GALTZERDIAK
Esnatu da, kafea hartu du, dutxa azkar bat, jantzi, eta metrorantz abiatu da. Arnasestuka iritsi da trenera, baina joaten ikusi du. Eskularruak erantzi eta jenio txarrez eseri da plastikozko eserlekuan, hurrengoaren zain. Geltokiaren izena irakurri du baldosez eginiko letra txurietan: Opera. Begiak igurtzi ditu, hamaika aldiz itxi eta ireki, igurtzi, itxi eta ireki. Maletatxotik spray eta zapi bat aterata garbitu ditu lunetak. Hala ere, Opera. Ordulariari begiratu dio: 08:50. Ez du ulertzen zergatik dagoen goizeko 08:50ean, 08:51n orain, Operan. Bi urte eta lau hilabete dira egunero eta ordu horretan Chamartinen hartzen duela metroa; horregatik ez du ulertzen, zer demontre ari den goizeko ordu honetan hemen.
Mentalki berregin du ohetik metrorainoko ibilbidea: ohea, kafea, dutxa, hortzak garbitu eta kalera. Kafearen zaporea ez zaiola betikoa iruditu pentsatu du orain, katilua ezpainetan paratu dueneko hotza ezberdina izan dela, eta kafearen zaporea ere bai. Gero dutxan sartu da, hortzak garbitu ditu. Egia esan, ez da oroitzen hortzak garbitu izanaz, baina derrigor egin behar izan du, dutxa eta gero hortzak garbitu, erritualaren azken partea da kalera irten baino lehen. Kafea, dutxa eta hortzak. Beraz, egingo zuen. Nolanahi dela, mingainaren epelak eta zapore mikatzak adierazten diote agian ezetz, agian gaur, ezagutzen ez duen arrazoi arraioren batengatik ez duela egin.
Marrubi usainak esnatu du gogoetatik. Usaina goizeko dutxarekin lotu eta arrosa koloreko likidoa etorri zaio gogora. Ezker eskuan dardaraka. Marrubi flan bat, otu zaio goizean eskuan ipini duenean; baina ezinezkoa da, zuria da bere betiko xanpua, Sanex, eta semenarekin alderatu izan ohi du inspiraziozko goizetan. Rosarekin dutxatu zen batean pentsatu zuen Sanex eta semenaren arteko antzekotasunean, baina nobiari ez zitzaion komentarioa gustatu eta geroztik ez zituen biak berriro erkatu.
Metroa etorri da. Ez daki bere helmugara iristeko linea konbinazioa zein den, Chamartindik bai, zuzen-zuzen doa eta bi geltoki besterik ez dira, baina Operatik ez daki. Bagoi barruan planoa eskatu dio aldamenekoari. Metroa martxan ipini baino lehen berriro igurtzi ditu begiak, hiru segundoz itxirik mantenduz, eta ireki dituenean geltokiaren izena berrirakurri du: Opera. Ez, ez da konfusio bat. Planoan ikusi du behin bakarrik aldatu beharko dela lineaz lantokira ailegatzeko, baina kalkulatu du hala ere berandu iritsiko dela, hamar edo hamabost minutu berandu bederen.
Beraz, dutxatik irten eta jantzi egin da; eta eskailerak jaisten zituen bitartean igo du berokiaren kremailera, in crescendo metalikoa leherketa gor batean bukatuz; eta orduantxe zimiko bat sentitu du hatz batean. Aber, aber, aber. Kiratsa darie berokiari eta jertseari. Ke eta gau usaina. Baina, atzo, Rosarekin zinematik irtendakoan etxera joan zen-eta zuzenean. Nola da posible. Metrora lagundu zuen, muxu eman zion, eta gaur arratsaldean ezkontzarako jatetxeak ikusteko lotu ziren. Ondoren etxera abiatu zen. Zuzenean. Eta orduan, zergatik buruko mina.
Portaletik irten denean hotz izan du. Larruzko eskularru beltzak jantzi eta berokiaren lepoak igo ditu. Malda jaitsi ostean ezkerretara hartu du. Inoiz egoten ez den gimnasio baten ondotik igaro da. Metro ondoko kioskoan ez du egunero egiten duen bezala El Mundo erosi. Arraroa. Baina ez du uste gaur kioskorik zegoenik metro ondoan. Eta gainera, atzo ere ez al zuen arropa bera jantzirik.
Parekoaren egunkariari titularrak ostu dizkio. Ben Laden. Lanera hamabost minutu berandu iritsiko dela kalkulatu du amorraturik. Ukabilak estutu ditu patrika barruetan. Lokamuts bat ote da dena. Bulegora iritsi nahi du, ordenagailu aurrean jesarri eta argi-piszinan murgildu. Eskuin eskuaz ezkerreko mahuka igo du ordularia begiratzera balihoa bezala, baina horren ordez eskumuturrean zimiko egin du indar osoz, disimuluan. Ez da lokamutsa.
Ben Ladenen ezkutalekua aurkitu omen dute. Lurpean. Taliban armada batek babesturik. Chueca. Linea urdina hartu behar du. Jende oldean nahasturik irten da bagoitik, eta pentsatu du arratsaldean Rosarekin egongo denean ez diola diruari begiratuko, jatetxe garestiena hautatuko duela ezkontzarako, nola edo hala ordaintzea lortuko duela, eta Rosa asko poztuko dela.
Linea urdin iluna hartu du trenaren zain egon beharrik izan gabe. Jesarri da, maletatxoa zango eta jesarlekuaren artean ipini du, betaurrekoak garbitu ditu. Izerdiak, alkandora ez ezik, berokia ere busti diola sumatu du. Hamabost minutu berandu iritsi ordez, zortzi edo hamar minutuko atzerapenarekin iritsiko dela kalkulatu du. Pixka bat lasaitu da.
Gorputz osoa aurrerantz botaz makurtu du burua. Eskuak igurtzi ditu. Horrela ohartu da jantzirik daramatzan galtzerdiak ez direla bere galtzerdiak, berak beti grisak, urdin-ilunak edo beltzak baitaramatza. Jantzirik dituen hauek nerabe batenak dirudite, pailazo batenak, urdinak marra laranja eta ubelekin. Galtzerdi absurduak nola edo hala ezkutatu nahi ditu. Prakei beheraka tira die izterretatik, baina ezer ez, ez du lortu. Azkenean, bidaia zutik bukatzea deliberatu du.
Rosari edo beste norbaiti kontatu nahiko lioke gertatutakoa. Baina gertatutakoa inori kontatuko ez dion susmoa dauka, are gutxiago Rosari. Iritsi da helmugara. Lunetei ukitutxo bat eman die, eskularruak jantzi ditu, hiriaren azalean barrendu da. Hotzak lasaitu egin du, ezpainak pitzatzen ari zaizkiola sentitu du, mingainarekin busti ditu. 09:06 dira, eta bai, zortzi minutuko atzerapenaz ailegatuko da.
Bere bulegoa dagoen eraikin atarian dago. Prakak beheraka tiratu ditu badaezpada. Uste du bulegoko mahai atzean ez zaizkiola galtzerdiak ikusiko, eta erabakia hartu du ez dela egun osoan beste inon eseriko galtzerdiak aldatu arte. Igogailuan aitzakia bat landu du, departamentuko nagusiari esateko metroa hondatu egin dela, edo etxetik irten eta sua pizturik utzi duenez itzaltzera itzuli dela.
Igogailuaren ateak ireki dira. Bulegorantz abiatu da. Bidean nagusia ikusi du bezero batekin hizketan. Aldarte onez agurtu duenez, ahaztu egin du erabili gabeko aitzakia. Bulegora iritsi bezain laster piztu du ordenagailua. Mahai gainean maletatxoa eta eskularruak utzi ditu, berokia erantzi du, Windowsaren aurkezpen soinua entzuterako eserita dago, lanean hasteko prest. Idazkariak kafesnea ekarri dio goizero bezala. Zurbil zaude, esan dio; Gaixo zaude?, galdetu dio. Gaixo ez, ez-ez.
Bezero baten kredituarekin akrobaziak egiten itzuli da bere onera, telefono bitarteko ahotsei agindutxoak ematen. Orduan jo du sakelakoak, eta Jaimeren izena irakurri du, letra likidoetan: Jaime, 09:42. Hartu ordez, Rosari deitu dio bulegoko telefonotik, lanaren ostean bileratxo baterako deitu diola nagusiak eta, zazpiak eta erdietan gelditu beharrean, nahiago duela zortzietan gelditu jatetxeak ikusteko. Pentsatu du horrela astia izango duela galtzerdi berriak erosi eta koloredun hauek zakarretara botatzeko.
09:47, Jaime berriro. Zergatik ote dauka bere izena sakelakoaren memorian grabaturik. Ez du entenditzen, baina badaki ez duela telefono deia erantzun behar, ez zaiola komeni. Eta eskua adatsetatik pasatu du behin eta berriz. Marrubizko xanpuaren usainaz osoki jabetzeko, zabal-zabal ireki ditu birikak, Amazoniako oxigeno guztia aurrean edukiko balu bezala, eta indar guztiekin hartu du arnasa. Kartazal ikurrak sakelakoan irakurri gabeko mezu bat duela adierazi dio. Telefonoa izterren artean ipini du, bulegoan dagoenean ez du erabiltzea gustuko. Tiene un mensaje no leído. Jaime. Asbrri 1 iztko etzra gaxk eon. Ao mirsgrria dzu. Brriz iksi nai zaitut. Gañea n gltzrdi kutunk laprtu dizkdzu;). Mezua behin irakurri eta ezabatu egin du. Sakelakoaren zaborrontziaren dantzak baino ez du lasaitu.
09:51n bezero bati deitu dio, eta bere bizitza jarraitu du.