Sua nahi, Mr. Churchill?
Sua nahi, Mr. Churchill?
2005, narrazioak
288 orrialde
84-95511-79-7
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

Mozkorren arteko txo

 

Inor ez ginen gai izan eztulik egiteko, ez geunden ohituak hain garden. Gai tristea izaten zen, gezurren bodega.

        — Ez zait batere gustatu, oso zekenak dira hauek!

        Zer ari da mutil hau denok elkarri, zurturik, denok hari beha. Hangoak halakoak baldin baziren, ez zuen estreinakoa. Eta, non ote zeuden zekenak ez zirenak.

        — Neuk bakarrik egin behar izan dut hemen ere lan guztia.

        Mahai gainean geneuzkan garagardo hasietarik bat hartu eta St. John's-eko hotz beldurgarrira irten zen.

        Nahi zuena esan zezakeen, edozer irain onartuko genion. To nire ama, egik gura duana, horrelaxe ginduzkan.

        Flemish Cap inguruan egonak ginen, galernaren barruan.

        Portiloak lehertuak, ateak eramanak, mastak etzanak, lemako gurpilik ez... baso errea ematen zuen kubertak. Jostailu bat itsaso handitu hartan biraka, lema ezin zuzendurik. Makina-gelan sartu behar izan genuen denok, ez izoztearren. Eta hamar minuturo gizon bat kubertara, zubira igota lemaren ardatzean ipinia genuen giltza ingelesa estutzera...

        «Orain nire txanda da!».

        Areitiok heldu egin zion, «Ez, hi ez hoa!».

        Bularrean jo zion mutilak amorratuta, eta eskaileretan goiti ezkutatu zitzaigun gazte hura, haserre. Izugarria izan zen, makinaren galapa, ontziak etzan egin behar zuela uhinek esloratik hartzen gintuztenean, mutila azaltzen ez, azaltzen ez, azaltzen ez. Itsasoak eramana izan behar zuen. Inork ez zuen hitzik atera nahi, sentinako txapetara beha geunden hamabi gizon gordin.

        «Badator...!».

        Malkotan zeuzkan masailak Areitiok.

        Jalgia zen bezain kopetilun jaitsi zen mutila. Narruak kendu eta motorraren gainean ipini zituen eskuak.

        «Ez du inork berriz igo behar izanen. Berehala etorriko zaizkigu bila, kanadarrekin hitz egin dut».

        Ez genuen galderarik egin nahi, bagenekien ez zela posible, foniarik gabe geldituak ginen.

        «Eskuko ekipoa erabili dut».

        Eta orduan hamabiak hari beha, barrenak baretuta.

        Lehen mareajea zuen, arrabak zeuzkan gazte hark, eta gainerakook baino palakada batzuk zentzun gehiago buruan. Gezurretan ari zen, baina zeinen eder. Halakoak ezin dira ikasi, senetik atera behar ditu batek.

        «Horiek denetik dakite, gaztelaniaz egin didate, badatozela».

        Inork ez zuen geroztik salbaziorik ez genuelakoa berriz aipatu, inor ez zen berriz jarri belauniko, ez zen biraorik sumatu dieselaren durundioan.

        «Gure posizioa eman diet».

        Eta ez zitzaigun bururatzen hark nola zekien non, ez genuen hainbeste kolpe hartzen, ez genuen hotzik, baretzen hasiak ote ziren itsasoaren hesteak ere, barrez hasi ginen, «Banoa botilaren baten bila» esan zuen Areitio zaharrak, patroiak.

        Kubertara irten ginen.

        Ontzi osoa pintatua, kubertatik eta zubitik gelditzen zen burdina puskan, abaorretik estibor, dena, blakaz eta handi, SOS. Arrabak, hura pintatzeko hotz hartan, ontzia albora erorian eta uhinak joka.

        Eta debiletaren kontra lehertua foniako portatilaren zati bat.

        «E, begira, hor datoz!».

        Hamabi gizonen besoak Canadian Rescue Service-ko abionetari agurka.        

        Huracan Primerok utzi zigun ordezko lema-gurpila, St. John's-era hartu genuen.

        «A, mutila! Ez zaik ahantziko!».

        «Ikusiko duk, izerdi gozotan urtuko haiz!».

        «Eta garbiak direla gero, hangoak ez dituk frantsesak!».

        Portura orduko mozkortuta geunden gehienok, ez ginen Spanish Seaman's Center-era joan etxeko gutunen bila, agindua genion moduan fucking egitera eraman genuen gure mutil handia lepoan hartuta Ontario Street karrikako andrakalara, denon artean ordaindu behar genion estreinakoa.

        Eta zubitik bezain muker osteratu zenean, mututurik utzi gintuen.

        Abante egin nuen zulo hartarik, tabako kez betea neukan galdara eta hotzaren masaileko bana behar nuen. Inor ez, etxeetako argiek hotzago bihurtzen zuten karrika. Espaloiaren ertzean, makadamean, Labatt Blue hutsa. Ukondotik heldu zidaten.

        — Money!

        Muki arrastoak zeuzkan artilezko eskuzorro gorrian. «Konkorra» zen, gure aspaldiko ezaguna, guztiz atsotua. Neukan xehe guztia eman nion, eta marmarrean gelditu zitzaidan, «Ez al daukak besterik?» egiten zidala gaztelaniaz bere txanoaren leizetik. Arropak salatzen gintuen. Eta alkohol lurrunak. Eta geu bakarrik azaltzen ginela engoitik han, gu bezalako portugaldar gizajoren batzuk eta geu, armadore handiak Norvegiara zebiltzan bakailaoa atzematen zuten eskanerrekin. Makurtu egin zen botila jasotzeko, eta alde egin nion. Norbait inor zen atso hura Saint Pierre-n, larderia handia zeukan bere konkorrak gure artean, ez ginen harekin dantza egin gabe jalgiko L'Etoile-tik edo Select-etik. Tristea izan behar zuen bakailaorik gabeko Saint Pierrek, txabola multzo bat, eskeko ere ezin. Han goian ikurrina zeukan frontoia beti hutsik.

        — Hitz eginda nahi izaten dut nik.

        Kamainan etzanda zegoen mutila, jantzita, eskuak burupean, sabaian itsatsia zeukan Sidney hirian begiak.

        — Beharbada tarifatik kanpo zaukatek hemen hitz egitea.

        Barre egin nuen, andrakaletako beterano bat bezala hitz egiten zuen, kapritxoak zeuzkala sinetsarazi nahi zidan.

        — Ingelesez, ez huen askorik ulertuko...

        — Zoragarria izan behar du konprenitzen ez dituzunak esanaraztea ohean daukazunari.

        Hortantxe salatu zuen bere burua, portuetako lilitxoengandik sobera espero zuen gazteak.

        — Portuetakoa inoiz ez duk izaten kafe konpletoa.

        Begiak itxi zituen. Zegoenaren parekoan etzan nintzen, nirea ez zen arren. Begiak zabaltzeke egin zuen hitz, doinuan zuen ezagun.

        — Ez naiz zuekin itzuliko.

        Soldata bazen zerbait, baina lana gogorra zen oso, eta gero hilabete batzuk lehorrean inora ezean.

        — Hemen geldituko naiz.

        Ukondoaren gainean jarri nintzen.

        — Hemen?

        — Ez naiz zuekin berriz itzuliko.

        Ezin nion ezer erantzun, nahi zuena esaten ahal zigun, baita Areitiori ere. Esaten ahal zigun ez genekiela nabigatzen, putetan mozkortzen besterik ez genekiela, zernahi. To gure ama, eragiok hitz ingelesez, gura zuena. Mespretxatzen ninduela ari zitzaidan esaten noski. Gero, mendekatua zela iritzi niolarik, zirikatu egin nuen.

        — Beldurra hartu diok?

        — Bai, horixe da.

        — Gaixotasunen bat sinatuko dik hemengo medikuak, esaiok zainetakoa duala.

        Burua Sidneyn zeukan, jesarrita. Botak janzten hasi zen.

        — Hitz egin ezak apezarekin, horrek lagunduko dik medikuarena antolatzen. Hegazkinean eramanen haute, konpainiak pagatu behar dik. Horrela izaten duk.

        Nire kamainaren oholean ipini zuen zangoa, bota lotzearren.

        — Nasatik despedituko zaituztet, musuzapi zuri batekin.

        Eskubidea zeukan, zer duda egin, baina baretuko zitzaiola pentsatu nuen. Astebeterako geneukan laburrenez, ontziolako karroan sartu behar genuen baforea.

        — Ez haiz hemen geldituko, ez diat sinesten.

        Moilatik jo zuen, hirira gabe, haizea popan.

        — Luze samarra da esplikatzeko.

        Dei egin ziguten fardo multzo baten kantoitik, ahots lakarra. Hurbildu ginen. Konkorra zen, ginebra eskaintzen zigun, dohainik, dohainik, hotza kentzeko.

        — Atzeratuak gaudek, baina orain hamar urte atzeratuagoak geundean. Hobe ez ezagutua. Saint Pierrera arribatzen ginen aldiro, emakume honen bila ibiltzen gintuan. Peskak ordaindu egiten zioan gure sareetan txiza egiteagatik. Konkorduna duk, adur ona omen zakarrek.

        Taberna txipi batera eraman ninduen, portua lehendik ezagutuko balu bezala zebilen txotxoa zurezko etxe eta biltegi multzo haietan barrena.

        — Ez duzu arrainik nahiko, ezta?

        Ez zuen luze jardun, baina ingelesez egin zien. Ingelesez, eskuak erabili gabe. Su ondoan jarriko ginela adierazteko bakarrik.

        — Beraz, Rescue Service-koek ez ditek gaztelaniaz jakin beharrik hirekin.

        Algara egin zuen.

        — Errazago sinetsiko zenuten horiek gaztelaniaz dakitelakoa, nik ingelesez baino.

        Okela gisatu ilun bat ekarri zigun tabernariak, patata kozkor handiekin inguruan.

        — Berrogei urte bahitu, emakumeren bati ihes egin nahi dioala pentsatuko nian.

        Ezpainak garbitzen zituela egin zuen hitz, zerbietaren ostetik, esana ezkutatuz.

        — Polita da... Ez zabiltza urrun!

        Gizon zahar bat jarri zitzaiguan ondoan, tabakorik ote genuen. Paketea eman nion, seiren bat ale.

        — Esaiok berarendako direla denak.

        Bostekoa emanda eskertu zigun, bizkar-makurkak eginez erretiratu zen barra aldera.

        — Badakik hori desertzioa dela, ezta? Ezin izanen duk inon ontziratu.

        — Ardura zait!

        Askoz gehiago luzatu gabe abiatu ginen gure burdina puska hondatu hartara, buruaz korazta eginda, haizean bide urratzeko. Afariak on egin zidan, gazte hark ez zuen zerikusirik gure ontzietan zebiltzan eskifaiekin, denok gara hobeak lehorrean, baina zerikusirik ez. Hondoratze handi bateko naufrago bakarra, halako zerbait, niri isilekoak esaten. Argia ageri zen portiloetan.

        — Irten baino lehen, ekar ezazue konkorra motorean txiza egin dezan.

        Eskua luzatu zidan pasarelatik hogeiren bat brazatara, horiek izan ziren gure mutilaren azken hitzak.

        — Ba al daukak dirurik...?

        Ingelesa zekien, lehorrean gora egin zezakeen hark, guk ez bezala.

        Handik hilabete eta erdira, etxerakoan, gazte kartsu haren akordua ekarri zigun asperrak. Bigarren galerna baten beldur zelako geratu omen zela lehorrean entzun behar izan nuen, horrelakoak gara, baretu duenean inor ez gara egon «Hondora goazela!» garrasika edo «Ene alabatxoa!» zotinka.

        — Desagertu zen gauean, berarekin afaldu nuen nik, nasako taberna batean.

        Marinelen jangelako mahaiko hulearen zuri-urdinari beha egin nuen hitz, burua jaso gabe.

        — Bazekien ez ginela zubiraino igotzen giltza ingelesa estutzeko, kamaroteetan gelditzen ginela, zubirako eskalan gora egiteko beldurrak.

        Suso Reynovo ezetz esaten hasi zen, behar bezala bete zuela bere txanda, baina inor ez zitzaion adostu, nabarmenagoa egin zen denon koldarkeria. Nork agindu behar zion isiltzeko, denei etorria zitzaien Susori lotako uzkerraren antzera irten zitzaion uko faltsu hura, horrelakoak gara.

        Ontzia konponduta, mareajera itzuli baino lehen, Areitiok marinelaren eskasa salatu zuen St. John's-eko komisaldegian. Ongi portatu zen, ontziolan egon ginen aste osoa eduki zuen mutilak gugandik urruntzeko.

        — Aurkituko ahal zuen gozo izerditzeko hiztuna!

        Baina inor ez zen oroitzen Ontario Street-eko andrakalan botea zen esaldi gogoangarri hartaz, edan handia zeramaten soinean.