Jalgi hadi plazara
Jalgi hadi plazara
2007, nobela
228 orrialde
978-84-95511-93-5
azala: Zaldi Eroa
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

Kyrie

 

Tunel luzearen puntan, begiak itsutu zizkidan argiak. Bilbora heltzen ari ginen. Autobuseko jendea higitzen hasi zen, nork bere liburua plegatzen zuela edo walkmanaren hariak belarritik kentzen. Harrigarria zitzaidan ilunpetik jaukitze hori. Ez nuen bat ere gogoko tunelaren azpian pasatzea, zer nahi gerta zitekeen eta, egia erran, klaustrofoboa nintzen. Autobidea utzi genuen eta han, askaren zolan, Bilbo hedatzen zitzaigun. Tupinari beha egon nintzaion: noiztenka zartatzen zen sumendi baten ahoa ematen zuen Hirian nindaikeen laster.

        Artean, Pesako autobusak Basurtun utzi ninduen eta, istant batez bazterrak aztertzen egonik, tranbia berdea geldoan sumatu bezain laster hara lehiatu nintzen, baserritar arruntaren antzera txartela hartu nuen, txartelik gabe bidaiatzeko ene xedea hoztu baitzuen larderiatsu ondoratu zitzaidan txoferrak:

        — Es fácil...

        — ¿Cómo que es fácil?

        — Así.

        — Ah, sí... Perdona.

        Tranbiaren linea zoragarri zitzaidan eta eskertzen nuen Jean d'Amou, Bilboratzeko aitzakia eskaini zidalako. Halaz, Nerbioi ibaiaren ertzetik gindoazela, garai batean eztabaidatutako Guggenheim eraikuntza miretsi nuen eguzki arraioekin jostari, eta hondarrean Arriaga plazara heldu nintzen.

        Carmen aiduru neukan El Tilo ostatuan.

        Bazuen mende laurdena ez nuela Carmen ikusi. Gexan Hiriart desagertzearen enigmak ninduen berriro Bilbora haiatzen; bihotza plazerez hantzen zitzaidan. Jada iragan izoztua ziruditen denboretan, elkarrekin San Mamesera gindoazen futbol partidetara eta, ondotik, Bilbo by night aztalkatzen genuen, hordimenaren mugetan. Ez dakit zergatik hain Athletic-zalea nintzen orduan: eder aurkitzen nuen bilbotarren jokoa, batzuetan eskualdeko burdinoletako langileen antzera bortitza zen arren. Zuri-gorriak zelaiaren berdetasunean lehiatzen ziren, xinaurri, baloiaren atzetik, eta azkenean, irabazi edo gal, jostalarien kemena ohargarria zen. Dena ematen zuten, faltsukeriarik gabe. Gaurkoan, taldeak ez zuen aurrekoen distirarik: hor ziren egundaino sailkapenen sabel malguetan.

        Carmenek behin, Parisko txinatar auzoan nengoela, ohe kantoian ezarri nuen Julen Guerreroren argazki izenpetua bidali zidan. Eta telebistaren bidez jakin nuen Goikoetxeak hanka nola hautsi zion Maradona gaizoari. Iribarrek ez zuen irribarrerik eta Lizarazuk ez zuen Athleticen iraun, Bayern-era deitua izan zelako, D-Mark ozentsuen truke. Futbolarien destinua zen: milioiak sakelaratzen zituzten, karrera laburra zutelako aitzakiaz. Justifikazioa bidegabekoa zitzaidan, langile arrunten fabriketako ekina motza bilakatua zen garaietan eta nehork ez zielako futbolarien edo goi-mailako kirolarien soldatarik zilegitzen.

        Burutazioz burutazio akitzen nintzen. Tranbia barneko ikasle gazteen arramantza handiak adinekoak dudarazi zituen. Zakua bizkarreratu nuen eta ene aldian jaitsi nintzen Arriagan. Bilboko airearen usainak sudurra kilikatu zidan. Airearen garbitasun freskoak ukitu ninduen. Lantzerra ari zuen emeki. Uda hasiera izanagatik ez zen zeru urdin izpirik ageri. Menturaz tupinaren hondoan kausitzeak zuen irudipena hazten. Beharbada egiazki zerua grisa zen Bilbon. Ez nintzen oroit sekula ortzi garbirik hemen dastaturik. Alde guztiak mirazkatu nituen: non zegoen Carmen? Nolakoa zen? Mende latzek eraginik ukan ote zuten emaztearen edertasunarekiko? Iparraldeko euskaltzainen aztarnarik atzemanen nuena Bilbon? Nondik nintzen abiatzekoa?

        Eskakizunek kaskoa iraultzen zidaten. Poltsatik ateratzen zitzaizkidan paperak ozkan jarri nituen. Antzokiaren aurreko plaza zeharkatu nuen, eta karrikaz bestaldeko El Tilo-n aterpetu nintzen. Herabe. Mozarten Requiema aditzen zen. Zerbitzariak, itsu bailitzan begiratu zidan. Carmen han zegoen, ostatu zokoan, barrez eta bat-batean haren presentziak munduaren ausentzia bete zuen. Carmenengana presatu nintzenean, sosegatu zen pixka bat jabe miopea. Carmen arras formalki agurtu nuen, bostekoak hamar, soak herrestatu ziren, elkarren besoetara erortzen ginela. Carmenen soin epelak neurea berotu zuen. Minutu apurrak egon ginen, horrela, besarka eta tinko.

        — Bihotz!

        — Carmen, ez haiz aldatu.

        — Urteak pasatu ditun. Uste ninan betiko arroztuak ginela.

        — Nola bada? Egunero hitaz pentsatu dinat. Horrek salbatu nauela iruditzen zaidan. Ez haiz aldatu.

        — Oporretan haiz?

        — Bai eta ez. Inkesta bitxi bat argitzeko dinat, Iparraldeko lau euskaltzain desagertu omen direlako, hatzik utzi gabe.

        — Bilbon?

        Neskak kafea ordaindu zuen eta oldetu berri zen gizon aferagile kokolo talde baten erditik zulatuz jalgi ginen. Karrikan, berriz ere, eskuak eskuz bete ziren. Autoak zirurikan zebiltzan eta Arriaga antzokiko plazan jendeak multzoan zeuden. Arratsaldeko lauretan ez ziren arauz afixetan aipaturiko Hamlet antzerkirako etorriak, agian soilik billeteak hartzera, edo hor juntatzen ziren gazteak, ama familiakoak, erretretatuak, Kasko Zaharrean barreiatu baino lehen.

        Plazako eskaileretan, argitzen ez zuen zaiola baten azpian ttottotu ginen eta ene zereginaren nondik norakoak azaldu nizkion Carmeni. Entzuten ninduen eztiki. Galde bat egiten zidan noiztenka. Pozik ihardesten nion, gaiaz orain arte ikasia neuretako ere laburbilduz: goizean hartu nuen trena Baionan, gero Hendaian topoa eta Donostian Transeuskadiexpress konpainiako autobusean sartu nintzen. Irizar markakoa zen, debaldezkoak zirela jakin arren detaileak estimatzen nituen, Peloponesoa trabeskatzeko KTEL greziar enpresak erabiltzen zituenak bezalakoa. Beratasunaren ausikiak min egin zidan orduan. Eguna bidaia zitzaidan. Iparraldeko Getaria aldean, treneko leihotik itsasoa nekusala, zakuan zinpurtu notak berriz irakurtzea erabaki nuen, Hendaian Eusko Trenak partitzen ziren kaiertzera jauzi egin baino lehen. Txartela eskuratu nuenean sentituriko bidaiariaren bozkario arraroaz mintzatu nintzaion Carmeni.

        Aingeru aireaz so egiten zidan.

        Halaz Gexan Hiriarten 4L zaharkituan hiru apez gehiago bazebiltzan. Manex Bergeret famaz ezagutzen nuen. Teologian lizentziatua eta zenbait urtez Erroman egona zen, dogmaren zaindari. Bi liburuxka publikatu zituen, bata euskal aditzaren ahoskeraz eta bestea ipuin herrikoiez osatua. Ipuinei eta euskarari beraien lizunkeria karga kendu zieten. Sarako Liburuen Bazkoko Ferian omenaldi bat egin zitzaion, Larrungo harri peza alimalea oparituz. Ezin eramanez ari zela, ahaaa, ahaaa, euskaldun gazteen borrokara animatzeko diskurtso sutsua eskaini zuen, gerla oihuak are bitxiago zirela, hilabete eskasean, erakunde armatuak tregoa permanentea iragarria zuelarik.

        Albert Labruquere eta Pierre d'Oihenartek ez zuten deus argitaratu, ez zuten deus idatzi, salbu igandeetako mezetako predikuak. Azken urteotan, predikuak erdaraz izkiriatzen eta oihukatzen zituztela azpimarra dezaket. Baina berdin zitzaidan, eliza ez baitzen nehoiz izan batzuek aldarrikatzen zuten Euskararen Etxea. Hendaiako Nazioarteko Zubia pasatzean irriz karkailaka lehertu nintzen. Gara hostokatzen ari zen gizon batek burua altxatu zuen. Zerk zidan irri gogo gehien ematen? Nazioarteko Zubitik incognito lerratzeak ala bi euskaltzain hauen obragabekeriak? Egiaz, Lafitteren seme kuttunak ziren biak, eta aita sinbolikoak Euskaltzaindiaren bi ttottogia aske atxiki zizkien, aitaren segida hartzea eder zelako Euskal Herrian, benetako edo alegiazko aita, berdin zen.

        Carmen bermatu zen. Behatzaz Arriaga haraindian zegoen Lapiko kafetegia erakutsi zidan.

        — Zeozer atsegin huke?

        — Hire potentzialaz zoratzen naun. Zergatik ez.

        — Arren, goazen...

        Carmenen itzaletik, arratsalde pasa zebiltzan bilbaina panpoxen artetik sigi-sagaz, libre zen mahai batean plantatu ginen. Kafetegi hertsia zen eta menturaz bizkar zakuaz andere zenbait kuskatu nituzkeen. Nehork ez zuen, ezpainen plegu sumaezinaz aparte, haserre marrakarik zinominokatu, Iparraldean den mendreneko nahigabeko joaldiaren ondotik laido-erauntsia zetorrelarik. Herriaren iparra eta hegoa erkatzen nituelarik, ondorioztapenak abandonatu behar izan nituen, ene eskuko madarikatuak jo zuelako. Punpa bat egin nuen:

        — Bilbon zarela badakit.

        Jean d'Amouren ahotsa zen.

        — Utz nazazu bakean istant bat. Zure aitaren urratsetarik nabil baratx-baratxa, eta zuk deiez dei gaitzeko presioa jartzen didazu. Ez noa aski laster ala?

        — Ez dut horrelakorik ez erran eta ez pentsatu, lasai.

        — Orduan zer?

        — Zure aingeru begiralea naiz...

        — Zu?

        Plexus eguzkitsuaren barrenetik hatsa hartu nuen: relax. Hegoaldean ginen. Ez ninduen arauz euskaltzain baten ondorengo totelak trabatuko, Carmen amainatzen ari nintzenean. Bizkitartean, jendeak goraki elekatzen ziren karriketan, orroaz, irudi zuen libreago Hegoaldean bizi zirela, itxuraz baizik ez baldin bazen ere. Hemen, etxeak goizetik arratsera eraikitzen ziren eta bideak urratzen. Hiriak biztanleentzat moldatzen ziren plaza eta baratze zabalekin, haurrak ohoratzen ziren, aski zen portura irekitzen zen Bermeoko plazari so egotea: ama familiako gazteek eta gerla guztiak pairatutako amona zainartek umeak karroza erraldoietan paseatzen zituzten, zarataz eta jendarteko nahaspila izerditsuaz arranguratzeke. Hendaian muga pasatu bezain laster, Iparraldeko isiltasun karroinduak gohaina sortzen zidan, airea eta hatsa bahitzen bailigun, urrats oroz. Carmen, gogoetari antzu nenbilelakoaz aprobetxatu zen galdatzeko:

        — Eta Gexan Hiriat nor zen?

        — Gexan Hiriart apezaren semeak deitu nindinan. Izturitzeko harpean geninan junta. Ilunpeaz baliatu zunan bere aferaren azaltzeko. Uste dinat, laurak iragan ostegunean Bilbora jin eta ez zirela sekula Iparraldera itzuli. Beharbada ordu honetan Benidormen ditun, bakoitza emagaldu bederarekin ohean, larrua edo txülüla jotzen.

        — Zein izan da Gexan Hiriarten ekarpena Euskal Literaturari?

        — Handia. Jesus eta erlijio ezberdinetako profetek bezala, ez din ezer izkiriatu. Bere gaia ahozkotasuna zunan. Ahozkoa idatzizkoa ez dela kontuan edukiz, normala dun bere izenarekiko libururik ez harrapatzea Euskal Herriko bost hiriburuetako megadendetan. Mischkatonic-eko unibertsitateko honoris causa titulu ohoretsua erdietsi zinan bi urte zuela eta, bizkaitar batek gainditu ez balu, gaur Euskaltzaindiko lehendakari zukenan.

        Carmenek kafe katilua ezpainetaratu zuen. Keinuaren sentsualtasuna uhin zitzaidan. Begiak ezpainetarik lepora bultzatu nituen eta agerian zeuzkan bular uren banaguneak irentsi ninduen, itsasoak bezain segur. Ustez aspaldian zendutako ene Carmenenganako desirak zitzikatu ninduen. Zer ari nintzen zaharkeria harrotzen, ustel usaina zerien aditz maingukariak haiatzen, laster batean behin betiko ezabatuko zen euskalki baten geroaz axolatzen, amodioa hor neukalarik, eskumenean, aitzinean, aiduru, menturaz, agian, lau euskaltzainak pikutara joan daitezela, oro bat zitzaidan, Carmen nahi nuen. Haren ohe-zokoan zentzea amets neukan bat-batean. Adiskidearen ahotsak iltzatu ninduen.

        — Goazen.

        — Non bizi haiz orain?

        — Barrenkalen.

        Munduak jasan zuen permiar aroko laugarren suntsiketaren aurrekoa zirudien garaian ere Barrenkalen kokatzen zen Carmen. Etxean izanen nintzen beraz. Ez nuen leku askoren beharrik eta ez nintzen asetzeko zaila: gauaren minean 666 taldearen soinu kolpekatuak hautematean gin-kas godalet bat aski zitzaidan eta, goizean jaikitzean, kafea, belea bezain beltz. Amodio inkau bat eta egunkariak, egunero, horoskopoaren irakurtzeko. Egunkaria preseski itxi eta umezurztu ginen. Bide nabar Egunkariaren denboran zinez pena ukan nuen Ines Intxaustiren kronikak gelditu zirenean, Inesen bitriolezko komentarioekin ez bait zen telebista beharrik, alajainkoa! Carmenek ere Ines Intxaustiren zutabeak irensten zituen, idazlearen ohar mikatz bezain ausartak eta ondotik barkamen eta damuak. Gure irudikoa zen Ines: ez zekien zer nahi zuen eta duda salbagarrian bermatzen zitzaion ele-sail maitagarria.

        Baina ezer ez zen gaur herenegun bezala.

        Puskak sofaren gainean pausatu nituen eta dokumentuekilako poltsa Carmenen laneko mahaiaren izkinan. KD irakurgailuan behin adituriko musika bat ezarri zuen: gaztelerazko hitzek gela ito zuten eta hitz bakoitzak malko bat jauzarazten zidan, piensa en mí cuando sufras, cuando llores también piensa en mí, cuando quieras quitarme la vida, no la quiero para nada, para nada me sirve sin ti... Uretan bukatu nuen. Carmenen besoetan nintzen ondikotz, negarrez hipaka, elkar ikusi gabe mortu higatu mende laurdena deitoratzen, bizitzako zulo zitzaidala errepikatzen. Eta hala zen, zirkuitu-ebaketak iraunen zuen oraino Jean d'Amouk ez balit bere aita apezaren xerkatzea manatu.

        Barkaezina nintzela sentitzen nuen. Carmen ere hala zen. Egun batez Carmenek ene telefono deiak hozki eta gutunak erantzunez huts hartzen zituela konturatu nintzenean, harremanaren moztea erabaki nuen, ez idatzi eta ez deituz. Alta une zoriontsu anitz bihikatuak genituen batera, han edo hemen, eztitasun franko, desertuetarako bidaia zenbait, zinema gaualdiak eta noizbait haria hautsi zen. Zergatik eta nola ezin jakin. Banekien hein batetik aitzina jendeak aspertzen eta nardatzen nituela, zafla zein ostikoka neure inarrosteko gutizia biolentoa sortzen zitzaien, isila eta itxuraz lasaia nintzelako, apatia leporatzen baitzidaten, alabaina, bizitza hau gerla bat zela deiadarkatzen zuten beraien gaiztakeria eta enekiko mespretxu errazaren justifikatzeko, eta orobat Baionan Erikari nioenez, ez nintzen ederra, ez behintzat Nicole Kidman bezainbat. Orduan erabaki nuen, ez gizonek eta are gutxiago emazteek ez nindezaketela maita. Lagun bat bilatzeko ekina bertan behera laga eta hondar urteetan neure gustuko bizitza ideal bat eraman nuela iruditzen zitzaidala murmuratu nion Carmeni.

        — Oroitzen naun Luz Casalen abestia nongo juke-boxean entzuten genuen.

        — Arrosapen. Bulegoak eraiki ditizten bertan. Ontziolarik ez dun gehiago. Iraganaz mahai-arrasa egin diten. Luz Casal ezartzen dudanean hitaz pentsatzen dinat. Atzo arte, esperantzarik gabe.

        — Mentsak gaitun, beldur eroa pairatzen dinagu, kanpoko faktore zozoak sartzen ditun gure harremanen nahastera, eta horrela galtzen gaitun. Ba ote dun ordenadorerik?

        — Noskiren noski. Nola nahi dun idatz dezadan bestela, lapitzaz eta tuaz Izturitzeko harpeetako freelance artista haien gisara?

        Carmen biluzi zen, eleka eta izpiritua alha narraikan artean. Ordenadorearen aldameneko ohar-taulan bilatzen nituen lau euskaltzainen potretak ixkilimatu nituen. Derrepentean Jack Malone pottoloa nintzena? Ala Eva Maria Prohacek? Agian Lili Rush? Ez, soilik Amaia Ezpeldoi nintzen, Gexan Hiriart apezaren semeak ikertze-traholetara aurtikia eta laster gormandizaz Carmenekin oheratuko zena, munduaren tristezia izugarriaren ahanzteko.

        — Plaza Barrian dun, ez, Euskaltzaindiaren egoitza nagusia?

        — Bai. Joanen gaitun gero. Haugi. Haugi laster ez hadila luza. Nahi haut berehala.

        — Eta zer ordutan hersten da?

        — Badinagu astia. Haugi. Sutan niagon.

        Ganbarako atearen betean zegoen Carmen. Irri xehea zeukan ezpainetan. Bularrak kulunka zebilzkion, sabela borobil bezain lauz eta sabelpeko oihaneko ileak plazerez zut, aterpetzen zuten harpearen gerizatzeko. Protojendea nintzen oraino. Betazalak apaldu eta itsu mandoka Carmenengana lehiatu nintzen. Ezpainak iledi ilunaren alde gainean pausatu nituen. Jaisten eta jaisten ari zitzaidan mihia, kolore berdineko kukurusta zoratua kausitu zueneraino. Besoetan tinkatzen nuen emaztea auhen, hasperen eta estiraz husten zihoan. Kendu nuen nik ere arropa soberakina eta Carmenen burua ahurrean atxikiz, belaunikarazi nuen, neure harri zuloak halaber airea eskatzen zuelako.

        Bitxiki loak eraman gintuen. Pausatuak, barkatuak eta bizitzarako animatuak sentitzen ginen. Kasik gaua zen amodio-ondoaren aztoramendutik iratzarri ginenean.

        — Carmen, zer ordu da?

        — Arratsaldeko zortziak. Ona zela gure saltsa! Hi haiz neurea. Eta ni, hirea. Betiko.

        — Zer betiko? Biharko. Etziko. Datorren asteko. Baina betiko?

        — Amets egin dezakenat ez?

        — Uste duna amets erromantikoen tenorean garela? Euskaltzaindia zerratua dukeen eta xehetasun baliosak galduko ditinat.

        — Arrats honetan mintzaldi bat badun. Beraz egoitza zabalik izanen dun. Arren, dutxara eta alde hamendik!

        Barrenkaletik Plaza Barria ez zen urrun. Michel Labeguerie karrikatxotik herrestatu ginen, arkupez hornitu enparantza karratura. Erdiguneko baratzetxoen artetik paseatzen ziren jendeak, ostatu batetik bestera, pipa azalak tuka lurrera botaz, laido eta karkara ozenka. Lan eguna bukatua zuten gehienek, eta afaldu aitzin pintxoak eta basoak hartzen zituzten. Carmenek zuzenka Euskaltzaindiaren aixolbeko bortara gidatu ninduen. Marmolezko ezkaratz batean aurkitu ginen eta, zutoin baten itzalaz profitatuz, arrats hartako gure azken musua zatekeena oparitu genion elkarri. Euskal munduan arrazoizko heina atxikitzen jakitekoa zen, batez ere cuando llores cuando sufras...

        Igandez jantzitako jende aberatsak, bakarka, taldean edo bikotean azaltzen segitzen genituen. Denek kartoizko paper puxinka zuria zeramaten eskuan. Gonbidapen ofiziala. Mutiko kasko gorri bati buruz lasterka abiatu zen Carmen. Belarrira mintzo zitzaion. Bihotzean zimiko bat nabaritu nuen Carmenen ezpainen eta gizon gaztearen belarriak hain hurbil susmatzean. Jeloskor nintzen ala? Emazte adiskidea itzuli zitzaidan, jukutria eder bat lortu bailuan:

        — Prontxok iragan osteguneko bilkurako oharren bilduma utziko zidan. Ez din eskubiderik, baina guztiak beste ausagailuetan dabiltzanez, horra giltza! Jendea konferentzia gelan plantatuko denean joanen gaitun.

        — Süper, genial, prima, ejerra haiz enetako.

        — Eskerrak Prontxori...

        Carmenen ahotsa ezti zitzaidan. Iparraldeko Euskaltzaindiko ordezkaritza gorputz-zaindari batez inguratua Jean Martin Gorringo ahurtiar apeza aitzinatzen jarraitu genuen, atzetik Bilboko Udaletxeko Kultura Zerbitzuko arduraduna eta Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua zeuzkala. Ohore handia egiten zioten. Agian, ez zuen izkiriatuz euskara sobera higatu eta, horregatik zuen ohorea merezi. Carmenen papoaldean kuzkurtu nintzen, Kultura sailburua eriaz erakusten niola.

        — Eroa haiz ala? Apal ezan behatz hori. Zer dela eta?

        — Behin ETB1en kalakari batzuk independentzia gaiaz ari ziren emankizun batean, independentzian sinesten zuenez galdeari erantzunez, Kultura sailburuaren irri osasuntsuaren ozenaz gozaturik gogoratzen naun. Behar ote zionat zuzenka erran haren agerpena gustatu zitzaidala?

        — Amaia! Hago lasai. Ez ezanala kalapitarik pitz. Tregoa dinagu. Nor da Jean Martin Gorringo hori?

        — Hau baiki, egiazko jakintsua dela! Ez din nehoiz perpaus bakar bat euskaraz papereratu, baina beti erdaraz ari izan dun euskararen gainean, enfin, azpian edo saihetsean, nahi dunanean. Euskaldunak ez ditun alfabetatuak, euskaldun zaharrak dionat, eta tetele-herrestontzat euskaraz idaztea bargoei gaxura ematea dela deklaratu zinan noizbait gure astekari abertzaleren batean. Eta euskaldun berriek, hizkuntza doi-doia astokatzen dutenez, ez lukete, beti jaun honen aburuz, bere ikerketen funtsaren funtsa behar den sakontasunarekin estimatuko.

        — Gorringo ez dun beste laurekin desagertu? Zergatik?

        — Eskatuko zionagu gero.

        Prontxo hurbildu zitzaigun. Buruaz eskaileretan gora igotzeko keinua egin zigun. Oren bat eta laurdeneko epea genuen han zeuden dokumentuetan bilatzen genituenen karrakatzeko. Begi kliska batez sosegatu nuen Prontxo. Zanpa-zanpa jo genuen. Behereko gelatik esku zarta nasaien oiharra zetorkigun. Jean Martin Gorringok mintzaldia frantsesez bastatzen zuen, publikoak, aulki bakoitzean berehalako itzulpena segurtatzen zion kaskotxoak atzematen zituela. Euskaltzain zaharrenek frantsesa ikasia zuten eskoletan, baina gazteagoek, baziren bakarrak eiki, ingelesa zuten erabiltzen, harroki. Idazkaritzaren bulegotik konferentzia hauteman genezakeen, leihoa zabalik zelako. Kanpoko zurrunbiloak ahantzi genituen, Prontxok seinalaturiko iranja koloreko karpetaren azala altxatzeko.

        Carmenek argizaiola txikia ekarria zuen, eta osteguneko bileran zeudenen izenak zekarzkigun orrialde bat argiztatu zidan. Hogeita lau kide bildu ziren, eta gure lau errekituak bertan zirelakoaz poztu ginen. Harritu nintzen Gorringoren izena kausitzeaz. Jean d'Amouk ez baitzidan horrelakorik aipatu. Txostenean euskaltzain urgazle lagun berrien zerrenda zegoen, eta mende ahituak zirela San Ferminetan arraiki mozkortutako lagun bat edo besteren deiturak sumatu nituen. Iparraldekoak halaber. Carmen Bizkaiakoez interesatzen zen eta, oraina bihar bihurtzen luze zatekeen arren, etziko Euskaltzaindiaren osaketa irudikatzen ahal genuen. Sekulan gaurko apez bizihaztuak hiltzen baldin baziren, ez zena batere gauza segura, gero hobeen itxaropena zukeen euskarak eta euskal kulturak.

        Amen, erran zuen Carmenek.

        Karpeta berean, bilkura denboran kideek hartzen zituzten apunteekiko hostoak biltzen zituen idazkariak, eta bilduma egiteko zegoela, hor ziren nahas-mahas izkirione daldaratiz eta batzuetan lizunez marraztu oharrak. 13, 14, 15 eta 16 zenbakia zuten desagertutako euskaltzainenek. Talde alegera zitekeen, itxuraz beti elkarrekin eta elkarren ondoan ibiltzen zirelako. Bat atzeman eta laurak atxikiko nituela, espantuka lehertu nintzenean, Carmenek ene iunfa jabalarazi zuen:

        — So egizan 14 zenbakiko hostoak dakarren planoari. Gauza batzuk baditun idatziak. Zer da idatzera hori? Armeniarra ala?

        — Erakuts!

        Ulertzen nuen. Enigma bezala, notak mirailaz irakurtzeko ifrentzuz idatziak ziren. Carmenek, emazte prestua baitzen, esku-zakuan ezpainen gorritzeko eta matelak errautsez perdukatzeko baliatzen zuen mirailtxoa eskaini zidan. Ez ginen gutxi harritu Euskal Herriko sei hiriburuen izenak jauki zitzaizkigunean. Lehenik Bilbo, gero Gazteiz eta Donostia, ondotik Iruñea eta bururatzeko Garazi eta Maule. Baiona eskas zen. Guggenheim ere agertzen zen. Eta berriz, jada leitzea lortua nuen enigma:

 

                Santa Engraziren giltza

                Nahi dugu harrapatu,

                Gu zaharturik gabiltza

                Baina behar dugu batu.

 

        Karkara gordinaz askatu zen Carmen. Isilago nintzen ni. Ene karnet txikia plegatzen ari nintzen, atean joaldi xeheak hauteman genituenean. Deus ez bailitzan, Carmenek zigarreta itzali zuen, eta bulegoaren gainetik zangoak kenduz, marmara zebilen:

        — Bilbon izan dira. Guggenheimen. Santa Engrazia: zer da? Giltza bat da harrapatu nahi dutena edo Gexan Hiriartek hik harrapatzea desiratzen duena, berak bere burua ez zikintzeko. Ez dinat ezer ulertzen. Ixo. Norbait dator. Non dun gakoa? Sakelan?

        — Goazen gordetzera. Armairu horretara!

        Bi punpaz kukutuak ginen. Borta zabaldu zen. Urrats astunaz aitzinatu zena bertan ohartu zen karpeta iranja ireki eta barreiatu zela. Nor dago hemen oihuka ari zen, laguntza, norbait sartu da idazkaritzan, otoi, deitu polizia. Paper zaharkituen errautsak urtzainka ariarazten gintuen. Ordu latza zen. Urrats lodi haserretuak gelatik kanpora zuzendu zirenekoaz profitatu genuen karpeta iranja Carmenen esku-poltsan ezarririk, gelatik eskapatzeko.

        Behereko ezkaratzean ments baten moldean orroaz zebilen gizona ez zen edonor, Jean Martin Gorringo baino.