Euzkadi merezi zuten
Euzkadi merezi zuten
2009, nobela
112 orrialde
978-84-92468-14-0
azala: Indalezio Ojanguren
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
Euzkadi merezi zuten
2009, nobela
112 orrialde
978-84-92468-14-0
aurkibidea
 

 

—5—

 

 

Larruzko zartailuak bere mustatxaren adarren luzera zuen ia. «Atensión muxaxos!» egiten zuen oihu, eta zartailuari eragingo zion. Labeen giltzak ezin erabil zitzakeen beste inork. «Mesié Dibuá!» esan behar zitzaion.

        Matxeroen mutil jarri zuen lehen egunetik, hondarra bota behar izaten zuen palaka, galga potxetara isur zezaten. Matxeroak zokor-mailu moduko batekin zanpatuko zuen, eta moldea jasoa zenean ketan iraungo zuen oraindik tegi osoak, elkar ikusten ez, eztulka, ezin eztarriaren lakarra kendu.

        Nagusia egunero etortzen zen autoan, xoferrarekin, trajedun. Bulegora igaiten zen eta berehala azalduko zen galtza urdinetan sartua, eta burdinolan zehar ibilki emango zuen goiza. Labeetara heldu zen eta Mesié Dibuárekin aritu zen. Ez zien ulertzen. Hurbildu egin zitzaion, eta galdetu egin zion, «Hi berria haiz, zenbat urte dituk?». Gezurra erantzun zion, behinola Inazio Jauregik bezala, «Hamalau!», eta orduan nagusiak, «Victorio Luzuriagak berak!», eskorga bati helduz, «Badakik, hemen lana egin biharra ziok beltz!».

        Mesié Dibuáren zartailuak karburo poteak baino tiro handiagoa egiten zuen lurrean.

 

 

Sakristian bilduko zituen, portzelanazko irudi akastuen azpian, argizari usain higuingarrian. Tartean ohi zen Herrerako Zabaleta ere, ahaide hurkoengana azaltzen zen igandeetan. Katilua estutuz eskuak epelduak zituenean, lokotxaren gizeneko bizkotxoak, hamar, sortuko zituen kajoitik, banaka, mahai gainera. «Ia Zabaleta, zer dan Euzkadi?» galdetu zuen kafesnearen keak lausotzen zizkion betaurrekoen gainetik behatuz. Lokotxa hondoratuko zen kafesnetan, Don Mateoren plazerezko murrungek gelako zokolu guztietan egiten zuten punpaka, lokotxa aterako zuen katilutik, eta behiaren gorotza iduri, bizkotxo bustia astunez erortzeko zegoenean, Don Mateok lepo joko azkar bat egingo zuen ahoan hartzeko mihia atera gabe eta mutikoen iritzia zen behiaren gorotza bezalaxe erortzen zela Don Mateoren ahoan. Denek isilik zirauten, eta ez zitzaien lokotxa saririk luzatuko. Don Mateoren atzamarrek kafesnez bustiak amaitu behar zuten beti, katiluko simaur kondarra zurrupaka irentsiko zuen. Mataza egindako zapi bat aterako zuen sotanapetik, «Euzkadi da...», hatzak milikatuko zituen «...guztion aitak...», betaurrekoak igurtziko zituen «...euzkotarrontzat emandako baratza!», erantzungo zion Don Mateok bere buruari.

 

 

Santio egunarekin Hernani aldera hartuko zuten goizetik, oilasko erdi bana gosari. Bihurgunea ongi begipean zuen pendizean jarriko ziren, autoek moteldu egin behar zuten, bertatik bertara ikusten ahal zituzten Constantini eta Goux lehian, De Buck-ek gaizki hartu eta ipurdiarekin bazterra jo zuen hartan, anaia aurrenekoz eraman duen honetan. Amilka jaitsi dira denak, soldaduak eta motoristak ere berehala ditu gainean, autoak eztul batzuk egiten ditu, ezin du. De Buck atera egin zen, betaurrekoak jaso zituen kasko gainera eta ostiko bat eman zion amorruz atzealdeko firrila aldagarriari. Orduan Arrietak zahatoa eskaini dio eta De Buck-ek atzera bota du burua edateko, oiloek bezala. Beste lasterkariek ia gelditzeraino moteldu behar dute, erdi trabeska gelditu da De Buck-en auto gorria. Itzuli zion zahatoa, eta oinez urrundu zen, buzo zuria hautsak zikindua, autoaz ezaxolatua. Bugattiak ziren onenak.

        Astebete lehenago hasiko ziren saiotan, eta goizaren lehen argiazkorrian, demonioko Delage, Bugatti eta Sumbean haien orroek iratzarriko zituzten Pake Lekukoak eta Pake Leku inguruko hontzak, Astigarragako artadiak harrotuz Pasaiaraino etorriko ziren trenari iseka, labezomorro koloredunak. Zenbaitetan Molinaora iristen ziren gasolina hartzera, labeetakoak bidera irtengo ziren, eta honantzakoan urdina ate nagusian bertan gelditu zen. Pilotua zutitu egin zen. Mutila inguratu zitzaion. Kapotaren hegal bat jaso zuen eta ke bero bat altxa zen tubo ilun haietarik, zerriaren hesteak iduri. Pilotuak zerbait esan zion mutilari, ez zion ulertu. Autoaren muturrari erreparatu zion, 8 handi bat zuen gorriz, eta mutila lasterka sartu zen atelierrean barrena «Jean Graf, Jean Graf!» oihukatu hatza ateari buruz luzatua. Mesié Dibuáren sabelarekin egin zuen istripu. Zartailua galdu zuen Mesié Dibuák. «Jean Graf atean dago, matxura egin zaio!» esan zion itoka. Dibuári mustatxera jo zitzaion eskua.

        Pilotuak haserre ematen zuen. Dibuá eta Luzuriaga bera heldu ziren langileei barrura itzultzeko aginduz. Jean Grafekin hitz egin zuten. Mutikoak ez zien ulertzen. «Nik uste det dinamoa dala!» esan zien.

 

 

«Beidok!» esango zioten mundu guztiari haien begiek Txingurriko bolatokian edo tranbia hartzerakoan edo funeralen batera jaitsi behar zutenetan. Ez zegoen Herreran aurre egingo zien kopetarik. Umetan argitu gabetanik erreklamoak ipintzera eta mutiletan iluntzen hasitakoan neska laguntzera kale-zozo haiek mendirantz ausartzen zirenean bazen aski lahar eta sasiondo harrika ezkututik emateko. Artola, Zugasti, Arrieta, denek hartuko zuten parte. Zugastik hiru eta lau kolpe jotzen zituen ugeldian zopak egiten norgehiagoka ibiltzen zirenean.

        Bazetozen Tellerikoa eta dendakoa eta santanderinoaren alaba beren ipurguardiarekin (...alde batera firme uzteko neskatxekiko jolasak...), beti zekarten neska baino mutil gehiago. Herrerakoak zain gelditzen ziren neskak jostundegia noiz utzi bidean gora jarraitzeko. Lehendabiziko harrikazoak ahulak izango ziren, gaztiguzkoak bezala neskek alde egin zezaten. Orduan, aurrealdea libre zenean, latza txingortea, bidearen alde banatarik, besoak eten artean. Herreratarretako bat bide ondoko sastrakadian ezkutatu zen. Arrietak mendean zeukan, ez zion barkatu. Zugastik makil bat hartu zuen, eta harriak ahituta gordelekuetarik irteterakoan, sastrakaditik su txipi batzuk sortu ziren beren danbatekoekin. Tentemusu gelditu ziren, Arrietaren auhena entzun zen sasiondotik hoska. Herrerakoa tira ahala zihoan ihesi, ez zuten ezagutu. Zugastik laster egin zuen Arrietagana makila jaurtikiz. Arrietak belarriari eusten zion, «Eman egin zidak, eman egin zidak!». Zugastik eskuak kendu zizkion belarritik, odola zuen atzamarretan. «Zulo ederra egin dik!», esan zuen Arrietaren belarria aztertzen zuela. Jabeak negar egiten zuen begiak urtuan. «Hementxe ziok bala!», eta alimaleko arantza bat atera zion gingiletik. Denei erakutsi zien, eta Arrieta bera ere barrezka hasi zen. «Goazen neskengana!» esan zuen Artolak, «Holako zuluak ez dik behar belatakorik pe!».

 

 

Trenbide ertzetik joango zen lehen oilaritean, gorosti makila eskuan, baserrietarik irteten zitzaizkion zakurrei zemaika, orkatila harri koskorretan bihurrituz, bakarra tunelaren bazterretik, irristatuz trabesa bustietan, presatua, presatua tranbia zaharra bezala ilunpean gora. Atotxako frontoian jardungo zuten argitu ere baino lehenagoztik, Groseko atelier guztietako mutilak bilduko ziren, kuartillo bat ardo trabesa, galletekin. Berotzen hasten zuenekoz hondartzara joango ziren pilotan izerditu ondoren, makila bana hondarrean tinkatu, arropa zintzilik ipini eta lasterka zoroan abiatuko ziren uretara, Fiat, Garnier, Panhard, Stinus eta Massé garajeetako enkargatuek ateak zabaldu zain aspertuan egotearen ordez.

        Compañia Eléctrican ez zuten autorik konpontzen, baina urari indarra kentzen zitzaion eta indarrari argia. Burdinolakoa baino lan dotoreagoa zen, eta induzidoa, kilobatioak, trifasikoa ikasten hasiak ziren ahoentzako, harako hautsa, potxa, galda haiek hozkia ematekoak ziren, burdina herdoildua bezain latzak bilakatuko ziren.