Jalgi hadi plazara
Jalgi hadi plazara
2007, nobela
228 orrialde
978-84-95511-93-5
azala: Zaldi Eroa
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2024, poesia
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

Sanctus

 

Goizeko zazpiak ziren, Dato hoteletik jalgi eta pareko tabernako barran herrokan kafea edan genuenean, buruak apal.

        Maleta desagertu zitzaigun. Orain giltza eta maleta bilatzen genituen. Norbait sartu zen gure logelan arrats partean, Parte Zaharrean, ostatuz ostatuko kalbarioan zinpurtzen ginen artean.

        Gertatuaz ez ginen sobera harro, Carmenek maleta ohe gainean abandonatzea damutzen zitzaigun jadanik, eta maletaren ebaslea Gorringo zatarra baizik ez zitekeen. Manfred-ek ederki engainatu gintuela onartzekoa genuen ondikotz. Berri txarrak berri txarren hildotik zetozkigula baimen genezakeen, ezen destinu itsuak Haizemin ere gaztigatu baitzuen.

        Abiatu ginen Haizemin gidari, Nafarroa karrikan aparkatua zuen bere Thunderbird erraldoiraino. Lauaxetaren brontzezko tailuaren auzunera hain zuzen. Hogei minutuko ibilaldia, Iradier-en barna. Gasteiz iratzartzen zihoan, presarik gabe eta lautadako ogi-landen usainak barreiatzen ziren hirian, gozo. Autoa hartu eta geltokian geneukan behialako hitzordu desesperatua. Autoan sartu bezain laster Haizeminek Abudiop maitalearen telefono ukaldia ukan zuen: ez omen zen etorriko, bat-batean zintzurrean min eta izugarriko sukarra zuelako. Haizemin, gizontzen zuen hira gotorraz hantu zen:

        — Alajainkoa! Tronpatzen nau.

        — Baina ez, ez zaitu tronpatzen, eri dela erran dizu. Sinesten ahal duzu ez?

        — Ez da nehoiz gaixotzen.

        Bolantari kuskaka ari zen Engelblauko izarra. Irudi zuen urguilu propioan kolpatutako ume mukizua. Alabaina nahi zigun Abudiop aurkeztu eta aitzakia ahitu zitzaion. Carmenek lepondoan musu bat eman zion, lasaitzearren, eta oroitzen naiz neska-lagunaren ezpainek Haizeminen larrua jo zutenean, nolako jeloskeriaz erre nintzen. Mutur bidean lerratzeko ene jaidura lakarra menperatzen saiatu nintzen. So tzar bat bota nion eta ulertu zuen Carmenek, horrelakorik ezin zuela gehiago egin. Estevezek aitzina ahoskatu eta partitu ginen.

        — Eta maleta?

        Bezperan, Estevezek gure ganbarako borta gontzetarik biribilkatu ondoan, Dato hoteletik kuku-gordeka atera zen gizon lodikote baten atzetik ibili ginen Gasteiz hirian zehar: Florida parkera eroan gintuen. Parke ederra zen baiki, ederregia guretzat, han kasik galdu baikinen; orenak orentegi ordea, zelako hura harrapatu genuen sasi loretsu baten itzaleko jargi zurbailean, hedailo etzana, Goethe irakurtzen.

        Hurbildu nintzaion:

        — Gorringo?

        — Wie bitte? Wie bitte?

        — Zer derasazu bite? Non daukazu Albert Labruquere?

        — Ich verstehe nicht.

        — Kauensos, zer da mintzaira deabru hau? Ez duzu denok bezala euskaraz hitz egiten ahal ala? Ez du balio akitzea, ezagutu zaitut. Gorringo zara!

        — Ja, hulerrtzen dut. Halemana nitz. Sehen Sie Goethe lesetzen dut.

        — Goethe? Nor da hori? Zure konplizea?

        — Ez dut konplitzerik. Aferagile bat nitz. Bleibtreu firmako ordetzkaria. Maschinak ditut zaltzen.

        Gasteizen betidanik aurkitu ziren alemanak. Karriketan oraino aditzen zen alemana arratsalde apaletan, aferagileak lantegietarik saldoan besta egitera ateratzen zirenean. Bierrak zurrutatzen zituzten, basoek eman ahala eta sekretaria lotsatiak beraiekin zeramatzaten gaueko bakartasunaren arintzeko.

        — Ich bin Manfred aus Hamburg.

        — Manfred naiz, Hamburgekoa —itzulpena egin zigun bristan Carmenek, eta estonatu nintzen lagunak, hiruzpalau urtez gure gurasoak larderiapean atxiki zituen hizkuntza arraro hori konprenitzen zuelako.

        Gizona ez zen toteltzen:

        — Etzagutzen dutzue Hamburg?

        — Wim Wendersen Adiskide Amerikarra-n eta Fatih Akinen Kurz und Schmerzlos filmetan ikusi dut hiria.

        — Arren, Carmen, ez da egokia espantuka higatzea —oldartu nintzaion—, badakigu Wim Wendersen fanatikoetarik zarela, zeruan balizko aingeruak agertuko zitzaizkizula sinetsiz izan zinela Berlinen, eta kontatu didazunez, Potsdamer Platzeko Filmmuseumean negarrez urtu zinen Marlene Dietrichen izkirionea zekarren gutuna mirestean. Hori badakigu.

        — Eta Murnauen hil-maskara, Agamenonen urrezkoa bezala. Eta Fritz Langen pasaportea. Baina —erantsi zidan Carmenek serios—, auzia eta gaizo gizon hau utz ditzagula bakean.

        Manfred zelakoa bere gantza kintala inarrosten hasi zen. Goetheren italiar elegien bilduma plegatu eta paltoaren barneko sakelan sakatu zuen.

        — Garagardo baten urrupatzera gonbitatzen tzaituztet, hastia baldin badutzue.

        — Zergatik ez —ihardetsi zion Estevezek—. Ez da hau xerkatzen duguna! Kotxinos! Argi da euskaltzain beldurgarriaren hatzak galdu ditugula.

        — Ez gara biziki trebeak —gehitu nuen etsitua—, bihar denak batera Santa Engraziaz Santa Engrazia ibiliko gara, eta beharbada zeozer kausituko dugu. Menturaz giltza. Non duzu maleta Carmen?

        — Hotelean.

        — Han hobe da gurekilan baino.

        — Goatzan —orroatu zuen alemanak, eta ttuku-ttuku hiri erdirantz zuzendu ginen.

        Estevez, Carmen eta hirurak ginen Manfreden konpainian. Haizemin bezala, Zokil eta Gexan Hiriart hotelean geratu ziren. Hiriart arras unatua zen, eta amodioa dastatu arau ez zuen pistolarekin jostatzea laket zitzaion Zokilengandik luma batez ere urrundu nahi. Gorringo zela ustez alemanaren gibeletik lehiatzeko unean, haien ganbarako borta joaldi xeheka akitu ginen, debalde. Gure aldetik Korreria, Zapateria, Herreria karrikako ostatuetako bierra uhinka irentsi genuen, olerki emanaldi bat entzun Villa Suson, eta bukatu Kutxilleria eta Pintoreriako tabernetan, doi-doia zutik. Ederki ausatu ginen...

        Goiz hartan, Haizemin kexatuak gidatzen zuen Thunderbird mantsoan lau baizik ez ginen; alabaina Zokil eta Gexan Hiriart gutarik bereizi ziren isilka. Azken orduetan agitutakoak bitxi baino bitxiago zitzaizkidan. Gasteiztik jalgiak ginen Logroño aldera, han baitzegoen Santa Engrazia deitu hiri bat, edo herrixka bat. Arabako goizaldea zoragarria zen eta gure barne-minak arintzeko balio zukeen. Burua Carmenen sorbaldan pausaturik, gogoratzen nintzen Villa Suson nola hauteman genuen Amina Saïd, poesia irakurtzen:

 

                Nous sommes la main insoumise

                Qui trace le signe

                Le vertige devant l'abîme

                Ouvert par le poème

 

                Qu'une parole en nous hésite à se dire

                Nous atteignons le plus intime de la solitude

 

                Nous sommes le pas et la marche

                Le chemin et la voie

                Et l'ultime seuil que nous franchirons

                Nous sommes le lieu où finit le monde

                Celui où il commence.

 

        Isildu zen tunisiar jatorriko poeta frantsesa. Angelaren aurkezpenetik landa, Pilarrek euskaralat itzulirik, berriz erran zuen. Erraiak bozkarioz eta arranguraz hantu zitzaizkidan. Edanaren gainera, hitzaren atsegina ez zen hutsala. Manfred zurrungaz ari zen Villa Susoko ekitaldi-gelaren atarian. Estevez ameslari bazebilen hara eta hona. Orduan zuen bere mugikorrak xanpatu. Thomas zen:

        — Katedraleko hilotzak pozoi aztarnarik ez dakar, alkoholarena salbu.

        — Ba al du tatuajerik bihotzaren aldean?

        — Ez, ez dauka ezer. Gizagaizo bat baino ez dela dirudi.

        — Denbora galdu dugu beraz.

        — Estevez, denbora ez da sekula galtzen, alderantziz, denborak gaitu galtzen.

        Thomasen sententzia sakonak Estevez jabaldu zuen. Ezpainak plegatu zituen, mila eskerka, Amina Saïd-en ahotsa oihar:

 

                Nous sommes la question

                Qui n'appelle pas de réponse

                Nous sommes la question et la réponse

                Lorsqu'elles ne font qu'un.

 

        Galdera eta arrapostua ginen gu ere, haizeak biloak nahaspilatzen zizkigula. Lauron izpirituetan tristura zamatsuaren arramantzak ozen zebiltzan. Ez genuen gehiago pista egokirik, zenbait ordu lehenago helburuari hain hurbil ginela ustez.

        Non zegoen Gorringo?

        Eta maleta?

        Labruquere euskaltzaina bizirik zena beti?

        Eta nora joan zen Gexan Hiriart Zokilekilan?

        Zergatik ez zuen deitzen Jean d'Amou ene manatzaile ezezagunak?

        Eskaerak mustulpilkatzen zihoazkidan neuronen pentoka odoltsuetan. Berdin hitsa zen Carmenen soa. Gasteizko gaua urratu genuen, eta menturaz Manfredek xendra faltsua ireki zigun.

        Plazerez plazer harrotu ginela aitortzekoa dut: ostatu batean Hertzainak talde ohiko baxista agurtu genuen, ondokoan nini irria marrazten zuen euskal poeta gazte famatu bat bere gurtzaile saldoaz inguratua, beste batean Dana diskoarekin zoratu ninduen Mikel Urdangarin abeslaria, eta segidan zigarreta zigarretaren akuilatzaile erretzen ari zen idazle ospetsu bat. Zerrenda luza nezakeen, Gasteiz euskal kulturaren leku eragilea zela frogatzeko baizik ez baldin bazen ere, partikulazki ilunpea zetorrenean. Karrika izkinako perkusio-jole saldoak gaua dardararazten zuela, porru baporeak bazterrak baratze egiten zituela, ordu bietan Manfred handizki despeditu genuen, auf Wiedersehen!

        Inkesta ahaztu zitzaigun eta hainbat gaizto.

        Airos ginen, baina Dato hoteleko geletan sartzean ohartu ginen, batetik Zokil eta Gexan Hiriart eskapatu zirela, eta bestetik maleta desagertu zitzaigula. Danteren infernuko bederatzi zirkuluetako deabruak oro juntatzen ziren gure aurka. Madarikatzearen xenda aztalka genezakeen, baina ondoriorik gabe.

        Goizaldean, izenetarik beretik bandera klaskari zebilzkigun herriak zeharkatzen genituen: Urizaharra eta Biasteri. Bizkitartean muturik genbiltzan. Haizemin haserre eta gu pixka bat ahalke. Thunderbirdaren motorraren xuxurla aditzen genuen. Batzuetan autoak pasatzen genituen. Jendeen begirada jeloskorrez trufatzeko jaidura zapaltzeaz beste erremediorik ez zitzaigun geratzen. Ortzaizean hiri bat hedatu zen: Logroño. Ebroren gaineko zubi airosa trebeskatu genuen eta atzerrian sentitu ginen guztiz gehienak. Erreka zabalaren hegietan nagitzen zen erregebidea. Ibaiaren presentziak gogoen dorpea arintzen zukeen. Ibaiaren haritik, lurraren itzulia egin zitekeela konturatu nintzen unean, Carmenen ezkerreko esku-ahurra ahora eraman nuen musukatzeko.

        — Dena gaizki doakigu.

        — Bai.

        — Kurios naun jakiteaz zer den zuzen maletaren barnean.

        — Agian, agian, bonba atomikoaren osatzeko formula kimikoekiko paperak.

        — Iparraldeko bi euskaltzain jadanik hil ditun errusiarrek beraiek nahi ez lituzketen errezeta ertzo batzuengatik.

        — Euskararen inguruko sekretu bat balekarkigute?

        — Sekretu? Zein sekretu?

        Ageri zuen Carmenek, Enrique Artazu izengoitiaz, nobela arrosak eta beltzak aldizka izkiriatzen zituela. Zaldi eroen antzera imajinazioa lauhazka uzten zuen. Bazuen alabaina hiru egun jadanik ordenadoretik urrun zegoela, eta Carmenen aurpegi xifrituari begira pentsatzen nuen ene idazlerik maiteena, uretik bortizki iradoki arrainaren pare, hats bahitua pairatzen hasiko zela, idazteko premia zuelako, idatzi eta idatzi engoitik.

        — Batzuetan luma hartzen dinat —murmuratzen zidan—, doi-doia bizirik nagoela segurtatzeko, idaztea zutik irauten laguntzen nauen bizkarrezurra bailitzan.

        — Idazten ez baldin badun hiltzen haiz orduan?

        — Molde berezi batez bai. Urtean berrehun orrialdeko hiru eleberri zor zizkionat argitaldariari eta kirolaria bezala naun, papereratzen ari naizen istorioak burua jaten didala, lagunekin aspertzen, nehoren ez ikusteko gutiziarik. Bakarrik niagon, baina ene munduan.

        — Bitxia haiz. Horrela baldin bada, nola jardun elkarrekin?

        Denbora behar zen amodiorako, denbora behar zen adiskidantza baten bermatzeko. Denbora zen benetako sekretua. Denboraren harilkatzeko baliabide berria zekarrena maletak? Dudaz nengoen. Zena zela, Thunderbirdaren gibeleko jargietan tapalaka ginaudela, Haizemin eta Estevezek begi keinuak trukatu zituzten. Denbora. Denbora. Denbora. Lelotzen nindoan: ohartzen nintzen, ene lagun prosimoenak zirela zioten berek ez zutela denborarik enetako, laster batean enoatzen nituen eta telefonoan linea mozten zidaten erranez:

        — Lanean ari naiz.

        — Barkatu molestatzeagatik.

        Zintzur korroka bat urkatu nuen. Carmenek ene izpirituaren alhagia zitalak susmatu zituzkeen:

        — Bereiz baina batera biziko gaitun. Denbora zainduko dinat hiretzat eta hik niretzat, bata besteaz axolatuko gaitun, urrun izanagatik hurbildik, eta ahal bezain maiz amodioa eginen dinagu, edo Bilbon, edo Baionan.

        — Txandaka?

        — Hara Santa Engraziarako seinalea —erran zuen Estevezek.

        Arnedorako bidea abandonatu genuen, kartetan kolore berdez irudikatutik aitzinatzeko. Errioxan ginen. Eihera ohiak agertzen zitzaizkigun muino kiskalien kaskoetan, ekiak zapaldu herrialde zuriak eta beltzez apaindu emazte zaharrak karriketan, astiro-astiro paseatzen, eguzkia desafiatzen bailuten. Erreka idorrak ordokiaren zain ezinduak zitezkeela errepikatu zuen bietan, bere goizeko kexua ahanztuxea zitzaion Haizeminek: Murillo de Río Leza eta Lagunilla del Jubera. Adi ginauden. Santza Engraziara iritsi ginen.

        Bospasei etxe ziren eliza umil baten itzulian, ziertzoak pausatuak bezala. Isiltasuna eta geldotasuna nagusi ziren. Oilo baten karkara hauteman zen, zakur egarrituaren zaunka motela eta haur erasiatuaren negar ozena. Thunderbirda elizaren itzalean aparkatu genuen. Izerdi patsetan ginen. Haizemin desosatzen ari zen fisiologikoki, Estevezek besapean izerdi borobilak zeramatzan eta gu itsaso bihurtuak ginen. Erdi Arokoa zitekeen Jainkoaren Etxearen aldameneko errautsean 4x4 baten errota aztarnak nabarmen ziren. Ez bat ez bi, arimak hausnarrean higatu zitzaizkigun: nor zebilkigun aurrean? Gorringo? Labruquere euskaltzaina bahitzen zuela? Zokil eta Gexan Hiriart ere hemendik iragan zirelako ideiak udalatu zizkigun kolkoak. Balizkoa zen bai, gudari ohiak, hala izenda genezan maite zuen, eta bizitza osoa euskararen alde aletu zuen apezak moldatzen zuten bikote arraroak gure doblatzea xedetzen zutela, maletaren giltza guk baino lehen eskuratzeko.

        — Eta maleta, bikote likitsak ebatsi baligu?

        — Hala ere...

        Konfiantzaz ari izanak ginen lanean ordura arte. Herio iragarritik salbatu genuen Gexan Hiriart. Zerbait zen bestenaz, herri honetan inori ez zitzaion fidatzen ahal: ingurunearen zuritasun distiratsuak ezabatu zidan pentsamendu negatiboa zen alabaina. Eliza bazterrak mirazkaturik, kalostrapean gertatu nintzen zutoin-zuloak banaka ikertzen, gaueko zein egunetako ainara habiak zenbatzen eta, borta astuna bulkatu nuelarik, barruko freskura mirakulutsuak erotu ninduen. Lerroan sartu ginen. Heziketa kristau zehatza pairatua nuelako, ur benedikatuan busti nituen behatz puntak eta gurutzearen seinalea marraztu nuen ortodoxoen modura, Patmos bisitatuz geroztik hala egiteko usantza neukalako. Carmenek, frantsesa behikatuz, Amina Saïden poema mailukatu zuen, egiazko funtsik gabe, neure gustuko:

 

                Nous sommes l'ombre de l'ombre

                Qui dans l'obscure clarté du rêve sommeille

 

                Nous sommes la trace sur le sable

                Nous sommes chaque lettre de l'alphabet.

 

        Carmenen salmodia neurkari, zutabe bakoitza arakatu genuen, ziraturiko jargien azpiak, liburu-gordagiak, armiarma sareak xehekatu eta aldarera igotzera genbiltzanean, apeztegitik gizon konkortu eta higatua azaldu zitzagun:

        — Arren, zer bilatzen duzue eliza pobre eta kasik abandonatu honetan?

        — Giltza bat.

        — Bizitzaren giltza liburu sainduan datza.

        Zorriak buruan balitu bezala hazkaroka hasi zen. Aurpegi akitua zuen. Sotana beltza errautsez emokatzen zitzaion. Ile zurbailak airean zebilzkion. Ahuntz ahots marrakariz erantsi zigun:

        — Jadanik bi bisitaldi basati ukan ditu eliza honek goizean.

        — Bi bisitaldi?

        — Alimaleko lodikote bat iragan da, bakarrik zena, eta ondotik zahar-gazte bikote bitxi bat.

        — Alimaleko lodikotea bakarrik zela erran duzu?

        Suerte amiñi bat bagenuen. Gorringo zen.

        Hariaren korapilatzea atsegin zitzaidan:

        — Gorringo bakarrik baldin badoa, non dago Labruquere?

        — Bageneki.

        Apezari zuzendu nintzaion:

        — Lodikotea zinez bakarrik zebilen? Ez al zuen mehakoil bat bederen aldamenean?

        — Mehakoila diozun bezala —ihardetsi zidan—, atzo iragan da eta gaua hemen eman du. Frantziako apez bat zen, arras planttakoa eta izugarri kartsua. Begira, euskararen ikasteko metodo bat utzi dit.

        — Albert Labruquere!

        — Euskaldunak ez dira denak terroristak, hortaz konturatu naiz barda Johanekin mintzatzean.

        — Johan?

        Labruquerek gainera izen faltsua erabiltzen zuen. Irrigarria zen. Espioitza film baten itolarrian nengoela ziruditan. Ene inkestak nola, zenario arras txarra zeukan ordea. Burtzoratzeko adinekoa. Zenbait egun zuela egoera kontrolatzen genuela uste baldin bagenuen, argi zegoen gaurkoan, ura eri artetik bezala, ihesean zebilkigula. Argi zen halaber Santa Engrazia honetako kaperatxoan giltzarik ez zegoela. Urteek higatu jainkoaren mutilak, bat ere potretik gabe, agurtu gintuen eta ez genuen Bardeetako Santa Engrazia hartara ernatzeaz beste ilkibiderik, gakoa ments zebiltzanak oro jada bertaratuak ez zirela esperatuz.

        Tutera in two seconds.

 

                Nous sommes ce que nous savons

                Et ce que nous ignorons

                Nous pleurons des larmes d'ambre

        ...

        Carmen.