Salgai
Proiekta ekoiztetxeko arduradunak, Markel Madinak, ez dio kontratua berrituko Miren Goenagari.
Zure ordez esan dio goizean eskarmentu handiko mutil bat hartu dugu. Bartzelonan zaildua, bere kabuz jarduten ohitua... Froga bat izango da. Dena ondo badoa begiratu iheskorra ostera itzuliko zara lan-taldera.
Ez didazue kontratua berrituko, hori esan nahi didazu, ezta?
Baina zer diozu! Zu etxekoa zara, Miren, ez ezazu inoiz hori ahaztu. Inork ezin zaitu zure etxetik bota, aditzen? Eta gainera irribarre, senarrak egin dezala lana. Antigoaleko emakumeak bezala senti zaitez hiru hilabetez bederen, oporraldi moduko bat izango da, besterik ez, emakumea.
Mireni aberats berriek baino higuin handiagoa sortzen dion giza-talde bat badago: Markel Madina bezalako homosexual berriek osatutakoa.
Ekoizpen arduradunak homosexual berrien manerak ditu: inor baino modernoagoa, inor baino ausartagoa, inor baino atzelariagoa. Mahai gainean, iragan bizitza bateko seme-alaben erretratuak. Bera ordezkatzera etorriko den mutikoarekin mahai azpian olgetan ibiltzeko gogorik ote duen galdetu nahi izan dio Mirenek, baina semeak zer moduz dauden galdetu dio, «Zer moduz daramate aita atzelaria izatea?» aditzera ematea lortuz.
Markelek ere txikien argazkiari behatu dio:
Inoiz baino hobeto.
Lehen aldia da Miren Goenagak lan arazo bat duena telebistan ari denetik. Berrogei urteak gorabehera, gurasoei, eta batez ere aitari, nola esan asmatu ezinean dabil, esaldiak josiz eta atzera askatuz, aldarteak entseatuz.
Kafe makinaren inguruan daude lankideak, komunetik entzuten ditu Mirenek. Wimbledon eta Tourra amaituta, oporrei buruzkoak dira elkarrizketak. Vietnamera joan behar duela dio Danik aitorpen doinuz, eta besteen asalduak amaitutakoan, baimena eskatuz bezala, irribera, jarraitu du: «Iaz ez ginen inora joan, aizue!». Juan Carlosek, Egiptora joango direla, Marian Arte irakasle izan arren ez baititu oraindik piramideak ezagutzen. Korok, bero ez den tokiren batera joan nahiko lukeela: Islandiara edo Errusiara.
Hamaiketako hondarrak komun zulotik aienatzen ikusi ditu Mirenek. Ez die lankideei oturuntzarako hizketagairik oparitu nahi eta hurrengo astera arte itxarongo du kontratuari buruzkoak kontatzeko. Botaka egin ostean lasaiago sentitzen da beti, arinago.
Islandian garesti dago tabakoa gaztigatu diote Korori.
Islandia zoragarria da, sumendiak eta izozmendiak borrokan.
Mirenek kolirioz freskatu ditu begiak ispilu aurrean. Zaila da jakiten zer ikusten duen bere begietara begiratzen duen emakume batek. Arnasa hartu eta gerrikoa koxka bat gehiago estutu du. Soslai jarri da, aldaketan eskuak, gero oin puntetan, eta oin puntetatik jaitsi ondoren berriro oin puntetan. Hori guztia egin du, baina ez du inoiz asmatuko zer ikusi duen ispiluan.
Atearen bestaldean kalaka: bikinia, dieta, udako kantua, adina. Miren ernegatuta dago oporren gaia oraindik itzali ez dutelako, eta inork okerrik pentsatu aurretik, komunetik irten behar duela deliberatu du.
Eta zuek, Miren, nora joateko asmoa duzue?
Roberto lanpeturik dago esan du kexati. Besterik ez bada Parisera joango gara.
Lankideak ados: Paris beti da leku aproposa, udan ederragoa da... etb.
Miren Goenaga ez da bereziki ederra, baina aberatsen edertasuna dauka. Belaunaldiz belaunaldi, endogamiak emandako fruitua da: ile lixo gaztainkara, sudur txiki estua, hortz zuri zuzenak, pornografikoak izatera iristen ez diren ezpain mardulak, zango luze meharrak. Inoiz Robertorekin umerik izatekotan, ederra izango litzatekeela ziur zegoen. Donostiako Tenisean ibiltzen diren senar-emazte eta hauen seme-alaben perfekzio dogmatikotik hurbil ibiliko litzateke inoiz jaioko balitz. Nahiz eta Miren ez den Tenisera itzuli igeriketa taldea utzi zuenetik.
Aita ETBko lehen zuzendaritza taldean aritu zen mokoka, gehiegi nabarmendu gabe. Egun, erretiroa hartuta, bonsaiak, ardoak eta hondartzako barandatik ikusten dituen neskatilak dira bere denborapasa ia bakarrak. Horretara ailegatu aurretik, eta alabaren etorkizuneko beharrez jabetuta, telebistan lana aurkitu zion orain bederatzi urte. Ordutik, lanik egin gabe aspertu egiten dela errepikatzen du Mirenek (o!, nik ez dakit lanik egin gabe egoten), taldekideen artean zisma sortzeraino: batzuek Miren bezalakoa izan nahi dute, besteek bera bezalakoak erail nahiko lituzkete.
Mirenen aitona kapitaina izan zen gerra garaian. Errepublikar baten biloba bertsolariak kazetari bati azaldu zion behin Goenaga kapitainarekin aitonak izandako enkontrua, nola hark zuloan sartzetik aske utzi zuen, bertso hunkigarria bota ziolako Donostiako Marinako komandantzian. Mirenek pasarte hura eta gehiago kontatzen zituen ahal zuen guztietan, aitona demokratizatzeko, entzuleen baitan familiari buruzko irudi amultsua gordeta geldituko zen segurtasuna izan arte.
Goenaga zaharrak Ulia auzoan seme-alaba bakoitzarentzat etxetxo bana utzi zituen, eta eraztun eta iduneko mordoxka. Gurasoengandik jasotako etxean bizi da Miren orain. Amarentzat urruti gelditzen zen auzunea (adinean gora egin ahala, garraio publikoan ibiltzearen pudorea areagotuz joan zitzaion) eta Arrasate kalean pisua erosi arte ez zion bakerik eman aitari.
Ostiral honetan, telebista saioaren azken programa grabatzearen aitzakiarekin, elkarrekin afaltzeko lotuak dira lankideak. Mirenek, ordea, zalantzak ditu hondoratu gabe eusteko gai izango ote den, eta nahiago du arriskurik ez hartu:
Notariotzara joan beharra daukat. Ezin izan dut ordua aldatu, barkatuko didazue.
Lankideak pozik daude haien bizimodu apalen pizgarri den urtean behineko afariaren atarian. Gauerdirako etxean izango dira, edandako alkoholak horditurik baino haien bihurrikeriak hanpaturik, eta agian amodioa egingo diete etxekoei oherakoan. Baina batez ere, hurrengo emisio denboraldian kafe makinaren bueltan maiztuko dituzten pasadizoetarako ematen dute afariok. Madinak ongi pasatzeko esan die: «Eta txintxoak izan». Modan dagoen jatetxera joatea atsegin dute. Haurrak urtebetetze festa batera nola, halaxe sartu dira denak Danielen ibilgailu berrian.
Mirenek abiatzen ikusi ditu, eta Miramongo tontorrean zigarroa erretzen ari den bitartean, bere etxea hiriaren geografian kokatu du. Hantxe behar du, puntu zuri ezdeus bat, puntu zuri ezdeus gehiagoren alboan, berdez inguraturik. Takoiak begiratu ditu, ondoren bere etxea den puntu txikiari erreparatu dio, eta bihozkada horri jarraituko diola erabaki du: oporrik ez izatearen ordainetan, zerbait erosiko du etxera bideko dendetan, koloretako poltsaz betetzeko logela. Ohea poltsaz beteta, hori baino irudi atseginagorik.
Lehenago, gazteagoa zenean, burutik pasatzen zitzaion edozer edonori edonon esateko eta egiteko gai zen. Urteek, baina batez ere estatusak baretu egin dute Miren. Une gozoren bat konpartitzen dutenetan, Robertok, oraindik, bere zorakeria horrekin maitemindu zela gogorarazten dio.
Ezpainak kakaoz busti, eguzkitako betaurrekoak jantzi eta, bankeroen gisara poltsa besapean jarrita, Begiristain pasealekutik jaitsi da, ipurmasailak tenkatuz urrats bakoitzean, fitnessa utzi behar izanak sortutako amorrua apaldu nahian pauso gero eta arinagoez.
Zezen plazaren parera iritsi orduko izerditan da. Klinex batekin igurtzi du aurpegia. Makillajea ezabatu zaio eta benetakotasuna berreskuratu du.
Auto batetik klaxona, beste ekoiztetxe bateko jabea, aitaren adiskidea, beti sinpatia handiz tratatzen duen arren Mireni inoiz lanik eskaini ez diona. Eskua kasketa moduan jarrita, hodeiertzera begiratu du. Hobe du gizonaren autora, lan eskaintzak ezin baitira inoiz aurreikusi.
Matxuratu egin al zaizu autoa?
Bai, ez dakit zer duen.
Mirenek zangoak zabaldu ditu diskrezioz.
Zer moduz aitona?
Bihar egingo diot bisita, larunbatero joaten naiz.
Eta aita?
Beti bezala, nirekin pixka bat petralduta, badakizu.
Umerik ekartzen ez duzulako...
Horri buruz ere hitz egin izan duzue orduan?
Goraintziak emaizkiozu.
Askatasunaren hiribidean jaitsi da Miren.
Goraintziak Albertori ere, hilabeteak dira ikusi ez dudala.
Beharbada igandean joango da zaldi karreretara.
Miren aspaldi ohartuta dago jendea ez dela inoiz Robertoren izenarekin oroitzen.
Gizon-emakumeak behatzen ditu pasatzen, alde batera eta bestera, pendulu bat hipnotizatzailearen eskuetan nola, batera eta bestera. Barne lasaitasun sakon moduko bat sentitzen du, urteak dira horrela sentitzen ez dena.
Cristina dendara sartu da. Lur koloreko jaka-traje bat erosi du, Escada markakoa.
Irten bezain pronto poltsa zabaldu eta zetazko paperean bilduta ikusi du jantzia. Hots gustagarri bat egiten du hatza gainetik lerratzean. Etxean, sortzen dioten kitzikaduraren arabera mailakatu eta gero, zabalduko ditu paketeak. Ispilu aurrean jantziko ditu ondoren, kilimak gorputza zeharkatzen. Handik denbora gutxira mustuko ditu, aldez aurretik ongi aukeratutako egunean (igande eguerdiek lehentasuna dute). Eta berriro jantziko ditu egun batzuen buruan, konbinazio berriak sortuz. Erostearen zirrara ez baita erosketarekin ahitzen, eta zorioneko sentitzen da ekintza finigaitz horretan pentsatuz.
Auzmendin festa doinuz agurtu du saltzaileak. Berritu egin dute denda, eta orain lehen baino beldur handiagoa ematen du bertara sartzeak, hain da zuria eta urruna guztia.
Loewe eskuko poltsa bat aukeratu du eta dendariak beherapena duela argitu dio (o!, ez naiz ohartu).
Versace gerriko bat, larruzkoa, ainguratxo urreztatuekin.
Miriam Ocarizen brusa bat, Amaia Arzuagaren beste bat.
Benegas lurrin-dendan La Prairie etxeko kutxa: aurpegirako hiru krema (skin caviar), begizuloetarako beste bat, xaboia, tonifikatzailea. Azken unean, Givenchyren L'interdit.
Tousen, urregorrizko belarritako parea, 70eko bildumakoa.
Poltsetako sokek min gozoa egiten diote esku ahurretan.
Eguzkitarako betaurrekoak, Lacoste.
Belusezko buruko bat, lumatxoekin.
Arbelaitzen, txarolezko eskularruak, Burberry.
Zetazko zapi bat, Gianfranco Ferre.
Zapata ertzean ateratzen zaion juanikoteak lotsarazi egin du, eta hala ere Marc Jacobs zapata pare bat, eta badaezpada Fendi etxeko botak.
Egarri da. Errepidea gurutzatuta, Avenida XXI tabernan sartu da. Taburetea talaia hartuta, kolore eta materia askotariko poltsek osatutako espektakuluari so gelditu da, bakoitzaren barruan mundu misteriotsu bat. Tonika eskatu du eta bi pintxo jan ditu. Tabernariari poltsak une batez zaintzeko eskatu dio. Komunean, eraztunak erantzi eta hatzekin eztarriko kanpaitxoa jo du. Goitika egin du berehala, eta hortzak eta mingaina garbitu ditu hortz eskuila tolesgarri batekin. Anorexia duten neskato gajoekin pentsatu du. Batzuetan iruditzen zaio, goitika egin ondoren normalean, neskato horietako batzuekin hitz egin beharko lukeela, eta azaldu, nahi adina jan daitekeela goitika ganoraz eta diziplinaz egiten ikasiz gero. Baina horrelako gauzak pentsatzen dituenean tupperwareak etxez etxe saltzen dituzten emakumeen tankera hartzen dio bere buruari, eta amaren antz gero eta handiagoa duela ohartzen da, edozein unetan karitatera lerratzeko joera laño horrekin. Ezpainak pintatu ditu, kolirioa ipini du eta, maindire zurian tinta tanta nola, hedatu zaizkio begi-niniak.
Etxeraino falta zaizkion bi kilometroei gozo itxura hartu die.
Urumeako zubia zeharkatu eta Sekundino Esnaolan gora egin du. Minbera ditu eskuak, mina eta izerdia nahasturik.
Ehun eta berrogeita zazpi eskailera igo behar ditu Uliara iritsi aurretik. Hatsanka doa, eta hiru maldaren faltan, oinutsik jarri den unean, 4x4 bat gelditu da bide bazterrean. Ignacio bizilaguna da, Parke Teknologikoko enpresa bateko gerentea. Oinetakoak eskuan, Mercedesaren atea zabaldu du eta larru usainetan ikusi du zaharra: koadrozko alkandora, sanpankrazioa.
Bata bestearen gordintasuna ezagututakoak dira, eta ordutik beharrezkoak diren gezurrak baino ez dizkiote esaten elkarri. Mirenen etxe atarian gelditu du autoa.
Robertok nahi izatera, lan bat eskainiko nioke.
Ignacioren aurrean espumazko kanape batean eserita bezala sentitzen da Miren.
Ez da aspertzen, egon lasai; etxean lan batzuk egiten dabil.
Poltsei begira gelditu da gizona.
Zure urteak al dira?
Ez, kapritxo batzuk besterik ez dira. Abenduan betetzen ditut.
Urrundu egin da Mercedesa.
Sastrakak jana dago lorategia izandakoa. Ipotx bati sudurra eta beste bati txanoa falta zaizkie. Hondartzarako mahai tolesgarri batean garagardo latekin egindako piramide bat, eta atzean Roberto. Ogi muskin bat eta txorizo mutur bat. Lainoturik dagoen arren, eguzkitarako betaurrekoak ditu jantzirik. Hoztu duen arren, bainujantzia baino ez darama soinean.
Mirenek poltsakada batez eraitsi du latazko eraikina. Orduantxe esnatu da senarra.
Shopping! Niretzat zerbait erosi al duzu?
Miren logelara igo da, eta dutxaren ostean kremak eta Arzuagaren brusa jarri ditu. Luxu hotsa zabaldu da logelan paketea desegitean.
Daniri deitu dio, haiekin elkartzeko garaiz ote dabilen. Danik bere zain daudela erantzun dio, eta telefonoa lankideei pasa die berak esandakoa berretsi dezaten.
Banengoen ni azkenean animatuko zinela!
Sukaldean garagardo bat hustu du. Robertok azuleju batekin besoan egindako ebakia erakutsi dio eta Mirenek whiskian bustitako ahozapi batekin igurtzi dio.
Lanak amaitzear daude, maitea besoari oratuta etxearen atzealdera eraman du Miren.
Robertok eskua luzatu dio, eta Mirenek, 50 euroko bat aterata, bainujantziaren gerrian zintzilikatu dio.
Lan elkarrizketa baterako deitu didate garraio enpresa batetik.
Se vende dioen afixak diz-diz egiten du ilunabar gorrian. Zozo bi zaborrean ari dira mokoka. Mirenek behazuna sentitu du mingain azpian Goenagatarrenak izateari utziko dieten lurrei begiratzean. Robertok betaurrekoak jantzi ditu berriro eta zakila atera du sastraka artean pixa egiteko.
Kamioia gidatzeko karneta ordainduko bazenit...
Txorrotadak lata baten kontra egindako zarata atzean utzita alde egin du Mirenek, gerrikoa koxka bat gehiago estutu ondoren.