—4—
Oilagorra ez zen pasaitarra, Oilagorra moilan zebilen aitarekin. Haren atzaparrek anai-arreben gerriak hartzen zituzten. Beldur zioten, aitak esaten zuen etzandako bokoiak esku bakarrarekin zutitzen zituela. Mutikoa soto bazterrean metatutako txurikinaren artean ezkutatuko zen, Oilagorrak trago batzuk egingo zituen, eta pikondoaren adarrak astintzen zituen ahots harekin, astekoari lotu zen, badoazela Bordatxoko aitona zena kanposantura daramatela, ez haren etxean zegoelakoz baina, hura bai zela gisakoa, eta erpina ordea kanposanturako bidea, bero sargoria bestetik, eta halako batez Don Mateok «Alto!» agintzen diela eskua goratuz, agintzen diela zerraldoa lurrean uzteko, denek ere izerdia xukatzen dute eta Don Mateok (... Jainkuak berak itzegin digu Don Mateoren abotik...) zahatoa ateratzen duela sotanapetik eta zahatoa pasa diela besteei, eta zahatoa eskuz esku ibili dela, eta emakumeetara ere ailegatu zela, baina hutsa zahatoa. Eta irri karkailaz lehertzen zen, aldameneko pasaitarrari bizkarrean emanez.
Oilagorra gosetu egingo zen ipuina amaitzerako, eta amak dozenerdi bat arrautza ekartzen zion. Oilagorrak mahaiaren ertzean jo eta irentsiko zituen azala kentzen nekatu gabe. Edangoituxe zegoenean erronka hasiko zen inork apusturik hartzen zuenetz. Don Telmo eta Don Fernando Más irten ziren sukaldetik, medikua pronto zegoen erlojuarena jokatzeko. Oilagorra zutitu egin zen, denak zutitu ziren. Don Telmo eta Oilagorra ziren luzeenak. Don Telmok erlojua atera zuen, kate luzea zeukan. Mutikoak uste zuen erlojua arrautza frijitua bezain zabala zela. Don Telmok eskua gora jaso zuen eta erlojua zintzilik gelditu zen denen buruen gainetik, eta erlojuaren taupadek soto osoa hartzen zuten. Don Telmoren besoak garabi baten luma ematen zuen, erlojuaren kargak altzairuzko kable bat bezala tinkatzen zuen katea. Garabia erriatzen hasi zen bere fardoa. Oilagorraren ahoa bafore baten bodega zen. Erlojua ezkutatu egin zen, Oilagorrak heiagora apal bat egin zuen, zintzurretik behera irentsia zukeen. Mutikoa izerdi zuritan zegoen. Don Telmoren eskua azkar zetorren katearen buruan eta pasaitarren «Hori dek!» eta txaloen beroenean, tira egin zion kateari. Amak garrasi egin zuen. Katea bi ahur irten zen ahotik. Oilagorrak hortzak estutu zituen. Nork bere aldera tiratzen zuten Don Telmok eta Oilagorrak, katea trontzazerra harturik enborren bati ekiten ari. Pasaitarrak zalapartaka hasi ziren Oilagorraren alde. Azkenik Don Telmok kaskarrean eman zion ukabilaz eta Oilagorrak goitiko batean bota zuen erlojua. «Ia jan ziaken erlojua nazkarri honek!» esan zuen Don Telmok serbietarekin garbituz. Belarrira eraman zuen. Zakurra isilik zegoen, isilik zeuden behiak, mutikoa ez da mugitzen txurikinen erdian. «Musika jan zion erlojuari!». Oilagorrak ehun erloju zituen etxeko sukaldean zintzilik, euliz beteak. «Gizon hasi eta animali bukatu zun!».
Aitonari ere eder izango zitzaiokeen, Casas Baratas baino politagoa zen, Bordatxotik ikusten zen erreka gaineko aiekan kokatua, Groseko Leizaolaren villaren hurren. Teilek ez zuten harririk behar haizeak eraman ez zitzan, tinko zeuden atxikiak, eguberritako bisiguaren ezkatak bezala. «Pake Leku» zuen pintatua beltzez atalburuan, bideari beha. Lurra ere bazuen inguruan. «Gu ere lurrarenak gera, baño lurra ez da guria!» esaten omen zuen beti. Maizter bizi izan zen, markesarena.
Teilatuko ereinotza aspaldikoan zen ihartua, bazuen astebete etxe berrian bizi zirela Don Mateo azaldu zenean. Etxearen aurrealdean jarri ziren denak lerroan. Eguzkia gora zegoen. Mutikoa Marrusen ondoan zegoen, begien parean zuen esku azkazal-beltz hura, eta pentsatu zuen gezurra zela Uzkudunek eskua eman ziolakoa, aitak zioen Marrusen bertsoak txarrak zirela, eta hain segur Uzkudunek kokotseko bat emango ziokeen bertsoen ordain, nolakoak ziren jakitera. Mutikoak hondarra garraiatua zuen eskorgan, erdi malobran egin behar izan zuten lana. Beraiengatik izan ez balitz, Marrusek ez zion etxeari sekulan lehorra emango.
Don Mateok zakar behatu zien betaurreko erorien gainetik, txartelak emateko galderak egiten zituenean bezala. Inazio Jauregiri, elizatik irten, frontoiraino etorri eta pilota kendua zion bezperetan jokatzen ari zelakoz. Azkar egin zuen etxe-baratzearen bedeinkazioa. Sukaldera igan zen Marrusekin eta gurasoekin. Anai-arrebak anai-arrebaordekoekin gelditu ziren jolasean, aurre bazkalduak zeuden.
Etxe polita zen, eguteran, uraren kanila zuen sukaldean, mutikoak ez zuen ur bila joan beharko, baina aitak ez zuen ukuilurik nahi, fijo hartua zuten moilan. «Behiak ahotik ematen dik esnia!», laurak salduta Larraburukoei eman zien erregalian uztarri landu hura kopetakoekin. Mutikoak bazekien arreba ez zela esneketa joango.
Don Mateo bidean gora ezkutatu zenean, aitak oilarra ekartzeko agindu zion. Arreba eta biak joan ziren oilo eta konejuen txabolara. Arreba ez zen ausartu oilarrarekin, gaiztoa zegoen lumak harro eginik. Bazterraren kontra eraman zuen ihes egin ez ziezaion. Lepotik heldu zion. Hegoei eragiten zien, eta belaun artean estutu zuen, kafe errota bezala. Lasterrari eman zion oilarra galtzarbean zeramalarik. Aita igitaia zorrozten ari zen. Arreba heldu zen. Galtzarbean hartu zuen aitak ere, luma batzuk kendu zizkion lepotik odolkiak ziruditen atzamar haiekin. Epai bakarrean moztu zion lepoa, burua zintzilik gelditu zen hegoak astinka. Odola zurrustan irten zen. Aitak ataria arrosatu zuen oilar odolaz. Arreba poztu egin zen, oilar hura erotua zegoen, zanpaka ibiltzen zituen oilo gaixoak.
Jauregitarrak zakarrak ziren, balio zuten lanerako. Migelek ez zituen inoiz erasiatu, koskortuak zeuden Mariarekin ezkondu zenean, ez zuten aita aitortzen, eta bi ziren. Mariaren negarrak ahituko ziren etxegilearen semea lantegitik desorduan etorririk ukabila zabaldu eta bi errealekoa erakutsiz «Ni ez naute Luzuriagan gehio zapalduko!» harrika jaurtiki zuenean, leihoaren beldurgarri.
Jauregitarren lagun joan ziren Pasaiara. Gizonezko ugari ikusten zen bagoiei bultzaka eta porlan zakuak bizkarrean garraio, zapelak, idiak, kupelak, gerrikoak, aida eta esti, Oilagorraren atzaparrak inguruko baserri guztiak moilen gainera hustu bailituen edalontziko sagardo pizarra bezala.
Esan lekuan zegoen aita, hautsez betea, ontziaren ondoan. Ontziak zer izena zuen galdetu zien aitak seme-alabei, eta umeen ezpainak batera mugitu ziren, irribarre egin zuten Jauregitarrek ere. Infanta Isabel kaiaren arrasean gertatzen zen, itsasbehera zegoen. Tximinia luze hark erreginaren auto beltzak baino ke beltzagoa botzen zuen. Jende oste handia zebilen zurubiaren inguruan. Kubertako kalostran zuriz jantzitako gizon zahar bat azaldu zen, eta isiltasuna eskatuz izen kantari jarri zen. Mantal zuria zeraman beste gizon zahar batek hartzen zituen pasaiariak zurubira zihoazenean, begiak ikertzen zizkien tresna txipi batekin, eta «Sano!» oihukatuz aurrera igortzen zituen bizkarreko bat emanda. Inazio Jauregi, entzun zen. Amak pakete bat luzatu, aitak eskua estutu. Inaziok beti zituen urtsuak begiak. Medikuagana hurbildu zen. Karmen Jauregi, eta amak lepotik heldu zion. Ontzian zegoen Inazio.
Zurubia jaso zuten. Aldia egin zuten zain, jauzian iragaten ahal zen kaitik ontzirainoko tarte hura erdian, elkarri beha hitzik gabe. Ez zen Karmen Ameriketara zihoan emakumezko bakarra. Infanta Isabelek hiru tutu luze jo zituen, estekariek loturak askatu zituzten, marinelek alfer antzean bildu zituzten estatxak. Lehorrekoak agurka hasi ziren, ontziak irteera bilatzen zuen branka zuzenduz. Pasaiariak popara bildu ziren, beso baso. «Ametsak ez dute jaberik!» esan zuen aitak ahapetik. Ontzia leun zihoan, kulunkarik gabe itsaso salda batean.
Mutikoak menditik ikusiak zituen irteera haiek ez bezalakoa zen. Zenbait ontziren izenak irakur ahal zitzakeen, ez zen oihurik, kaiak ederragoak ziren bertatik. Jauregitarrak ez zeramatzaten gerrara Zugastiren anaia moduan, kornetina ez zen deika ari, eta oraingoan ere jendetza handia baldin bazegoen kaietan, ez zen soldadurik ageri. Infanta Isabel bakarrik zihoan eta gainerako baforeak muturik gelditu ziren, loturik gelditu ziren, ez moro gerrara zihoan ontziari jarraiki itsas uberan Bordaplatatik hiru miliataraino, urtezahar gaueko tutuak baino tristeago tutu joka, «Bizitzan ikusi dedan gauzarik tristiena!». Kai hartan kafe usain zoragarria aditzen zen, amak ez zuen negarrik egin Zugastik orduan egin zuen bezala, tronboi baten ezpainak baino distirantago islatzen zen eguzki bizkarra uretan, eta algara egin du Zugastik, eta algara egin dute denek, maisua erori egin zen zangoa marmitan harrapatua Ameriketaraino heltzen diren uhinak sortuz, erreginaren bi zaldiak atzean uzten dituzten uhin bizar zuriak.