Ezer gabe hobe
Ezer gabe hobe
2009, nobela
224 orrialde
978-84-92468-13-3
azala: Lander Garro
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2012, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
Ezer gabe hobe
2009, nobela
224 orrialde
978-84-92468-13-3
aurkibidea
 

 

4

 

Afalondoan Sigma eta Posa geltokian zeuden berriz. Lau argazki atera zituzten fotomatonean. Ondoko dendariari ogitartekoak manatu zizkioten, jende presatuen erdian alfer. Seguritate patruilak eskaleak eta bidaiariak bista kolpe batez jujatzen zebiltzan. Tentsioa palpagarria zen, hargatik inguruko zekentasun basatiaren atzamarretarik eskapatzen zenean Sigmari iruditzen zitzaion bizitza osoa urrats galduen eremuetan zipriztindu zitzaiola:

        — Garai batean tren ordutegia neukan burumuinaren ordez.

        — Txantxetan ari zara!

        — Ez. Irri gutxi dut garai haiekiko.

        Le Figaro besapean, aurpegia moltsa bezain zerratuarekiko aferagile urduritsu bat hurbildu zitzaien kuskari. Bera baizik ez zen munduan. Bera eta telefonoaren puntan, beretarrak noski. Gizonaren begitartean beraien soberakinkeria irakurri zuten, zer egin ordea, ez ziren desagertuko hiru piezako kostuma zeraman urguilutsu horren kausaz. Sigmak pigmeoaren eskua tinkatu zuen. Posa Ngaka kantuz hasi zen potreta txikiekiko laukia itsatsirik:

        — Ni al naiz hau?

        — Bai, kapetut. Ez duzu zure muturra ezagutzen ala?

        — Neke zait, beti eta nekeago. Brazzaville abandonatu nuenetik ez dakit zer bilakatu naizen, hainbat gauza jasan ditut, gurutzatu, sufritu, oihanean baino gose garratzagoak, bortxak. Berantetsia dut Londresera heltzea, badakizu?

        — Imajina dezaket.

        — Zuen apartamentuan lasai nago.

        — Baina Londres azken helburu, ezta?

        — Aha...

        Axular karrikaren puntan ziren jadanik. Breuer-ek marrazturiko egoitza merke sugelarien auzunean. Burdina, zementua eta gristasuna ziren nagusi han. Mediterraneoko kozina usain betegarria hegaldatzen zen leihoetarik eta eskaileren kaioletan umeak jostatzen ari zitezkeen, gazteak dantzan eta neskatxak taldean eleka, iragaten zirenen itzalez axola gabe. Papo-aldeak hantzen zituzten andereñoek zapiak zeramatzaten kasko gainean, indartzen zihoan ekialdeko fedearen arabera ileak gordetzeko, nahiz eta rap doinuak aditzean, ipurdi mazelak edo gerri gotorrak sentsualki kulunkatzen zitzaizkien. Kontraesanik ez, guztia eta bere kontrarioa ahalezkoa bihurtua zen jendartean genbiltzalako.

        Sigmak mukizu turrunpilodunetarik bati Alias non bizi zen eskatu zion. Mutikoa ez zen ihardesten luzatu:

        — Hirugarren dorrearen bosgarren atean eta...

        — Hamahirugarren estaian —gehitu zuen begitartea ikatz zeukan potikoaren anaiak.

        Izurde-ahotsekiko nerabeak algaraz mustupilkatu ziren, gorputzak erakusgarriki okertu eta txalupa bilakaraziz.

        Salam... shalom... inch'alajinkua... com'on baby...

        Hatsa trenka hurran iritsi ziren Aliaseneraino. Gaizki argiztatu kuluarrak dardarikatu zituzten. Herotsak zetozkien borta itsuen bestaldeetarik, musikak, kalapitak, oihuak, senar haserretuen larderiazko predikuak. Baten batek erran zezakeen emazteen doluzko auhen eta negarrak hautematen zitezkeela, nahiz eta ilunpea etsai, arraposki mandokatuko zen, krisketen haraindiko hotsak zehazteaz baino xendra urratzeaz arranguratuago.

        Txirrinaren pean, ninikak laurdenkatuz, Alias zekarren plaka zekusaten. Posak gaztaina koloreko orkatza lehertu zuen. Minutuak bihikatu zitzaizkien. Xoki xerrenten asotsa aditu zuten eta norbaitek sarraila askatu zuen: Alias zitekeen, handi eta, lanpara ahulean, euria bezain uher.

        — Zer dela eta?

        — Paperak behar ditu Posak.

        Sigmak ez zion galdekatzeko betarik utzi. Gaiaren haragi malatsean sartu zion labana, deblauki. Alias durduzatu zen:

        — Uste duzue nik egin ditzakedala?

        — Bai. Nigeriatik zetorren Peterri egin zenizkion duela hilabete zenbait, ongi gogoratzen baldin banaiz. Ingalaterraraino heldu zen haiei esker.

        — Nola dakizu hori? Ez zinen bada zu eskatzaile orduan? Berdin dio, sartu arren, ez hor egon nork ikus ere. Mihia josten ez dakien hainbeste jende badago gure artean. Haatik arazo bat badaukagu.

        Gela bakarreko apartamentuaren aizolbean, auzoko lauzpabost biztanle biltzen ziren. Larruaren belztasunak distiratzen zuen kanpoko argiaren menpean. Aliasek harritzear zeuden Sigma eta Posari hasperenkatu zien:

        — Afera bat badugu trenkatzeko. Zuetaz okupatuko naiz berehala. Ttotto zaitezte hemen. Isil-isilik.

        Etxe jabearen gomendioak baieztatu eta belus gorriz hornituriko kabinetean kuzkurtu ziren. Alias alabaina aztia zen, amodioa, birilitatea, lana, bikotekideak, suertea, dirua itzularazteko ez zuen parerik, inkantazioak eta kreditu kartak zirela medio. Noiztenka, hirian zehar, bere txartel espantutsuak barreiatzen ziren autoetako berinetan: voyant médium, grande renommé d'efficacité et rapidité, sciences nocturnes, herboriste, tradipraticien...

        Anartean saihetseko ganbaratik marmarak entzuten zituzten gertatzen zena ulertzeko gisan: arratsaldean Mabeka anderea arrestatu zuen Mugetako Poliziak, paperik ez zuelako. Mabeka administrazio handi bateko xahatzailea zen, enpresa pribatu baten kontura. Gammak nonbaitetik jakin zuen kaxketadunak atzetik zebilzkiola, eta Aliasen sukaldean juntatu taldeko zuri bakarra etsitua zen:

        — Banekien zer edo zer egitekoa nuela Mabekaren salbatzeko. Lantokitik jalgi nintzen ebaska, baina hor zeuden, kotxe banalizatuetan. Deltarengana jo nuen Mabekaren eske. Enpresan bertan ez zuten Mabeka ezagutzen. Nehork ez zekien deus, ez haren izenik, are gutxiago non aurki nezakeen. Kolegak erran zidan, salatua izan zela menturaz eta Madrid Hotelean zegokeela. Ordutegia murritz neukan. Hoteleko harreragilea egunkaria irakurtzen ari zelakoaz balia, hogei logelak miatu nituen xeheki: inor eta ezer ez zegoen, nahaspila, zikina, urrin likitsa eta arratoiek berek onartuko ez zuketen giroa salbu. Harritzen nintzen gaurko mendean eta Baionan horrelako tokiak bazirela ohartzearekin. Sinestezina zitzaidan. Bostak aldera ordea, bulegoaren gibeleko sarreran poliziak Mabeka ukaraiak burdina zeramala kukuzkatu nuen.

        Gamma zurtu zen.

        Ez hain aspaldi Mabekak paper ofizialak bazituela gehitu zuen Aliasek, baina dibortziatu zenean ez zizkiotela berritu eta Madrid Hotelean zetzan ganbara berean hiru emazte gehiago bazirela, ume banarekin. Guztiak klandestinoak. Lanean ari zirenak bestalde. Ongi Heldu Euskal Herrian ekimenaren karietara, Miarritzeko kasinoan, urrezko makila erdiesten zuten lantokietan anitz horrelako bazirela ondorioztatu zien sorginak, ez zitzaiela dokumenturik eta deiturarik eskatzen, lanorduak pilits ordaintzen zitzaizkiela, sortaldeko herritarrak omen lumpen proletaritza zereginetan ahalketzeko alferregiak zirelako. Behin, erantsi zuen Gammak hitza berreskuratuz, lanaren zuzendaritzak Uztaritze aldean kontrola jarri eta hamar bat klandestino atxilotu zituen, euskal nagusien kontu goizean goizik beharrera abian: errumaniarrak, kurduak, georgiarrak, azeriak, ekialdekoak orozbat.

        Murmuruak eten ziren.

        Erridauaren arrailduratik azaldu zen Alias.

        — Zuen aldia.

        Baturikoak banaka zutitu eta jalgi ziren, minutuko tartea errespetatuz bata bestearen artean. Ez zen arraileriazkoa. Telebistan lehendakaria emigrazio klandestinoaren aurka mintzatua zen, ahoak eman ahala, mundua, berea eta beretarrena baizik ez zela dekretatuz. Hauteskunde kanpainetako histeria ildoa bilakatua zen jada honako tematika: inseguritatea atzerritarrek dakarte eta atzerritarrak migrazioetarik datoz beraz migrazioak ditzagula errotik borroka. Ez ote zekien presidenteak Erroma modu batez lehertu zela migrazio oldeak irensten jakin ez zuelako?

        — Zatozte.

        Posa ederki moldatzen zen Aliasekin. Gizon meharraren atzeko horman zegoen baobabarekiko margo psikodelikoak Afrikako arbre à palabre bat itxuratzen zuen. Arazoa arrazoitzeari ekin zion:

        — Paperak behar ditut. Londresera noa. Treneko txartelak badauzkagu. Baina badakizu bidaian edozer gerta dakiguke eta...

        — Badakit. Argazkiak badituzu?

        — Bai.

        Aliasek fotoak edeki zizkion. Alderik alde begira zegokien. Posaren aurpegia ikusi orduko asmatu zuen zein leinutakoa zen, nondik zetorren eta sustut, errauts, bakartasun eta lanjerrez mukuru, nola aztalkatu zuen honainoko asfaltoa. Alias senegaldarra zen, Casamancekoa, sasitzarrak geriza zituzten etxe gorakoi hauetara etorri arte. Senegaldarrek herrialde auzoentzat harroputz fama zeukaten arren, Posa Ngakak irriño lagunkin bat oparitu zion:

        — Kongoko pigmeetarik zara?

        — Igarri duzu. Abeslaria naiz. Familiatik urrundu ninduten eta serora eskoletan ibili nintzen. Oihana jostaleku baino ikerketa eremu neukan.

        — Ez zarete anitz maitatuak gure eskualdeetan.

        — Eiki. Jendalde zaharrenak gara Afrikan, dirua zer den ez dakigu, nomadenak eta jakintsu ingeles apurrek diotenez, ziminoarekiko lotura biologiko hurbilenekoak. Beltzen artean ere gaitzeko arrazismoa dago...

        — Egia da, atzerrietan halaber elkar hilka gabiltza... eta zuriei dagokienez badakizu gustatzen zaiela falta zaien kabalatasunaren katea norbaiten gorputzean datzala oraindik ebaztea, beraiek direna baino handiago, abilago eta jendeago direla sinesteko. Ardurenean berak dira zimino lehenak.

        Karkaraz uhertu ziren hirurak.

        Aliasek jargiako burukoak higitu zituen, tauleta batetik dokumentu faltsu birjinak eskuratzeko. Olivetti markako idazmakina zaharkituaren parean eseri zen Posa Ngakaren ezaugarriak izkiriatzeko: izen deiturak, aita eta amarenak, sor lekua eta eguna, goratasuna, begien kolorea, egon lekua. Baionako zuzenbidea harilka zezakeenez Sigmari galdatu eta honek gogoeta laburretik landa, baiezkoa eman zion: arrotzen erdian are arrotzagoa zen Sigma, Lamdaren ustez bederen bekaitz eta indibidualista errea izan arren. Alabaina ez zeukan urrikirik nehorentzat eta bere baitako konfiantza izpirik ere ez. Hor, Aliasen saloi post-kolonialean, beste norbait zen, ez hobea, ez txarragoa, beste norbait. Sosegatzen zihoan harriduraz harridura.

        Laster Posa Ngakak paper berde arinak harroki erakuts zitzakeen:

        — Hauekin noranahi joan naiteke?

        — Egonaldi karta baten eskaeraren agiri-ondoa baizik ez da.

        — Aski zait Frantzia trenez zeharkatzeko?

        — Bai, noski.

        Ehun euroko billete orlegia ahurrean sakatu zion Posak Aliasi. Lamdaren emaitza. Belagilea hozkailuratu zen. Familiakideek, bisitaz zetozkionean, ekarri botila muskerra mahaian banbarazi zuen. Musikagailua piztu eta Angelique Kidjo amultsuaren bozaz alegeratu zuen pausagunea, bete, hantu, neurtu, zabaldu, zurgatu. Bikaina zela zioen berekiko Sigmak: this is our world xuxurlatu zuen, ohikoan, deus erran gabe sekula, mundu mota hori baitzuen hobesten, ez pantaila urguilutsuetarik zeriena, diruaren, boterearen eta bazterketarena alegia.

        Adornoren minima moralia hitz taldea doi-doia aldatuz minima mundi izendatuko zukeen bizitokitako suertatu zitzaion erresuma zehargia: ezezagunen arteko adiskidantza zilarra, laguntza pixka bat, barre aldiak, negar zotinak, derrigor maitalearen jabetzak ez ziren amodio maila urriak, botere politikoek manipula ez zitzaketen min handitzaileak, kezka eta duda anitzak jasanez norbera baino urrunago lehiatzeko ihesmen urdinak. Migratzaileen bihotzetan sustraituriko mundu txiki bat hots, txorienaren antzekoak.

        Mundu horren leuntzeko berriz ekin behar zitzaion. Larru zurbilekoak, aberatsenak bai eta maila apalekoenak, sedentarioegiak bihurtuz, ez ziren gorputzez mugitzen, are gutxiago izpirituz. Posari beha zegoen: biluz zebilenak hondarrean dena zeukan, ez zuen irabazteko errabiarik eta galtzeak ez zion izurik hazten. Noizbait, Derridaren gatuaren soa aitzakiaz, izatearen oinarrizko abiapuntu honetara itzultzea eskatuko zitzaigun, uniformitateak ez zekarrelako inongo berdintasun, haurridetasun eta libertaterik.

Alderantziz.

        Bizidunen, jendeen, kulturen, hizkuntzen arteko balio-zurubiak zizelkatu zituen industrializatzearen mendeetan finkaturiko ereduak: beltzak halatan zuriak baino zozoagoak ziren, eskualde mintzairak hiriburuetan ahoak oilo-uzkien maneran plegatuz xuxurlatzen zirenak baino eskasagoak, nekazariak hiritarrak baino atzeratuagoak, Europako jakitatearen argi-tximistak bortxaz hedatzekoak zirela oihukatzen zen, zuriek berenkoi zela sinetsi betekizun zibilizatzailearen izenean. Zegoeneko lehendakari nazional-liberalak misio jainkotiar kasik ahantzi horretaz oilarki ari ziren sarraskiengatik barkamendu eskatzeko partez.

        Nehork ez zekien zuzen, nor zen salbaia.

        Aliasen edaria mistikoa zitekeen.

        Angelique Kidjo jabaldu zen. Basoak hustu ziren. Alias bizkarrez leihoratu zen. Posa Ngakak agiri salbagarria sakelan tolestu zuen:

        — Eskerrak zuri, Alias.

        — Suerte. Agian Londresera iritsiko zara.

        — Espero dut, tribuko kide baten ezteietan kantatu behar baitut datorren hilabetean. Ez bakarrik hori. Londresen biziko naiz, oihaneko anai-arreba ugarien erdian.

        — Alde hemendik.

        Sigmak Posaren ukondoa tinkatu zuen.

        Laztan gura zeukan.

        Hiri ertzetik jaitsi ziren. Sigmak behialako gogoeta-mortuak saihestu zituen behingoz arrats epelaz gozatzeko. Ahotsak garatzen zihoazkion kasko pean, eresiak, marmaren zirri-zarrak eta oroz bat garrasiak, doluzkoak, sufrimenduzkoak, esperantzazkoak. Santizpiritu zubia zeharkatzean, Europako banderak haizean klaskari zebiltzan, harro bezain hotz. Egunero zekuskien itzalak, ongizatearen eta perfekzio sozialaren ikurrak zirela bazekien, ez zela beste aukerarik, bestelako helbururik, lorpen seguruagorik. Sigma Aturrira tuka ari zen, azken ehun urteotan parler en basque et cracher par terre debekatua zelako:

        — Whiski ttilika bat hurrupa nezake.

        — Nik ere bai.

        Udaletxeko Atlantic Bar-eko terrazan eseri ziren. Zerbitzaria etorri zitzaien. Sigmaren lankide ohi baten semea zen. Oroitzen zen ez zuela nehoiz grebarik egiten, semearen ikasketak ordaintzeko dirua irabazteko gisan; mutikoak ordea ez zuen estudiatzeko gutizia bipilik eta, ofizio ohoretsu anitzetan saiatuagatik, zerbitzari bezala idortzen zuen kopetako izerdia. Hobeko zuen ama desesperatuak orduan grebalari higatzea. Baina istorio zaharrak ziren eta mutiko adeitsua zenez, Sigma taberna hartan ausatzen zen, batez ere udan, alfer ego bila.

        Whiskiak ekarri zizkien, baso hondoak beilegi. Bikoteak pasatzen ziren plazako iturri hegitik, haurrak ur ziriztekin jolasten zirela. Udaltzainek eremua zelatatzen zuten, binaka. Ahalkerik gabe. Bizkitartean, karriketan sirenak airean, auto zirurikariz lerratzen ziren poliziak. Hedexurientzat jagoitik hiritarra, edozein, susmagarria zen. Begietara so zegozkion egin ez zukeen bekatua aitortuko zueneraino.

        Ametsaren dildilean gerizatu ziren:

        — Nor dira pigmeoak?

        — Bantuen zelaietan kokatzen gara Kongoko oihanetan. Biziki pobreak gara uste komunaren arabera, telebista, etxe finko eta funtsik ez dugulako. Baina oihan osoa gurea da.

        — Nago ez ote zaitudan ene eskakizun txepelekin nekatuko?

        — Ba pentsa! Eta gainera, Alfajarinez geroztik, uste dut agerpen batzuk zor dizkizudala. Ez dea hala?

        — Prefosta.

        Mimenezko ttottogian eroso kuzkurtu zen Posa Ngaka. Betazalak pinpirinkatu zituen eta, ipuin mitikoa bailitzan, murmurka hasi zen bere jendaldea azaltzen:

        — Berrogeita hamar mila pigmeo gaude ekuatoreko oihan handian barna, libre, ibiltari, ehizaz eta bilketaz jarduten. Pigmeo izena greko zaharretik datorkigu. Esploratzaile zuriek deskubritu gintuztenean neurtu eta aztertu gintuzten. Gutariko bakarrak Londresera eraman zituzten gatibu, ikerketak lekuan bertan jarraitu asmoz. Abereak baino ez ginen haientzat eta hipopotamoekin batera bidaiarazten gintuzten ontzi herbalen behereko sotoetan. Pigmeoa laburra da, metro bat eta erdi nonbait han. Afrikako eta Asiako populuok pigmoideak deitzen gintuzten horrexegatik. Tribu bakoitzak deitura ezberdina dauka, hala nola Bazimba, Tumandwa, Batwa, Bakunda, Bayaka edo Mbuti. Ni Akwa leinukoa naiz. Larrua beltz gorrixka dugu eta ilea gorrail kizkur. Batwakoek demagun larrua beltzagoa dute. Ez gara denak antzekoak alaina. Bayakak Ituriko arboladietan dabiltza. Gorpuzkeraren txikitasunari esker zuhaitzei egokitzen gara, igotzeko baiki, igaliak karruskatzeko eta bazterrak miatzeko. Asko gustatzen zaizkigu gailurrak, gailurrak ordea guretzat zuhaitzen kukurustak direlarik.

        Hitzaren itxindua ureztatu zuen Posak, STABeko lehen lineako autobusaren geldialdi mantsoa jarraitzeko.

        — Mongoluak, gure etxolak, ez dira behin-behinekoak, ibai hegietan altxatzen ditugu, mozanbi edo lianaz, baobab gorakoien maldetan. Eguna ehizan emanik, gizonak ez dira eguerdi baino lehen jaikitzen, bitartean emazteek bazkaria apailatzen eta haurrak zaintzen dituztela. Mongolua emakumeek dute eraikitzen. Barruan dagoen kea mamuen kalitzeko baliatzen da. Janariak eta ohizko laneko tresnak hala gerizatzen dira. Musika jotzen dugu orrazi ikaradun batekin. Poltsikoan daramat neurea, so egiozu...

        Leinu mehatxatuak zirela erantsi zuen gero Posak, orrazi ikaraduna eriaz ferekatuz. Ez zuten nortasun agiririk eta jende moduko eskubide arruntenak ukatzen zitzaizkien. Egurra esplotatzen zuten konpainia multinazionalek beraien ingurune naturaletarik betirako haizatzen zituzten. Oihanaren suntsitze izugarriaren bezperan zeudela erraten zion Posak, horregatik tribukide franko hiritaratzen zela, hirietan duinki bizitzerik ez zenez, segidan Europara eskapatuz, dakizkigun arazo eta oztopoekin. Estatu afrikarrek populu indigenekin, hemengoek bezain biolentoki jokatzen zutela murdukatu zuen, denetan letania bera zela, guztiek alta amets berdina genuelarik: artamenduak, ikasketak, bakea eta bekokiak zohar humanoki garatzeko kalipua.

        — Zazpi urte nituela oihanari idokirikoa naiz.

        — Itzuliko al zara inoiz zure sendiaren mongolura?