Golf ondoko etxea
Landerri
Pilotek 200 kilometro orduko abiaduran egiten dute talka. Ikusi hormetako konkorrak esan du Anjelek.
ETBko kamerariak hormako irudiak hartu ditu, Anjelek hitz jarioarekin jarraitu bitartean, kazetaria laguna izango balu bezala. Terraza zedarritzen duen sarea seinalatu dio:
Begira horri, bi metro eta erdiko sarea. Oilategi bat dirudi, zoo bat. Baina berdin dio, pilotek sarea gainditzen dute, 200 kilometro orduko. Zuk badakizu zer den hori?
Irribarre egin dio kazetariari: zuk ulertzen duzu, zuk nire ardurarekin bat egiten duzu, zuk badakizu 700.000 euro balio duen etxe bateko terrazara ezin irtetea zer den.
Kazetariak sarea grabatzeko keinua egin dio kamerariari.
Eguneroko estres hau! Terrazara irteteko beti beldur! Nire emaztea ez da terrazara irten ekainetik, pilota batek kristala apurtu zuenetik, ulertzen?
Noiz jarri zenuten salaketa?
Iazko uztailaren hasieran.
Eta zer esan dizue epaitegiak?
Ez dugu erantzunik jaso.
Baina zein uste duzue izango dela ebazpena?
Anjelek barre egin du, elkarteko afari batean balego bezala barre egiten saiatu da.
Begira, hemen, enpresa eraikitzaileaz gain Udala ere sartzen da jokoan, eta hor trapu zikin asko dago, mokadu ederrak tartean. Denok dakigu zer den etxebizitza politika, are gehiago PSOE muturra sartuta dagoenean eta ukabilarekin esku ahurra jo du bi bider.
Kazetariak koadernoa itxi du. Gizonaren izen-abizenak baino ez ditu idatzi: Anjel Etxarte (ondoan hiruzpalau kaligrafia ezberdinez ere ipini du). Eta amaitu da zure denbora, iradoki dio bekainak altxatuz, eta orratz baten norabidea zuzendu du ile kirruetan.
Bihar gaueko albistegian ipiniko dugu, zortzi eta erdietan ETB-1ean eta bederatzietan ETB-2an.
Ez dituzue pilotak grabatu. Atzeko patioan daude. 250 inguru jaso ditugu zelaia zabaldu zutenetik.
Umeen jostailuak gordetzeko diren plastikozko kaxa batean ehunka pilota daude: zuriak, beixak, laranjak, horiak.
Sukaldeko mahai gainean jarrita dagoen emakumeak Anjel eta kameraria pasatzen ikusi ditu, baina mahai gainean jarrita jarraitu du, hortzekin azkazal inguruko axalak erauzten.
Kamerariak lehen planoan grabatu ditu golf pilotak. Zoom out bat jarraian, eta kazetariari keinu egin dio amaitu duela esateko. Badirudi ETBk galarazita diela kazetari eta kamerariei hitzez komunikatzea.
Mila esker. Orain bai, amaitu dugu.
Zerbait nahi? Zerbeza, kafea, freskagarriren bat?
Anjelek ateraino lagundu ditu eta motor hotsa entzun arte lorategian gelditu da.
Ederra da zelaia hesitik hara.
Ez dut uste haiekin nahastu behar dugunik.
Baietz ba, putakume horrek bista ona zaukak gauza hauetarako. Ez haiz konturatu zer-nolako judu aurpegia daukan?
Egoera dagoen bezala egonda ez naiz fio.
Auditoria batekin konpon daitekek hori. Horrela ikusiko diagu zenbat B dagoen, eta horren arabera erabakiko diagu.
Ez da nahikoa. Ez dituzu egunkariak irakurtzen?
Ausardia falta zaigula uste diat, Jabier.
Ez dut Indiana Jones izan nahi.
Tratu ona duk. Egidak kasu behingoz. Hire zaharra baino okerragoa haiz.
Askoz ere okerragoa.
Gaurko partida irabazten duenak erabakiko dik fusioa egin ala ez. Ados?
Ez, ez nago ados.
Tira, hire txanda duk.
Pilotak zaldi buru, txori kaiolatu, kafegailu eta vikingo formako hodeiak zeharkatu ditu eta muino baten erdian gelditu da, bakar eta zuri, berdearen erdian.
Anjel eta Aneren etxea argitsua izan zitekeen errezelak zabalik izango balitu. Anek ordea nahiago du itzala. Begi sentiberak dituela esaten dio Anjeli, argitasunak min ematen diola. Baina ez da horregatik errezelak itxita maite dituela, ez du nahi mundua leihoetatik sar dakion.
Beheko solairuan egongela zabal bat dute, lur kolorez pintatutako hormak eta gereziondoz egindako altzariak. Komuna, eta krema koloreko sukaldea. Bikote orekatu baten etxea da, dekorazio aldizkarietan «lanbide liberala» duen berrogei urte inguruko bikote batena. «Giro rustikoa eta funtzionalitatea batzea lortu dute Irungo (País Vasco) duplex abegikor honetan» idatziko lukete. Baina dekorazio aldizkarietan errezelak beti irekita izaten dira, eta jabeak igande goizetako aurpegierarekin agertzen dira, maitasun saiotik jaiki ostean, elkarrekin laranja ura gosaltzeko aldartearekin, juxtu umeen zalaparta hasi baino lehen.
Ane alfonbrako pilotatxoak kentzen ari da Carrefourren erosi berri duen tresna batekin. Bere azken jostailua da. Belauniko dago, makinatxo elektrikoa behin eta berriz pasaz alfonbra gainetik. Badirudi kotxe batekin jostatzen ari dela, belauniko lurrean, txandal horrekin, nerabe bat. Alfonbraren gainean lauburuak tailaturik dituen kutxa mahai gisa. Egongelako horma bat liburuz estalia: Gerra Zibilaren entziklopedia, Zumetaren mihise bat apal biren artean, literatura horitua.
Anek ez dio elkarrizketari buruz deus galdetu.
Amaitu dugu. Bihar gaueko albistegian emango dute. Cereceda putakume horrek ikustea espero dut Anjelek ohi duena baino ozenago hitz egin behar du bolatxoak erauzteko makinatxoak ahotsa estal ez diezaion. Luze egon dira, ezta?
Luze, bai erantzun dio maitekiro. Labean dago bazkaria.
Lasagna egin duzu?
Konjelatua da. Ondo orduan elkarrizketa? esan du Anek amets gozo batetik esnatu berria bailitzan, eta ileko goma ezpain artean ipinita berregin du mototsa.
Interesgarria iruditu zaie. Patioko pilotak ere grabatu dituzte, eta hormetako konkorrak. Ikusiko du urde horrek. Zergatik ez zara irten, maitea?
Hiru hilabete dira ez dudala Anjel biluzik ikusi. Bizilagunek ikusiko zaituzte, esaten nion dutxatik irten eta etxetik paseatzen zenean. Gabonetan albornoza oparitu nion, nahiz eta Anjelek ez zuen ordura arte inoiz albornozik jantzi.
Egunotara arte ez nion sekula nire buruari aitortu higuina ematen didala bere siesta zaporedun ahoak, tabakoak horitutako bibote muturrak.
Logelan albornozarekin agertu denean plazera sentitu dut. Gaur gauean nirea ez den ohean egingo dut lo, nirea ez den pijamarekin. Horrek guztiak lasaitu egiten nau.
Orain ez duzu albornoza kentzen.
Ohitu naiz, egia esan.
Ondo ematen dizu esan diot.
Anjelek kolutorioz beteriko masailekin baietz esan dit, hamster bihurturiko gizonak, beti baietz. Eta bere zorion txoro hori, dena okupatzen duten kezka inozoak. Galtzontziloak jarrita nahiago izango nuke, dilinda eta kozkorrak ebitatzeko, baina Anjel bera ohartzea nahi nuke, ez diot nik esan nahi. Hobe horrela, errazago horrela. Errazago dilinda eta kozkorrekin. Etxeko bazterrak begiratu eta habe, harri biluzi, ehun fin bilakaturiko plusbalia behatzen dut. Argazkiak eta folklorea. Baionan bizi ginenean Txomin Iturberen ondoan hartutako argazkia, Arrueren estanpa, berriztatutako lanabes herdoilduak, gazte errepublikarrei gerra egitera dei egiten dien afixa, eguzkilore idorra. Hori eta entziklopediari hautsa astintzea izan da azken urteotako gure konpromiso politikoa.
Eztia da burukien azpian gordeta dudan nezeserraren kremallera laztantzea, hemendik aurrera berriro ere depilatuko ditudan bekainentzako pintza, betzuloak kamuflatzeko krema, ezpainak edertzeko margoak, ohe gainean eserita, Anjelekin hizketan ari naizen bitartean.
Amodioa egiteko gogoa daukat, Anjel.
Tixerta erantzi dut, kiroldegiko aldagelan banengo bezala, neskatila eta atsoz inguratuta. Anjelek kolutorioaren azken arrastoak garbitu eta hamster aurpegia konketa zuloan hustuta etorri zait, ezpainak oraindik apur bat gorriturik. Bularretakoari begira gelditu da, gero begietara, gero bularretakora, begietara.
Pozten naiz, Ane.
Pozik zaude?
Pozik nago nirekin amodioa egiteko gogoa duzulako.
Ni ere pozik orduan.
Anjelek olentzero irribarrea egin dit. Bularretakoari begira gelditu da, gero begietara, gero bularretakora. Ohe gainean eserita gaude, bata bestearen aurrean, titiburuekin tematu da eta bitxiloreak jaten ari den hartz gaztea dirudi. Hatzekin trapezioak bigundu dizkiot, Gogorra zaude, energia gehiegi xahutzen duzu golfaren aferarekin, eta Anjelek, Gozoa zara, polita, zergatik ez nauzu maite? Ulerbera ni, gorputzarekiko proportzioa galdu duen hori sartu dut barrura.
Isurtzera noa... berdin dio?
Berdin dio eta belarri gaineko tximak orraztu dizkiot hatzekin. Berdin dio.
Amaitu da.
Berdin dio.
Eta ondoren, gehien gorroto dudana esan dit:
Hemen barruan egon nahi nuke hil artean, maitea ume hizkera imitatuz, miauka eta muzinka.
Eta nire mututasuna mututasun eta ez pausaleku dela ohartuta, jarraitu du:
Baina zu gaiztoa zara, eta ez nauzu maite.
Ez diot berriro esan nahi gorroto dudala gizonezkoek umeek bezala hitz egitea. Hobe horrela, errazago.
Dutxa beroak desinfekzio efektua sortzen du nigan, haragia gorritzen dit. Ohera bueltan, Anjel nire hanken artean ipini da eta sabel gainean hartu du lo.
Kanpoan, berdearen gainean, Jabierrek Bartzelonan erositako zapata berriak begiratu ditu, eta burgesegiak izan gabe klasea dutela erabaki du. Burdina ere berria dauka, Callaway bat, titaniozko buruarekin. Eta huraxe igurtziz esan du:
Amodiozko abentura bat bezalakoa da golfa, serio hartzen ez baduzu dibertigarria da, baina serio hartuz gero bihotza apurtuko dizu.
Ba nik motibo bakarra daukat golfean jokatzeko: emaztea amorraraztea.
Kontxo!
Dibertitu egiten naizela uste du berak!
Jabierrek asko pentsatu du fusioari buruz, eta geroz eta argiago dauka ez dela egokia, onenak emanda dagoela. Pilotaren zuriak erlaxatzen du, edariak baino gehiago, putek baino gehiago. Ezetz erabaki du, Titleist zuriari begira. Burdina altxa eta pilota jo du, ezezko borobila.
Lehen ez dut ondo esan. Bizitza bezalakoa da golfa... borroka egingo duzu, bide osoan ahalegin handiak egingo dituzu... zuloan amaitzeko.
Jabier, hire zaharra baino askoz okerragoa haiz.
Apaletako hautsa garbitzeko eskatu dio Anjelek garbitzaileari, sinpatiaz, erruduntasunez. Gaizkaren argazkiak gordetzeko kutxa ikusi du anabasaren erdian; hartu eta komunean sartu da. Bere antza zuen, baita amarena ere, ile, begi, azalaren kolorean.
Pilotatxoak kentzeko makinaren zaratak Ane inguruan dabilela ohartarazi dio, eta lababo azpiko armairuan gorde du kutxa.
Platano irabiatu bi prestatu ditu Anjelek, kafea eta ogi xigortua marrubi mermeladarekin. Itxaropenaren sinboloa iruditu zaio une horretan mermelada, eta agian, Anek buelta eman diola, dagoeneko bi urte igaro baitira.
Ez ahaztu, Ane, 20:30ean ETB-1ean edo 21:00etan ETB-2an. Pena bakarra daukat: Cerecedak Antena-3 ikusiko du.
Sukaldeko leihotik polodun bi gizon ikusi dituzte euren orgatilak arrastaka.
Hori besterik ez dut desiratu esnatu naizenetik, Cereceda izena entzun eta ondoren Anjelen espitxa, after shave usaineko energia zurrunbiloa, irabiatuak zikindutako muturra mingainarekin garbitzeko manera, kalerako jantzita baina txapinak erantzi gabe. Horregatik, arretaz entzun diot mahaiaren beste aldetik, hitz guztiek urra nintzaten saiatuz, hitz bakoitzak. Eta galdera asko egin dizkiot, bi urte hauetan egin gabe utzitako guztiak. Uste duzu ondoriorik izango duela ETBkoak? Noizko jasoko dugu epaitegietako erantzuna? Uste duzu Cerecedari irabaziko diogula? Eta azalpen guztiak tropelean, ume bati kasu gehiegi egiten zaionean bezain harroturik Anjel.
Afaltzera etorriko zara?
Anjelek begien dirdira soilik ikusi du Aneren aurpegian, eta arratsaldeko bilerarekin akordatu da, eta bilerarik ez duela esan dio. Oraindik begi azalean dauka Gaizkaren irudia.
Anek haragizko muxu bat eman dio Anjeli lanera abiatu aurretik.
Gauera arte orduan.
Pilota batek terrazako hormaren aurka talka egitearekin batera askatu du Anjelek haragia. Eta muxua ezpainetatik zintzilik irten da etxetik.
Senarraren gamelu ibilerak eta ipurmasail poliedrikoak, jakaren tolestura irekiak bizkarraldean. Non nengoen ni hori gertatu zenean, zein unetan zartatu zen jaka, noiz jaio zitzaizkion ertz horiek guztiak. Autora igo denean, leihoa bajatu eta eskuaz agur egin dit. Gizon bat, pentsatu dut, gizon bat bere autoan emazteari agur eginez. Eta nahiz eta unaturik eta desolaturik egon nahiko nukeen, ondo nago. Mugaren bat gainditu izanak kezkatzen nau. Gaizka begiratzen nuenean bezala, bera eta ni bainuontzian, beso txikiak ura apurtuz, nire bular xaboiztatuak esneak puztuta, hizkuntzarik ederrenean hizketan, ggg, gggggg, ggggg..., nahiz eta: Bihotzeko gaitza bizi osorako da, Ez du inoiz beste umeen bizi kalitaterik lortuko, Balbula hori konpondu ezean arazo larriak izango ditu.
Nezeserra maletan gorde eta etxeko errezel guztiak ireki ditu. Maleta mehe bat eramango du, han erosiko du arropa.
Diru arazorik balute sikiera, edo negozio zikinen batean sartuta harrapatu izan balute Anjel.
Egongelako leihotik golf jokalariak begiztatu ditu, belar gozoa, harri hezeak. Iragana izango den guztia begiratu du, sofak eta koadroak, golf pilotez estaliriko terraza, altzariak eta gizon horren argazkia.
Christine? Bederatziak hamar gutxiagotan helduko naiz.
Ondo zaude?
Bai, bai.
Anjeli erran diozu?
Ez.
Segur zara hartutako erabakiaz?
Uste dut baietz. Bai.
Zuretzako logela konpondu dut.
Gaur amaituko da dena. Gaur hasiko da dena. Gauean Baionarako trenean egongo naiz, Christineren etxerako bidean. Eta Anjel, menestra eta bakailaoaren aurrean hutsari begira, zain. Irudi horrek sortzen dit ezinegona. Afaria prest uzteak.
Gutunik gabe (zer esan behar diot orain, hamabost urte eta gero). Anjel, gainera, gai da txeratsu idatzitako lerro bati helduta gelditzeko (hemen maite nauzula dio), aldamiotik labaindu eta hoditik zintzilik gelditu den langilea bezala.
Baionatik hots egingo diot akaso, bihar edo etzi, ondo nagoela esateko.
Inoiz kolpatu izan banindu bederen, edo ahizparekin ohean harrapatu izan banu.
Baina ezezagunak aurrean dituenean bere hitz egiteko modu hori, edo ogia bustitzeko ohitura, edo mingainaren mugimendua muxu ematen didanean, edo pozik dagoeneko energia horrible hori.
Nire iraganari zer gertatuko zaion berdin dit.
Ate hau ireki eta etxeko giltzak egongelako kutxaren gainean utziko ditudanean, pilotatxoak erauzteko makina eta Gaizkaren argazkiaren artean, zapi brodatuaren gainean, kutxan arrastoa egin ez dezaten.