Euzkadi merezi zuten
Euzkadi merezi zuten
2009, nobela
112 orrialde
978-84-92468-14-0
azala: Indalezio Ojanguren
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
Euzkadi merezi zuten
2009, nobela
112 orrialde
978-84-92468-14-0
aurkibidea
 

 

—6—

 

 

Tximistak kable bat botea izan behar zuen San Juan aldean, enkargatuak berarekin eraman zuen. Galernak gogor jo zuen gauean, posteak makurturik zeuden, eroritakorik ere bazen, lurrean baino kableetan bailuten euskarria: kablea etena zegoen, itsasoraino zetorren harkaitzetan behera, farotik hurbil. Enkargatua ur bazterreraino joan zen, eta bulta batez beha egon ondoren kablea hartu zuen eskuan. «Itxoin zak hemen ezer ikuitu be!» esan zion, eta mendiko kasetara abiatu zen bidezidorrean gora. Gizon zalua zen. Goialdean karabinero bikote bat zeukan zain, eta haien aterkipean gelditu zen bidean solastari. Mutilak ez zuen gogoko langarrak bera zezan, lana aurreratuko zuen. Kablea ukitu zuen, ez eskuarrez, «Atzaparra itsatsi egiten baitzaio indarrari!», irakatsia zioten bezala baizik, kax-kax ate joka eskugainarekin. Enkargatuak hartua zuen, baina badaezpada. Ez, ez zuen indarrik. Heldu zion bi eskuekin, eta sokatiran ekin zion. Kablea astuna zen, altakoa seguruenez, eta arroka tartean trabatua, nekez bildu zituen metro zenbait. Posteen tartekoa ez da hain luzea, laster ageri behar zuen kablearen kabuak. Ez du ikusi, baina ageri da. Orduan jo zion, «Itsasoa tierra baita!».

        Enkargatuak izututa kendu du zigarroa ezpainetarik, eta bidezidorrean behera malkartu zen esku-oinez. Karabineroak nekezago mugitu ziren, mosketoiak eta aterkia garraiatu behar zituzten. Mutila etzanik zegoen zekor zauritu bat dirudiela marrumaka, lurra ostikatuz, kableari atxikia. Enkargatua haren ondoan gelditu zen arnaska, buzo bustiaren botoiak askatzen hasi zen. Karabineroak ere iritsi ziren, eta bat makurtu egin zen mutilagana. Enkargatuak, kamiseta lehorra burutik ateratzen zuelarik «Quieto que te pega!» ostiko bat luzatu zien mutilari hurbiltzen zitzaizkion eskuei. «Tapa aquí!» esan zion aterkidunari, hartzen du kamiseta esku-zorro, heltzen dio mutilari ukondoetarik eta arrastaka eraman zuen, baina zakur amorratuaren gisan zegoen itsatsia kableari. Kolpea eman dio besoetan, trabatu da kablea, libratu da mutila. Osoan belztua zegoen. «Esan diat, esan diat ezer ez ikuitzeko!» dio enkargatuak, «Altxari, altxari hortikan!» altxa eta bertan akabatu egin behar balu bezala. «Ezin det, kaka eginda no!» diote Markesaren semearen zaldiarenak bezala adurrez likistutako ezpainek zotinka.

 

 

«Ito behar gaituzte oraintxe belarrimotzez eta mingainluzez!» esan zuen Don Mateok Casa Barataseko baratzeetara ematen zuen leihoa itxirik. Don Mateoren imintzioak ikusten aspertuta, bazkaritara alde egingo zuten pepinilloa landatzen besterik ikasiko ez zuten Casas Barataseko belarrimotzek.

        Betaurrekoak kendu zituen jesarritakoan, sudur minberatua pailakatu zuen. Ez zion Zabaletari behatu, burumakur gelditu zen une batez, eta hasperen luzea eginik burua jaso zuenean begietara behatu zien banan bana. «Ba al da beste inor ebanjelioa ulertu ez duanik?», eta orduan Zabaletak ez beste guztiek behatu zuten zolara. Don Mateok mahai gaineko liburu beltza hartu zuen, zinta gorriaren muturrari tira zion, zabaldu egin zuen. «Bihur zaizkiozute Zesarri Zesarrenak, eta Jainkoari Jainkoarenak diranak!». Zabaletari behatu zioten denek, Zabaletak ez zuen ulertzen zergatik esan zuen Jesukristok Zesarrenak Zesarri (...erreinu ontan leziyo txarra nai digute bota...), ez zegoen konforme. Egoskorra zen, denek ere nahiago zuten galderarik eta zalantzarik gabe, Don Mateo ez zen eztabaidak izutuko zuen apaiza, berandu heldu behar zuten bazkaritara. «Ebanjelioak dio Zesarrenak, bereak diranak, ez baituzu besteren ondasuna desiratuko, Zesarri bereak, ebanjelioa hartu behar da justiziaren ispilu, speculum iusticiae!». Zabaleta Herrerakoa zen: «Bai, baño zer da Zesarrena?».

 

 

Pasaiako moilan lotua ontzia, ontziko mastan lotua tximinoa, Gineako okume enbor etzanen gainean jauzika, grilloa hankan. Poste zutean behera etorri zen ofiziala, trepadoreak kendu zituen hanketarik, mutilari luzatu zizkion. Haria askatuz joan ziren baserrirantz.

        «Honenbestekoa bai!» zuen Txirritak burua, eta asko esan ere ohi zen «Hemen zetorrek Txirrita bere buruarekin!», ahapetik badaezpada. Ahaideak zituen Arriagakoak, atarian zegoen jesarria zizarra gozo txarroa mahai ustelduaren gainean. «Zer degu Txirrita, lasai, lasai?» egin zion mutilak ofizialari irribarrez behako maltzurra zuzenduta, eta Txirritak halaxe erantzun zion bere burutik, «Baita hi ere, nere galtzetan sartuko bahitzake!».

        Salda pixka bat hartuko zutela amonak, baina ofizialak nahiago zuen lehenbailehen amaitu. Balkoian jardun zuen kontadorea ezartzeko, mutikoak pipiak jandako habeetan josi zuen haria, begietara zetorkion hautsa. Ukuiluan eta sukaldean nahi zuten argia Arriagan. Txukun ezarri zituen krisketak mutikoak. Presa ondoko transformadorera abiatu zen ofiziala indarra botzearren, eta baietz, mutilak, «Edade hortan!», salda pixka bat.

        «Zeñek piztu nahi du surik gabe?» eskaini zuen ofizialak, eta Txirritak etxeko jaunak behar zuela, aitonak krisketari eman zion, buelta erdia, hantxe zegoen bonbilla, buelta erdia, ederki ematen zuen esnetan bustitako iraztor sorten artean, buelta erdia, madari zuritua zirudien. Ez zen ilinti bustia baino gehiago biztu.

        «Ez apuratu, gizona, eletrizidadiak ez du indarrik egun argiz, iluna behar du, ilunak dakar argia!» esan zion ofizialak astiro. Aitona zurubian gora ezkutatu zen purrustaka, eta amonak eragin zion krisketari. Hamabiko bi kanoiduna besapean azaldu zen Arriagako aitona, «Ikusi beharko degu ba ilunak zer dakarren!». Mahai gainean utzi behar izan zituzten alikateak, mailua, trepadoreak eta sobranteko haria.

        Iraztor sortetarik erortzen ziren zola zikintzen zuten tantak zenbatzen eman zuen arratsaldea. Txirritak eta bere lehengusuak gazta oso bat zuten irentsia haien aurrean, baina ez zegoen gosetua, ez zen giro sukalde hartan, beldur zen, Arriagako aitona aztia zela zioten, Kredoa atzekoz aurrera esanda hanka hautsitako ehiza zakurrak eta sugeak heldutako pertsonak sendatzen zituen eta erne, ez zien «Tiro bana!» emango noski baina, jarri zituzten hariak zaharrak ziren, hala ere ofizialak atelierrean froga eginda zituen ekarriak bonbillak, ez zuen bonbilla berririk ekarriko tranpazko antolamendurako, beldur zen eta Txirritaren eta ofizialaren arteko solasak ez zuen trankiltzen, bazekien beroan ez ezik hotzean ere nolako indarra duen urak, elektrika nork asmatu zuen ez baldin bazekiten izorratzea zuten, berrogeita zazpigarren tanta ez zen horratikan erortzen, iraztorretara jaso zuen burua eta mutxikina erretzen hasi zitzaion madari zuri hari, gorritzen hasi da, argiak bere hezurrak erakusten ditu, denek behatzen dute sabaira, gorria zuritasun zabala egin da, sukaldea argitzen hasi da, «Edisonek, Edisonek!», eta iraztor sortak utzirik bonbillara doaz euliak furrundaka, benetako madaria baita orain, bizia, beroa, ilunak dakarren izarra baino beroagoa.