—1—
Erroila bazterretik joango ziren maizenik, larruzko poltsak bizkarrean, uraren azal apartsuan zintzilikatutako berroei harrika, santanderinoak biltzen zuen axeri-buztana zanpatuz, txipituak sagasti biluziaren erditik, irristatuz belar hezean, isilak, isilak galegoaren gorriak bezala aldapa gora, bidezidorraren bihurgunean alto eginak topatzen zituztenean. Gelditu egingo ziren kamamiloz bustitako zapiak ezin garbitu izan zuen azken makarrari hazka, inora behatzen ez zuten begi triste betileluzeei beha, txelaturik, euri zurrutan beraiek eta mendetako elkar barkatze aspertuan gorantz zetorren itzainaren zain gelditutako adarzabalak. Akuilukada leun bana emango zien, eta orduan mintza-legearen hauste haurrek ezin ulertuzko hura zen gertatzen, golde eta garraio lanak abere bakoitzarentzat gizonaren ahoan antzinatik ipiniak zeuzkan aginitz desberdinak nahasiz, «Arre boi!» esango zien galegoak idiei samur, eta uztarrikoak —asto bailiran, mando bailiran, behor bailiran— abiada unatuaren aurrerantzari lotuko ziren. Aitonak ez luke sinetsiko, sokila botako lioke, hizketan hasten zenetan idiak okertu egiten ziren goldean, «Hua zuzeno!». Galegoa atzeratu egingo zen ostera, hatsantua, eskuarekin ezker belaunari lagundu beharrez malkarrean, idien morroi.
Alferra ez bestea, arrebak nahiago zuen joan gabe, kaka ere artadian egiten zuen ur bila ez mugitzeagatik, eta bera igortzen zuten errekan gora barrikakoa ahitutakoan. Bazekien arreba zelatan egongo zitzaiola ganbarako teila harrotuen artetik, eta iturbururaino joan behar izaten zuen.
Burua jaso zuen. Ezker aiekan irrintzia. Ermita gaineko bidetik zetorren, labroka baserri aldera, zuri, karea bezain zuri. Mutikoak lasterbidetik hartu zuen, bazterrean ezkutatu zuen pegarra eta zaldiaren atzetik ekin zion. Zaldizkoak kapelu berdeari eusten zion. Zaldiaren besoak lerratu egiten ziren estratan, ferrek txingarrak sortzen zituzten harrietan. Bareak min ematen zion saihetsean.
Zaldia ate ondoan zegoen lotua, zakurrak uzkur ageri zuen muturra txokotik. Zaldiak pikor beltzak zituen hanketan, zaldien garitxak. Eskua tripan jarri zion eta larru estiro beroa nabaritu zuen, behiarena bezalakoa, ilea motzago. Adurrez bete zeuzkan ezpainak. Kalparra ere zuria, orraztua. Hizketa etxe barnean, leihora hurreratu zen. Sukaldean zegoen, bibotebeltz, masailgorri, luze. Balantza gaineko kapoiak hartu zituen hanka lotuetarik eta amari luzatu zizkion. «Ez dira ailegatzen, eskasak dira!» esan zion hastioz, «Alfer biajia eragin didazue!». Zaldizkoak ontzako zilarrak hartu zituen mahai gainetik, balantza hartu zuen. Mutikoa oilotegiaren atzealdean ezkutatu zen. Zaldizkoak belaunetarainoko bota lustreatuak zeramatzan. Arreba aulki batekin azaldu zen, zaldiaren ondoan ipini zuen igankai zaldizkoak balantza larruzko montaduran lotzen zuen artean. Aulki gainean jarri zen zutik, eta handik zaldian istapeka. Amak «Arroltza prejitu pare bat sikiera!» esan zion, eta ezetz, «Presatua nabil!». Lepoa igurtzi zion zaldiari, eta belaunei eraginez luberrira buruz abiatu zen. Arrapaladan urrundu zenean, zakurrak irten eta zaunka egin zion. Ama aulkian jesarri zen, eta arreba oilotegira inguratu zen maltzurki. Mutikoa pegarraren bila itzuli zen kanaberadian zehar. Sudurretara eraman zuen eskua, eta animaliaren usain sarkorra hartu zuen. Harri bat erori zen kanaberadiko lintzuran.
Atarian utziko zituzten lau urtez baliatu beharreko orkatiletarainoko gabardina ilun zopatuak, karraskila ziri bana moztuko zuten, eta zutik, jesarririk, pikotxean, hormei helduta, balantzaka, belauna doblaturik edo zangoa gain batean emanik, oinetakoak eskuratzeko gimnasia saio desbateratuan sakristiako apal gaineko portzelanazko irudien jarrerak hartuko zituzten bota handiegi eta abarka zaharrei itsatsi lokatza gelan sartu aitzin kentzearren. Neskek erdeinuz behatzen zieten, berek ez zuten oinatzik uzten gorotzetan, nahiago zuten bidetik solasean.
Maisua astean behin bizargiten zen, eskua pasatzen zuen berriz berriro zintzurretik gora, bizar gogorraren laztanzale haurreriak Santa Maria Jangoikuaren Ama erantzuten zuen bitartean. Poltsak askatuko zituzten jesarri ahala, eta sakondegi sekretu haietarik pizarra eta pizarriloa eta orri muturrak janak eta harrotuak zituen dotrina aterako zituzten labana arrastoz eta tinta tantaz sortutako ibai, mendi, eguzki eta izenen gainera. Maisua ere jesarri egingo zen liburu lodia zabaldurik, eta haurren begiak (...ezin luzea izan gure gramatika...) leihoetara luzatuko ziren, Casas Baratas egiten ari ziren hargin igeltsero zurginen higidura motel urrunei errepara. Idiak galegoaren aurretik iristen ziren beti, burumakur harri lorrean, lerak egunez egun ailorbean egindako ildo bien erditik. «Soldata horrengatik etorri bihar du gizonak handik honera!», gurasoen komentario haurrek gogoratua.
Eskola, euriaren emanari behatze gogaitu bat.
Don Telmo burutik zegoelakoa haurrek zaldia ukuilutik ebaska atera zutenez geroztik ibiliko zen ahoz aho. Zaldia ez zen izutu, bere pausaje nagian hasi zen mendirantz eraman nahi zuten haurren eztenei ez ohartua bezala, bezperako bideketa gogoan. Haurrak ez zitzaizkion gaitzitu hala ere, atzetik zekartzan nora ote. Bezperan egin arau, tifusak jotako baserrian gelditu zen lehenik. Besoak tolestu zituen, belauniko jarri zen, handia zen Don Telmoren zaldia, eta ipurdiaren kargari ezin eutsi bailion, jesarri egin zen baldar. Haurrek iraztor metaren gibeletik kirikatzen zuten. Bulta bat egon zen hala. Lanak izan zituen ostera ipurdia jasotzeko. Buruz ikasitako itzulia egin zuen Don Telmoren eri guztiak bisitatuz bat banaka, zeremoniaren zehaztasuna ezertan hutsegin gabe. Etxe atarian geldituko zen, jesarri egingo zen Don Telmok agintzen ohi zion bezala, itxoin egingo zuen medikuak bere jakinduria erabil zezan, salda, arrautza egosia eta txankar mutur bat besterik ez edo oilasko izter bat bere ardo zurrutarekin, eta poker eginez hurbildu behar litzaiokeela uste zuenean, zutitu egingo zen eta hurrengo baserrira abiatu ipurdia kulunkatuz. Haurrak laster gogaitu ziren zozokeria hartaz, baina zaldia tematsu jarraitu zitzaion ibilbideari, egunero bezala Don Telmok bazkaldua, askaldua eta afaldua behar zuen etxeratu.
Ordudanik moteldu zen Don Telmo hizketan, zaldiak bere burutik egingo zituen mugida guztiak, ez zion jaramonik egingo aginduari. Medikuak pentsatu zuen zaldiak nahasi egiten zituela hitzak, eta hala esango zuen «Zutik!» aurrera manatzeko, eta zaldun-zamariek desinkronizazio ezin beteagoan jarduten zuten. Zaldiaren menpekotasuna frogatu nahiak alfer oihuak eragiten zizkion. Tente zamalkatzen zuen Don Telmok, arba bati lotua bezala. Zaldiarekiko moduak hasiko zen erabiltzen jendearekin, behin Bordatxokoa etorri da ate joka eta Don Telmok aurrerako manu hura oihukatu zionean «Arrastaka bizi gera, baño ez nabil arrastaka!».
Ordea eri batzuk hil egin zirenez eta sendatu berriz zenbait bakan, haiek utzi lekua bete ahalegin, eritasunek herritar berriak mankatu zituzten. Baina Don Telmok ezin izan zuen zaldiaren itzulia aldatu, animaliak zaldizkorik gabeko egun hartan bere gisa konplitutako ibili hura egiten zuen soilik, motel eta egoskor. Don Telmo sukaldeetan sartuko zen, hildakoren baten osasunaz egingo zuen galde, eta jendeak «Hobeto, hobeto!» esango zion beldur-errukiz, serbieta garbi bat ateratzen zutelarik. Eta zenbaitek «Orain hobeto!».
Bordatxoko aitona zen zamaria azpiko zuen garai hartako eri bakarra. Etsia emanik zegoen, Don Telmok aspaldian zuen ekarria eta izenpetua heriotza-agiria. Etxe hartan behintzat gelaraino igango zen tapaki zuritan ageri zen buru soil harekin solasean egitera. Mutikoa zaldiaren gainean jartzen zen eta makilka xaxatzen zuen, baina zaldiak tinko iraungo zuen jabearen zain jesarria, begi odoltsuak ateari beha. Ohi bezala, Don Telmok «Ederki!» errepikatuko zuen lau aldiz, mankak jasoko zituen sitsak jandako muturrak erakutsiz, pipa aterako zuen patrikatik eta pospolo bakarrarekin piztuta, «Zuk erreko zenuke orain ere!» eskaini zion, eta «Bai!» akitu baten desioz pipa hurreratu zuen sagar ximelduaren azala ziruditen ezpainetara. Aitona ez zen pentzu-zaku bat baino gehiago mugitu, ez zuen indarrik besoetan, begiak itxi zituen, ke luze bat kendu zion, zaldiaren begien adinako zintzurrari eragin zion irensteko.
Begiak jaso zituenean Don Telmoren muturra ikusi zuen aurrez aurre, milaka zulotxotarik arnas hartzen zuen sudur hura, bereagana etorki. Orduan amak oihu egin zuen etxetik, Don Telmo tentetu egin zen, eta mutikoak ere leihoan ikusi du ama, paper bat inarrosten zuela. Don Telmok zilarrezko kateari tira zion, ezin zuen atzamarrekin zabaldu, labana atera zuen, urratu egin zen, hortzekin libratu zuen, eta ordua ikusirik etxe barnean sartu zen berriro. Mutikoa jaitsi egin zen zaldi gainetik.
Ilunabarrean, Artolak gizonezko bat hil zela adierazten zuten hiru ezkilak joak zituenean, apaiza alde egina zenean, mutikoa aitonari musu emana eta ahaideak azaltzen hasiak, zaldi zuri batek gizon bizardun bat zeraman Bordatxotik gora. Ziren Don Telmo eta Don Telmoren zaldia, Don Telmoren bizarra bezain zuri.