Haragia
Haragia
2007, narrazioak
160 orrialde
978-84-86766-94-8
azala: Lander Garro
Eider Rodriguez
1977, Orereta
 
2021, nobela
2019, saiakera
2017, narrazioak
2004, narrazioak
 

 

Apur bat zoroa

 

Matildak Begoñaren goiko ezpainari begiratzen dio zigarro bat pizten duenean, edo ohe ertzean eserita dagoela, etorri ertzerago, burua hanken artean sartu eta begiak berari begira, gozo-gozoa zaude gaur esaten dionean. Orain ordea autobuseko heldulekutik zintzilik emakume bat gehiago da Begoña, adatsak zimeltzen hasiak, betazalak puzten, begiak lanbrotzen. Orain hor hatsa kafesne eta loguraren arteko nahasketa da, patillak bele zahar baten hegalak, imajinatuko ez balu ohe ondoan belauniko, bere hanken artean ezpainak bustirik.

        Amarena ari zaio kontatzen Begoña, baina Matildak bartekoa du gogoan, eta ahoari begiratzen dio, nola tolesten den, bilo xuabea, bisaiarekin mugan hazten zaion pekatxo urdinxka, lastoz erdizka egindako habia modukoa besapean.

        — Zer egin behar duzu gero? —galdetu du Matildak.

        — Kanposantura joango naiz, amaren urteak dira gaur.

        — Triste zaude?

        — Ez, gustatzen zait hara joatea. Nirekin etorri nahi duzu?

        Ezetz esan du Matildak, fabore bati ezezkoa esaten zaion tonuarekin.

        — Oso harreman ona genuen, batez ere hil aurretiko bospasei urteetan. Kasta handiko emakumea izan zen beti.

        Matildak inbidia sentitu du, hildako bati buruz horrela hitz egiteko gai delako Begoña, eta pentsatzen du bizirik dagoen bati buruz ere ez dela gai horrelako gauzak esateko, edo agian ez duela horrelako gauzak esatea merezi duen inor inguruan.

        — Zenbat urte beteko lituzke gaur?

        — Hirurogeita zortzi.

 

 

Matildaren aitak berrogeita bederatzi. Matildak ez daki kasik heriotza zer den. Aita langile jatorra izan zen inoiz, bazkalorduan egunkaria eta ogia ekartzen zuten horietakoa, lan bidaia bat egiten zuen bakoitzeko panpina bat eramaten uzteko eskatzen zion Matildari (panpinekin ibiltzeko garaia igaro zitzaionean ere eskatzen zion oraindik), eta notak sinatzen zizkion ebaluazio amaieretan.

        — Lesbiana nintzela onartu zuenean asko aldatu zen. Umea adoptatu ahal izateko paperekin asko lagundu zigun Arantzari eta bioi.

        — Ez zait Arantza gustatzen.

        — Ez duzu ezagutzen. Amak pena handia izan zuen harremana utzi genuenean.

        — Nitaz hitz egin diozu? —opari-galdera izan da, erregutzea batzuetan opari bat egitea baita, Matildak Begoña boteretsu sentitzea nahi du, seguru, alai eta beharrezko.

        Begoñak barre egin du ozen, eta Matildari oholtza gaineko barrea iruditu zaio, oparia gaizki ulertu duenaren barrea.

        — Gaur hitz egingo diot. Ederra zarela, apur bat zoroa, baina neska ona. Eta zuk zureari?

        — Ez.

        — Eta esango diozu?

        — Zu zara nire lehenengo neska, ez diot debaldeko disgusturik eman nahi.

        Matildak muxu eman dio besapean. Begoña baino hamabost urte gazteagoa da eta gustatzen zaio gazte rola jokatzea, dena baino umeago den norbaiten galderak egitea, zientzia-fikziozko komikiak irakurtzea edo Cola Cao eskatzea tabernetan, Begoñak bitterra edo tonika hartzen duenean.

 

 

Fitxatu aurretik arropaz aldatu dira, lanekoa jantzi dute, zuri-zuria. Matilda pozik dago Begoñaren kuleroak jantzi dituelako goizean. Andre kulero zabalak dira, galtza zurien azpitik sentitzen dituen kulero eroriak. Maitaleen barruko arropa jartzea gustuko du haien etxetik irteteko. Paulen galtzontzilo bilduma osatu zuen garai batean. Zuekoetan sartu dituzte oinak. Ispilu aurrean paperezko txanoa ipini dute eta ondoren plastikozko eskularruak, ukondoetarainokoak.

        — Batzuetan liburu bat hartu eta harrizko banku batean esertzen naiz, edo besterik gabe, eguzkia hartzen dut, hantxe, luze eta zabal. Maiz joaten naiz —eta hortzen arteko azken ile-orratza egokitu du Begoñak paperezko txanoan.

        Gomazko zinta mugikorraren gainean porespanezko erretiluak, launa piper gorri bete ipini behar dituzte barruan. Matildak maite du piperrak plastikozko eskularruekin ukitzea, plastikozko atzamarrak hondoratzea berdin haragi berdin errai dirudien gauza bigun horretan, begiak itxi eta bertan galtzea.

        Arduradunak errieta egin die gehiegi hitz egiten dutelako, baina ez zaie axola.

        — Kontatuko diot Istanbulera goazela. Baina ez diot esango abioiarena, beldurra izan die beti traste horiei.

        — Baina ozen hitz egiten diozu?

        — Ez neska, esateko modu bat da. Ondoan eseriko naiz eta berarekin pentsatuko dut.

        Matildak keinu ulerkorra egin dio, elkarrizketa finitzeko gogoz, batzuetan elbarri sentitzen da, ez baita gai emozioak Begoñak bezain ondo gobernatzeko.

        — Kalak erostera lagunduko didazu?

        — Ezin dut. Egitekoak ditut.

        Ahal moduan igaro ditu laneko lau orduak, ia hitzik egin gabe, Begoñari isiltzeko keinua eginez bekainekin, enkargatua atzean izango balu bezala. Egitekoak ditu. Bera ere kanposantura joango da, baina ez dio Begoñari ezer esango. Adinak nahikoa botere ematen dio Begoñari eta Matildak gustuko du, onartzen du, jokoa ematen dio, oraindik ondo kudeatzen duen botere kuota baita. Enkargatuak hiruna oilasko erretilu eta launa flan edo arrozesne hartzeko esan die langileei, begiratu gabe, oinetakoa lotzen duen bitartean, heriotza zigorra barkatzen ari zaien espetxe zuzendaria legez.

 

 

Matilda aitari zer esan ari da prestatzen. Bitxiloreak erosi ditu azokan, kolore askotakoak, horiek dira gustatzen zaizkion lore bakarrak, gainontzekoak zaharrentzako loreak iruditzen zaizkio. Arrazoia izango du Begoñak, kanposantuak toki lasaia ematen du, baina Matildak ez ditu begiratuko ume hilen harlauzak. Ume hilen loreak eta argazkiak. Begoña egoera horretan irudikatzen saiatu da eta ikusi du natur dendako sandaliekin, ikusi du modaz pasatako eguzki betaurrekoekin banku batean eserita, betaurrekoak buru gainean egokitzen, oinak sandalietatik ateratzen, Landetako pinudi batean egongo balitz bezain fresko. Matildak inbidia sentitu du hau dena imajinatu duenean eta aurkitu duen lehen bankuan jesarri da, koloretako bitxiloreak alboan utzi ditu eta oinak sandalietatik atera, baina ospela da zokoa, eta kanposantuan hotz izatea, beste edonon baino hotzago izatea da, eta jarraitu du oinez, hilarri guztiei beha, plastikozko loreei, herdoildutako pitxarrei, bizirik zeudeneko argazkietan ere hilda daudela diruditenei.

        Azkenean aurkitu du eguzkitan dagoen banku huts bat. Maite du bakarrik egotea. Bakarrik egoteak bakarrik gelditzearen beldurra uxatzen dio, eta batzuek trebezia ez galtzeko pintatu edo pianoa jotzen duten bezala, edo forman mantentzeko footing egiteari uzten ez zaion bezala, Matildak ez dio inoiz bakarrik egoteari uzten. Begoñarekin ere, bakarrik ez dagoela sentitu duen bakanetan, atzera egin eta bakartasun alarde bat egin du, ahalik eta trebezia handienarekin. Bere maitatzeko modua da hori, apur bat deserosoa, baina maitatzeko modu bat, finean. Begoñak ez du susmatu ere egiten, uste du elkarrekin gauza asko egingo dituztela. Baina Matilda Begoñaren alboan bakarrik sentituko ez balitz, ez litzateke bere albora gehiago joango, nahiz eta Begoñarekin friboloarena eta nerabearena eta pikujale hasiberriarena egiten gustura dabilen, bakartasunean indartsu sentitzea bezalakorik ez dagoela uste du. Pasiorik handienak ezin du berdindu botere eta osotasun emozio hori, askatasun hori. Eta inoiz sentitu duenean, adibidez Paulekin behin edo bitan, agian bakardadea garai daitekeela betiko beste horrekin elkarturik, agian izan da segundo bateko kontua besterik ez, behin belaze elurtu batean oinez Paulen eskutik, katiuskak elurretan hondoratu eta maniobra barregarriak egiten hurrengo urratsa emateko, une horietan, zaurgarri sentitu da, ikaraturik.

        Behin baino ez da bakarrik egon bakarrik egoten jakin gabe, eskola garaian izan zen. Balantzaka zihoan aitaren eskutik korridoreetan zehar. Matildak autobusa galdu zuen eta aitarekin joan zen eskolara autoz. Aitak ez zuen neskatoaren gela aurkitzen, baina Matildaren familian ez da inoiz ezjakintasuna edo babesgabezia nabarmendu behar, horregatik gaizki ikusia dago arrotzei ezer galdetzea, oporretan non dagoen halako kalea, supermerkatuan ba ote duten halako produktua. Jolas-garaia iritsi bitarte, aita eta Matilda korridoreko banku batean gelditu ziren eserita, zapatei begira. Txirrina jo eta berehala korrika hasi zen neskatoa eta gelakideen txilioetan aurkitu zuen babesa. Ez zuen atzera begiratu, eta etxerakoan aitak ez zion ezer aipatu. Aurrerantzean horretarako prestaturik egon behar du, ezin du entrenamendu egun bakar bat ere galdu.

        Eguzkiak ez du behar bezala berotzen eta Matildak oinak sandalietan barneratu ditu atzera. Gustuko zuen aitarekin arrantzara joatea, kanposantu ondoko errekara, ipurdirik gabeko sagardo botila bat soka batekin helduta, amuarrainen zain egoten ziren, mutur berdea ur gainean, aita egunkaria leitzen, eta bera sokari helduta oso erne. Aitak sagardo botila bete bat izaten zuen arroken artean, eta amaitzen zitzaionean joateko garaia zela ulertzen zuen Matildak. Herrira itzulitakoan, laranja ura hartzera gonbidatzen zuen aitak, hitz hori erabiltzen zuen, gonbidatu, eta berak ardo kopa bat edaten zuen, gehienetan bi, isil-isilik bukatu arte.

        — Aita —hasi da bere baitarako—, inoiz ez dut jakin zer esan, eta gaurkoan ere ez, noski, baina hemen naiz.

        Jendeak soinua ateratzen du kanposantuko hartxintxarren gainean. Emakume batek eguzkilore bat jarri du harri ospelean, eta muxu eman du hatz puntetan, eta gero muxua ere harlauzara eraman nahian-edo han bermatu du eskua. Begoña ekarri du berriro bere baitara, berak hitz egingo lukeen moduan hitz egiten ahalegindu da, eta horretarako betaurrekoak jarri ditu buru gainean, eta oinak freskatu sandalietatik kanpora.

        — Lanean ari naiz sos batzuk ateratzeko. Irailean logela bat alokatu nahi nuke. Amari ez diot oraindik ezer esan. Zer diozu? —bere barnerako galdera murmurikatu bezain pronto idiota sentitu da—. Esan nahi nizun, ulertzen zaitudala, ez didazula azalpenik zor, eta agian dagoeneko ez zara nire txikitako heroia, baina zaude lasai, nik ere ez dut dagoeneko heroirik behar.

        Gero hautatutako hilarriari begira gelditu da, luzaz. Zurruna eta apala da, apenas irakur daitezke hildakoaren izen-deiturak. Aita maite duela onartzea gustatzen zaio, ongi sentiarazten du, onarpen-opari bat da eta. Ez daki nola agurtu, baina argi dauka ez dituela muxukatutako hatz mamiak harriaren kontra bermatuko, halako erokeriarik, eta itzuliko naiz, esan dio.

        Begoñarekin pentsatzen saiatu da, kanposantua atzean utzi nahian, baina goizeko bele zaharraren patilla hegalak ditu oraindik gogoan, eta sexu osteko hitz-jario profetikoa maitasunari buruz, maitasuna zentzurik biblikoenean, goiko ezpaina oraindik distirante zuela. Tristura eman dio. Begoñari ordez amari deitu dio afaltzera joango dela esanez, eta burdin hesirantz jo du, bitxilore koloretsuak banku gainean utzita, petalo batzuk lurrean, eskuak sueterraren aurreko patrikan lotuta.

        Mobilean Begoña:

        — Non zabiltza?

        — Liburutegitik irten berri naiz.

        — Afaldu nahi duzu nirekin, potxola?

        — Amari esan diot etxera noala. Ostiraletik ez daki non nabilen.

        — Ondo egiten duzu, amarekin egon behar duzu.

        — Bai —erantzun dio Matildak elkarrizketa amaitzeko gogoz, hain usaindun barteko izerdi eta ezpainak.

        — Potxola, amatxori zutaz hitz egin diot gaur, apur bat zoroa zarela, baina neska ona eta azkarra.

        — Bai. Bihar bederatzietan hitz egingo dugu, sakelakoa hilzorian dut, Bego.

        Itzali egin du, kariñorako segundo bakar bat gehiago utzi gabe, eta aldats behera jarraitu du, kantu bat ezpain artean dardarka, bitxiloreen tintura morea esku ahurretatik kentzen saiatuz, eguzkipeko bere itzal luzeari jarraituz, gero eta azkarrago, gero eta harrapagaitzago, gero eta etxetik hurbilago. Ez ditu etxeko giltzak erabiliko, txirrina joko du, etxera sartzean enkontrua naturalago egin aldera. Ama parez pare nahi du ate azpian, ez du etxetik zehar bere bila ibili nahi, muxuaren bila.

        — Goiz etorri zara.

        — Gose naiz eta.

        — Bazkaldu al duzu?

        — Bai.

        — Non? —esan dio amak, eta erantzun ezaren susmoa berretsia gelditu aurretik gaineratu du—: Tomate entsalada eta antxoa albardatuak egin ditut afaltzeko. Tomateak Manueltxoren ortukoak dira.

        Alabak harrikoan garbitu ditu esku moretuak eta amak berriro pintatzen hasi den galdetu dio, galdera egin orduko galdera egiteaz damuturik, ez zenioke pintatzeari utzi behar. Ondoren, hozkailuaren marmarra besterik ez da entzun sukaldean.

        — Ez duzu egongelatik pasa behar? —galdetu dio, antxoen zilarra esku artean, erraiak pilatxo bat eginda harriaren bazter batean—. Gaur nahiko ongi etorri da.

        Matildak sagar bat hartu du mahai gainetik, garbitu gabe hozka egin dio eta egongelarantz irten da. Ate izkinatik ikusi du, sofan luze etzanda, kaleko jantzien gainetik txabusina granatea, txapinen ordez zapatak.

        — Gabon —esan dio Matildak, eta kosk egin dio sagarrari.

        Aitak burua jaso du apur bat:

        — Gabon —erantzun dio urrutiko ahots batez.

        Matildak ez du atearen orpoa zeharkatu.

        — Hemen afalduko duzu? —galdetu dio aitak, aldagailuaren gainean etzanda dagoela ohartuta, tramankuluaren bila eskuak txepelduta.

        Matildak beste hozkada bat eman dio sagarrari, eta ahoa beteta erantzun du:

        — Ez, joan beharra daukat.

        Aitak, erantzuna entzun ez balu bezala, bila jarraitu du, beso baten gainean bermatuz lehendabizi gorputzaren zama, hanka baten gainean gero, gorputzak egindako zubipean eskuarekin haztatuz aldagailua.

        Matilda amarengana joan da, patioko leihoan da, gorputz erdia ilunpean eta beste erdia argiztaturik, ohartu gabe alaba atzean duela.

        — Banoa —esan du Matildak.

        Ama iluntasunera bueltatu da, esekitokitik jasotako maindire zuria eskuetan.

        — Ez duzu afaltzen gelditu behar? —eta astirik utzi gabe, gehitu du—: Lotara etorri behar duzu?

        Matildak sagarraren azken haragi zatia ahoan bueltaka duela, zuztarra jaurti du patioko leihotik behera, amak errieta egingo ez diola jakitun. Maindirea tolesten lagundu ondoren, muxu eman dio amari, eta egongelako ate orpotik agurtu du aita. Ez du erantzunik jaso, soilik zurrunga bat, eta bere heriotza desio izan du, ohi baino indar bortitzagoaz.

        Atea itxi eta kanposantura abiatu da atzera. Bizirik zegoenean esan ez zizkionak esatera.

        — Ixtera goaz —gaztigatu du zaindariak.

        — Bost minutu besterik ez dira izango.

        Bidetik Begoñari deitu dio, afaltzera gonbidatzen ote duen galdetzeko.