Euzkadi merezi zuten
Euzkadi merezi zuten
2009, nobela
112 orrialde
978-84-92468-14-0
azala: Indalezio Ojanguren
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
Euzkadi merezi zuten
2009, nobela
112 orrialde
978-84-92468-14-0
aurkibidea
 

 

—11—

 

 

«Itxeki horreri!» esaten zion zerria ebasten ari zirela Urdanibiako hartan, ongi ezagutzen zuen aieka hura Alkainek, hondarribiarra zen, lagunak egingo ziren. Arreba, Anita, neskame ibiltzen zuen eta bankete kondarrak lortzen zituen.

        Estreinaldia zuen berak Hotel Miramarren, Bidasoaren bazterrak barrendatzen ibili behar zuen goiz-gauero, Alkainek berriz bilatua zeukan igandeetan bazkaltokiko zaintza egiteko modua, «Hori Troncoso koronela duk!» eta «Hori El Sultán Azul duk, moruen jéfia!», denak ezagutzen zituen, «Hori Millán Astray duk!». Moroek paretari beha jaten zuten, eta neskek zerbitzatu ere bizkar atzetik egin behar zieten, Francoren argazkiaren azpian.

        Hotel Miramarreko nagusia hurbildu zitzaion Millán Astrayri kafea hartzen ari zirelarik, «Mi general, Anita está triste!» esan zion. «Ah sí, por qué?» galdetu zuen Millán Astrayk Anitari beha. «Porque tiene al marido en la cárcel!». Millán Astrayk puruaren keari behatu zion, «No será verdad!» eta berehala «Por qué?», eta orduan Miramarreko nagusiak egia esan zion, «Porque, porque dicen que echó un pedazo de pan al retrato del Generalísimo!». Alkainek burua makurtu zuen. «Pan? A ese pan?» esan zuen Millán Astrayk, «Piedras es lo que tenía que haberle echado!».

 

 

Kapitainak diskoa jartzeko agindu zion Alkaini, eta gramofonoak musika sortu zuenean zutik jarri ziren, mezatako aulki zaratan. Gelan zeuden guztiak tente gelditu ziren, neskameak ere erdibidean beren joan-etorrietan, ontziteria eskuetan. Sultán Azul eta bere moroek ez beste guztiek luzatu zuten besoa, kantari hasi ziren. Anitak bandeja erortzera utzi zuen. Metalak aurrena, baxera hautsiak hurrena, isildu zuten militarren kantua. Diskoaren musika ozenago entzun zen. Anitak ez zien behatu bere galtzerdi zuri ardo zipriztinez odolduei, Anitak beso bakarra luzatua zuen Millán Astrayri behatzen dio gorrotoz.

 

 

Mugaldetik Logroñora bilduta, trenean sartu zituzten gauez, Madrid hartzera doazela dabil zurrumurrua tropan, inork ez daki zehatz. Mando samalda handiak, beltzak, ikusi dituzte bagoietan sartzen, mandoak hobeki zaintzen zituzten soldaduak baino, mandoak kapitainaren gradua du, kanoiaren ahoa bezain beltzak mandoak.

        Ez dakite zenbat ordu, «Egunak!», eman dituzten bagoietan, «Dena bertan egin biharra!» elurretara iritsi direnean. Euliek zikindutako maindire zabaldua bezala dago geltokiaren zabaldegia, kamioiak, mandoak, kanoiak, soldadu zarpatsuak eta zaurituak nonahi. Sardina lata bana eman diete. Abiatu egin behar dute berehala. Frentera. Zauritutako batzuekin hitz egin zuten, beteranoak ziren, gerrako batailarik gogorrena Teruelekoa. Eztandak entzuten dira urrunean.

 

 

Trenbidea bazter utzirik joango dira ilunik, fusil traketsa bizkarrean, eskuen azal ospelduan itsatsitako hotzari kolpeka, aurrekoak uzten dituen oinatzetan oinkatuz, txipituak poste beltzen ondotik, irristatuz elur jelatuan, isilak, isilak konpainiako mandoak bezala aldapa gora, zamaz elurretan hondoratuak topatzen dituztenean. Gelditu egingo dira galtzak biltzen dituzten polainek ezin eragotzi izan duten elurrari biraoka, mandeulirik gabeko begi tristeei beha, txelaturik, izerdi zurrutan beraiek eta mendetako elkar borroka tematsuan gorantz datozen mandazainen zain gelditutako zamariak. Bridatiraka saiatuko dira, eta orduan mintza-legearen hauste haurrek ezin ulertuzko hura zen zuzentzen, «Arre mulo!» esango zieten mandoei zakar, baina zamariak —idi bailiran, behi bailiran— elurraren zepoan geldituko dira.

        Bi egun ibiliko dira, zerupean etzango dira lotara, segada ederra abiaziorako, baina gorrien ratak ez dira ausartuko. Iratzarriko da, eta dena zuri inguruan, lo hartuta atzean gelditua behar du, «Alkain, Alkain!» aztoraturik, motxila bilduko du eta orduan, bat banaka, Batallón de Fusileros Bailén 134ko 25garrenekoak, satorrak iduri, hamasei gradutako hotzera jaioko dira elurpetik.

        Ez dute jatekorik, egarriak puskatzen daude, eta mandoek elurretan eginiko hanka-zuloetara murgilduko dira ur uherra zurrupatzeko. Eguerdian tripako minez ezin ibilian dago konpainia erdia, gorriek elurra pozoitu dutelakoa zabalduko da. Edatera etzaten denari, tiroa eman eta bertan uzteko agintzen die kapitainak sarjentuei.

        Muela de Villastar-en ezarriko dute konpainia, atzeguardian. Ez dira fio, ez diete euskaraz hitz egiten uzten. Gorrien kanoikadek uhinaren herrarekin lehertzen dira, «Eta guri Cerverakoak ikara ematen Txoritokietan jotzen zunian!». Egur hezetik bezala klaskak eta pindarrak, muino osoa zen harkaitz ipurdiz harrotuak, kontserba lata, lur gorritua, kartutxo huts eta metrailak zauritutakoen erregu-arneguak (...obligaziyoz da ta juan biar gerrara...). Hotzarekin gogortu eta jelaturen bat egunero, «Elurra beltza dek!», mahukak moztu eta muturrean josiz kaltzetin gisa erabiltzen zituzten. Noizean noiz moroak ageri ziren purtzileria saltzen zaharrak, beltzak. Haietakoren bat, «Gutxi fiatu!», Zugastiren anaia hil zuena.

 

 

Zenbaitetan Don Laureanok berak ekartzen zien, Villa Argentinako nagusiak, betetzeko. Bazterrean utziko zuen, eta itxoin gabe, oinez abiatuko zen erdialdera. Haren propina erreal bikoa izaten zen, kale bat izan behar zuen Buenos Airesen «Osorik beria!».

        Gasolina tantarik isuri gabe bete zuen, esmaltea gorritzen baitzuen luzera, zapia pasa zion denean, zikin xamarrak zeuzkan leihoak. Buzoa erantzi zuen, eskuak garbitu zituen, orraztu egin zen. Don Laureanok La Urbanan bazkaltzen zuen, bertara eraman behar izaten zioten hiruretarako. Alkandora galtzapean sartuz etorri zen harro atzetik «Autoen laineza zakan anaik izugarriya!», ezkerraldeko atea zabaltzeko luzatu zuen eskua, norbaitek oihu egin zion.

        «Está muerto!» komentatuko zuen señoritetako batek, hiru ziren, aterpearen zutabea jotako mutilaren buruari autotik zutik behatuz. Xoferra ez zen jaitsi kapelua jarri eta alkandoraren lepoko botoia lotu artean. Larramendi gasolindegiko langileek isilik inguratzen zuten lagun etzana. «Muerto?» esan zuen Lambea komandanteak autotik irtendakoan. Langileei behatu zien zakar. Autoan sartu zen berriro, atzera eman zion mutilaren zangoa libratuz. «Más mueren en Teruel!» esan zien, eta aitzina egin zuen señoritekin. Mutilak begiak zabalik zituen eta eskua Don Laureano Azpiazuren Hispano Suiza beltzari luzatua.

 

 

Posteak beltzak ziren lainotan, zuriak ziren lurrunak elur zuriaren gainean. Isilik heldu ziren makur, goanteak erantzi zituen, tu egin zuen, aizkora kendu zion Artolari. Okertuak, baratzean ahantzitako aitzur kirtenak iduri posteak. Aizkorakada tiroa bezalakoa zen zur jelatuan. Alkain eta Artola gora eta behera zebiltzan paseoan gelditzeke. Zigarro bat atera zuen Alkainek, agudo ibiltzeko esan zioten zigarro mutur bat besterik ez zen. Leunki lerratzen ziren esku gogortuak, kamiseta bizkar bustian itsasten zitzaion. Postea isilik pausatu zen elurretan. Hurreratu zitzaizkion eta Alkaini zigarroa kendurik ke luze bat hartu zuen postea ostikatuz zangoak berotzearren. Baserri lehertura eraman zuten bizkarrean, goanteak jantzi zituen, Artolak hartu zuen aizkora. Berrehun bat metro egin zituzten hurrengo posteraino. Denak zeuden okertuak, harian bele handiegi bat kulunkatu izan bailitzan.

        Tiroa bezalakoak lasterka eragin zien aizkora elurretan utziz, murgil egin zuten, kokotsarekin jo zuten bideaz eskuineko haitza. Tiro bat bezalakoa, fisturik gabekoa. Elkarri behatu zioten. Bidearen bihurgunean bertan zeuzkaten, aizkora banarekin ari ziren egurketan. Artolak su egin zuen mauserrarekin. Gorriek beherantz egin zuten arrastaka, itsumustuan tiratuz. Harriaren kontra zapaldu zuen belarria, eztarrian jotzen zion bihotzak, «Uztak Artola, uztak!».

        Bideraino jaitsi zen bizkar emanez. Baserrian sartu zen hatsantua, eskuineko goantea erantzi zuen, pistola atera zuen. Zigarro itzalia ezpain lehorrean zeukan josia, hotzak gatzatu egiten zion hatsa. Isildu ziren tiroak. Elurra hasi zuen. Lasterka dator Artola, tirabidean dauka, pistola zuzenduko dio. «Alkain?» galdetuko dio aterpera heltzen delarik. «Jeistak traste hori!», bota berri pare bi zekartzan, «Bati kaltzetiña ta guzti kendu bihar izan ziot!».

 

 

Kapotea eta Arriagako amonak kontadorea karramarroa ezartzeagatik bidalitako jertse lodia bati eta besteri emango dizkio, begiak malkotuak dauzkan Artolak eskua luzatuko dio «Alkarrekin etorri gaituk, baño akaso ni ez nak bueltatuko!». Telegrama bat hartua zuten beretzat komandantzian, presentatzeko segituan Kuartel Nagusian. «Otro señorito recomendado!» komentatuko du komandanteak pasea izenpetzen diolarik.

        Cellaraino jaitsiko da mandoz postarekin, lerratuz erroitza bazterreko bidezidorrean, «Hauxe Domingo Kanpaña!» esango lioke enkargatuak ikusiko balu. Aterik gabeko sarrerak, atso-ahoak iduri, eta atsorik gabeko leihoak baserri bakanetan, hemen ez dago erori eta bilduko duen ostalaririk. Trena hartu zuen. Ezin du jesarri, istapea minberatua zeukan. Enkargatua inozoa zen, ostalariaren senarrarekin ibiltzen zen igandero koneju ehizan huron alua zakuan hartuta, ostalaria leihoan utzirik irribarrea itzuliko zion gizonezkoaren zain. Geldialdi aunitzen ondoren Logroño joko dute biharamunean.

        «Buenos padrinos eh?» esango dio telegrama irakurriko dion ofizialak. Donostiara etorri behar duela Ergobiko zentralaren kargu hartzeko. Gorriek Tremp hartua zuten, eta argirik gabe gelditzeko arriskua dago Españako Norte osoan. «Nere artian, suerte zerria dakak Lucero!».

 

 

Karmen Jauregiren gutuna helduko da. Erdaraz dago, eta ustedeska mintzo da. Ezkondu egin behar duela, poloniarra zuen senargaia, baina katolikoa, dendaria, eta handik aurrerakoa ez die irakurriko gurasoei, bazekiela Inazio Pampa aldean zegoela, lesakar batzuekin artzain. Artzainek ongi irabazten zuten, ezkontzarako gomita bidalia zion etortzerik izango zuenetz ez zekien arren, hiru hilabete egiten baitzituzten basamortuan. «Espero visitarles con mi marido el próximo verano!» irakurriko dute begiek lehorrik, «Ahora que ya pasó el calvario rojo!».

 

 

Igande hartako meza guztietan esango zuen, hiruretara joandakorik ere bazen, eliza lepo betea Zugasti eta Mujika eta Arrieta eta beste falta zen arren, «Neronek entzun ezpanitu ez nitun sinistuko!», baina harro oihukatuko zuen pulpitutik Don Mateok «Datozela, datozela orain Gora Euzkadi ijuka zabiltzanak, nun dira, isilik daude orain!» eta ez dute burua denek makurtzen, ezker eskuin behatzen dute eskola ondoko karlistek erronkaz, «Halaxe esan zun, neronek entzuna, euskaldunen odolak eztu odolkiak egiteko ere baliyo!», pulpitutik.

 

 

Zapelak kaskoratuz jaitsiko dira agureak korutik. Eguzkiak gogor jotzen du plazan. Tokarako ilara osatuko da berehala, frontoia beteko dute gazteek barrenetara. Ez du inoiz toka maite izan, nahiago izan du espartinak hautsi arte pilotan. Petrilean jesarri zen txanda zain. Pasaren banderitak berrituak daude, «Zabaletak berak!», nork bestela, margotutako «Hiru koloreko arrosa!» biko dago berriz, eta Donostiakoa da, ez ikurriña, harekin gurutzatzen dena. Ez zekien nola esan behar zion anaiarena, baina azaldu behar zuen Anitagana. Barrenerakoa oihukatu du Artolak, eta kantxan sartzeko ezkerra estutuz altxatzerakoan atzapar astun batek helduko dio bizkarrean, «Konpaño, etzidatek sinisten hire aita ta Marrus hautsi nitula angula jaten Bordatxo zaharrian!» esango dio Oilagorrak ardo keruan, «Testigu baten biharra zakau».