Aurkibidea
Aurkibidea
Martiria
Apez hark burutik eragin behar zigun denoi, irakurri al duzue azkena, idatzi duela ederrik orain ere, Elizaren dotrina sozialaren zantzolaririk onena zen, halakoak ziren haren editorialak El Día egunerokoan zanpaketaren kontrako oporra jotzen genuen aldiro. Amorruz kentzen genituen kofradiako zutabean ageri ziren txatal haiek, euskal patroiak esku hartu behar zuela justizia sozialean, nazioartekotasunak euskal izatearen hondamena zekarrela, guretasuna erdaldundu nahi zutela jainkogabeek. Kalte handia egiten zuten gezur haiek euskaldun motzetan. Aldian behin gure bazter honetaraino arrimatzen zen, bilerak egiten zituen sindikatu katolikoan eta mitinak antolatzen zizkiguten inguruetan, bazkaria ematen zioten jendeari batzokian, hor azaltzen zitzaizkigun gero ilunabarrean herriko epelenekoak ikurrina paparrean, erromeriatik baletoz bezala amuraka, inori zuakerrak apurtzeko pronto. Eta hurrengo astean ez genien patroiaren kontrako hitz erdia kenduko, lankide galegoek ez bezala euskaraz egiten omen zigulako.
«Putzura bota behar genikek bele hori!».
Ez zen txantxetako solasa, burutik eragin behar zigula esan dizut.
«Akabatu egin behar diagu, baina bizirik utzita».
Nolako lantzoia Floren, gure uste okerrak okerragotzeko! Konprenitu ezin genituen formuletan eztitzen zuen ahoa. Askatu ezin genituenak esan eta besteoi hizketan utzirik burua baiezkoan edo ezezkoan mugituz bideratzen zuen ahakarra berak nahi zuen kalarantz, ontzi baten kuberta inoiz zapaldu izan gabe mundua guk baino hobeto ezagutzen duen kapitain horrek. Baina Bakuninen biografia utzi zidanez gero, haragi zuriaren erdiko ile bustia besterik ez nuen ikusten nik Floren aurrean neukan guztietan, eta konprenitu ezinik gelditzen nintzen Josetxok ateratzen zituen ondorioak.
«Itsasoak irentsiko dik belea!».
Hamaiketakoa egin genuen bidean, oroitzen naiz txakurkumeak jaten ari zirela gure aldamenekoak sagardotegian, hala esan zuten. Poliki edanen genuen segurenik, itsasoak egarria ematen du. Bazen entzulerik iritsi ginenerako, plazan zuten juntadizoa. Banandu egin ginen, leku desberdinetan ipini ginen laurok, lau ginen bai, Sotero ere gurekin etorri zen, apez guztiei «pago zaharra eta txikota berria» eman behar genielako ustean tematua zen arren, entzun ere ez omen zuen nahi aho gezurti hartarik jalgitako ezer. Telesforo Monzonek hitz egin zuen lehenik, hangoa amaituta Tolosara joan beharra omen zeukan, horregatik bera lehenik, Madrilek behin eta berriz ukatzen zuen autonomiari buruzko hitzaldia ematera. Mintzaile egokia zen, ez zuen zabarkeriaren beharrik bera baino burgesagoak ez ziren politikari espainiarrak zafratzeko, gogotik txalotu zuten. Gure belea bestelakoa zen, sutsuagoa, entzuleen mailan jartzen diren horietarik zen, gure hurkoa zela sinetsarazi nahi zigun sotanaduna. Dena ongi antolatua genuen, noiz oihu egin, nola mutuarazi, Florenek kenduko zion aurreneko luma. Baina langileen auzia aipatu zuen orduko, Soterok, horren xeheki adostua genuena algaretean utzita, oihu egin zuen eskua jasoz, «Aizak!», harengana itzuli ziren buru guztiak, isiltzeko esan zioten, hala hobe, baina apezak eten egin zuen bere jardurioa, lasai egoteko agindu zuen, uzteko hizketan mutilari.
«Eliza langileen alde dagoela diok hik...».
Belarriak tapatzeko egon nintzen, auskalo zer sinplezia asmatu behar zuen Soterok.
«Baina zenbat adreilu paratu ditik aitasantuak?».
Galdara presiorik gabe dago, makinako pistoiak geldirik daude, urrunera beha zaude blankura atzemateko ahaleginean eta halakorik batean ohartzen zara ez dituzula bagen plastakoak entzuten kostaduan, kaioen txilio urruna sumatzen duzu bakarrik soinuezaren handiaz jabetzeko: itsasoa oliotu egiten denean bezalako isiltasun hori plazan, galerna zetorren. Soterori beha gelditu ginen denok. Zirkulua egina zioten ingurukoek, «Hau izan da!» adierazi nahirik. Galdera ona zen hala ere, baina erantzuna hobea izan zen, misionista hark honela erantzun zion hitzetik hortzera, lasai, isiltasun hartan mailuka ematen zigula zirudien.
«Ez dakit zehatz, baina... Stalinek adina bai!».
Plazako guztiak karkaila handitan hasi ziren, bertsolaritan geundela ematen zuen. Eta mailu ukaldi bana gure buruan karkailako.
«Beste galderarik?».
Sotero marmarka gelditu zen bere bazterrean, ingurukoei zemai txipiena egiteko gauza ez zela. Huraxe zen adostua genuena obratzeko momentua, entzun lagunok, gu arrantzaleak gara, itsasoko nekazariak gara gu, eta beti galdetzen diogu geure buruari itsasoa denona baldin bada zergatik ez den lurra denona, horrela hasi behar genuen, itsasoan libre daukagu larre osoa, zergatik langak eta itxiturak lurrean, mundua denon baratze handia da, ken ditzagun hesiak eta txarrantxak, itsasoa arrantzaleena, lurra nekazariena. Nik uste nuen abante eginen zuela Florenek haizearen barrura, orduantxe entzunen genuela bere ahots mehe barnagarria, baina burumakur zegoen, jotako toilaren antzera gelditu ginen denok, eta aldamenean nituenak beha hasi ote zitzaizkidan, nor dugu hau, zergatik ez du barre egiten... Ederrak geunden gu apezari pulpitua kentzeko! Beharrik Mao kamaradak putzura botako ditu laster, bestela euskal misionistek katolikotu eginen lukete Asia osoa. Aitzolek hitz eta hitz egin zuen, eta hitz bakoitza luma berri bat zen bere hegaletan, sotana harrotu zitzaion bizkarraren albo banatara, plaza osoa hartzeraino zabaldu zituen hegalak, itzalpe hartan gu, zakatzak gorri aingeru sindikalaren atzaparrean lotsak.
Oporrek Errepublika ahuldu eta eskuina aitzakiaz bete zutela entzun behar izan genuen Franco altxatu zelarik, eta inoiz opor egiten ez zutenek lantegietan jarraitu zuten Errepublika mendian defendatu behar zenean, pinudi batean bota zuten Josetxo zuriz gora. Lau kanoi eta hegazkinik ez, baforeetan sartuta Bilbora alde egin behar izan genuen, eta egia da ihesian ez nuela buruko minik hartu ama alargunarengana eta anaia gaztearengana, nik ile beltzak haragiaren erdian egiten duen bristada neukan orduan ere gogoan. Bokalean, moila hutsetarik urruntzen ginela, «Lastima, pago horiek hor eta inguruko bele guztiak urkatu gabe alde egin beharra!» dolutu zen Sotero garabiei beha. Baina okerragoa zen fuel depositoak bere hartan uztea, putzura isurita su eman gabe. Mutrikuko horretan Almirante Cervera-k laino batzuk atera zituen gu izutzeko, milia erdira erori ziren obusak.
Bilbon epelenekoek agintzen zuten, antolamendu onak zeuzkaten batzokietan, eta ongi ezkutatuak Belgikatik ekarritako sutarako denak. Ez zuten herria armatu nahi, burokrazia handia gainditu behar zen pistola zorritsu bat eskuratzeko. Bi aste egin nituen hiri handi hartan nora ezik, edozelako autuak entzuten ziren, niri «ongi informatuak» zeuden lagunek esan zidaten gure portuan jendea urkatzen ari zirela, eta ikusgarri zeudela garabietan zintzilik ipinita, Soteroren temak bide egin zuen, antza. Errekisa txukun bat egiteko asmoan hartu genuen zenbait lagunek noizbait Eibarrera, kanoiak behar genituen gure baforeak artilatzeko. Gerrak halakoak ditu, jendea handik hona, urlia ikusi ote duzun, beste hura non ote dabilen, enpatxu handia bazter guztietan, halakoak ditu, gure armadorearen kontadorea iruditu zitzaidan han bertan, hogei pauso ez. Harritu nintzen ni ikusita ez egitea ezkutatzera, karlista hutsa zen oberol proletario hartan sartuta ere. Bera hurbildu zitzaidan nik eskua Astra berrian jarria neukala.
«Kaixo herri, hire bila nenbilean!».
Herriko errepublikazaleak nondik nora genbiltzan jakin nahi zuen hark, leku ederrean karlista, esandakoa, nornondari geure lerroetan.
«Motoristak behar ditiagu, eta arrantzu patroiak ere bai...».
Gure portua base hartuta ihes egindako baforeak harrapatzen hasiak ziren faxistak, Matzaku inguruan ikusten genuen Canarias korazatua lantzean behin. Lehorrez egiten ahal genuen zerbait, baina ingelesek destroier bat edo beste bidaltzen ez bazuten faxistak apaltzeko galdua genuen kostaldea, itsasoan ez dago harkaitzik. Beraiena zen Ferrolgo basea, eta Eibarren kanoirik ez.
«Ama eta ongi daude...».
Neure artean, hau mehatxua duk, ordain gaizto eginen dute familietan, eta Fermintxo, maite bainuen anaia, frontera eramanen zutela pentsatu nuen, anaia nagusia hiltzera. Ikara eman zidan inkontru hark, Astrari eztula eraginda laga behar nukeen bertan zakur hura. Baina paper azpildu mordoxka atera zuen jakatik, asteko partilan billeteak zenbatzen zituenean bezalaxe atximurkatuz Falangearen bost geziak zeuzkan agiria atera zuen, huraxe irakurtzen utzi ninduen Untzaga plazaren erdian esbirro hark, nire izena makinaz joa bertan. Ezin zitzaion kemena ukatu kontadoreari, ibili behar zen orbel haiekin txisperuen artean. Orduan egin zitzaidan buruko mina, itzuli egin nintzen, familiagatik itzuli nintzen, anaiagatik itzuli nintzen, nik hiltzera eraman ez zezaten.
Haizeak pailaka makabroan dilindaka erabiliko zituen gorpuak ikusteko ustea ote nekarren? Herrira orduko burdinazko pago haietara behatu nuen behintzat, gerrak irudimena elikatzen du. Geldirik zeuden ia garabi denak, bitak estatxarik gabe, moilak hutsik. Ibaiaren isurgunearen aldera, gure nasatik urrun, fuel depositoen bazterrean, petroliontzi alemana faxisten tankeen hornitzaile. Ez zegoen lanik merkantzietan, baina lehen bezain luze jotzen zuen portuko erlojuaren tutuak hamabietan, eta lehen bezain hamabietan uzten zioten lanari Palazzolo S. A., Hijos de Salvador Serrats eta El Grumete kontserba fabriketako neskek.
«Zer, galduta?».
Bakuninen biografia utzi behar zidan eta Florenen etxera joana nintzen, sukalde paretik pasatu ginen, atea zabalik zegoen. Belartxo beltzezko zipriztina ikusten utzi zidan beso altxatuak, eta haren distirak irmoago egin zituen bular begitanduaren harroa eta gila-hezurrak bitan zatitzen zuen bizkarra. Atorra gonaren gainera askatuta ari zen lagunaren arreba harraskan galtzarbeak freskatzen. Ez nuen uste hain begiaren betekoa izan zitekeenik ilea haragian, aspaldiko irudi hura nerabilen buruan Florenen arrebaren aurpegi zurbilari beha, zer erantzun ezean.
«Badakit ez zarela traidore bat, Ziriako».
Ez dakit orduan topatu izan ez banu sekula esanen niokeen, nahi ezik irten zitzaidala esanen nuke, gerrak aldatu egiten gaitu denok.
«Zuregatik itzuli naiz, Julia».
Galdararen presioak balbulari sortzen dion gandua etorri zitzaion begietara. Lasterrari eman zion herri barrurantz lehen Karrika Askatasuna zioen plakak Armengod-en gaseosa fabrikaren izkinan utziak zituen lau iltze herdoilduen azpitik.
Jabedun gehienak beren denda, bulego eta atelierretan topatu nituen, baina moilan zebilena jende arrotza zen, terrestreak denak, esan haiei bereizteko arra eta emea legatzetan, gure galego guztiak errepublikaren armadan enrolatuak ziren, badakizu. Inor ez zen inorekin gelditzen hizketan, ihes egiten zioten denek elkarri, halako likintasun bat soinean, itsas azpiraino hondoratzen gaitu faxismoak. Dena zegoen militarizatua, Lizarriturriren etxean bertan fitxategia zeukaten falangistek beheko solairuan, guk buruzagitza militarra eduki genuen hartantxe. Eta oraindik ere morroi zintzoa zen eskailera ondoan zegoen marmolezko aingerutzar hura, atea zabaldutakoan itzuli erdia egiten zuen ipurdia emanez, Soteroren ahotsa etorri zitzaidan «Ohera eraman nahi hau» esanez, ozta ez nuen barrerik egin.
«Nor zara zu, zer behar duzu?».
Izena eman nuen, salbokonduktoa erakutsi nuen.
«Influentziak dauzkan gorria! Zertarako hasi ote genuen gerra?».
Damutu nintzen, atxilotu eginen nindutela etorri zitzaidan, eta hala eginen zuten patroia azaldu izan ez balitz, Don Patxi Lizarriturri, kaobazko eskailera zabal haietan behera, falangistaz jantzita. Kanpora eraman ninduen, bandera faxistak zeuden nonahi, baforeetan, sapailoetan, atelierretan, kanpandorreetan.
«Hemen gauzak baretu egin dira, Jainkoari esker. Lana badago, baina lanean dakienik ez, peska bat behar nuke».
Nik egiten ahal nuen horrenbeste, ongi ikasia nintzen zenbat brazatan dabilen arrain mota bakoitza.
«Lehen elkarri borroka ibili izan gaituk, baina orain elkar hartuta egin beharko diagu aurrera, Ziriako».
Palazionekoak eskua bizkarrean jartzea besterik ez nuen behar. Zeuzkan hirurak errekisatu genizkion, Bilbon ibiliko ziren oraindik bonbaren batek zartatu ez baldin bazituen, baina lorategiko sarreran zeuden haietarik bat baino gehiago bereak ziren segur, Frantziatik ekarriko zituzten, Chevrolet berri hura.
«Urte gogorrak zatozak denontzat».
Ugazabak halakoak dira, sareari zurekin batera egiten diotela tira sinetsaraziko dizute, ontzi berean goazela denok, Elizaren doktrina soziala.
«Ez jaramon egin soinean daukadan jakari, ni ez nauk Francozalea. Horregatik deitu diat».
Agian sardinak beste aldetik erreko zirela noizbait pentsatzen zuen Don Patxik, horrela esaten zioten herrian. Ingelesek desenbarkoa eginen zutela entzuten zen Bilbon, bi alderditara jokatu nahi zuela iruditu zitzaidan, nik ezeren ahalmenik baneuka bezala.
«Tira, horregatik eta hik badakialako arrantzan».
«Barkatu, baina... Hauek mobilizatu eginen naute».
«Ez haute mobilizatuko arrantzan habilela, sektore estrategikoa diagu. Hitz egina nagok goi samarrean».
«Hamahiru urteko anaia daukat...».
«Etor hadi berarekin bihar».
Portuko antolamendu guztietan faxistak ziren nagusi, eraman egin behar zuen hura txintik esan ezinda Avance Marino sindikatukoa izan zen batek. Jakin zuten, sekula ez da falta belarrira egiten duenik, edozein egunetan entzuten ahal nuen «Badago jende ausarta pistola eskuan daukala besteak oporrera behartzeko, baina gerra etorrita ederki ezkutatzen da!» edo «Gure mutilak frontean hiltzen eta gorriak gure artean lasai bizitzea ere!». Eta deus esaten ez zutenetarik askotxok pentsatuko zuten, ni orduan horrela ikusita, patronalaren zerbitzuko probokatzaile ibili nintzela moilan justizia banatzen genuen urte haietan. Ez nintzen tabernetan sartzen, deskarga amaitutakoan baforean gelditzen nintzen makinistarekin kofradiara joan gabe gosaritara. Adinean sartua genuen Piñeiro, isila zen eta maite zuen bere lana. Sortida egin baino ordu bete lehenago ontziratzen zen hura beti, bezperan dena prest utzitakoa berriro ikuskatzen, labariarekin. Baina orain esanen nuke Julia moilan edo karrikan ez topatzeagatik egoten nintzela barruan tretza eta tresmaila guztiak arakatzen.
«Zer, Piñeiro, noiz ikasi behar duzue galegoek euskaraz?».
«Ez zagok soldatarik...!».
Horretan hasi eta ez oso gerora, hiru partila edo, gerrak bakarrik sortzen dakien horietarikoa gertatu zitzaidan. Bai, hiru aste izanen ziren, urriaren erdialdera dena dela, hogeita hamaseian, jakina. Iluntzen hasia zen, harikoak oraindik indarrik ez daukan ordu hori, hildakoren bat balekarte moduan arribadako tutua jo eta jo. Lehenik Alcázar de Toledo sartu zen, berez Onena genuen hura, kostazain bilakatua, jende mordoa zekarrela kubertan, denak gizonezkoak eta kalekoz. Haren uberan Galerna bakailaontzia zetorren, lehortegien flotakoa, bandera faxistarekin. Errepublikaren korreoa egiten zuen ontzi hark, Bilbon ikusia nuen, handik Baionarakoa lotzen zuen. Umeak eta emakumezkoak zekartzan kubertan, negarrez, zenbait erreketek zainduta. Gure ondoan atrakatu zuen Alcázar de Toledo-k, bibaka eta mueraka zetozen erreketeak, fusilak sagarrondoaren adarrak balira bezala inarrosten. Itsasgora genuen, moilara jauzi eraginda atera zituzten atxilotu haiek denak Manzisidor buzoaren biltegi aitzinean, Galerna-n zihoazen pasaiariak izan behar zuten. Nik hain ongi ezagutzen nuen Virgen de Icíar heldu zen ondotik, aurreko mastan Kristo gurutzifikatu erraldoia zekarrela. Onena bezalaxe Lizarriturrik «armada liberatzaileari» egindako oparia zen. Hari beha nengoela Denis heldu zen abaorretik, Ferrolgo basetik ekarria zuten gurera. Hiru traineruk harrapatu zeroi handia. Lehorreratu zireneko bultzaka eta mehatxuka hasi ziren atxilotuei falangistak, mozkortuta zeudela ematen zuen. Txopako sare meten artean kukutu nintzen, Piñeiro eta makinista kubertapean gorde ziren nonbait. Atxilotuetarik bat erori egin zen, falangistek ostikoz jota. Altxatzerakoan belauniko gelditu zen, eta aitaren egin zuen, argi ahularen konoan ikusi nuen. Izututa gelditu nintzen atalo aurpegi hura ezagututa. Gero, zutik, gainerakoen antzera Cara al Sol kantari ekin behar izan zion tiroka irakatsiko ez bazioten. Neuk ikusia, bai jauna, Aitzol abertzale euskotar arraio hura Espainiako falangisten himnoa kantari gure portuko moilan, hegal atrofiatu hautsia haren beso luzatua. Eta ezin izan nuen gorrotatu.
Ez naiz hasiko orain Aitzolen azkena kontatzen, jakinekotzat uzten dizut.
Biharamunean kapturaren berria zetorren prentsan, «arrain handiak» erori zirela, eta «egoskorrak beratzeko moduko zigorra» espero zutela. Aitzolen fusilamendua aldez aurretik erabakia zen, eta hala ere hiru hilabete eduki zuten hilduratzen gure bele madarikatu hura. Zenbaitetan pentsatu izan dut aurrea hartu zigutela faxistek, gerran gertatu ohi dira halakoak, etsaiak hiltzen duela zuk aldean daukazun gorrotagarri hura, gerretan etsaia baita aukeratzen den gauza bakarra, laguna ez da aukeratzen ahal, etsaiak elkartu ditu Stalin eta Churchill, gu eta Aitzol. Baina berehala goratzen zait akordura Florenen esana, bestelako moduak erabili behar zirela aurkari politikoak akabatzeko. Faxistek ez zuten asmatu: bizia kendu zioten, baina ezin izan zuten akabatu. Gorrotoa bideratzeko modu okerra erabili zuten, guk bizirik utzi behar genuen, Soterok ez zukeen torturatuko txikota lepoan lotu behar zion inor. Arrazoia zuen Florenek, orain Aitzol, Don Patxi eta haren sardakoen burumutila zena, euskaldun guztion martiria dugu hilik, izugarria da.
Horregatik durduzatu nau hain latz zortzi urte geroago tuberkuloso gizajo batek gaur bertan esan didanak.
Eta egin duenak.
Legearen ostean ibiltzeak horrelakoak dakartza, ezagutu behar ez duzun jendea ezagutzen duzu, ez dakizu nork galduko zaituen eta beldurrak bizi zara zenbat galduko dituzun zuk, legearen ostean dabilena sarean bilduko dutelako goiz edo berandu. Sasian, gerran bezala, inork ez du aukeratzen ahal laguna, etsaiak agintzen du norengana, nor hartu beharko duzun aliatu taktiko, edo zeinen ondoan egin beharko dituzun bi, zazpi, hamabi, hogei urte otzaran. Aurten hauteskunde sindikalak antolatu zituzten, sindikatu bertikalerako hauteskundeak, demokrazia itxurako gauza nardagarria, armadoreek eta gobernadore zibilak lema eramanen duten Itsasoaren Kontseilua izeneko batzordean hiru ordezkari hautatzeko, lehorrekoek eta saregileek bat, motoristek eta labariek beste bat, arrantzaleek azkena. Zuek mareajera irten eta hilabetera, orduko kontuak. Zerbait egin beharra zegoen, beti baitago gauzak barrutik aldatu litezkeelakoan edozein gezur hauspotzeko prest dagoenik, eta bestetik aukera polita zen hura Francoren aurka zalaparta ateratzeko. Hartu arrain ustel puskak otarre zaharretan eta portuko bazter guztietan kokatu genituen, ederra kiratsa eguzkitan, «Bota hemen zure botoa» zioen txarteltxo banarekin. Norbaitek galdu nau, oraindik ez dakit nork, bakarra atxilotu zuten eta hura neu. Aurreneko aldia nuen, ez ninduten gogorregi zanpatu, kuartelilloan berriro entzun nuen «influentziak» neuzkala, Lizarriturrik dei eginen zion gobernadoreari, langile ona nintzela, sekula oporra jotzen ez zuten haiek adinakoa bai noski. Astindu batzuk emanda Ondarretara ekarri ninduten, epaiketaren zain nago.
Hori duk Aitzol torturatu zuena!
Eta Hidalgorengana egin du kokotsarekin tuberkulosoak, bigarren galeriakoak begipean gauzkan funtzionario buruzuriarengana. Laztu nau, esan dizut.
Nola dakik?
Bere istorioa kontatzeari ekin dio hitzen hodian daukan pasabide meharretik nola edo hala: apolitikoak ziren etxean, baina bazuten miliziano zaurituak sendatu izan zituen osaba medikua, horregatik atxilotu zuten, haren klinikako txoferra zelako, hemeretzi urte berak orduan, ireki dute ziegako atea gauean, esan dute bere abizena, irteteko, «fusilatzera, badakik», presondegitik atera baino lehen kaperara daramate, han zen presondegiko apeza, Urriza, presoak konfesatzen ari, «gu baino izutuago zegoan hura», eta txapelokerrak patioan zain, gauerokoa, jendea Hernaniko hilerrira eraman eta beruna emateko, «osaba zegoan kaperan», hark eskatuta deitu omen zioten, azken borondatea ilobarekin hitz egitea, «larruzko berokia zeukaan, medikuek dirua ditek», huraxe eman nahi izan zion, «negua hotza zatorrek» esan omen zion osabak, «eta orduan ikusi nian Aitzol», aurpegi osoa handitua, maspildua, eskuineko begia hutsik, «Hidalgo izan duk» esan ahal izan zion osabak ahapetik, «Hidalgok saltarazi ziok begia, nire aurrean, hiru gintuan, izutzeko...», haren garrasiak entzunak zirela aste hartan, «presondegi osoan entzuten ziren haren lantuak», goiko galeriako ziegetan zeukatela, han zanpatu zutela. Eta ondotik, alegia Aitzolen torturatzailea hemen bertan edukitzea deus ez balitz bezala, «Oso negu gogorra izan zuan hogeita hamaseikoa, hemen hezetasun handia zaukaagu neguan, ikusiko duk», orduan harrapatu omen zuen petxuko hau, eta ez «eritegiko monjek dioten moduan» zurrutean galduta dabilelako.
Giltza ingeles batekin jota lehertu zioan begia.
Gizajo hau gainetik ezin kendurik ibili naiz gaur arte, beti neukan aldean lapa eginda. Burura etorri zitzaidan ez ote zuen mendeku hartu nahi hiru eguneko higienealdia beteta ziegatik atera nindutenean bertan egin nuenagatik. «Zu halako ziegan», gauzak hartu eta giltzeroaren atzetik. Sartzen naiz, beste bi preso han, «Egun on, Ziriako naiz, preso politikoa honegatik eta horregatik». Ez nuen eskainia zidaten zigarroa piztu, non azaltzen den gizajo hori eztulka, lanbasa eskuetan. Garbitzen du ziega, ematen diote nire lagunek txanpon bana eta han doala ostera lanbasaren giderra baino estuagoko bularrarekin hurrengo ziegara.
«Zuek, neskamearekin bizi behar duzue kartzelan ere?».
Badakizu kosta txarrak botatako sareak dena harrapatzen duela, arrosela eta kolaioa. Jakin nahi nuke zergatik dauden morroilope bi mozolo horiek.
«Ongi zetorkiok txanpon batzuk biltzea, ez zaukak inor kanpoan!».
Mezetara jaisten dira igandeetan nire ziegakide izanak. Orain bakarrera aldatu naute, eta hobe.
«Ez kezkatu horregatik, bilatuko zioat nik lana, saregin ez bada labari. Baina ziega ziegakoek garbituko diagu gaurdanik».
Biltzarra egin genuen biharamunean, patioan bertan. Hemen badago jende ona, dena ez da kabuxa. Politikoen kolektiboak ez zuen beste presoen lan-indarra erosiko, ez ziegan lanbasa pasatzeko ez galeria baldekatzeko ez arropa zikina garbitzeko. Elkartasun kutxa bat eginen da jakiarekin eta diruarekin. Garaipen handia izan da hau, data historikoa Ondarretako kartzelan, Aitzolen zainekoek gabonila esaten dioten abenduaren zazpia apuntatu nahi baduzu, 1944 honetan. Baina gizajo hau ez dago konforme gaixo dagoelako ematen diogun tokamenarekin, nahiago luke ziegaz ziega hari tabakoa kendu, honi saldu, denen jaki hondarrak batu... merkataritza izorratu diogu, eta kontuak jakitea eragotzi. Horregatik ez ote dabilen mendeku bila.
Hogeita lau sartu-aldi zauzkaat.
Arrain motela haizelako.
Eta nire laztura areagotzeko, inoizko itoenean:
Torturatzaile hori akabatzeko ematen dut atxilo, baina gero hemen ez diat lortzen... Lagun iezadak, konpaño!
Salataria ez ezik, probokatzailea ere izan zitekeela pentsatu dut, neure burua lasaitzeko.
Laster hartuko dik bere punizioa esbirro horrek, kamarada. Alemanak erretiran ari dituk Errusiatik.
Ez daki Radio Mosku entzun litekeela. Kerrua etorri zaio, albora behatu dut zapi zikina atera duenean.
Stalin kamaradak Atlantikoraino hedatuko dik laster armada gorria, eta berdin haizatuko ditik bele katolikoak eta arrano faxistak.
Bazkalondoan Hidalgorekin ikusi dut solasean hiltzaile frustratu hau preso komunen patioko sarreran, nabarmenegi agerian funtzionarioen menpeko probokatzailea izateko. Niregana etorri da harekikoa amaitutakoan, ekonomatoko ilaran nengoen.
Ikusi duk, inoiz baino hurbilago eduki diat... Burdina atera eta sastakada ematea besterik ez neukaan... Baina ez zakiat zer gertatzen zaidan, inurriak hartzen naik.
Kafea ordaindu diot, gure patiora hurbildu gara.
Gizon horrek torturatu eginen nindukeela hilda gero ere, horixe pentsatzen diat... Aitzolen aurpegia zatorkidak gogora, dena maspildua, eskuineko begia hutsik, kaperan ikusi nuen moduan.
Entzun ezak, karamada, Aitzolek ez dik merezi. Mendeka ezak heure osaba, ez bele hura.
Ez zaidak axola apeza izatea... Nik torturatu bat ikusi nian, ez duk ulertzen?
Floren behar dut nik gaur hemen, moilan ikusi nuen aingeru erori hura nola gorrotatu behar dudan jakin nahi nuke. Baina Floren makian dabil Frantzian, hura bai.
Hogei pausoan daukagun morroi horrek torturatua.
Politikook arratsaldean genuen ile-moztea, dei egin digute eta bakarrik utzi dut tuberkulosoa patioko paretan usteltzen. Ilaran geundela, luze gabe, garrasia entzun dugu, funtzionarioen txistuak ondotik. Lasterka irten gara denok.
Hidalgok lepoan zeukan eskua, odoletan zen.
Bi funtzionariok zeramaten nire adiskidea tarrapatan.
Belaunak tolesturik makurtu da Hidalgo, eta lurrean zegoen sukaldeko labana handi gorritua jaso du. Ziegetara igotzeko agindu digu hura eskuan zeukala, eta esana egin dugu denok mutu. Ez du bajarik hartu, gaueko txandan azaldu da ostera lepoa bildu zuriak apainduta, sekula baino zorrotzago zenbaketa egitera etorri denean.
«Zer ote dakik hik nitaz...».
Horixe galdetuko balida bezala behatu dit, askotan ikusi izan nau bere hiltzailea izan nahi zuen lekukoarekin hizketan, eta izutu egin nauk, anaia. Inori begia kentzeko mokoa zaukak arranoak. Horregatik idazten diat, Fermintxo, matxina hadi, utz ezak Ternuako arrantza bertan behera, laja itzak sareak putzuan, egik total abaor, jo ezak La Rochellera, bila ezak Floren, hor nonbait ibili behar dik, basoan dik hark gordelekua, ezagutuko hau, Ziriakoren korazta bera daukaala esaten ditek denek, Frantzia handia duk baina ibai guztiak ditik nabigagarri eta hi pilotu onena haiz, galdegiok anaia, Hidalgo honi bizia kentzea zaila zagok eta eskaiok esateko nola akaba litekeen bederenik, baina lehenbailehen ordea, gaua latz zatorrek, har ezak ongi gogoan Florenen esana, alferrik duk konprenitzen saiatzea, esaldi harrigarriren bat botako dik eta hik ez daukak eskarmenturik politikan, egon, garrasi larriak sumatzen ditiat zigor ziegetarik, tuberkulosoa torturapean, Cara al Sol ari duk kantari, laster zabalduko ditek atea, hemen ez zagok graziako tirorik, hemen torturatu egiten ditek fusilatuta gero ere, kaperara aterako naitek eta nik ez diat torturatu bat ikusi nahi, ez zaidak ardura zer esan nahiko didan gizajo horrek hil aurretik, ez diat ikusi nahi garabitik zintzilik giltza ingelesa behatzetan estutua, gurutza ezak Atlantikoa gau honetan bertan Fermintxo, paper hauek hire eskura iristerako berandu izanen duk eta, ez diat ikusi nahi begia lurrean kerru, esaiok Juliari hurrengo bisitan azaltzen ez banaiz... Ile beltzak egiten duen bristada, bai, horretaz pentsatu behar dut gau osoan, heriotzatu behar dituztenek horixe besterik ez omen zaukatek gogoan, ile bustiaren zuzia haragi zurian.