Sua nahi, Mr. Churchill?
Sua nahi, Mr. Churchill?
2005, narrazioak
288 orrialde
84-95511-79-7
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

Euskadi Etorbidea

 

Gure Izarra Berri ez zen oso bafore berria, baina kosta on bat zeukaten, bazuen Porto do Son-go seme isil hark aski kalipu pilotuari bezain zakar egiteko armadoreari ere, nekez onartuko zuen gure flota, zaharrean zahar zelako, hondatua egon beharraren logika. Ardura profesional horri esker harrapatu ahal izan zuen Manoel Arauxo makinistak emaztea auzoarekin ohean, bere ohean, kostak arribada agindu zuelako portutik hogei miliatara baino ez zeudela, ez zuen mareajea egin nahi izan irratia matxuraturik. Neurri zuhurra noski, geroztik hona aztarrenik utzi gabe, alegia, inolako SOSik luzatu ahal izan gabe hondoratu diren gure herriko hiru baforeen kasu deitoragarriak ongi frogatua daukanez. Manoel Arauxok, antza, alde egiten utzi zion auzoari, ohe ondoan zeuzkan arropak eta oinetakoak batuta sexua gordeaz heriosuhar egin omen zuen gelatik hanka, emazteak «Barka iezadazu, Manoel!» erregutzen zion bitartean. Beldurrak hartuta izara ausikitzen zuenetz, damu gabeko malkotan urtu zenetz edo burua mantapean ezkutatzen zuenetz, ez genuen jakin. Marinelak labana erakutsi zuelakoa, buruberoek baino baieztatzen ez duten xehetasuna da. Labana beharrezkoa da ontzian, baina marinelak ez du soinean eramaten. Emazteak barkatzeko eskatu ziola segurtzat eman genezake bederen, ez zuen amorantearen errua egin «Behartu egin nau!» edo «Nik ez nuen nahi!» bezalako zabarkeriak asmatuz. Emakume hark bere gain hartu zuen egiten ari zenaren ondorioa, horrexegatik eskatu zion induljentzia senarrari. Baina xehetasun horiek gero jakin ziren, Manoel Arauxo amaginarrebaren etxetik itzuli zenean, zinkez zink ibili zen bere ondikotza entzun nahi zionari kontatzen. Eta badakit batzuek ondo eginaren iritzia eskaini ziotela miresmenezko bizkarrekoak ematen zizkiotela, Manoel Arauxok merkantzia ustela hornitzaileari itzultzeko egin zuen ibilaldia urte hartako eta ondoko beste aunitzeko balentriarik handiena ukan genuenez herrian: emaztea adatsetik zeramala gelditu zen tabernaurre guztietan «Beha ezazue puta hau, senarra lanera joateko zain egoten duk auzoarekin oheratzeko!» zuela anuntzio. Kontu honen entzutea baino ez neukan nik, umea nintzeneko eskandalua da hau, baina halako higuin samin bat hartu nion Manoel Arauxori, eta ez nion espartinetara ere behatzen auzoko eskaileretan gurutzatu behar nuenetan. Emaztea begitantzen nuelarik karrikan barrena trofeo gisa biluzik, urrikalmendu handi batek hartzen ninduen, harrika eman baliote bezala. Bai, emaztea biluzik zihoan, arrain bat marinelaren eskutik dilindan. Eta Arauxok oihukatzen omen zuena erantsi morbosoz hobetzen zen ardandegian, ile-apaindegian, saretegian, mezako irteeran. Emazteak berak despeditu zuela moilan, elkarri agur egiten ziotela jo omen zuen abaor bokalerantz Gure Izarra Berri-k, oheak oraino senarraren epeltasuna zeukala hartu omen zuen amorantea, marea guztietako portaera zuela huraxe, eta ez beti berarekin, nornahik botzen omen zuen aingura harenean... Marinela edana zegoela lehorreratu zirenean, eta ez daukat lanik sinesteko. Geroztik askotan madarikatu izan duela Manoel Arauxok kostak arribada agindu zuen eguna, eta nekerik gabe onartuko dut. Baina hala ere bazegoen egitate hartan krudeltasun harro bat, tronpatuaren mindurak desenkusatzen ez zuen ardoaz barnagoko zabarkeria anker bat, enerbatu egiten ninduen zehaztasun mingarri bat. Karrika betean barrena biluzik ibiltzea bakardadearen une minena da, emazteak lekuak hustu behar izan zituen. Hain zuzen, emaztea halako gisaz eramateak berak frogatzen zuen trahizioaren egia eta handia. Horren haritik, herrian hartaz komentatu izan dena noiz edo noiz, emazteak zertan egiten duen lan orain, edo nola bizi den, senar laidoztatuaren jokamoldea nolabait ere justifikatzen ahal duten datu objektiboak baino ez dira. Bere garaian ankerra eta antzegabea zirudien egitatea, leundu egin du denborak. Nork ezagutu dio, geroztik, inolako liskarrik Manoel Arauxori? Nork esan lezake emazteak oro puta direla uste duenik? Arrebarenean bizi da eta ez du beste erretretatuek baino haboro edaten, maite ditu ilobak, lagunen hiletetara joaten da. Nork esan lezake nola erreakzionatuko duen batek, emandako zin intimoa profanatzearen ikusle gertatuta? Ez ote da ohiko samarra tribunalek errugabe lagatzea emazte desleiala akabatu duen gizona? Ez, inork ezin lezake, baina nik epelkeria horren guztiaren kontra neukan arrazoi Manoel Arauxoganako mespretxuan, eta esaten dudana frogatzeko noa orain, urteetan umotu behar izan duen urrats, marinelak emaztea herrestan eraman zuen karrika beretik barrena gordin. Lady Godiva naiz, zaldiz ez joatea eta ezein zergaren aurkako protesta ez izatea, nire hau. Erregina bat ageri da zuen karrika nagusian, herriko armarritik jaitsitako sirena zangoduna. Biltegi nautikotik biodendetarik garajeetarik atezain automatikodun ezkaratzetarik jalgi zarete denak ateetara leihoetara espaloira, eta honantzako norabidean zatoztenak baztertzen baldin bazarete ez da bide egiteagatik, ikuspuntua hartzeagatik egiten duzue albora. Ikusgarria naiz, ez duzue uste? Irriño bana, mesedez, harrika hasi baino lehen. Eguraldi ona dugu, jendez irakiten dago eguterako alde hau, hemen jesarrita hartzen dute ribeiroa nire herritarrek, egun pekinesen eta huskyen kakarik edukiko ez balu bezala noan espaloian. Aitor ezazue, denok egin ohi dugu amets karrika nagusian biluzik goazela, ni ikara hori sentitzen ari naiz zeuen guztien gozamenerako, lotsariaren ordezkaria naiz, biluzik noa gogoak eman didalako, besterik gabe, ahalkearen eta fiertasunaren nahaste hordigarri batean bizi naiz, egidazue tu, otoi, edo emadazue harrika. Baina karitaterik ez, eskerrik asko, gorde ezazu hotz egiten duenerako, nola irten zaitezke beroki batekin eguzki galdatan? Ez zaude batere oker nire gordintasunak gordetzeko ekarri baldin baduzu, ez duzu ikusten ez dudala gorputza eskuekin lotsatu nahi? Ez duzu ikusten ez nauela inork heltzen adatsetik? Zergatik noan biluzik jakitearren obratu dut ametsa, burua gorarik, bularrak harro, eta ez dut komentariorik entzuten ondotik. Alta, badakit gaurgero ez dudala etxetik irteterik edukiko, nik ere alde egin beharko dudala herri zoragarri honetarik. Inork ez dit ileetarik tirako, baina nire herritar guztiek eramanen naute arrastaka biluzik eguzki beteko espaloi madarikatu honetan aurrera beren marmar merkeek adatsetik helduta, «Beha ezazue, hori da, hori da denok probokatu nahi gaituen martiri ustekoa!». Zatarkeria handiena naizelako naiz ikusgarri. Biluzik noa eta zergatik noan biluzik jakin nahi zenukete. Esadazue, ergel ez besteok, zergatik noa biluzik? Emadazue apurren bat zeuen zuhurtasunetik! Beha ezazue hona, doan eskaintzen dizkizuet hazta ditzazuen, ez al da hori etorri zitzaizuena Manoel Arauxoren emaztea ikusi zenutenean, nork ez zuen komentatu gero ederra zela puska haien dardara? Ez naiz uzkurtzen, lotsagabe eskaintzen dizkizuet nireak. Modelo ibiltari bat naiz, ez tratamenduak burutik eragindako ahul mentala. Ez duzue ikusten ez dudala behakoa apaltzen? Nire haragia eskaintzen diet zuen begiei, nireak zuenetan ditudala ematen. Formoso, atera ezak hire kamera, egiok erreportaia emaztegai dotore honi, salduko duk kopiarik. Ez tapa zuen haurren begiak, utz itzazue mamiotan zoratzen! Ez al dizue lotsarik ematen jantzita ibiltzeak? Zuri esaten dizut, bai, hipokrita horri, zatoz zakur ene hankartea usnatzera. Orain itzuliko banintz, nire ipur-masailen kulunkari beha harrapatuko zintuzket. Frontetik natorren miliziana naiz, ahantzi egin zaizue dagoeneko? Zeuon guztion amorantea naiz, trintxeretarik nator zuen ama zintzoek kondenatu zuten hura bera nator, ahantzi egin zaizue?, horizontalean egiten omen nuelako gerra. Mesedez ama, utz iezaiozu noizbait dietetika jakiak erosteari, irten zaitez herritar guztien artera, ikus ezazu zeure alaba zeinen eder Euskadi Etorbidean aitzina biluzik. Aldera ezazu zure gorputza nirearekin, zure alaba naiz? Nebatxo maitea, oparitzen dizkizut nire arropa guztiak, zora zaitez haien lurrinean. Baita nire Braun depilagailu berria ere, dena zuretako, harribitxiz jantzi nahi nauten zu baino nerabe olinpikoagoz betea dago herria. Udaltzainak ezkutatu egin dira, ez dute emazte biluzi bat atxilotu nahi, halakorik, kuku eginen lieke oihu ikusleriak. Arraunlari izandakook, ez al da egia outrigger bat bezain liraina naizela? Ezkerreko zinegotziok, ez duzue uste mozio bat naizela? Emazte bananduok, zeren zain zaudete neure protestan bat egiteko? Aita, oraindik ez dizute gaztigatu? Soziedadera eraman ote zaituzte lagunek inozomentean, jakin ez dezazun zure alaba biluzik doala eguerdi zuritan herriko karrika nagusian barrena? Damu dira gutuna postan utzi dutenak, kontu bitxi bat lukete orain Galiziako ahaideei kontatzeko. Eta ez dirudi edana dagoenik. Baina ez al da halakoren alaba? Ez, orain farmakoekin zabartzen dira. Bera da, bai, ni naiz, ez nauzue ezagutzen ala? Atelier guztietako takilla guztietako egutegi guztietako titiduna naiz, itsaso guztietako bafore guztietako kamarote guztietako amabirjina linburra naiz, beldurra ematen dizue larrutan nirekin? A, nola maite dudan herri hau! Nola maite zaituztedan! Lasai, lasai, jar zaitezte ilaran, nekagaitza naiz, denendako egonen da, bete itzazue zuen godaletak nire elderraz. Bekoz beko gelditu zait. Begietara behatzen dit nire gorputza onartzeko gai ez balitz bezala. Kokotsa dardara batean dauka, hizketan hasi behar duela dirudienean zintzur sagarra baino ez zaio mugitu. Gibeleratu da, behaztopa egin du, ihesari eman dio. Emazte biluzia naiz, tu egin behar diot biluzik herritar guztien agerian, Euskadi Etorbidean, berak adatsetik helduta ibili ninduen karrika berean, lekuko berdinen aitzinean, horregatik doa ihesi, emazte biluziaren ihesi, irten ahal izanen ez den eldarnio honetan sartzen dela. Ihesian bizi beharko du nik biluzik bezala. Orain badakit zergatik jalgiko naizen egun kalera.