Lacrimosa
Goizeko bostak ziren Flamenkotik jalgi eta Haizeminek hurbildu Thunderbird 666 autoan tinkatu ginenean. Gidari zebilen beraz Haizemin. Ondoan zeukan Estevez. Eta gibelean metatzen ginen Carmen eta biok, Zokil izengoitiaz ezaguna zen erakunde armatuko kide ohia bere pistola distiratsuarekin... eta erdian Gexan Hiriart. Zorionez, gizona mehakoila zen, bestela ez baitzuen hatsa hartzen ahalko ere. Nekatua zen, baina loak eraman aitzin, erran zuen kokin aire batez:
Ez nago hain gaizki funtsean, emazte hauen beroan!
Zaude lasai, otoi, eta ez sobera mugitu! Lekua eskas dugu.
Bababai. Behar dugu Gorringo deabru hura atzeman.
Gorringo deabru hura atzeman, maletaren giltza hark atzeman baino lehen.
Maleta guk dugu berretsi zuen Carmenek, ene oharraren osagarri.
Haizeminen auto amerikarra deskapotablea zen. Carmen eta biok amesten baldin bagenuen Thelma eta Louiseren istorioa Bizkaia eta Arabako lurretan errepikatzea, hutsean ginauden. Autoa mukuru zebilen eta menturaz Kusturicaren film eroetako plano baten zinominokatzea baizik ez genuen lortuko.
Zabalburu plaza desertu zen; inguruka ibili gintzaiolarik eta autobidera zuzendu ginenean, kotxe gutxi gurutzatu genuen. Ordu txikiak bihikatzen zihoazen, izaki motelak oinez edo autobusez etxeratzen zirela eta oheetarik punpan eroriz, lanera abian. San Adrian gainetik Bilbok hiri akituaren itxura zuen. Gaua latza izan zen eta karrika bazterretako argiak ikara ziren. Baina pausarik gabe, hasperenka, egun berriari ekitea komeni zitzaion. Hiria ez zen sekula dardaratzetik gelditzen, gaueko eta eguneko arima erratuen interesak arras ezberdinak ziren arren.
Autopistan halaber zirkulazio urria zen. Europa alderik alde zeharkatzen zuten kamioi erraldoiak salbu, nehor ez zegoen. Libre sentitzen ginen. Ekialdean argi urrako bat ageri zen, urrako arina, odol marra baten antzekoa. Isilik genbiltzan, bakoitza bere barneko mamuekin tematzen bailitzan. Orduan, Haizeminek Steppenwolfen zinta bultzatu zuen autoko KD irakurgailuaren aho hondora: born to be wild abestiak inarrosi gintuen, inarrosi eta, aldi berean, jabaldu. Sehaska kanta egokia zen, azken orenak zainetan eta lo eske higatu zituzten bizidun herrestontzat. Carmenen eskua neurean bero sumatzen nuen eta, begiratzen niolarik, ohartzen nintzen betazalak apal zituela. Gexan Hiriart zurrungaz ari zen, eta Zokil bere pistola zilarrarekin jostatzen. Estevez ere loari emana zen, eta izpiritua zohar zeukan bakarra, ez baitzuen gin-kasik bakar bat ere edan, Haizemin zen.
Tunelaren azpitik iragan ginen berriz. Klaustrofobia pairatu nuen, autobusean Donostiatik nentorrenean bezala. Fobia gainditzea lortu nuen, arima bipilduz. Laster, Basauri utzi genuen eta Gasteizera zihoan autobide zatian urtu ginen. Oren baten buruan Euskal Herriko hiri nagusian ginatekeen menturaz. Berantetsia nuen. Anartean Bizkaia maitea zen gure aurrean hedatzen, Benito Lertxundiren ahots eztiz ohoratua eta nihaurk berdin anitzetan preziatua, sustut Carmenekin duela hogeita bost urte biderik bide ibiltzen nintzelarik, maitemindu mutuaren plantan. Arto landa hertsiak baziren autopistaren aldamenean, baserri txikiak, Iparraldekoak latifundio handi irudikatzeko txikiegiak, batzuetan baratze baten izkinan laranja koloreko kuia lodia agertzen zela, edo tomateen zutik atxikitzeko zutabe lerroak, edo asto gris bat alha. Bitxi zitzaidan beti Bilbo industriala eta bere bazter ruralak kontrestan ikustea.
Haizeminek ez zuen agudo gidatzen. Abiadurak errespetatzen zituen eta auto historikoaren erritmoa. Motorraren azantza mantsoa zen, lañoa, eta ez zuen lotan zihardutenen pausaldia trabatzen. Ez zitzaidan, trenean nola, autoan atsedentzea gustatzen. Halatan musika entzuten nuen, Roger McGuinnen boza so don't fear when you heard a foreign sound in your ear it's allright Ma I'm only sighing, egunaren argitasun samurrak Bizkaia balakatzen miresten nuen bitartean. Mirakulua egiaztatzen zen aldi oroz. Hizkuntza ezabatzen ahal zitzaigun, amodioak eskapatzen, nagusiek erasiatzen ahal gintuzten, hiltzen ahal ginen baiki, zergatik ez, hipotesi guztiak aztertzekoak ziren, norbaitentzat etengabe azkorria ernatzen zen, salbatzen zen, arrosa baten antzera irekitzen, izar ihintzez egarri. (Euskal) Munduak sustatzen bezain hobesten zuen irabaztearen eta boterearen borroka aspaldian galdua genuen, ez ginen egundaino ezertaz jabetuko, baina Thunderbird 666 zaharkituaren leihoetan jazartzen zen argi zirrintaren oldarra gurea zen, gure-gurea.
Laudio saihestu genuen. Lantegiek zerua mehatxatzen zuten. Ortziaren urdin sakonak ordea ez zion probokazioari ihardesten. Tregoa zen, naturako elementuentzat ere: flow river flow flow to the sea. Zinta isildu zeneko uneaz baliatu zen Haizemin mintzatzeko:
Kafe bat edan dezagun. Bi kilometrotan restop bat dago. Zer diozue?
Zer dela eta?
Non gaude?
Noiz helduko gara?
Zer pasatzen da?
Haizeminen proposamenak galde izutuak baizik ez zituen harrotu. Gexan Hiriart itseskatu zen:
Nora ari gara?
Gasteizera Gexan zehaztu nion, Albert Labruquere zure euskaltzain adiskidea Gorringoren aztaparretarik libratzera.
Egia. Gainera Albert Labruquerek dauka enigmaren laugarren zatia.
Laugarren zatia? harritu nintzen.
Gexanek segitu zuen:
Bai, Pierre, Manex, Albert eta laurok bat ibili gara, Manexek maleta zaintzen zuela, gutariko bederak giltzaren lokalizatzeko enigma zatia zeramala paperetan. Semeak Izturitzeko harpean eman dizun nire gutunean zegoen lehen kopla, bigarrena Manexen paltoko sakelan zen, hirugarrena Pierre d'Oihenarten galtzetako zetazko oihal bikoitzean, eta azkena Albertek du, bihotzaren gainean tatuatua.
Geldi gaitezen restop horretan erran nion Haizemini, argibehinkariak jada martxan zituela konturatuz.
Ezantza behar zuen. Haizeminek deitoratzen zuen gasolinaren prezioen igotze ikaragarria, Bushek Irak setiatzen zuenez geroztik. Zioenez, bakan baizik ez zuen Thunderbirda erabiltzen, baina ametsaren antzera zebilen auto zaharra egartsu zatar bat zen. Ostatuko atean abandonatu gintuen. Gehienak horma berinatsuaren maldan akiduraz abaildu ginen, Haizeminek ezantza har eta kamioi erraldoi biren artean, poloniarra eta alemanak ziren, bere aberastasuna aparka zezan aiduru. Elkarrekin ginen eta elkarrekin sartu ginen, nortasun askorik ez zeukan tabernan. Estevezek Gexan Hiriart begiztatzen zuen, gizonak lanjerean zegoela ulertua baldin bazuen ere, Iparraldeko elektroi salbaietarik izanez, ororen buru, nahi zuena baino egin zezakeelako beldurrez.
Mahai handi batean plantatu ginen. Begiak loz hordi zeuzkan neska gazte bat hurreratu zitzaigun. Haizeminek eskatu zuen denentzat:
Kafe dobleak, kruasanak eta pasteltxo azukretuak.
Nik koñak bat behar dut kafearekin gehitu zuen Gexan Hiriartek haur guastatuaren pare.
Enetzat ere koñak bat erantsi zuen Zokilek. Frantzian nengoenean hartu nuen ohitura hori.
Frantzian?
Bai, zazpi urtez egon nintzen Baionan, errefuxiatua, laurogeita hamarrean harrapatu, kartzelatu, auziperatu eta Espainiara deportatu ninduten artean. Hamar urte eraman nituen oraino Espainiako kartzela ezberdinetan, gaztigua arras bete eta libre atera nintzeneraino. Azken hamabi hilabeteak, beharrik, Basaurikoan egin nituen. Lehen aldia zen familiatik hain hurbil nengoela, hargatik ordukoz familiarik ez nuen gehiago, gurasoak Aranjuezen nintzela zendu baitzitzaizkidan, minbiziak xurgatuak, bata bestearen ondotik aste apurrak barne.
Kideak oro kalakatzetik gelditu ziren, Zokilek bere kalbarioa kontatzen zuela. Isiltasun dorpea hautsi nuen nik, pentsatuz zerbait haustekotan hobe zela isiltasuna, tregoa baino:
Eta Frantzia, beno Iparraldea, agradatu zitzaizun?
Frantses eta Iparraldeko jende gutxi gurutzatu nuen, garai hartan Baionan errefuxiatuen artean egon gintezkeelakoan, gure zirkuluetarik atera gabe. Hegoaldeko adiskideak eta familiak zetozkigun, jateko eta puskaz kargatuak eta besta ere elkarrekin egiten genuen.
Eta Iparraldeko bizitza kulturala?
Amaia! Aipa dezagun Iparraldeko bizitza kulturala diozun moduan, zaharkeria kontserbatzaile multzo bat, diru publikoz sustatu kultura alor bat, eskubira plegatzen den gehiengo politiko bat eta ezin ulertua den hizkuntza bat. Badakizu gure Iparraldeko lagunak, ezkertiarrak eta gaztelafonoak zirela erabat. Orduan, Frantzian izan arren, erbestean, Bilbon bezala ginauden.
Tua irentsi nuen. Haserre zimikoa menperatzen saiatu eta bitxiki kalmatu nintzen, ez zuen balio palpitatzeak: berdin zitzaidan Baiona eta Iparraldea batzuk Frantzian kokatzea, hala zen funtsean, ez ginen sekula gaurkoan bezain frantsesak izan euskaldunak, independentzia aldarrikatzen zutenak barne. Zokili beha egon nintzen: eni ere Bilbon, euskara Iparraldeko baserrietan ederki ikasia zuten adiskideen zurrunbiloan, Santa Grazin nintzela ziruditan. Irudipen gurutzatu horiei esker, frantses edo espainol, euskaldun gisa tematzen ahal ginen. Eta ez zuen ahalkerik hazi behar frantses edo espainol izateak, ardurenean, ohartzen nintzenez, Iparraldekoek zutela beraien frantsestasuna gordetzen, frantseskeria erraten zen mespretxu pixka batez, Iparraldekoek zuten Hegoaldekoekin biltzean, rrr lakarrez eta aditz zein hitz bereziz hanpatu euskalkia baztertzen, hizkuntzatik beretik frantsesak zirela susmatzen zelako. Muga mentala ezabatuko bide zen nortasunen arteko tratamenduen berdintasuna erdietsiko genuenean, hau da, espainoltasuna eta frantsestasuna biak, euskal nortasunaren zatitzat kontsideratuko zirenean, biak hein berean, bata bestea baino apalgarriagoa izan gabe eta alderantziz.
Zerbitzariak kafeak, koñakak eta ahokoak ekarri zituen. Atseginezko herotsak biderkatu ziren. Une batez ez zen hortzen martzilika eta zintzurren karraka baizik hauteman. Elkarri beha ginauden, bakoitzak bestearen goiz hartako plazera dastatzen bailuan. Bizkar-zakutik, Izturitzetik Bilborainoko bidean atzeman paper zatiak jalgi nituen:
Santa Engraziren giltza
Nahi dugu harrapatu,
Gu zaharturik gabiltza
Baina behar dugu batu.
Zuringo eta Gorringo
Arraultzearen esklabo
Nork hil nauen da jakingo
Zuria delarik salbo
Herioaren hizpidean
Ez dugu ez irabazi:
Jakitatearen bidean
Gora bedi Santa Grazi.
Hau zen alabaina Pierre d'Oihenart zenaren galtzetako zeta bikoitzean Miren Altamirak kausituriko azken mezua. Bilduma egin genuen: misterioak zirauen, eta azkorriak bezainbat kafe dobleek ez ziguten aitzinamendurik zilegitzen. Gaizo euskaltzain horien hiltzailea Gorringo zen segur aski, Manex Bergereten koplak erakusten zuenez. Baina d'Oihenarten Santa Grazi ez zen Zuberoko herria izaten ahal, Jean d'Amouk telefonoz azaldu zidalako eliza mirazkatu zuela petik gora eta alderik alde.
Carmenek Euskal Herriko mapa handia hedatu zuen mahaiaren gainean:
Bi Santa Engrazia baditugu hemen gaindi. Gorringo, Albert Labruquererekin Gasteizera joan baldin bada, norabidean onean gaudela erran nahi duke.
Non daude, laztana?
Bata Errioxa eta Arabako limesean erantzun zidan Carmenek hatsa su, eta bigarrena ezagutzen duguna, Bardea Zuriaren hegiko kaperatxoa. Izan gintunan behin, Bardeetan euria egin zuen hartan. Oroitzen haiz?
Bardeak lohi eta ibai ikusi nituen aldi bakarra zunan. Geroztik ez naun hara itzuli. Bardeetara bai, Zuriñe Nafarroako printzesaren gaztelu-dorre erorira eiki, baina ez Santa Engraziara.
Espero genuen sekretuki, enigmaren hondar zortzikoaren erdiesteko Gasteizen, zorigaitzeko Albert Labruquere hilotzarekin topo eginen genuela. Zerbait zen hala ere, ikerketak jarraitzeko gisan norbaitek hil behar zuen: aurrerapenak oro hilotzek zedarritzen zituztela ondorioztatu eta altxatu ginen. Haizeminek kaxa komunetik ordaindu zuen gosari oparoa. Kanpoan eguzkiak jotzen zuen jadanik, Araba eztiki ferekatuz. Goizaren samurtasunak gatibatu gintuen. Estevezek Gasteizko Ertzaintzaren komisaldegi zentralean zeukan adiskidea deitu zuen. Kasik minutu berean ene mugikorrak marraka trapatua ozenarazi zuen. Jean d'Amou zen:
Jainkoak dizuela egun on entzun nuen, politezia formulak uda minean hormatu ninduela. Zer berri duzue?
Zure aita gurekin dugu eta Gasteizera goaz. Laudio eskualdean gara. Eta zu non zaude?
Seguritate arrazoiengatik ez dizut erraten ahal. Urrutizkinez bederen ez nago zuetarik urrun. Ongi dago aita?
Bai, pixka bat inarrosia, baina bestela xarma bat bezala. Bere adiskide bien hilketak etsipena eta memoriaren ezabaketa eragiten dio. Badakigu Albert Labruquere bizi dela oraindik, Gorringorekin Gasteizera partitu delako, lanjerean jarri baldin bada ere. Agian orduz helduko gara haren salbatzeko.
Salbatzea merezi al du?
Jean d'Amouren hozkeriak arranguratu ninduen. Apez euskaltzainaren semea bihotz gabea zena? Egiaz, zuzen zegoen horretan, hilezinak ziruditen lau euskaltzainen bat-bateko saldo-zentzea xantza ikaragarria zen, Euskaltzaindiaren ezkaratzean aiduru zeuden Iparraldeko zein Hegoaldeko hainbat urgazle anbiziotsuentzat. Unibertsitari ohoratu, euskaltzale sutsu eta kalostrapeetako igel dantzari sotil andana batek momentua igurikatzen zuen. Jean d'Amou horietarik zen. Gorringok zuena garbiketa obratzen, sistematikoki, multzoko kide zaharrak bederazka bere tranpetara erakarriz? Iparraldeko euskara zaintzaren ordezkaritzak ilharroski-erratz kolpe galantaren premia zeukan, baina hortik krimaz krima lakrimategi ibiltzera, urrats bat bazen. Duda sortu zitzaidan. Jean d'Amouri galdea errepikatu nion:
Non zaude?
Ez duzu jakitearen beharrik.
Thunderbirdaren estalkia kendu zuen Haizeminek. Tutaka ari zen, telefonoari zintzilik geundenei arrabiaz deika. Estevez eta biok presaka kokatu ginen autoan eta, txoferrak giltza inguratu bezain laster, berriz hauteman genuen motorraren xuxurla eztia. Autopistan gindoazen, biloak haizeetan, aurpegiak ekiari eta pentsamenduak zedarri. Orozko eta Izarra artean Araba esnatzen generraikan: lautada zilarra urre bilakatzen zen eta dorretxeak argi-aurka bermatzen ziren. Nork ez zuen Arabaren edertasun minerala gogoko? Goizaldeetan batez ere. Begiak gose genituen eta ordokien usainaz asetzen ginen. Izarran abandonatu genuen Logroñorako autobidea, lau bideetako errepidea Murgiarantz hartzeko. Ezkerrean zutoitzen zen mendatea erakutsiz Carmenek elea harilkatu zuen:
Arangatxa gailurra hor duzue, Larrun adina gora, sabelaren sakonetik Nerbioi erreka jaukitzen zaio. Ebrora isurtzen ez den ibai soiletarik bat da. Ebrok zuen Aturriak nola, begira zegokidan amultsu, hala gainerako ur guztiak irensten ditu, handizki gero itsasora lehiatzeko.
Gure mugak dira.
Zer ez nuen ahoskatu?
Carmen asaldatu zitzaidan:
Zer duzue euskaldunek, mugak behar dituzue, zuen lurretan seguritatean sentitzeko? Ibaiak, Ebro edo Aturri ez ditun mugak, itzultzea eta partitzea irudikatzen dizkiguten marrak baino. Independentzia lortzean muga berriak jarriko dituzue, gure harreman intimoen alorrean nola, muga gabea delarik ederrena...
Maitea?
Mugak eraikitzen ditinagu, zeharkaezinak, aburu politiko ezberdinekiko jendeetarik salbatzeko, haiek alta gaituztelarik, ikuspuntua aldaraziz, gure arazoaren konponketan lauhazkatuko. Mugak baditun denetan, ustez eta mugen presentziaz baizik ez garen mugalari eta kontrabandista. Denborarekin ohartuko haiz mugarik ez dela, nehon, bizidunak kate luze baten maila biluziak garela, ez bata bestearen aurka, baina bai bata derrigorrez egundaino bestearekin, bestearen alde.
Amen erran eta ezpainak ezpainekin hertsatu nizkion.
Carmenek begiak zerratu zituen eta haren eskua papoan lerrakor nabaritu nuen: errotik maitemintzen ari nintzen, Iparraldeko Euskaltzaindia astintzen zuen hilketa zerrendaren argitzeko Jean d'Amouk eskainiriko lanak bizitza baimentzen zidan, behingoz zoriontsu nintzen, zoriona zinez zer zen ez nekien arren. Gorputz bero batenganako tirria zen beharbada zoriona, begi beltz pare baten hondoan itotzeko, gauak etengabe iraungo zuelako-edo ohe baten eremutik nehoiz ez altxatzeko desira.
Gorbeia mendikatearen hegoaldeko malkarretan behera ari ginela, haizea biloetan eta Haizemin gidari, hazi zitzaizkidan gogoeta bitxi eta zozo hauek. Haizeminek, ahots apalez maitea nun zira xuxurlatzen zuen. Bizkitartean, Gasteizko hiria han urrunean, lainoetan berme, miresten genuen, Arabako lautadaren erregina. Gexan Hiriart erdi-lo zen, Zokil pistolarekin jostari, bala bakarra bailuan bizitza zortean jokatzen zuen armaren mihia lizunki kopetara ekarriz, klix-klix! Azantza entzuten nuen oroz oilo larrua hazten zitzaidan, eta Carmenen besoetan kuzkurtzenagotzen nintzen.
Estevezek, artean, Desamparados auzoko Ertzaintzaren komisaldegian zeukan ikasle garaiko bere adiskide-kolegari deitzen zion bigarrenez:
Bagatoz, bertan.
Ziztuan helduko ginen Gasteizera. Bideak zelai eta segurtasun handikoak ziren. Haizeminek abiaduraren orratza desafiatzen zuen. Kolorezko pizti-makina erraldoiek ogia epaiten zuten bazterretako landetan, errauts eta ke. Ez genuen astirik ogia ala garia zen ikertzeko, Desamparados eskualdean Thomas zain geneukalako. Ezkerraldean aireportua begimendu genuen eta, hotelak zein bulegoak ugari zeuzkan Honduras Abenida agortu bezain laster, Gasteizko etorbide zabal eta argitik hiri erdira gindoazen. Ageri zen Gasteiz lur idorraren erraietarik eraiki berria zela, kale zuzen eta behialako lantegi abandonatuetan itzaletan moztu espazio modernoekin. Gobernu, administrazio eta unibertsitate gunea zen, kultura eta euskal kultura saileko jende ezagun frankoren bizi-tokia, gainera. Euskal Autonomia Elkarteko hiriburua zen funtsean, euskaldun bakoitzak bihotzean bere kutuna zeraman arren, batzuek Iruñea, besteek Baiona eta azkenek Bilbo.
Florida parkearen saihetsetik, ez nekien nondik, beharbada Manuel Iradierretik, zezen-plazara iritsi ginen. Hango aparkalekuan utzi genuen Haizeminen Thunderbird zoragarria. Independentzia karrikaren 27. zenbakian zegoen polizitegia, Foruen plazatik urrats eskasetan.
Goizeko zazpi eta erdiak ziren.