Sua nahi, Mr. Churchill?
Sua nahi, Mr. Churchill?
2005, narrazioak
288 orrialde
84-95511-79-7
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

Francisco Franco gure herrian

 

Egon zara inoiz urte zaharrez gure herrian? Herri guztietan bezala zure herrian ere, esanen didazu, abenduko azken egunak gauerdia eta bere hamabi ezkilak ekartzen dituelarik: bolanderak, suzko erroberak, Japoniako bonbak, hiru buruko txapliguak, umeak elkarri petardoak jaurtika, ehiztariak leihoetarik zerurantz kanoi bikoarekin... Bai, hala da hemen ere, bozkario programatuaren herdoila, baina inoiz egona ez bazara gure herrian urte zaharrez, zatoz hurrengoan, aurten bertan, har ezazu oinez kai zaharretik aitzina, jesar zaitez putzuari buruz arrainaren deskargan erabiltzen diren zurezko eskorga zahar horietarik batean, edo, marinelago nahi baldin baduzu, guk bita esaten diogun behialako Bilboko Euskalduna ontziolan fundituriko burdina puska gotorrean, mutiloian, eta beha, eta entzun. Ez duzu halakorik beste inon ezagutuko. Gauerdia jotzen hasirik elizako ezkilan, eta lehenagoztik ere, etxeko artilleriaren azantza nagusituko da, baina minutu eskas baten buruan gero eta bakanagoak eginen dira leherketak, xahartuko dira, nolabait esatearren, pindarrak eta txinpartak, eta orduan ikusi ahal izanen duzu odol tanta bat, menturaz bi, goiko ilunpetik zuregana izarniatzen, baratxe amiltzen, hondora doan urte zaharraren SOS deia, eta beharbada pentsatuko duzu, halako maleruskerietara emana bazara bederen, zeure garrasiaren irudia dela hura, bakardadea urratu nahi duen zeure malko gorria, zu, izan ere, naufrago bat zarelako. Zauri ez baina urradura hari beha, artean nabaritua ez zinen marruma gozo eta hunkigarriak bilduko zaitu, bitetan estatxa emanda dauden arrantzako kabotajeko zamako trasatlantiko guztien ulu anitz eta bateratuak, samin, zulakor, gure portua inguratzen duten mendietan durundiozko oihartzun durduzagarri eginik. Sokorriko bengalak amatatu eginen dira uretara baino lehen, eta edertasun mingots horretaz hobeki gozatzeko begiak bildu ez izanagatik iluntasunik trinkoenean geldituko zara, liluramenduzko hutsean. Portuko ontzi guztien tutuak tantra askatzailean ozenduko dira orduan zure barnean, eta apika oldar poetikoetan lerratze zalea ez zaren arren, munduko ontzi guztiek adio ankerra egiten dioten uhartetar bakartia iduriko zenuke. Zu, izan ere, arrotz bat bizi den uhartea zarelako. Orduan konprenituko duzu gau horretan baforeen tutuen marrua ez dela datorrenari eginiko diosala, galdu denari zor zaion dolua baizik. Edo ez duzu deus konprenituko deus pentsatuko, gogoa hutsik geldituko zara, tutuen hots tristeak lehenik eta tutuen isiltasun tristeagoak ondotik murgilduko zaituzten fuel, minio, ustel edo kresaltasun sakonean zorabiatua, inor bizi ez den uharte bilakaturik. Maxinamendu gaitza duzu itsasontzien lantua gauaren erdian.

        Halako hotzikara eztiak ezagutuko dituzu gure herrian, urte zaharrez.

        Uda minean eta eguerdiz egin nahi izan zuten behin urte zaharrekoa nire herrian. Antzinako bertsolariek kantatzen zuten moduan hogeigarren sigluak berrogei zituela, gaineratuaz dozena, Francisco Franco ailegatu zen gure portura. Entzuna edukiko duzu noski izen hori, Francisco Franco, komunismoaren lehen menderatzailea, Espainia handiaren sortzailea, euskaldunen amets zoroak betirako zapuztu nahi izan zituen Kaudilloa, Generalisimoa. Bada hura eta bera heldu zen abuztuak hamabi zituela, prezisamentean, urte zaharrean ez beste noiznahi ere beti ikusgarri usnagarri entzungarri duzun gure herrira. Abuztu oro bezala, Donostiara etorria zen udako egonalditxoa egitera, eta Kantauria bare zegoen guztietan egin ohi zuenez, Orioko marinelek pilotatzen zuten Azor izeneko yate ospetsuan egin zuen sarrera. Lehorreratu zelarik, abuztu oro bezala, harrera ezin beroagoa egin zioten donostiarrek, Askatzaileak iragan behar zuen karriketako espaloiak ikuslez beteak zeuden eta bezperan ezarri megafoniatik «Franco! Franco! Franco!» errepikatzen zen arren, donostiarrek Francori eta Espainiari eginiko bibak eta emandako txaloak gortzekoak izan ziren, zoramena. Bai, igarri diozu ironiaz ari naizela, garaiko prentsaren titularrak erakusten ariko banintz bezala. Baina ikusiko duzu baduela bestelako zeregin bat titularren kontu honek, eta funtsezkoa esanen nuke, kontatu nahi dizudan honetan. Hori hilaren zortzian izan zen. Bederatzian, Eva Duarteren aldeko elizkizunak egin ziren katedralean, baina atzerri ministroa besterik ez zen azaldu autoritateen lerroetan. Hala zen, bai, Eva Duarte hori, Argentinako lehendakari Juan Domingo Peronen emaztea, Evita ospe handikoa. Peron ere Donostian egurastuko zen udan, gero, derrokatuta erbestera jo zuenean, Maria Cristina hotelean egoten zen ostatuz, eta bertan botoitxu ibili zen Txuma nire lagunari milako bat eman zion behin, gelara whisky botila eraman behar izan zion batean euskaraz zekienetz galdeturik baietz, «Gora Euskadi askatuta!» esan ziolako. Eta Txumak gogait eragiteraino errepikatzen zigun «Bravo por el vasquito!» egin zuela algara Peronek, eta bere morroiei agindu ziela emateko mutikoari eskupeko gizen bat, hala esan omen zuen, «gordo». Jakin ezazu nik sinetsi egiten diodala, batetik Txuma ongi ezagutzen dudalako, eta bestetik Eva Duarte euskal jatorrikoa zelako, Pinochet bezala, Ugarte bigarrenez berau, eta euskaldunon harrokeria belaunaldiz belaunaldi eteten ez den kaltea delako, ingurukoak ere kutsatzen dituena, endemas Eva moduko emazteki batengandik hartzen denean. Idatzi behar dut halako batean Txumaren ipuin hori, ez sinestekoak gertatu zitzaizkion uda hartan hiriburuko hotel nagusian.

        Orain kontatzen ari naizenera itzuliz, nik esanen nuke Eva Duarteren elizkizunetan Franco azaldu ez baldin bazen diplomaziaren arauek hartara behartzen zutelako izanen zela kausa, badakizu Franco ez zela meza nagusiak erraz huts egiten zituen epela, ospetsuak ziren haren paliopeko sartzeak Salve izeneko elizkizunera, apez eta kristau ez-frankisten eskandalagarri. Gero, hilaren hamabian, gure herrira heldu zenean, banderaz eskuadraz musikaz errezibitu zuen batailoiaren aldamenean zeukan aiduru Font i Andreu probintziako apezpikua kapaz kapeluz makuluz.

        Huskeria dela Francisco Franco gure herrian egona? Ez pentsa, ez dute beste hainbeste esaten ahal Euskal Herriko bazter anitzek. Gure herrian egon zen biharamunean Hernaniko Orbegozo lantegiko metalginek hirurogei metro luze zen tximinia jasotzen amaitu zuten, laurogeita hamar egunetan izerditu ondoren eta milioi erdi adreilu erabilita. Uste zuten record hura Francoren begikoa izanen zela, eta hantxe azalduko zitzaiela pipari bezala tximiniari lehen kea eragiteko. Baina Generalisimoa ez zen Hernanira inoiz ailegatu, hernaniarrak ez ziren gurekin joan hurrengo asteburuan hiriburuko zinema aretoetara trumilka, denok gure auzune berria eta batzuk bere burua ikusteko Nodo albistegian. Han ageri zen Francisco Franco almirantez, mikro baten aitzinean mintzo, paperik gabe, esatariak esaten zizkigunak esaten:

        «Hitzek adieraz dezaketena baino gorakiago mintzo dira etxeok, gure erregimenak arrantzaleenganako duen maitasunaz».

        Espainian Erregimen Nazionala ezarri zen arte, nazioko zokorik txiroenak arrantzaleen bizilekuak omen ziren. Itsasoko arriskuetan bizi ziren milioi bat lagun horiek ez zeukaten, lehorreratutakoan, aterpetuko zituen su-bazter gozorik inon. Hori Francok esan zuen, eta bazegoen egiarik gezur hartan, gure herrikoak behintzat beste diktaduran, Primo de Riverarenean armadoreek berek merke jaso eta garesti saldutako etxe estu, zikin eta umeletan bizi ziren, honek argituko dizu zergatik ezin giro patriotikoagoa egon zen egun hartan gure herrian: errenta merkeko pare bat ziento etxe, gaineratuaz dozena, etorria zen mustera Generalisimoa. Langileen aldeko diskurtsoa amaitu zuelarik, eta ondoko esku zarta luzearen ostean, Estrada almiranteak, Itsas Institutu Sozialeko lehendakari-delegatu gisa, Askatzailearen arrantzarako zaletasunaz jardun zuen, eta etxadiaren eraikuntzaz.

        Ageitos, Barral, Castro, Docampo, Errondosoro, Freire, Gabino, Maneiro, Narbarte, Olabeaga, Pousada, Prego, Rua, Taboada, Tolosa, Vazquez, Zabala... herriko alkateak familia izendatu ahala, emakumeak mahaira hurbiltzen dira Francisco Francoren beraren eskutik etxearen errenta-kontratua eta giltza hartzeko, haurra besoetan dutela batzuk. Gizonezkorik ez, han ez zen uniforme gabeko galtzadunik ageri. Eta Francisco Francok burua laztantzen die umetxoei, nola duten izena galdetuz. Aitona izan berria da, asko maite ditu haurrak, zinemara joaten zirenek ikusi ahal izan zuten haren poza, emazteak, doña Carmen Polok, biloba jaio berria besoetan hartuta erakusten zion hartan.

        «Viva Franco!».

        Orduan, abuztuko eguzkiak sapa kiskalgarrian jotzen zuela, soldaduek ekin zioten himno nazionalaren metalei gain hartzen ziela, halako hots lazgarri bat heldu zen beheko kaitik, luze, atunketari eta lebatzero guztiak tutu joka hasi baitziren, orain ere adio egiten, urte zaharra eta gauerdi balitz bezala, Francisco Franco bazihoalako, bai baitzituen beste zeregin batzuk, portuko jangela handian langileen artean gordea zioten lekuan lan publikoetako ministroak, Vallellanoko kondeak, bazkaldu zuen haren ordez, Espainiaren mailako nazio handi baten gobernatzea ez duzu jostaketa. Beste eginkizun batzuetara alde egin zigun diktadoreak, eta Francok bazkari hura huts egin izanak arazo teologiko larria ekarri zion don Serapiori. Baina hori aurrerago argituko dizu apezak berak.

        Horrelakoak ikusi eta entzunen dituzu, beraz, espantu eta laudorio gehiagorekin, Francisco Franco gure herrian ageri den albiste dokumentala ikusteko parada baldin badaukazu. Ikusiko duzu arrantzaleen emazteen poza, ikusiko duzu ume bat Espainiako bandera inarrosten, ikusiko duzu apezpikua etxeak bedeinkatzen don Serapio ez den apez batek lagunduta, ikusiko duzu bajurako flota osoa nasan lotua gallardetez eta festako banderez apainduta, ikusiko dituzu baforeen tximinia ondoko tutuak lurrun jaulkika, ikusiko duzu Franco badoala bere auto beltzean... Baina ikusiko ez duzuna da Franco nola iritsi zen gurera.

        — Autoz heldu zen, eta ez al zaizu bitxia egiten Franco, udan beti almirante jantzian ibiltzen zen hura, lehorrez etortzea portu batera?

        Don Serapio oso apez berezia izan zen, sermoi sutsuak egiten zituen aldian behin arrantzaleei soldata duina eman nahi ez zieten armadoreen aurka, gero, lapur haiek bazkaritara gomitatzen zutenean, eta zalea zen, bekatu larri hura laguntza ekonomiko politen truke barkatu ahal izateko. Zerga haiei esker dantza musika euskara ikastaroak antolatu zituen, gazte langile katolikoen batzordea sortu zuen, mendizale taldea bildu zuen, gobernadoreak debekatu zion aldizkari bat abiatu zuen, abesbatza zuzendu zuen, zinema aretoa zabaldu zuen, eta festa estropada mendiko irteera karroza erakuste ontzi berrien itsasoratze, herriko gertatu nagusi guztiak filmatu zituen kordea emanda zebilen 16 mm-ko Boilieu kamerarekin, ni ere filmatu ninduen 1960ko haurren danborradan, hantxe ageri naiz, auskalo zergatik, kopetilun. Ez da harritzekoa, beraz, handik hamar urtera arrantzale auzoko eliza xume hura parrokia izendatu zutenean katoliko zintzoenek ere hartu zuten laidoaren handia don Serapio erretore jarri ez zutelako. Asaldatu egin ziren, boikota egin zieten elizkizunei, mehatxatu egin zuten apezpikuak izendatu erretore berria, gutik egin zuen irauli ez bazuten apezpikuaren beraren autoa bisita pastoralean azaldu zelarik. Apezpikuak Entredicho izeneko zigorra ezarri zion auzoari, eliza prezintatuz, apezari ez auzoan ez beste inon meza eta elizakoak ematea debekatuz, salbu eta hiltzeko zorian zeudenei, eta parrokiari lotuak zeuden jarduera guztiak bertan behera utzaraziz. Ez duzu jakinen noski Entredicho hori XVI. mendeaz geroztik probintzian indarrean jartzen zen lehen aldia genuela, don Serapiok esanda dakit nik, erdi aroko zigor eklesiastiko berezia zen, eta hartaz nire herria «degradatua, bortitza, zabarra, moldakaitza, kristau izenaren gauza-eza» deklaratu zuten, kontatu behar ditut noizbait don Serapioren balentriak, badago hor ipuin eder baterako gaia. Anartean jakin ezazu gure herriko apeza izan zena, egun arreba gazteagana Arrasaten erretiratuta bere memoriak azken modeloko Macintosh batean orrazten eta QuarkXPress programan editatzen ari dena, ez zela egon Francoren ongi-etorrian, adierazia dizut arestian, Apezpikuaren ondoan egon behar zukeen arren, eta berak ere ez dakiela zergatik etorri zen Francisco Franco autoz, hainbat izurde harrapatua zen Azor yatean edo hari eskolta ematen zion Hernán Cortés destroierrean etorri ordez.

        — Franco heldu baino ordu erdi lehenago zeuden gure herriko karrika nagusiko espaloi biak jendez gainezka.

        Horregatik heldu zen Francisco Franco bidez gurera, iragaten zen bazterretan «Hara, hor doa gure Kaudilloa!» esan zezaten, bere presentziaren ohorea eman nahi zion errebal xume osoari, edo beharbada, zu ere irakurria egonen zara horrelakorik, diktadore guztiek «oldean murgildu» behar omen dutelako noizetik noizerat. Idurika ezazu Francisco Franco egun Euskadi Etorbidea baina orduan Avenida del Generalisimo zen horretan barrena bere auto agerikoan zutik eskuaz agur egiten duela batera eta bestera, herritarren oihuek, megafoniaren ozenari gain harturik hemen ere, sukar patriotiko betean biltzen dutela. Maxinamendu gaitza izan behar du.

        — Ba Francoren autoa heldu zelarik motoristen artean, espaloietan zegoen jende guztiak, herriko gizonezko guztiek, buelta erdia eman zuten. Halaxe sartu zen han Francisco Franco, herriak bizkarra ematen ziola.

        Ez dut frogatu ahal izan, mende erdi geroago jendea ez da oroitzen, edo hala esaten didate galdetzen diedan guztiek. «Ni ez nengoen hemen, atunetan genbiltzan!» esaten didate, eta flota etorrarazi zutela entzuna daukadala komentatzen dudanean «A, bai, egia da...! Baina egun hartan familia hartuta Igeldora joan ginen, umeek funikularrean ibili nahi zuten eta aprobetxatu egin genuen, ze nik Franco, badakizu...» asmatzen dizute bere ministroak ez baina Franco bera gizon ona zela defendatzen zutenek. Franco zetorrelako desertatu omen zuten herri honetan espaloiak mukuru ageri ziren, beraz, Franco begi puntan ikusi nahi ez zuen apezaren hitzetan... Zinemazale baten deskripzioa egiten zait, eta hau don Serapioren alde, ez dut uste ezein filmetan ikusia dudanik, bere talentu plastikoari ematen diot, berak filmatu nahi izanen zukeen planoa dela hartzen diot tankera.

        «Badatorrela, badatorrela!».

        Egizu kontu, Franco murgiltze populistaren erdian, eta autoak aitzina egin ahala populuak, Hollywoodeko estrak balira bezain itzulerdi sinkronizatuan, «Orain!», bizkarra erakusten diotela ongi-etorri moduan...! Eta ondotik non ikusten dugun, goranzko panoramika batez, etxeetako leiho guztiak itxi egiten direla hurrenez hurren, harik eta kamera filmatzen ari den leihoko pertsianak ere, ukoz, tanpez, amorruz, bizkarra ematen dion arte, irudia bera beltzean urtzeko...! Halakoak amesten ditu oraindik ere don Serapiok gure herri xehearendako. Euskadiko Filmategiari eman zion aspaldi bere artxibo osoa, baina han ez da halakorik ageri, ez da Francisco Franco gure herrian egon zeneko plano bakarra ere ikusten, eta apez zahar honen makurtasun antifrankista ezagututa, oso logikoa da bere kameraren duin ez hartzea, zeluloide metro erdia gastatu nahi ez izatea haren filmatzen. Eta frogarik ezaz, ez diot sinesten, Nodo albistegi ofizialean ere Francoren sarrera filmatu gabe gelditu izana nahikoa froga izan litekeen arren. Orain udalak oroigarri gisa herritarrei oparitu dien bideoan, eskuratuko dizut, ikusten ahal da Franco gurera heldu zeneko bibak txaloak musikak offean daudela ezarriak, eta dena plano hurbiletan hartua, zinez karriketan inor egon ez balitz bezala edo, zuzenxeago esateko, espaloietan ikusi zena ikustea komeniko ez balitz bezala... Ez, garaiko prentsan ere ez da sarrerako argazkirik ageri. Horren guztiaren jakinaren gainean osatu duela bere fikzioa gure erretore frustratuak, esanen nizuke nik.

        Francisco Franco etxadia Francisco Francok mustu zuela zioen plakaren ordez, geroztikako zabarkeria urbanistikoek bizitegi jatorraren eredu bihurtu duten arrantzale txiroen auzune hartan bertan, arrantza-eskola politeknikoaren gibelean dagoen txoko polit batean, Castelao idazle galegoaren oroitarria dago orain, euskarazko eta galegozko hitzekin, «Abertzale gailegu ta Euskadiko aldeztaile handiari», eta erdian, «Alfonso R. Castelao» Castelaok berak molde gaelikoz asmaturiko karaktere galegoetan, «Bere jaiotzeko mendemugan 1886-1986». Esana dizut, urte zaharrean ez ezik edonoiz dela bisitagarria nire herria: urtero, letra galegoen karietarat, lore eskaintza egiten zaio Castelaori txoko honetan maiatzeko azken igandean. Eta gero ribeiroa banatzen dugu, eta olagarroa eskaintzen dugu, galegoek bakarrik prestatzen dakiten dastamenari gozo-mina eta hortzari sendo-bera zaion olagarro bikain hori, Breoganen aberria kantatzen ez dutenendako ere urririk eta ausarki. Soldadu konpainia batek ez baina Trisquele dantza taldeko gaiteiroek Galiziako himnoa jotzen dutelarik, nazio hartako banderaren xingola urdinaren erdian izar gorria daukan platertxo estanpatua ateratzen du Luziana Rourak beti leihora, Mateo Taboada senarra zuenaren argazkiarekin batera. Himno guztiek, baita metalik gabe gaitaz jotakoek ere, higuina eman diezazuketen arren, segur naiz hunkitu eginen zaituela alargun horren fiertasun xaloak.

        Bere senarrak hemen ibili behar zukeen orain, tabernaz taberna arno eta etzaleku bila, holandar alderraiaren antzera. Horrelaxe, bai, ibili behar zukeen gurean Mateo Taboadak, alegia, bere espektroak, baldin eta Nemesio Arozena, arrain-kaxak egiten zituen zurgina enrolatu izan ez balitz mareaje hartarako, lanean aritzen zen sotoa erosi egin nahi zuela-eta dirutxo baten afanean. Berrogei urtetik goitiko bakarra zen eskifaian, baina ongi moldatu zen bakailaoari burua tripak hezurra kentzen ontziko faktorian. Mareaje ona gertatu zen, sarda baten erdian gelditu ziren Ternuako uretara iritsi orduko, gogor jardun zuten denek gau eta egun, halako batean Mateoren eskasa sumatu zuten arte. Kamainan aurkitu zuten, lasai zerrian zerraldo.

        «Gizon honi lurra ematen ez bazaio, zuek denok akabatuko zaituztet banan-banan!».

        Zurginak ez zuen bulartasun handiagoa aterako lagunak motinatu nahi izan balitu, deskabezatzeko matxetearen ahoa erakusten zien. Barregarria ere bazen sukar hura, barre egin zuen kapitainak pentsatuz Nemesio Arozenak usteko zuela lona batean bilduta hondora jaurtiko zutela gorpua.

        «Lasai, Nemesio. Deituko dut irratiz inor ote doan Halifax-era, hark eramanen du lehorrera. Edo bestela geu joanen gara, nahiz eta hiru egun galdu».

        Lehen baino fermukiago estutu zuen matxetea eskuak kresalak zartatuta eta limoia ahotik ezin kendurik zebilen koitadu hark. Aurpegian zeuzkan odol zipriztinak etsaiarenak balitu moduan.

        «Mateo Taboada ez da barku honetarik aterako ez bada gure herriko hilerrira joateko!».

        Eta Yate Galduaren Itsasorainoko hamar eguneko itsasketa hartan irakurtzen irakasten aritu zitzaien Moañako gaztetxo bik baietz egin zuten, beharbada beldur zioten hilondoko bakardadeari eta haiek ere ez zuten nahi izanen itsasoaren hondoan edo Ternuako hotzean.

        «Egia da, bestela gero Taboadaren mamua azalduko zaigu herrian hilobi eske!».

        Eskifaia hark lehen hildakoa zuen itsasoan, ez zeukaten gorpuen berri. Ez al daukazu horren aditzea? Kostaldeko guztiek hala uste dute, abandonatzen den hildako marinelaren espektroa azalduko dela goiz edo berant hilobi eske.

        «Baina hasi besterik ez gara egin, beste bi hilabeterako daukagu hemen...!».

        Orduan Nemesio Arozenak matxetea bakailaoen gainean jaurti eta buru egin zien espektroetan sinesten zutenei, tonako 50 pezeta gehiago zeukatela besterik pentsatzen ez zutenei, itsas handian hildakoekin zer egin behar zen inork baino hobeki zekien kapitainari.

        «Gizon honek gure herriko hilerrian egon behar du, Mateo Taboada letra handiz dioen marmolezko lauza baten azpian... eta gurutzerik gabe!».

        Inork ez zion esan dozenaka zirela herriko hilerrian izena eta heriotza-data ere aski handian ageri zuten hilobi hutsak. Beharbada ez zuten horren akordurik eduki nahi itsas zabalean, konprenitzekoa da. Zurginaren haserreak liluraturik zeuzkan nolabait, eta haren esanak, galegozko eta euskarazko enpatxuan jaurtiriko madarikazio andana, zubira behartu zuen kapitaina. Atzetik joan zitzaion eskalan trakets, bultzada batean zabaldu zuen zubiko atea. Beti Santa Rita baforearen kubertan zeudenek Nemesioren eskua ikusi zuten sirenaren giltzari eragiten, eta berehala, lurrunarekin batera, tutu triste luzea, luzea ordea, pareja irratiz deika hasterainokoa. Maxinamendu gaitza izan behar duela halako tutuak Ternuako uretan. Noizbait, kostako patroia igo zen zubira eta jaitsarazi egin zuen zurgin zalapartaria.

        «Jarrai ezazue, jarrai ezazue Francori tutua jotzen!».

        Eta geroztik ez zion inori hitzik egin, ilea eta bizarra moztu gabe eman zuen marea osoa, halako esku ona zeukan Patxo Laskibarren doako zerbitzuei muker eginda. Bakean utzi zuten, bazuen arrazoirik, letra handiz egon behar zuen Mateo Taboadaren izenak herriko hilerrian, eta harriaren azpian Mateo Taboadaren gorputza, orain dagoen bezala, letrak kolokan dauden arren eta gaineko triskelea higatu samarra. Kubertan, kamainan, jantokian, faktorian, zerbait zekienak deus ez zekienari eman zion orduan, ahapetik, Nemesio Arozenaren haserrea pizteko beldur, hildakoaren berri. Eta pentsatzen ahal duzu kontatutako denak ez zirela zuzenak izanen, badakizu nolakoak garen solasean hasten garenean, ipuinetan aritzen gara ez bada filmetan. Baina egia da Francisco Franco gure herrian egon zen egunean Mateo blai eginda etxeratu zela eguerdian, eta Luziana Rourak berak aitortuta dakit zein izan ziren teilatupe hartan bere senarrak esan zituen hitz bakarrak:

        «Apezpiku batek bedeinkatu eta kriminal batek giltza emandako etxea...!».

        Eta arropa lehorrak jantzita alde egin omen zuen su gainekoari sudurra hurreratzeke. Horregatik hil zen Ternuako uretan, laidozko etxe hartara itzuli behar ez izateko. Itsaso hari, inoiz jitoan azaldu zitzaien yate kanadar batek izena emana zion hari, Mateo Taboadaren Itsasoa esan zioten geroztik gure herriko marinelek, bakailaotan ibilitakoek behintzat. Hura da haren itsasoa, eta hau da haren herria, Nemesioren matxeteak egin zuen lanik: katekesiko arduraduna etorri zitzaion ate joka don Serapiori, zainak ikaran, karabineroek eskatu ziotela apeza bilatzeko, bafore bat omen zetorren arribadan hildako batekin, komandantziakoei irratiz jakinarazi zietenez.

        — Estola hartu eta han abiatu nintzen emakume prestu harekin, Tere Etxenikerekin. Moilara iritsi nintzenean estatxa trinkatzen ari zen Beti Santa Rita, bertakoa zen, Fontela anaiena, baina ez zetorren arribadan, kanpaina osoa eginda zetorren, hiru hilabete zituen itsasoraturik. Bazen jenderik zain, eta Luziana Roura zen negar egiten ez zuen bakarra, haren senarra izan behar zuen hildakoak, Mateo, «Emea sobran zeukan gizona», berak askotan esaten zuen moduan, ja, ja.

        Itsasbehera zen eta makinilarekin lehorreratuko zutela gorpua arrain-kaxen oholez eginiko etzangiren batean pentsatu zuten hara bilduak ziren guztiek, baina kapitainak, Romualdo Barrosok, apeza ikusi zueneko, lanean hasteko agindu zien kubertakoei. Bodega gaineko gatza kentzen hasi ziren bi marinel pala banarekin, tentuz, erratza pasatuko balute bezala. Gomazko bota berdeak azaldu ziren lehenik, gero ezkerreko eskua.

        — Zorabioa egin zitzaion karabinero bati, emakumeen besoetan gelditu zen gurutzetik jaitsitako Kristo bezala!

        Garrasi egin zuen emakumeren batek, emakumezko guztiek egin zuten garrasi Nemesio Arozenaren esku amultsuek Mateo Taboadaren aurpegia azaldu zutenean gatzaren erdian, laurehun tona bakailaoren gainean, bakailaoa eginik bera ere, bere buruaren jabe zen arrain bakarra: Mateo Taboada, faenako hirurogeita zazpi egunetan eta George's Bank-etik honako beste hamarreko itsasketan gatzatua. Don Serapiok eskua jaso zuen bedeinkatzeko atzamarrak luzatuta, baina halaxe gelditu zen, besoa herdoildu edo izoztu izan balitzaio moduan.

        — Ez nuen errespontsurik egin, ez nuen bedeinkatu... Nik begiramen handia nion gizon hari.

        Luziana Roura hurbildu zitzaion eta, apezaren kandura profitatuz, eskumuturretik heldu zion.

        «Milesker, don Serapio, nire gizona zerura ez behartzeagatik».

        Abiaduren palanka stopera jaitsi balu bezala utzi zuen behera don Serapiok eskua orduan, eta menturaz esanen didazu apez batendako ez dagoela kitzikagarriagorik ateoa bedeinkatzea baino, eta arrazoi dukezu. Baina une hartan, Taboada gatzaren erdian azaldu zelarik, gure herriko apezak damu handia zeukan gogoan, ikusten ari zenaren ezin ederragoa izan zen aurrena etorri zitzaiona, ez Jainkoari erregu egitea arima galduaren alde. Ikusten ari zenaren zoragarriak kamera etxean utzia oroitarazi zion, eta damutu. Egizu kontu, gorpu bat ahoz gora gatz kaparen erdian azaltzen ari ontziaren bodegan, urtuz doan elurrak agerian utziko lukeen neguko mozkorra bezala karrika nagusian... Plano bikaina zen, Francoren etorrerari bizkar ematearena bezain ona. Filmatzen ahal zituzkeen planoekin egiten du amets amateurrak. Benetako zinemagile batek, apeza izanagatik, gorpua berriro estalarazi eta deus ez ukitzeko aginduko zukeen, kameraren bila alde eginda. Zalantza horixe zerabilen gogoan don Serapiok, horrek eragotzi zion marinel gatzatua bedeinkatzea, eta ez harekiko begiramenak. Baina ez zuen kemenik ukan aktoreei errepikarazteko, gain hartu zion ikusiak.

        Mateo Taboada zeukaten aurrez aurre zutik, tente, Moañako gazteek galtzarbetik heltzen ziotela, bere buruaren kartoizko kopia, jana, zimeldua, momia hutsa piramide bila. Are karminago egin zuten negar Luziana Rouraren adiskideek. Nemesio Arozena lehorreratu zen Taboadaren atzetik, eta ehorzketa-etxekoei egin zien aurre matxetea ez baina mailu-zintzelak eskuetan. Auto berriaren ondoan zeukaten katabutaren estalkiaren gainean makurtu zen, lau kolpetan eten zuen gurutzea. Itsasora jaurtitzea pentsatu zuen, baina don Serapioren haserrea sumatu uste izan zuen. Hari eman zion latoi puska eta, gizon bien behakoak ikusi zituztenek komentatu izan didate iduri zuela gurutzeak eta mailuak desafio egin behar ziotela elkarri orduantxe. Luziana Rourak zapi gorri bat lotu zion senarrari lepoan, katabutean ezarri zutenean.

        — Ez al duzue ezer egin behar? Horixe esan nion Mateo Taboada zenari, apezpikuak Franco in person gure herrira etortzekoa zela jakinarazi zigun bezain laster.

        Esan dizut apez berezia izan dela, beste zerbait ez esatearren, don Serapio hau. Suposatzen dut sotana kakoan utzita kaleratuko zela orduan ere, mahonezko jantzian eta zapeladun, uda eta negu erabiltzen zituen Bamba plaierak fuelean zikintzeko beldurrik gabe, edo, menturaz, hartan zikintzearren. Gero tabernaren batean sartuko zen, eta barran zeuden hirurena ordainduko zuen Arozena zurgina ikusia ote zuten galdetu baino lehen, «gaur ez omen da lanean azaldu». Ez zituen guti harrituko parrokianoak galderaren inozoak. «Zain zeuzkan, etxetik irten orduko eraman dute». Ez dakit jakinen duzun, beharbada ez. Urte luzez, Francok bisitatu behar zituen bazterretan bizi zen fitxatu edo susmagarri oro presondegira eramaten zuten hura heldu baino astebete lehenago. Eta Nemesio Arozena, igarriko zenion honezkero, gorrietan egina zen gerra. Berezia izan behar, bai, eliza inoiz zapalduko ez zutenei laguntza eskatzen zien apezak. Orduan parrokiano haietarik bat hurbilduko zitzaion, eta ahapean:

        «Eta zuk, zer egin behar duzu?».

        Inpentsan harrapatu zuen galderak.

        «Tiranoa bertara etorrita, sermoi batekin konformatu behar duzu?».

        Ez zela etxadiaren bedeinkazioan egonen, esana ziola apezpikuari eta bost axola zigorrik ezartzen baldin bazioten ere. Badakizu, putzu guztietan botzen ditu sareak Elizak, apezpikuak Franco hartuko zuen, apeza eliza inoiz zapalduko ez zutenekin boikota antolatzen zebilen bitartean. Orduan Mateo Taboadari eskatu zion laguntza, lagun ziezaiola tutuen boikota antolatzen.

        — Batekin eta bestearekin egin zuen hitz, eta denek esan omen zioten baietz, ezer ez egitea ere, baina armadoreek mehatxu egin zietela tutua jotzen ez bazuten, beraiek etorriko zirela jotzera eta jendea sobran zeukatela Ternuarako. Egia da, bai, diosaleko tutua jo zitzaiola Francori gure herrian.

        — Mesedez, don Serapio, izan zen bafore bat tutua jo ez zuena...

        — Barka ezazu, Luziana, ahotik kendu didazu. Efektu berezia egiten zuen gainera zure senarra zebilen ontziak, gogoan daukat bai, masta biak eta sokaje guztia biluzik, Karmengo Amaren festetarako bezala apainduak zeuden baforeen artean.

        — Mateok kendu zituen goiz hartan bertan, eta ontzia askatuta portuaren erdiraino ekarri zuen, umeak arraun bakarrean hasten direnean bezala jarri zuen itzulika, lema total estibor emanda.

        — Lanak eduki zituzten lema askatzeko, kate-kandatu batekin zegoen trabatua.

        — Kostazainak abordatu zuen ordubete eta luze beranduago. Sartu zirenerako, baforea hutsa zegoen. Oso gauza bitxia eta polita izan zen, baforea portuaren erdian zirkuluak egiten, koilara bat saldari eragiten bezala, halako uhin apartsuak sortuz... Polita benetan.

        — Eduki zuen ekintza xume horrek bere handitasuna, ahoz aho ibili zen, eta berehala jakin genuen presondegian. Protesta bezala konprenitu zuen mundu guztiak.

        — Eskandalu bat izan zen, bai. Moilan zeuzkan zain karabineroak eta txapelokerrak, ni ere hantxe nengoen zer gerta ere, baina ontzia hutsik zekarten, igerian lehorreratua izan behar zuen Mateok beste nonbait.

        — Gau hartan bertan etorri ziren brigada politiko-sozialekoak bere bila, baina ordurako joana zen. Etxea kenduko zigutela egin zidaten mehatxu.

        — Mateo Taboada ez zen inoiz militantea egin, baina laguntza handia eman zigun ahal izan zuen guztietan. Lehorrean zenean, baforean gordetzen zigun propaganda guztia.

        — Etxebizitzarako izena eman genuenean guk ez genekien Franco etortzekoa zenik giltzak ematera...

        — Ikusi duzu udalak argitaratu duen bideoa? Han ageri zara, irri egiten ez duen bakarra zara.

        — Mateok ez zuen asko hitz egiten... Franco ez zela galegoa esaten zuen maiz.

        — Damu handia dugu denok Francisco Franco gure herritik bizirik irtena.

        — Ez zegoen baldintzarik gehiago egiteko.

        — Huts egin zuen portuko langileen otordua, eta horrek zer pentsatua eman zidan... Arazo hauxe planteatu nion apeztegiko teologia irakasleari: Zer pentsatuko luke Jainkoak bere gorputza pozoituko bagenu tirano bat hiltzeko?

        — Eta, zer esan zizun?

        — Izututa gelditu zen... Epelenekoak izan dira beti apeztegian!

        Altxatu naiz bitatik, hankamuka egin ditut urrats batzuk gatz ale zaharrak zanpatuz, mareaje luze baten ondoren lehorreratu banintz bezala, itsasketa, egia esan, luze samarra izan baita. Ez da edaleen kanturik entzuten inon, ez da mozkorrik ageri bazterretan, kaian ez da suziri hilik, asko falta da oraindikanen urte zaharrerako, bihar laneguna da eta izotz fabrikaren motor marruma apala baino ez da entzuten. Asko falta da hurrengo urte zaharrerako eta aspaldi du despeditu genuela azkena, entzuten diren tiro hots horiek ez dituzu ziririkuak, Nemesio Arozenaren ilobaren atelierretik datoz, pistola neumatikoz josten dituzte orain arrain kaxak, eskatu handiren bat edukiko dute biharko. Hala ere, sinets iezadazu, arrantzako kabotajeko zamako trasatlantiko guztien tutuak ozentzen dira behin eta berriz neure gogoan, ortzimugaz haraindian gorde den baforearen uberak gure begietan irakiten jarraitzen duen bezain luzaz...

        Zer besterik behar du batek uharte habitatua izateko?