. Ez dakigu nola egin, gibelera itzultzea bekatu zaigunean. Nehoiz eztabaidatzen ez ditugun pentsu adarrek zerebroak zitaltzen dizkigute, independentzia politikoaren gaiak, adin piramidearenak, unibertsalismoarenak, migrazioarenak, nagusitasunarenak, funtsezko jabegoarenak, heldutasunarenak, egunetik egunera infantilizatzen gaituzten bitartean.
Hanpurosekiko nazkak naroa.
Izta. Posa. Fahir. Modou.
— Irabazleak ez izan arren, gurea ere bada mundua —Sigma, bat-batean, sukartsu zen—. Ibiltzeko eskumena daukagu, beraientzat eraiki dituzten muga finko bortitzetan ustel daitezela.
Berkeleyn ziren, unibertsitatearen auzoan. Kd Langen Hallelujah barreiatzen zen autoan barna, pianoa, boza, pianoa, boza, kideen hatsanka, pianoa, espaloietako oinezko alfertuen algara glosalikoak —nor ote zen letren fakultatetik zanpa-zanpa jalgitzen zen irakasle ile horidun eta txiki-zaintsu hura?—, zarata metalikoak, zintzur oihuak, boza, tuta larderiatsuak, pianoa...
Hau gure lurra da.
Hallelujah.
Boza.