Haragia
Haragia
2007, narrazioak
160 orrialde
978-84-86766-94-8
azala: Lander Garro
Eider Rodriguez
1977, Orereta
 
2021, nobela
2019, saiakera
2017, narrazioak
2004, narrazioak
 

 

Tekla bat

 

Anak bizitzan noizbait Santiago bidea egin izanaren itxura dauka, argala, ilea inoiz tindatu gabea, aurreztailea. Bero denean kalamuz edo zuntz naturalez egindako arropak janztea maite du, nahiz eta zabalegiak izan eta Joakini zereal zakua iruditu. Joakinek estetika garaikideagoa maite du eta surf dendetan erosi ohi ditu jantziak. Habeak agerrarazi zizkioten Alde Zaharreko etxetxo batean bizi dira, landa estilokoa da eta parpailetan lehertzen diren errezelek ezkutatzen dute bikotearen barne bizitza. Lana etxetik egiten duenetik, Anari itogarriak zaizkio etxearen iluntasuna eta hezetasuna. Etxez aldatu beharra dutela esan dio Joakini, eta honek arrazoia eman dio buruaz, bokarta baten isatsa ahotik ihesi.

        — Lehenbailehen izan behar du, Joakin, ez dakizu zer den eguna hemen sarturik ematea.

        Joakinek gazteagoa zeneko bidaietatik ekarritako arku eta gezi bilduma egongelako hormetan du zintzilik. Apal baten gainean pipa bilduma bat, maskarak, notarik inoiz atera gabeko musika tresnak.

        — Eta zer egingo dugu nik egindako apalategiarekin? Hilabeteko lana eman zidan.

        — Hormatik askatu eta etxe berrian ipini.

        — Neurrira eginda dago, ezinezkoa da. Apalategi horri egokitzen zaion etxe bat bilatu beharko dugu.

        Anak web orriak diseinatzen ditu, lore asko marrazten dizkie beti, trazu lodikoak, kolore askotarikoak. Joakini ez zaizkio gustatzen, lore eta kolore gehiegi dituztelako beti. Anak ere ez dio Joakinen lanari erreparatzen, aluminiozko leihoak egiten dituen enpresa batean zazpigarren urtea du. Lan harremanez eta lan baldintzez, horretaz hitz egiten dute.

        — Jai patronala kendu nahi digute, eta inor ez da kexatu, denek mailuari eman eta eman jarraitu dute.

        — Eta zer egin duzu zuk?

        — Silikona makinan ari nintzen. Makina hori ezin da bakarrik utzi, sekulako deskalabroa egin dezake bi minutuz abandonatuz gero.

        — Hemendik joan beharra dugu, Joakin. Ez dago argitasunik, ez al zara ohartzen?

        Joakinek errezelak bildu ditu eskuaz, eta xingola bat eskuan duela esan dio Anari, nahi badu berak jarriko diola errezelarentzako kakoa.

        — Urtebete daramazu gauza bera agintzen. Orain ez hartu lanik, datorrenak egin dezala.

        Joakinek erreminta kaxan bilatu du, hautseztaturik da. Minutu gutxiren buruan kakoa josi du. Ez daki zergatik ez dituen etxeko lanak maizago egiten, gizonago sentiarazten dute, erosa biziberritzen diote, baina ez da ausartu Anarengana hurbiltzen, nahiz eta bizkarrez dagoen: mantalaren lokarriak silueta edertzen dio, eta hala ere ez da ausartu, ez du oreka apurtu nahi.

        Ana harrikoa egiten ari da, ezkon-eraztuna harriaren gainean utzita. Asteburuetan lagunekin irteteari utzi zion Joakinekin gauzak egite aldera. Horren ordainetan, Joakinen sakrifizioa neguan eskiatzera joateari uztea izan zen, Anarekin denbora gehiago egoteko. Orain, Joakinek eta Anak erruz dituzte gauzak eta denbora.

        — Bihar beste pisu bat ikusteko lotu naiz, laugarren solairuan dagoen bat.

        — Ez ahaztu begiratzen apalategia jartzeko izkinarik ba ote duen. Hilabete eta erdiko lana eman zidan. Eguraldiaren arabera min egiten didan ezpal bat dut oraindik esku ahurrean —eta hortzak esku ahurrera eraman ditu.

        Emakume Gazte eta Ekintzaileak enpresatik eskatu dioten web orrian lanean eman du eguna Anak. Amaitu du lehen zirriborroa. Etxean jarri die hitzordua bezeroei, bertatik bertarako harremana izatea da bere lanaren ezaugarrietako bat. Etorri zaizkio bi emakume, bat gazte kalparduna, bestea eguzkiak maizturiko ilegorria. Egindako lana erakutsi die Anak eta ilegorriak xamurtasuna galdu gabe esan dio kolore eta lore gehiegi dituela web orriak. Anari iruditu zaio ilegorriari plazera eman diola ohartarazpen hori egiteak.

        — Horren sinpatikoa ez den zerbait nahiko genuke, ezta? —galdetu dio gazteak helduari—. Gu ez baikara emakume sinpatikoak, ezta?

        — Ez dakit zer nahi dugun, baina topatuko duzu, Ana, ziur naiz.

        — Etxe argitsuago bat ari naiz bilatzen, hemen ezin da lanik egin —esan du Anak, emakumeen naturaltasunak bere onetik aterata—. Egun osoa ematen dut hemen sartuta.

 

 

Etxea urrutiko auzune bateko magalean da. Jabeak sasizko bekainak ditu, orbel koloreko adats eta bizarra, koadrodun alkandora. Anak pentsatu du baso bat dirudiela gizonak. Etxea erakutsi dio. Egongelan piano bat dago. Egunkari hilak ditu gainean eta argazki bat, eta bertan irribarre izoztuko emakume bat eta bi nerabe. Gizonak tekla bati sakatu dio, Anak galdetu dio jotzen ote dakien.

        — Teklak banaka jotzen bai. Semearena zen, orain ez dira hemen bizi.

        Anak errezelak bildu ditu eta gizona argiturik ikusi du, ostarteko zuhaitza dirudi oihan laiotzaren erdian.

        — Gustuko duzu? —galdegin dio gizonak.

        — Argiz beterik dago, logela ere argiz beterik dago.

        — Zergatik nahi duzu etxez aldatu?

        — Kosta egiten zait nire etxean sartzea.

        — Agian arazoa ez da etxea.

        Ana gorritu egin da, egia inozo horrekin harrituta.

        — Agian, baina heldulekuak beharrezkoak izaten dira, eta esperantza helduleku bat da.

 

 

Joakin isiltasunaz jabetu da etxerakoan. Ordenagailuaren gelan zerbait falta da: ordenagailua. Konketa gainean zerbait falta da: krema eta edergailuak. Etxean zerbait falta da: Ana. Sukaldeko mahai gainean ohar bat: «Bilatzen ari nintzena aurkitu dut azkenean». Jarraian helbide bat eta paperaren izkinetan lore koloretsuak.

        Joakinek autoa hartu du azkarrago iristeko. Oinezko bati galdetu eta kalea erakutsi dio. Papera begiratu du atzera, laugarren pisua, loretxo bat. Txirrina jo eta Anak zabaldu du, betiko txabusina saretua soinean.

        — Ez zaitez haserretu. Honek ez du gure harremanarekin zerikusirik.

        Joakin sarreran gelditu da. Anak pasatzeko esan dio, mesedez, etxea erakustearren.

        — Ezkerreko gelan ordenagailua eta nire trasteak. Eskuineko hau gure logela da —eta gure esatean mingaina oraindik beroegi dagoen hitzarekin erre zaio. Ohea deseginda, Joakinek lurrean dauden Anaren arropa bizigabeei begiratu die—. Gela hau hutsik dago, Ramonen seme-alabena zen —jarraitu du Anak, baina ez du atea zabaldu—. Eta hemen egongela eta sukaldea —amaitu du, txisteratik untxia atera duen mago hasiberriaren antzera.

        Sukaldeko mahai gainean bi plater, botila bat ardo eta kandelak. Baso itxurako gizona amantala jantzita, burruntzalia jaso du Joakini agur egiteko. Musugorriturik da eta zaharragoa dirudi gauez.

        — Nire senarra, Joakin —aurkeztu du Anak, irribera.

        Gizonak amantala eranztearen imintzioa egin du. Joakin gizonarengana abiatu da, lokiko zaina gizenduta, eskuak ukabilduta. Ana tartean paratu da, eskuak jaso ditu, altoa emanez.

        Baso itxurako gizona ardoaren etiketari begira gelditu da, lasai antzean. Anak hosto itxurako adatsetan murgildu dizkio eskuak, beldurrez hasieran, sakonago ondoren. Jarraian bere magalean jesarri da, jaki ketsuen aurrean. Joakini begira gelditu dira, gatz bila etorritako bizilagun astunaren antzera sentiarazi arte. Joakinek lorontzi bat lehertu du pianoaren aurka. Ondoren burruntzalia telebistaren kontra. Anari begira gelditu da, honek labana eta sardexka esku banatan jarraitu du. Atea zabalik utzita irten da etxetik Joakin. Anak zapi batez sikatu du piano gaineko ur putzua.

        — Zaharra zen telebista, ez zaitez ardura.

        Ramonek ardoa ireki eta sudurrera hurreratu du. Anak Joakinen Golfaren motor hotsa entzun du.

        — Hasieran iruditu zaidana baino gehiago entzuten da kaleko zarata.

        — Lan egiteko arazorik sortuko al dizu?

        Anak ardoa dastatu du.

        — Ez dut uste.