—7—
«Aberastuta etorri balitz hartuko zuten!» edo «Dirurik ekarri balu ez zuten semeordekoa izango!» komentatzen zuen ordurako jendeak, Herrerako dendan entzuna zela zion arrebak. Amak ere jakin egingo zuen berehala, zerbait asmatu beharra zegoen esan ziezaioten baino lehen, lotsagarri ari ziren gelditzen hala ere. Amaran ibiltzen omen zen.
Pension Euskaldunako etxekoandreak latz hartu zuen, ez zion gauza handirik argitu. Kliente asko zituen hark, bazuen nahikoa lana inori pausoa neurtzen ibili gabe. Eta ea zer zen, hainbeste galdera. Kalera jaitsi zen. Zer duda egin, Euskaldunako klientea izan behar zuen. Eta zintzo ordaintzen zuen, antza. Easotik eskuin hartu zuen, tabernetara. Ilunabarra zen, egarritua zegoen.
Kartetan ari zen. Bizkarrean ukitu zion, eta baiki, itzuli zenean artabizarrezko bibote luzeek eta kokospeko painuelo gorriak indiano esaten zioten hari. Zaharkiturik zegoen. Zu halakoa eta ni halakoa bota zion, ezagutu zuen berak ere, «Ama negarrez dakau!», haren begi urtsuei behatuz. Ez zuen hitzik atera, «Pika!» esan zion mahaikide batek, eta jiratu egin zen ostera. «Eh!» egin zion eskua bizkarrean tinkatuz oraingoan, baina atzera bultzatu zuen txangurruaren atzaparra zirudien beso iletsu harekin. «Aizu, hortara ez degu ezer bihar!», eta irten egin zen. Gizonezko talde asko zebilen Salud kalean, pensio osoa zenbatean zeukan galdetu behar zuela gogoratu zen, zortzi pezeta bai gutxienekoz.
Negu lehena zen, Herreratik gora eta ermita gaineko bidetik ikusi ohi zuten. Ez zuen sosik izan behar, arlote zebilen, eguzki hotzetan egoten zen ermitako paretan etzana, etxera beha. »Etorriko haiz ba!», Jauregitarrak zakarrak ziren ordea. Bila joan zitzaion bigarrenez, baina urrundik ezagutu zuen, altxa zen, badoa. Gazteak ekin dio aldats gora hortzak estututa, harrapatu behar du horratikan, korrika hasi da bestea ere Molinaorako bidezidorretik, ezkutatu egin zitzaion.
Goiz erdian galega etorri zitzaien txurikinaren bila senar-seme marinelentzako kamainak egiteko. Sotoan jarri zen zakuak betetzen belauniko, mahukak jasorik, ate irekian barrena sartzen zen argitasun hotzari ezaxolatua. Itzal luze batek izoztu zizkion besoak. Burua jaso zuen. Sustatu egin zuen, atea beteko gizon bizardunak. Altxa egin zen belaun minberatuak laztanduz. Maria patata zuritzen ari zen sukaldean. «Eskeko bat dezu atean!» esan zion galegak.
Sartzeko esan zion, busti egin zitzaizkion begiak, ez geratzeko atean hala, sartzeko. Inazio Jauregi jesarri egin zen. Jota zegoen. Salda atera zion Mariak. «Aste Santuko Kristo zirudiela!» komentatuko zuen galegak Herreran.
Gauerdia iragana ordurako, aspaldi zuen behintzat oheratuak zirela. Anaia gaztea mantapean, zerraldoarena eginez. Zakurrak ez zuela zaunka atertuko. Zankutsik atera zen balkoira. Iluna zegoen. Gaztea zen atarikoa, «Etorri egin bihar dek, txalupa Jaizkibelen gelditua zakau!». Zabaletarena ahotsa. «Tabakoa!», pentsatu zuen. Ama ere jaikia zen. «Lana det!» esan zion janztera zihoalarik. Erreminta batzuk hartu zituen. «Garai hontan!» marmartu zuen amak.
Zabaleta ere isilik, hegoa sargori. Ez zuten karabinerorik topatu behar (...parte gaiztuakin naste, irabazten dala uste...), moila bazter utzirik trenbidetik hartu zuten Pasaian. Urratsa harri koskorretan ezin berdinduz, mozkortutako marinelak ziruditen. Izerdi batean ekin zioten Lezotik gora. Bidezidorrak orbel errekak ziren. Zabaleta maiz gelditzen zen, tu egiten zuen. Ahuspez zeraman linterna, pantailatik eutsita, argiari hatzarteko zirrikituak uzten zizkiola. Hego haizea arren, garbi heldu zen itsasoaren marruma, goien zeuden. Biztualdi batzuk egin zituen Zabaletak linterna jasorik. Zakur zaunka batek beherago erakarri zituen. Argi etenka aritu zen berriro. Eskuinagotik erantzun zuten, lehorretik hain segur. «Erne, zulo haundiak zeudek hemen!» gaztigatu zion Zabaletak, eta jauzika amildu zen itsasorantz.
«Hiru ordu!» esan zien Muguruzak, Herrerako zurginaren semeak, eskumuturrekoa linternaren argitan erakutsiz. Itsasbehera hasia zen. Hirurek tira behar izan zioten txikotari txalupa bertaragotzeko, handia zen. Harkaitz gain batetik egin zuten jauzi barrura. Kaxak ziruditen toldo ilunaren azpikoek, «Tabakoa!». Arraun bakarra zeukaten tostapean, «Apuilean juten ahal zinazten!» esan zien. Muguruzak agudo hartu zion buelta, «Eskuekin ziatuz azkarro!».
Txalupa hogei zaldikoa zen gutxienez, berritua, bakanak ziren arrankeko motorra zeukatenak. Arrankeari eman eta eman eta ez omen zion heltzen. «Gasoila badu ordea!». Txalupa batek susmo gaiztoa eman, ordu haietan, eta kostapean ezkutatu zirela motorra itzalita, baina gero ez omen zuen arrankatu nahi. Egia zen, han ez zen indarrik iristen kontaktoreetara. Motorra askatu zuen kotoi koipetsuan bildutako linternapean. «Konponduko al dek?», lanean ari zelarik alukeriak entzun beharra, «Erne, zulo haundiak zeudek hemen hi eta hire kajak gordetzeko ni esnatzera etorri be!» esan zion burua jasotzeke. Baina Zabaleta Herrerakoa zen «Eta txalupa, zer egin behar genin txaluparekin, bizkarrean hartu?».
Eskobiletako ikatza hauts eginik zeukan. «Kobre puska bat, latoia, burnia, zeozer!». Aparejuak aurkitu zituen Muguruzak. Zatitu egin zuen beruna labanarekin, arrankeko motorraren goiko aldean ahokatu zituen. «Emaiok aber!» agindu zion Zabaletari. Logaleak erreta zegoen.
Langarra hasi zuen, bazetozen Pasaiako txintxorroak txipiroietara. «Ailegatuko ahal gera!» bota zuen Zabaletak hasperen batean, eta «Etzekit, plomoa urtzen xamurra dek!» esan zien benetan kezkatua, baina Muguruza bozkariotan zen txalupak aitzina egiten zuelakoz, eta zirika hasi zitzaion zenbat kendu behar zien lanagatik, zenbat nahi zuen gau hartakoa isilean gordetzeagatik, kaxa haietako batekin nahikoa ote zuen. «Utzi hakiok pakian!» esan zuen Zabaletaren ahotsak maltzur, «Haure sotanapekua dek, baño eztek harrikariya!», eta barre egin zioten biek. Txalupa geldo zihoan, uhinik sortu gabe.
Portua irakiten bezala zegoen lehen azkorrian, zerrazoia altxatzen ari zuen. Trintxerpeko moilara zuzendu zuen Muguruzak ontzi estekatuen bazterretik, Zabaleta txapitola gainean jarri zen baforeekin ez jotzeko, arrauna eskuetan. «Kamioiak aldegina behar dik!» esan zuen Zabaletak, eta Caralluren atoiontziari ondoratzeko agindu zion Muguruzari. Zabaletak jauzi egin zuen atoiontzira, eta txalupa loturik ondoko baforera igan zen. Lehorreratu zenean errainu bat zen. Arrandegian kamioiak kargatzen ari ziren.
Ez zuen ile bat idorrik, aldatu egin nahi zuen lanera abiatu aurretik, baina Muguruzak egoteko esan zion, besteak ere blai zeuden, lagun ziezaiela kaxak ateratzen, «Gainera, hitzegin bihar diyau lasai!».
Zabaleta eta buzoaren mahuka hutsa gerrian lotua zekarren gizon ihar bat azaldu ziren, «Hemen dek Carallurekin!». Atoiontzian bertan gelditu zen Carallu, Muguruzak eskaintzen zion lehen kaxa hartzeko. «Eztek tabakoa!», pentsatu zuen Muguruzaren ahaleginari ohartua. Caralluk esku bakarrarekin kako egin eta atoiontzian barruratzen zituen. Kaxa bati heldu zion berak ere, «Eztek!». Pilotuak «Descaralléume a outra mán!» oihukatu zuen, eta kaxa utziz ahora eraman zuen eskua. Kaxa ipurdiz gora erori zen txalupan. Jasotzera makurtu zen. Tente ezartzerakoan oholek zapart egin zuten eta legatz burua bezala zabaldu zen kaxa, letagin zorrotzak agerian. Larruzko funda beltz mordo bat sakabanatu zen panelen gainean. Carallu mekajuenka hasi zen, Muguruza eta Zabaleta funda bilketan saiatu ziren. Funda bat hartu zuen. «Eztek tabakoa!», kulatak pistola salatzen zuen.
Zain urdin batek zatitzen zion kopeta, zimur baten erretenik ez eta bekain gorrietaraino zetorkion izerdi ihintza. Amoniako usain minak zen iratzarria, eta eskuen laztanak belaunean. Arraunean ari zela zirudien, aztaletik izterrera eskuak. Ziztada zorrotz batek jo zion buruan, eskua jaso zuen eta hatzek telazko lotura bat ukitu zuten. Orduan ohartu zen, irri ostalariak, eskuen pailaka belaun gorrian zela, belaun handituan gora eta behera bernaren ore iletsua moldatzen ostalariaren esku gizenak. Galtzak aldameneko ohean zeuden, pila batean. Atean, isila, alaba zeukan, amak bezala «Lucero!» esaten zion trufari hura. Esku zuriek azpilean ziharduten etengabe, hatz-niniek ozta igurzten ziotela koskor minduan. Hotzikaraz laztu zuen legamia baten oldarra hasi zen nabaritzen, izuturik, gorputzeko ile bakoitzaren zuztarrean. Neskak irri egin zuen ahoa eskuarekin estaliz. Amak behorraren janaria biltzera igorri zuen lanari uzteke, irribarre gazteari, amoniako usaina barreiatzen zuten esku gizenak iztairaino lerratuz, hara behatu nahi ezik, legamiaren indarra harrotzen ari zen hartara. Ferra hotsa sumatu zen atarian, eskuak izterrean atzapartu ziren, buruz buru zain urdinak zatitzen zion kopetarekin ostalaria eta alimaleko lotura harekin gaztea. Ostalariaren senarraren eta enkargatuaren ahotsak sartu ziren etxean, ostalariari hots egin zioten. Tentetu egin zen, galtzak hartu zituen aldameneko ohetik. Hurona ongi portatua zen, hiru koneju harrapatu zituzten, aditu zutena. Gazteak enkargatuaren iseka jasan beharko zuela pentsatu zuen, behorrak lurrera bota zuelakoz. Orearen beroa ez zen epeldu ostalariak, irriz, «Lucero!», galtzak gainetik zabaldu zizkionean. Atzea eman zion, eta Don Telmoren zaldi hark bezain harro kulunkatu zuen ipurdia ostalariak.