Euzkadi merezi zuten
Euzkadi merezi zuten
2009, nobela
112 orrialde
978-84-92468-14-0
azala: Indalezio Ojanguren
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
Euzkadi merezi zuten
2009, nobela
112 orrialde
978-84-92468-14-0
aurkibidea
 

 

—3—

 

 

Jauregi etxegilea alargundu zenean ez zeukan etxe azpiko ardandegia nork eramana, arreba neskazaharrak nahiago zuen bi umezurtzen arta hartu trenbideko langile trufariak jasan baino. Bordatxoko alaba etorri zitzaien lan hura hartuko lukeela. Jauregik neskaren espartinei erreparatu zien, eta baiezkoa eman zion.

        Neska eraman handikoa zen, lana ez zitzaion neke. Bertan bazkalduko zuen, ahamen bat gazta, mahats beltza ogiarekin. Huskeria bat ematen zion. Noiz edo noiz zerbait garraiatuko zuen etxerako konejuentzako ogi gogor zakukadaz gainera, garrafoiren bat ardo, pipermin botila bat, sardintzahar kaxa osoa behin. Etxegilea berandu erretiratzen zen, eta neskari eman zion giltza lehen egunetik. Azken bezeroak bidali eta ardoa botiletaratzen geldituko zen, ez zuen atsegin goizean presaka ibili beharra. Nagusia doi bat berdindua etorriko zen, hela egiten zuen kanporik «Maria, ireki zan!», neskak mahaiak atontzen segituko zuen, «Justo nan!», eta ukabilkazo bat joko zuen atean. Neskak itxoin egiten zuen Justo Jauregik zurubian gora alde egin zezan, eta atea isilka irekirik teilategiko lasterbidea hartuko zuen.

        Etxegilearen arrebari ondoeza egin zitzaion igande batez, elizara bidean. Etxera ekarri zuten hila, eta Mariak Bordatxora eraman zituen haurrak, ardandegia itxita. Astearte goizean ekarri zituen. Inazio eta Karmen. Eta katakume begibakarra.

        Asteazkenean garaiz etorri zen Justo Jauregi, langileek ez zuten oraino lana utzi eta ardandegia hutsa zegoen. Pakete bat zekarren, «Horrenbeste zor dizut!». Neska ez zen Jauregi bezala lotsagorritu, paketea askatu eta «Oh!» egin zuen. Bertan jantzi zituen, politak ziren, zuri-marroi. Ezkerrekoak min ematen zion orpoan. Barre egin zuen, takoi haiekin Jauregi baino luzeagoa zen. «Maria, nik baditut sos batzuk!» esan zuen Jauregik artega. Hemeretzi urte zituen Mariak.

 

 

Jauregik sos adina zor egin zuen. «Etxe eder askoa goitik beheraino beria zuna!», etxegilea maizter zen bilakatu. Jauregik ez zuen gibelik berrizkotik hasteko, zaharkitua zegoen, urdinen alde jokatu zuen gelditzen zitzaiona. Ehun hamarri oihukatzen zen gorriarentzat. Segur zegoen atzelari urdinak buelta emango ziola partiduari, korredoreak zoraturik zeuden. Gorriak sake zitala egin zuen, motza eta paretarantz koxkaren bila, baina aurrelari urdinak lasterka egin zuen pala eskuz aldatzen zuela. Bi paretakoa egin zuen ahal nolaka. Aurrelari gorriak aise harrapatu zuen, atzera eraman zuen, zabalera. Atzelari urdina besagainka sartu zen, palaren ertzarekin eman zion, pilota eskuin irten zen. Jauregiren bonbin grisa airean gelditu zen, «Mon chapeau!» Ponsolen erosia, eta jabearen gorputzak eskuinera egin zuen, jarrera zailean gelditu zen begiak zabalik. Jokalari txarra zen. Inguruko ikusleak altxa egin ziren. Mediku bat eskatu zuten. Hila zen. Korredoreak bildu egin ziren etxegilea ateratzen zuten bitartean. Apustua ontzat izan zen hartua. Atzelari urdina adorerik gabe gelditu zen, huts asko egin zituen.

 

 

Egun osorako izango zela esan zion bezperan Oletako Azketak, gaitzeko baforea omen zen eta presa handia zekarren. Bazituen zazpi baserri paseak Larraburu jo aurretik. Larraburu ez zen aberatsa, eta tripa truke zeukaten uda-udazkena izan ezik. Pozik agindu zion. Baziren hamar bat urte Otañoren azken bertsoa entzutera joana zela moilara aurrenekoz, eta geroztik hilero azaltzen zen bizkar lanera.

        Bota ahala egin zuen euria, baina ontzia eguerdirako zeukaten bukatua. Lan gutxi zegoen besteetan eta ez zen ontzi berririk espero berehalakoan. Azketak paga eman eta etxera igorri zituen. Ez ote zeuden konforme. Marmies-en ardo almazenetan gelditu ziren. Eguneko lana egun erdian eginak ez zuela paga urritu behar, handitu egin behar lukeela. Launa dozena platano jan zuten. «Baziok akaatu beharrik!» errepikatzen zuen Azketaren iloba batek. Ez zioten kasurik ematen (...bide zuzenak galduta gabiltz orain langile jendiak...), esaera handikoa zen hura. Hiruretarako atertu zuen, eta zagi eginda zeuden oiartzuarrei bizikleta gainean jartzen lagundu zien, bagoia karrilean bezala abiatu ziren bata bestearen arrastoan. Etxerantz hartu zuen, azaroko hotzak ez zion onik egiten eta blai zegoen. Urdin zetorren arratsalderako hala ere. Belarraren bustia salatzen zuen eguzki uzkurrak.

        Bordatxoko paretik iragaitean txizagaleak eman zion. Sastraka bazterrera hurbildu zen, eta txizaren lurruna hodei usaintsu goratu zitzaion aurpegiraino. Baratzean emakumezko baten gorputza tentetu zen babarrun zarben artetik Larraburuko Migeli beha. Aurrez aurre zeukan eta ezin zion jarioari eutsi, erreberoak pazian baino zarata handiagoa sortzen zuen. Mariak ere Migelen maskuriak errape batena bazeukala pentsatu zuen, eta ezpainak irribarrera luzatzen hasi zirenean, Larraburuko morroiak eskuak jaso zituen sastrakaren gainetik ahur babadunak erakutsiz, eta ezpainak zimurtu egin ziren ostera momentu bat, algarak lehertu aitzin. Neskak ahora eraman zituen eskuak, gorrituak, babarrun lekez betetako mantala erortzera utziz. Belaunetara jaitsi zituenean, masailetan gelditu zitzaion eskuen gorria, eta algaren lurruna urtu egiten zen Migelen algaren lurrunarekin nahasi gabe.

 

 

«Hire andre hori burutik ziok!» esaten zioten higuinez moilako kastillanoek hamaiketakoa ikusten ziotenean, arrautza frijitua angulaz estalia. Orain andrea zuen, eta besteren bi seme alaba. Ez zen jadanik Larraburuko morroia, aurrera Bordatxoko Migel esango zioten. «Lastima, ezin kenduko diat!» marmartuko zuen Mariaren aitak, ez zuela erretzen erantzun zionean. Ez zuen alaba alargun zahar ikusi nahi, urte berriko lehen esposarioa izan zen.

        Ikatz zakuren bat eramango zuen noizean noiz, guardak ziren gehiena harrapatzen zutenak. Moilako lana ez zen gaitzekoa, nahiago zuen morroi baino, jendearekin hitz egiten ahal zuen, Larraburu tristea zen, eta kastillanoa, erruz maite zuen kastillanoa.

        Alaba bat izango zuten ezkonturtean, seme bat bigarrenean, bestea bosgarrenean.

 

 

Krika hautsia zeukan ardatz zahar bat erosi zuen Astigarragan, sagardo poxi bat hasi zen egiten urtero, eta Mariak esku ona zuenez sukalderako, mahai luze bat ipini zuten sotoan, barriken erdian. Pasaiako urtzaileak, kupelgileak eta igeltseroak joaten ziren maizenik. Don Telmo eta Don Fernando Más idazkaria ere azaltzen ziren. «Gabon Jainkoak!» esango zuen ozenki Don Telmok, eta sukaldean sartuta eltze miaketan arituko ziren, ogi puska bana bustiko zuten, eta «Aizu, Maria, hau guretzako!» esango zuten dastari bezainbeste usainari eta koloreari eskatu ondoan. Sukaldean afaltzen zuten, mutikoak ekartzen zien sagardo pitxarra.

        Don Telmok ez zuen zaldia ekartzen, ukuiluan zeukan lotua, hanketarik eri ez ibilian. Idazkaria ekartzen zuen, «Más geyo!» esaten zuen beti, lekeda hutsa. Pasaitarrak aldiz ahakarrean aritzen ziren, biraoka, eta toka bat ere ekarria zuten Bordatxorako, bizkarrean. Belarrira mintzatzen zitzaizkion aitari, algara egiten zuten. Aita beraiekin jartzen zen mahaian majera muitte berdez eta arbi xehatuaz betetakoan, eta ama ogia eta kaxuelarekin etortzen zenean altxa egingo zen laguntzearren, baina amak lasai egoteko esango zion, eta mutikoaren izena oihukatuko zuen, ez arrebarena, alfer ahalena. Hitz ulertezinak erabiltzen zituzten pasaitarrek aitarekin, hitz zoragarriak. Mutikoak luzaz errepikatzen zituen bere artean, ahantz ez zekizkion, frontoian bota eta Zugasti txunditzeko. Haietako batek kastillanozko euskaraz egiten zuen bertsotan, galtzei eutsi eta kanta. Amak barre handiak egiten zituen, eta pasaitarrek ere barre egiten zioten gauerako hitz motelka hasten zenari, lurrean ageri zenari txiza. Larunbataz etortzen ziren eta astelehen goizean zuten alde egingo, zikinak eta kalpartsu. Metapean egiten zuten lo, belar lehorraren berotasunean, ke gaizto bat ezin atera izan zioten aitona atera zutenean bezala, jendearen marmarrak altxarazi zituen, belauniko jarri ziren zapelak eskuan, eta zerraldoaren jarraigoa pasa zenean muturrez aurrera erori ziren banan bana, alditxarturik, zaku hutsak bezala.