—8—
Asteartean eguneko txanda zuen eta bertan egon beharra. Hernanin goizalderako ixten hasiak zirelakoa heldu zen, hots egin zuten Ereñotzura baina han ez zekiten ezer, bazitekeela bakarren batzuek, esan zietena. Ez ziren bederatziak soinua entzun zutenean, «Hemen dituk!» esan zion ofizialak, «La Marsellesa!», eta zubira irten ziren. Bidean behera zetozen jazpanakoak, langile samalda bat zekartelarik ondotik. Aste Santua zirudien, Hernanikoek prozesio legea egiten zutenean Ergobiko sagardotegietaraino, arkume larrutua ohol bitan etzana, lukainka puskak makiletarik zintzilik, barrako ogi bana kandela gisa, putekin. Hiru koloreko española zekarten. «Muera el rey!» oihukatzen zuen setan emakumezko batek.
Zentralaren aurretik iragan ziren sagardotegietarantz. Atean zituzten. «Viva la república obrera!» aurpegiratu zieten ukabila erakutsiz. Ofizialak itxi egin zuen. Tranbia betea zihoan, ordurako, Donostiara.
Baserritarrek maltzur behatzen zieten. «Errepubliká!» esaten zieten Hernanikoek, «Errepubliká!». Ez zuten atejoka handirik egin behar izan. Laster bete ziren oihuz Pagua, Otaño, Garratxena, Gurutzeta eta Oiharbideko upeldegiak. Errepublikaren banderak ile bustiaren harroa hartuko zuen metaren gailurrean.
Isiltasuna eskatu zuten, ez zitzaion ongi aditzen, hasteko berriz eskatu zioten. Orduan mahai gainean jarri zuten Indalecio Prieto, bonbillaren azpian, basoa eskuan. Ixo guztiak isildu zirenean «Proletarios!» errepikatu zuen, «Legeak sortu aurretik, erregeak agintzen zuten!». Isildu egin zen jendearen ukoa bare zedin. Zakar astindu zituen besoak, «Eta horregatik errege botako dun legerik ez omen do!». Entzuleek basoa kupelen baten kontra uste zuten. «Entzun!» esan zien basoa belarri parera eramanez. Indalecio Prietoren izerdiak hamabiak jotzen zituen Hernaniko elizako pazko-kandelaren malkoa zirudien. «Entzun!», eta kupelaren zurrupita ere mututu egin zen, «Esa campana que se oye es la campana del Kremlim!» marmartu zuen entzule txundituen buruetara makurtzen zelarik. «Viva Rusia!» egin zuen orroa bonbilla jotzeraino tentetuz.
Ez lanean, moilako trenbidea luzatzen, ez etxean, ardotan bustitako ogi koskorra haren postrea, zuen hitzik aterako. Zail ohitutako gizona zen, etxekotu egin zen oso. Itoginari tantak bezala bilduko zizkioten hitzak.
Basamortuan egona zen artzain. Karmen Buenos Airesen bertan gelditua zen neskame. Hiru hilabetez behin Santa Rosara etortzen ziren. Mate hartzen ikasiko zuen. Behor bat zozkatzen zuten araukanoek bertako ferian, berari suertatu behar. Bazeraman estantziara pozik, behorra atzeraka hasten zaionean, ez zuela menderatuko, sugea sumatuta edo, hantxe joan zitzaiola behintzat brida hautsa artean erresta. Geroztik ikusiko zituen indioak zozketan, eta sudurrak ematen omen behor hura berari ihes egindakoa bera ez ote zen.
Hamabi urte zituen emanak Ameriketan eta sei hilabete Amaran. Itzulbidaia labezaintzan omen zuen ordaindu baforean. Esker oneko gizona zen, manukorra, baina burumakur egoten zen isilik, egoskor, otordu aurreko otoitzak murdukatu gabetanik, eta Mariak igandeetan, igandero, gosari txipia hartzen ari zirela mezatarakoa aipatzen zionean, mahaitik altxa eta alde egingo zuen baratzera. Etxeratu zeneko hurren igandean Don Mateok seme hondatzailearenaz jardun zuen pulpitutik, «Etorri zaigu gure anaia hilda zegoana, eta piztu dana, galdua zan, eta agertu dana!», baina Inazio Jauregik «Ez zun elizara begiratuko ordua jakiteko ere!».
Bezperatik zebilen erlea eta Donostiako erdialdera hartu zuen, mobilizatu egingo zituztela ere entzuna zen. Soldaduak patruilan zebiltzan, bakan eta presaka jendea. San Inazioko geltokian etzana zegoen tranbia, nafarminak jotako behia bezala.
Pasaian Luzuriaga pistolapean itxiarazi zutela, piketeetan harrapatutako galegoak beren herrira zirela bidaliak. Donostia sakeoan hartu nahi zutela. Taberna eta denda gutxi ageri zen zabalik. Gaitza zetorren Trintxerpekoa.
Bazen jendea leihoetan Ategorrietako hartan. Erlojutik aitzina egin zuen, beldurrak baina, ferra hotsa eta irrintzi haiek, hamarren bat zaldizko eta tropa polita oinezkoak. Behatu ere gabe iragan zen, urrats bat bestea baino arinago ez emateko artarekin, zuzen. «Alto!». Ez zekien burua itzuli behar zuenetz, gelditu egin zen. Arbolak Mirakruzeraino, bera bezain zutak. «Arriba las manos!» esan zuen fusila giltzurrunetan sartzen zioten eskuen ahotsak, «Qué lleva usted ahí!», ozarki, tiro bat emateko pronto. «Suéltelo!», ontzi hutsaren zarata petrala atera zuen fianbrerak espaloiaren kontra. Esku urduriek rekamaran sartu zuten bala, latza hotsa, «Abralo!». Geldiro makurtu zen, korapiloa askatu zuen. Kanoiak burezurrean ematen zion «Continúe!». Algara egin zioten, ez zuten jadanik tirako, haatik «Txirritaren galtzak ere!» bete ikara eramango zituzkeen. Irrintziak entzuten ziren. Mirakruzen itzuli zuen burua.
Bidebietatik zetozen, haurrak eta emakumea aitzinean, kartsu, izukaitz, soldaduen lerroa hautsi eta gora etorriak. Bidea alderik alde hartzen zuten, hutsa gelditua Trintxerpe. «Lehen ere sobra ziok espaloi-jendea!», heldu zion besotik, «Baño asaltokoak zioztik Ategorrietan!» ohartu nahi izan zion asaldatuta, ordea Zabaletak ez zion besoa utziko, «Banaka ez gaituk ezer, batuta herria gaituk!», gorantz zihoazen, jendez eta oihuz inguratua zegoen konturatu ordukoz.
Kapitaina tropagana, manifestariengana sindikatukoa, «Dice que teñen ordes de non deixarnos pasar!». Kapitaina ere hizketan ari zen guardiekin. Inor ez zen mugitu. «Adiante!» esan zuen emakume batek jendeagana jiratuz, «A república é nosa, non deles!». Aitzina egin zuten geldiro, isilik. Bazen jendea leihoetan Ategorrietako hartan. Kornetak jo zuen. Hogei bat metrotara zeuden guardia zibiletarik. Kornetak jo zuen, deskarga egin zuten, inor ez zen mugitu. «Adiante!» esan zuen sindikatukoak. Airera izan zen. Fusiletara mugitu ziren, ferra hotsa eta irrintzi haiek, fusilak jendeari zuzenduak oraingoan. Kornetak jo zuenean fusilek su egin dute, oihuak auhen dira orain, ume batzuk kanoi ketsuen aurrean zaldi putinkarien artean, muin kondarrak, «Norbaitenak izango ziran haiek ere!», listua bezala arbolan itsatsiak. Zaldiak ihesi zihoan jendeari oldartu zaizkio, berak ikusia, etzandakoak hankapean hartuz. Gizon batek laster egiten du Ulian gora, mahuka hutsa airean luze bandera zahar. Arbola ostean kukutua, zabalik ikusi du atea, zaurituak kamionetan sartzeko agintzen du kapitainak, emakumeak negarrez datoz senarrak biltzera. Atea zabalik zegoen, arnas batean sartu zen atarian. Zer gerta ere hobe igaitea, atso batek heldu zion lehen solairuan, «Asesinos, éso es lo que son, mendizerri hoiek!». Guardia zibilek koltxoiak eskatzen zituzten kaletik, zaurituak eramateko. Norbaitek heiagora egin zuen atarian, jaitsi ziren, barandillari helduta zegoen atetik zetorren odol arrastoaren buruan arneguka. Odolaren aztarna aterako zutela, beldurrak zegoen, atsoa atariko giltzaren bila igan zen. Fianbrera biltzen zuen serbilleta askatu zuen, gizonak itsusia zekarren zangoa, ez zion estuegi lotu. Atsoak atea itxia zuenean «No hay nada que hacer con éstos!» hasi zen ostera, baina gizonak tanpez moztu zion kolera sabelpetik atera zuen pistolarekin, «Abóa, gárdeme iste cachafullo!». Atsoak isilik hartu zion, etxera igaiteko esan zien. Fianbrera hartzera makurtu zen. Kokoriko gelditu zen, hondoa sabeltzen zion zulo txipiari beha.
Zaharren esana zen Goizuetakoak nekez huts egiten zuela. Zentraletakoek abisua emana zuten, hirugarren eguna zuten euritan, Urumeako erregatan urak handituak zetozen. Izarrek ibilera zoroak zerabiltzaten, hodei beltzen trumonadak ez zuen gauza onik ekarriko. «Korputz egunian!» lehertuko zuen hurakana.
Urak ibaika Jaizkibelen behera, arbolak eten, zubiak gainditu, Errenteriako paper-olako bobinak eta pinu enborrak kanalea betean ageri ziren Lezoko zerrategiko okumeen artean, hildako izurdeak bezala tripaz gora, «Hura ebiya eta etxietan urik ez!». Lurrak irekitzen hasiak ziren eta jendeak ikaratzen (...Jangoikuaren kastiguz dala askok egin du juzkua...), ganadu asko behar zuen galdurik.
Larunbatean alkateordea etorri zitzaien etxea utzi behar zutela, goiko kaskora aldatu behar dutela mendipeko guztiek lehenbailehen. Pilda zenbait bildu zuten ilunpean, erremintak eta bobinatzen ari zen motor txipi hura hartu zituen. Ez ziren haserre alkateordearen aginduarekin, «Alperrik baita uholdiari atiak jartzia!», belaunetarainokoa zeukaten beheko bodegan, eta baratzearen gainbeherak indarrean zekarren ura oilotegiraino. Eskoletan koltxoiak jarriak omen zituzten jendea biltzeko. Zakurra askatu zuten. Arrebak itxoiteko esan zien, berehala zetorrela eta etxerantz itzuli da, eskalapoinak lokatzari ezin kenduz doa, zaku batekin doa, oilotegira doa, eta ez ahal zuen sartzea egin pareta erori denean kaiolak porrokatuz, barrenoak azpia jandako harkaitza bezala hondoratu zen teilatua.