Ezer gabe hobe
Ezer gabe hobe
2009, nobela
224 orrialde
978-84-92468-13-3
azala: Lander Garro
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2024, poesia
2021, nobela
2012, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
Ezer gabe hobe
2009, nobela
224 orrialde
978-84-92468-13-3
aurkibidea
 

 

3

 

Munduko burtsetan izuaren enbata buharazten zuten trader eta aferagileek egun soila pasatu beharko zuketen Chalcoko sasi-hirian, beraiek Wall Streeteko bulego konfinatuetarik kudeatu gabezia ekonomikoaren ondorio kiratsak haztatzeko. IMF eta banku zentraletako arduradunek ere bai. Baina ez ziren nehoiz Ecatepec, Nezahualcoyotl edo Chalcon ohatuko, are gutxiago lohiz tropikalez setiatu Lagosko zein Indonesiako bidonvilleetan. Bost axola zitzaien, sozial arloan zinpurtzeko ez zirela sortu urguiluz ziotela, dirua tole eta aise irabazteko baizik.

        Iztaren amaren egongelaren zokoan telebista pizturik zegoen. Birla finantzialaren zartatzeaz ari zen etengabe, komentario egileak ederki azpimarratzen zuela krisiaren eta ekonomia errealaren artean loturarik ez zela, deboila kontrolpean zetxikatela, estatuek aberatsenak beti sustatuko zituela argi zelarik haren hitzetan. Milioika miliar ardit desblokatu ziren gauetik goizera, autogintza eta sosarekin trafikatzea laket zitzaien atorra zurientzat, irakaskuntzarentzat, langile xumeentzat, zerbitzu publikoentzat, osagarri alorrarentzat edo kulturarentzat kutxak desesperatuki huts zeudela. Frantziako lehen ministro zurbilaren erranaz oroitu zen Sigma: La France est en faillite.

        Guadalupeko ama birjinaren potreta andere zetzan apalategian. Ezko argi piztuen erdian hegats prekariotik dilindatzen zuen, Omiasaindu bezperan mexikarrek karriketan pasearazten zituzten zapi beltzez estaliriko kaskezurraren aldamenean. Ate kantoiko eki-zirristan jarria zen Lamda, ondo-ondo zeukala Coatli, arto irinezko taloen beilari Izta eta pantailako berri txarren aurkezle beltzak tehentaz zerraikan. Sigmak haserrea bere baitan burbilaz nabaritzen zuen: Europa peko errekan baldin bazen, zer erran orduan heren herrialdeez? Maliz edo Nigerrez? Eta Madagaskarrez? G8 taldeak zorrek janiko gainerako lurreko estatuak xantaiaz atxikitzen zituzten, zazpigarren belaunaldiraino zirauketen interesak sakelara eta noiztenka militarki oldartzen zitzaizkien erreforma agrarioa edo materia lehenen nazionalizatzea deliberatzen zutenean.

        Alan Greenspanen merkatu librearen ideia egiaztatzeko, Europako behereko jendailak Afrikako zein Asiako erromesen mailara jaisten ari ziren. Egiturei egokitze egitasmoak areagotzen zihoazen, han eta hemen, krisiagatik edo krisiari esker, Versaillesek sekula ez zuela aski, aberastasunaren pribaketa lehiatzen zuten lauzpabost hautatuen esku-artean. Krisia hold-up ahalkegarri baten maskara baizik ez zen. Anartean ospitaleak hersten ziren, eskolak baserri guneetan, antzerki festibalen dirutza murrizten zen, seguritate soziala tinkatzen hiritarrak fraudegileak zirelako mezu subliminala mass medietan isuriz. Dirua adiskideen oparia zitekeen, arraiki zerbitzatu eta bakarrek lotsarik gabe baliatzen zutena, CAC 40ko nagusiek suharki txalotzen zutela gobernua: azkenean zioten, ausartu, ausartu oraino erantsiz, hori da kuraia politikoa! Money junkyentzat krisia aitzakia ona zen justifikazio eta diskurtso manipulatzaileak garatzeko.

        Sigmaren erresumina harrotu zuen Iztak:

        — Taloak heda itzazu.

        — Nik? Haurtzaroan egiten nuen bezala?

        — Bai, halaxe.

        Talogaiak punpulaz zeuden. Bat eskuratu zuen. Ezti zitzaion pastaren gogortasuna. Matahame borobilen perfekzioa are gehiago landu zuen, ama zaharrak kozinako plaka aski beroa zela iritzi baiko erre zitzan, erre, planetaren bekaizgo onartuegia ikazten bailuen.

        Lamda eta Coatli umeekin ziren, harramantza eta oihu alegerak oihar:

        — Zoragarria da artozko taloa.

        — Zuk erran...

        — Eta taloetan atsegingarriena. Badakizu, baserrian ogia finitzen zitzaigunean, amamak ere horrelakoak adelatzen zizkigula. Loriatzen ginen.

        Ardura mistikoari uztarturiko Izta geldo zegoen. Sigmak izate konkortuari pasarazten zizkion borobilak. Isiltasun sakratuak gatibatu zituen ganbara bakarreko eraikin doiko eremuak, leihoen artekak, teilatuko zuloak, eki-urrakoak eta sukaldean metaturikoen izpirituko leize susmaezinak. Ukitua zen Sigma. Behatz puntetan itsasten zitzaizkion irinkiak airarazten zituen:

        — Artadien erdian hazia izan naiz.

        — Guk aspalditik ez dugu benetako artorik. Irina erosten dugu sasi-hiritik at goazenean, autobusak kanpamenduaren sarreran gelditzen direnean behintzat.

        — Alta, Mexiko hazi horailen biltegia dela entzuna dut nonbait... Amerikak deskubritu zirenean, baten batek bihika batzuk ekarri zituen Euskal Herrira eta...

        — ...Europar armada ezjakin urrintsu biolentoek Amerikak bilatu zituzten garaiez ari zara?

        Iztaren begitartean kolera bezalako zerbait ernaldu zen. Berehala damutu zen Sigma, azalkeriaz eta axolagabekeriaz eskapatu zitzaion perpausaz:

        — Hitzok ohituraz darabilzkit. Ez nuen zure mintzeko gutiziarik. Europan horrela zatikatzen dugu denbora, Colon Ameriketara iritsi zenekoa eta ondokoa.

        — Mexikon zara dagoeneko, ahantz itzazu Europako automatismo ideologikoak. Colonen ildoa ireki zuten Erdi Aroan euskaldunek eta bikingoek, Ternuara baleen atzetik etortzen zirela. Beratzago bazina, anitzez hobe denentzat...

        Iztaren ihardets indarra jasan zuen Sigmak. Bai, hala zen alaina: Posa Ngakarekin harilkatu egunek globalizatu ezinezko globoaren pairamenarekiko elkartasuna hazi beharko zioketen, Fily Dembeleren memoriak, orrazia musikalaren soinuak eta Fahirrekiko gau harrigarriak berdin. Baina senda gaitza zen, zerebroan zappingailu eraginkorra eta gogoetak mila ehun karakteretan trokatzeko usantza nazkagarria zeukalako.

        Patioa orroaz eta moto zoharren azantzez betea zen. Giro zamatsua hautsi zuten bat-batean txabolaraturiko Coatlik eta Lamdak:

        — Zintzurrak errautsez idor ditugu. Ura edan dezakegu?

        — Bi godaletena bada pitxerrean. Urrun baitugu iturria. Bi kilometrotan hain zuzen. Psili eta Zei urketa doaz aldizka, pegarrak dildil.

        Lanetik kantitu gabe, ahurretako gurina mantelean hedatu zuen amak.

        Lehen aldikoz mintzatu zen. Delicados zigarreta merkez erlastu boza zeukan. Soan tristura zerbait irakurtzen zitzaion. Ez zukeen egun oroz fandangorik dantzatzen. Matela melekatua zimurtzen zerraikan:

        — Tlaxkalako altiplanoa abandonatu genuen, ondikotz hala beharrez. Hamabi mukizu genituen, zazpi ditut distrito federal honetan kokatuak, biga Chalcon, zenbait San Nicolas kolonian, bat ohorez ezkondua Condesan, bost badabiltza hor gaindi, hiru Ipar Ameriketan, bat oraino de mojad@s, Izta Berkeleyko kolegio batean irakasle-ikerle, eta paperak erdietsi berri dituen Zita, Kalifornian etxe garbitzaile. Psili eta Zei haren haurrak dira. Pasaporterik ez dute, eta hauek dituzue etzi zuekin eramango, Zitaren egoerak hobera egiten baitu.

        Hatsa hartzeko paratu zen amattoa.

        Taloak irineztatu zituen. Kaskezurraren maldako ontzi uhargitik taloaren hornidura —piperrak, oilasko puskak, tomate eta aguakate saltsak, gatz pikorrak— zartagin herdoildura aurtiki zuen, egurrezko sardearekin gero, astiro, epeltzen zihoazen janari koloretsuak nahasteko. Gurutzearen seinalea marrazten zuen, behin baino gehiagotan:

        — Espero dut bidaia ongi biribilkatuko zaizuela. Erabaki al duzue ibaia nondik zeharkatuko duzuen? Tijuanatik? Nogalestik? Ciudad Juareztik?

        — Ez dakit —erantzun zion amultsuki Iztak—. Ez dakigu. Turista arrunten moduan iraganen dugu muga, kotxez edo oinez. Astia badukegu taktikaren orrazteko eta frontera nondik zula zehazteko. Gauza segurra da ez ditugula Paso Lajitas, Piedras Negras, Laredo edo Tamaulipaseko Matamorosko pasagiak tentatuko.

        Aberatsen herrialdeak lege zinikoz, helikopteroz, armaz, kamera infragorriz eta poliziaz emokatzen zituztenek arrazoia zuten, migranteak harresi puta horiek zelan gainditu kalkulan baitzebiltzan gau oroz, beraiek jauzi handia deitzen zutena noiz, nola eta norekin egingo zuten antolatzen. Diru apurra baztertua zeukaten horretarako, aitatxiren ekonomiak, anai-arrebenak, auzokideenak batzuetan. Ardura dorpea zeramaten sorbaldan.

        Eta nehoiz ez itzuli(ka).

        El camino de Michoacán...

        Bizkitartean Iztaren mihi pean loratu toki-izenen zerrenda bozkariotsua zen. Sigmak, ele huts, country kantak entzuten zituen edo ranchera arruntak, non ez ziren modara iraiziriko technomex melodiak. Tamaulipas zerrasan berekiko, eta ama unatuak banaturiko talo bat ahurrean tinkatu zuen. Lamdari beha, berriz piztu zitzaion maitemina, garratz, zirikari, sakon, urrakor: ez zen zilegi hamabi hilabete iraun zuen amodiozko istorioa horrela akabatzea, Aturriko korrokoiak tripa zilarrak airean bezala.

        Mutur zegokion Iztaren lepondoan txertatu zuen soa, sentimenduak haragi ezezagunaren leuntasunean jarraipen loriosa balukeela iragarriz. Izta inguratu zen, Sigmaren niniken eskakizun lizuna igarri bailuen.

        Lamdari hitz egiten zion:

        — Leku lanjerosetan eta ilegalki muntatu dira Mexikoko txabolerriak. Oleoduktuak, gas-hodiak, pentoka latzak, toki itogarriak. Lantegi, zakartegi, tren nahiz autobideen aldamenetan. Hala dira emendatu Nezahualcoyotl, Chalco eta Ecatepec. Mendi mazeletan gora hupatzen da Ecatepec ordutik ordura Ertamerikatik datozen eskaleen kabana ahulekin. Azpiegiturarik gabeko guneek, emeki-emeki herriak osatzen dituzte, elizari eskolak eta arta-tokiak gehitzen zaizkiela. Udaletxeak azkenik brika gorrizko aterpeak herronkatzen ditu eta hiria zabaltzen da, hogeita bost milioi biztanle zenbatzen direlarik jada eta jende-uharrak ez atertzen!

        — Munduko hiririk handiena da.

        — Garai batean bai, baina naski —zuzendu zion Iztak Coatli— Shangai are xinaurritsuagoa da. Garbi da baldintza horietan, ezbeharrek hiria jotzen dutenean, txabolerrietakoek dutela larrikien ordaintzen. 1984an Ixhuatepeceko petrolio findegia zartatu zenean edo ikara tektoniko izugarriak Mexiko suntsitu zuenean, ehun milaka hilotz kontatu ziren. Droga karteletakoei ere gustatzen zaie erkide behardunekin trafikatzea eta bidonvilleetan kriminalitate tasa azkarra izan da betidanik. Polizia ez da sartzen Chalcon. Pulquea eta tekilarekiko mozkorra dela kausa, labanak agudo jalgitzen dira eta orduan errautsa bustitzen duen odola, fajitak adelatzeko erabiltzen diren pigmentuen kolorekoa da.

        Amak besoak gerriratu zituen, elemin. Duda bulta batetik landa atrebitu zen:

        — Diotenez pulqueak jendeak amiltzen bezain tekilak pentsamenduak akuilatzen ditu. Eta ziotenez, mexikarren iraultza tekilari esker eraman zen garaipeneraino. Garai hartakoa da matar un chilango es hacer patria...

        — Chilango distrito federaleko biztanleen izengoitia da.

        Iztaren xehetasunak Sigmaren poza larritu zuen. Pancho Villa, Emiliano Zapata, zuela gutxi kartzelaturiko Paquita la del Barrio, Chavela Vargas, Lila Downs eta Tonana itxuratu zituen, denak, bata bestearen ildotik, historia berdinaren itxura anitzak bailiran.

        Muinak nahas zebilzkion artozko taloak naka-naka klikatzean.

        Zintzurra tiran zeukan, tekila ments alabaina. Bezperan Huitzilin Hotelera iristean, fardelak plegaturik, harrerara jaitsi zen zerbitzariari edari mitikoz arradatu basokada txikiaren manatzeko. Krisiaz barra-barra ari zen telebistari so hurrupatu zukeen arroztasunaren sentimendua loditzen zion jario beilegia. Eztulez bota zuen lehen ahotara. Bigarrena hezikiago irentsi eta hirugarrenerako etxekotua zen jadaneko.

        Coatlik eta Lamdak osatzen zuten borobilean ttottotzeko inbeiarik ez zuen Sigmak. Laberatu zen. Arto irinezko hauts sakratua ahoratzen zuela, Izta hurbil-hurbila zeukan, xuxurlari:

        — Artoa altxor zaigu. Oaxacako probintzian ehunka bihi mota dauzkagu. Barkatu, gaizki hartu dudalako zure behialako Cristobal Colonekiko ebazpena. Begira, jende minberak gara gu, mestizoak, kolkoetan sufrantza histerikoak metatzen ditugulako. Baina jabaltzen gara noizbait eta zurekin bat niagozu.

        Artoa, edonon, bizitzaren ikurra zela murmuratzear zegoen.

        Iztaren samurtasuna ez zuen ebaki:

        — Ba al dakizu Oaxacako jatorrizko artoa Ipar Ameriketarik, legez kanpo noski, datozkigun hazi transgenikoek kutsatzen digutela? Mexikon genetikoki aldaturikoaren erabiltzea ez da haizu. Hor daukagu hargatik Washingtongo piztia, gure arto beltzak, gorriak, horailak, berdeak arraiki kontaminatzen. Gusturik hoberenean. Desastre bat da eta ezer ezin egin. Zauria gugan dabil.

        — Nere herriko laborariek arazo bera dute. Handiek ereiten dute arto transgenikoa, botereak baimentzen duen urteetan behintzat, salbai eta itsuki, jainkoa meneko bailuten. Haizeak barreiatu polenak loreak zikintzen ditu gero, eta erleak dira ondorioak jasaten dituzten biktima lehenak. Nekazariek ez dute konfinatze-neurririk hartzen, deus, inpunitateaz profitatzen dute. Estatuak, hazi-saltzaile enpresek eta eskuineko laborari sindikatuetan diren jaunttoek transgenikoaz beste lelorik ez dute: mundua gosetetik salbatuko eta alor zientifikoak udalatuko omen dituzte Monsantoren hegalpean. Posa Ngaka ezagutu arte elge hegian geratzen nintzen, jagoitik ordea auzoan transgenikoaren borondatezko epaia antolatzen baldin bada, anai-arrebei juntatzea erabaki dut. Aita zenak erraten zidan beti, dailuarekin trebea eta zehatza nintzela!

        Hasperenez libratu zen Izta.

        Alaina, multinazionalen eta ultraliberalismoaren diskurtsoen aurkako ihardokiak murritzak, setiatuak eta ezkutukoak ziren. Bospasei kontinenteetan, izarrak arrastirian nola, borroka kliskak distira zebiltzan hala, kapitalismoaren ilusiozko segurtamenak kritikatzen eta iluntzen. Ez ote zuen euri ttantta bederak itsasoa asetzen? Elkartasunaren soinu banda ozen zihoan. Pigmeoaren orraziaren hotsa eskas zuen, Iztaren presentzia gertu zuelarik alta. Daldara zen. Begiak ezkeltzean, dailu lanputsaren ziri-zara oldarroiaz hausnartu eta txabolako taldea ez zela mugitu konturatu zen. Coatliren, amaren eta Lamdaren artera zuzentzean Coatlahopeuh-ko damaren oinak bortizki koskatu zituen: seinale baikorra, ezta?

        Posaren berriak, ahalik lasterren.

        Iztaren ahotsa entzun zuen:

        — Zer egingo duzu arratsaldeon? Chalcon egon ala Mexiko ikusi? Ideia edo gutizia berezirik badaukazu?

        — Ipsiloren telefono zenbakia poltsan daramat Teotihuacanera joateko. Bihar agian. Hemendik urruti dago Coyoacan?

        — Hegoaldean da. Ipsilori dei iezaiozu. Frida Kahloren loiro urdineko baratzeetan galduko gara. Leon Trotskirena bertan dago. Orduz baldin bagoaz, biak bisitatzen ahalko ditugu. Zer diozue?

        Ikerlari bikoteak Iztaren proposamena ezeztatu zuen. Bazuten beste egitekorik. Baleak otserbatzen nagitu asteetako emaitzak eratzekoak zituzten alabaina, bi egun barne, txabolako gainerakoen antzera, bizitzan halako haustura bat pairatuko zutelako. Presaz zebiltzala oihutu zien Coatlik, irriz.

        Sigmak aldiz txabolerriko kihilara segitu zuen Izta, nerabe jostariek eta zahar zohituek zapatak herrestatzean hautseztatzen zuten xendratik. Gelak elkarren kontra zeuden, hegatsetan telebista kateak kaptatzeko antena parabolikoak bazituztela kasik denek. Talo eta haragi usainak ihes zihoazen, ke urrintsuz Chalco amildua troxatzen zutela.

        Sigma alha zebilen.

        Autobus geltokiratzean Iztari begiratzen zionean ez zuen bihotzean jeloskeria zimikorik sumatzen. Hitzez hitz berridazten zukeen bizitza debaldearen nobelaren azken kapitulua bukatzear zegokion. Ez zekien zelan azaldu: Amerikako ortziak, ekaitzek, aurpegi koloreztatuek, indigena apatikoekiko identifikazioak, goizaldeko txorien kantek ateka gaitzetik ilkitzea baimendu ote zioten eskatzen zuen berekiko, Izta parean esertzen zitzaiola.

        Izaki gabetu eta solaskariz mukurutu beribilaren leiho uherretarik hiria alfertzen miresten zuten:

        — Itakako kolegioan naizelarik itxura eta nahasmendu sotilon ukimenak falta zaizkit.

        — Berkeleytik Mexikorakoa ez da hain luzea...

        — Amerikar eremua zabala dela konturatuko zara etzitik at, ortzaize infinituak ditu, kantoi zehargiak, holtz zilarrak, eta norbera bere baitan galtzen ahal da iparraldera urratzea amesten duen arau.

        — Ezer galtzekorik ez eta berehala urtu gaitezela!

        Iztak kanpora behatzen zuelarik Sigmak Iztari so zegion, eta alderantziz. Bakan baizik ez zitzaizkien bistak gurutzatzen. Biltzen zirenean ordea barre-marratxoak trukatzen zituzten. Planetako hiririk ustez bortitzenaren erdian, izen bako kide bik eztitasunaren uholdeak partekatzen zihoazen... eta are gehiago, afinitaterik balitz, egunkarietako iragarki klasifikatuek eransten zutenez.

        Coyoacango Frida Kahlo eta Diego Riveraren egoitzak barrutik inarrosi zuen Sigma, urdinaren hondamendiak bereziki. Geroago Trotskiren bunkerreko bortak hertsiak zirela ohartu ziren. Leon gaizoa erail zuteneko tiroketek horma hitsetan utzi aztarnak erakutsi zizkion Iztak. Arturo Ripsteinen filmetako pertsonaia bailitzan sentitzen zen, eta karriketan lili ubeletan handiosturiko jakaranda arbolen kaskoetan dilingatu zuen pentsua.

        Huitzilin Hotelean zeuzkan puskak hartu zituzten berriz Chalcoratzean. Gau izugarria hozitu zitzaien, artozko taloz gangarreraino emokaturik, teilatu doi eta intimitate zekeneko izkina bateko errautsean etzan zirenean: ez zen sobera fida. Lo txar eta mortalak zaroan. Iztaren hats arinaren kolpeak haztatzen zituen, hamaketan zeudenen intziriak eta amaren kurrunka ozenkoiak. Goizean, ilunpeko ingumez ez zen den mendrenik ere oroitzen. Iztak apailaturiko kafea lagun, chilaquiles zaporetsuz gosaldu zen: bizitzaren bizitasun bizitorearen bitsa zekarkioten.

        Ipsilo taxilaria helatu zuten azkorrian. Hogeita hamar minutu zain egonik hurreratu zitzaien kotxe zuri-gorria. Txoferraren eskuinaldean plantatu zen Sigma, eta Izta gibelean. Isilezina zen Ipsilo. Ecatepec lerrakariaren igoera seinalatzen zien. Txabolerriak behialako nahuatlen cihuacoatl suganderearen maneran emendatzen ziren kulunkari eta tematsu. Legerik gabeko hirigintzak fazinatzen zuen Sigma, jakin bazekien arren Europan bertan bidonvilleak bazirela, Napoli edo Palermon demagun, baina Mexikon aldi berean bizpahiruren lurretik edekitzea zekusan, sumendiak zilegitu urrako mineralaren lekuko bailitzan: odol, izerdi, hauts, negar, garrasi, likits, zilbor-hertze mozte eta leize zabaletan sortzen zen, edonor, edozer.

        Teotihuacaneko sargian laxatu zituen Ipsilok, igurikatuko zituela hitz emanez. «Bostehun peso ez ditut egunero hain erraz irabazten», aitortu zien algaraz. Bi mila metro luzeko Hilen Galtzada aztalkatu zuten ondorioz, harri bolkanikoaren perla jario gorria usnatu, obsidiana eta basaltozko silex txikiak bildu, labirintoaren bakartasunaren tupina hegia azpatuko ziokeen piedra de sol bat Sigmak eta Iztak neskatxa aztekek pazientziaz brodaturiko mokanesak erosi zizkioten harmaila batean gardeinatu saltzaile indigenari. Oihal, berunezko coatl, mantel eta jantzi merke banatzaileak hurreratzen zitzaizkien, uhinaldi:

        — No gracias.

        Piramideen kaskoetara igotzen ziren arraiki, hatsak trenka hurran. Ilargiarena eskurik esku eskalatu zuten eta eguzkiarenaren kaskoan bermatu ziren, ninikak suhaka. Beherean xinaurriak ihaulauska zebiltzan. Quetzacihuacoatl jainkoa otoiztu zuketen bihotzez, Tlaloc eurien jabea, Chalchiuhticue urena, lumaz koroatu artoaren beilaria, kopetak eta ahurrak ekiari emanez.

        In yolohtli, in tlacamecayotl, in xicnelhuayotl.