Eta handik gutxira gaur
Eta handik gutxira gaur
2004, narrazioak
168 orrialde
84-95511-63-0
azala: Lourdes Sanchez
Eider Rodriguez
1977, Orereta
 
2021, nobela
2019, saiakera
2017, narrazioak
2007, narrazioak
 

 

ZU ETA IBAN

 

Bumeran efektuaren merezitako biktima, erpin kamutsa kopetan txertaturik, eta isuritako odola inspirazio kaliz bilakaturik, orriak eta orriak eta orriak bete izan ditut idazketa sukartsuz. Nireak izan zarete, nire hainbat hitz konbinazio eszitagarri, hainbat metafora sarigarri, hainbat ezkutaleku bakarti; eta letagin handiko basurde baten, donazio furgoneta baten, etnia oso baten odola ez litzateke nahikoa nire literatur gosea asetzeko. Zure gorpua nire tintero bilakatu izan dut eta bere torturen oihuak nire goi-arnasaren oihartzun. Zure izter esnetsuak irudikatzen ditut bere aurpegia harresituz, eta idatzi eta idatzi egiten dut, sortu, lerroen artean arnasarik hartu barik; eta zure izter esnetsuak bere aurpegia harresituz, eta bere ahoa zure ezpainak arakatzen, dena edertu izan dut horrela, zu eta Iban zu eta Iban izango ez bazinete moduan. Hotz baita eguna eta hotz ohea jada aspaldidanik, jada ia hasieratik, jada ia betitik, hotz zure alua bezala abuztu sargorian Landetako karabana izarrez inguratuan, nerabezaroko lo zaku lizunetan, arrotza begirada. Bazkalorduan begi eta betileak pausaleku bila, itsasora irten eta ur iluna besterik aurkitu ez zuten tximeletak, gero tristura haragi nerbiosoaren konpainia bakar leihoko kontrargian begiratu zaitudanean, eskuak Mafaldaren amantalean igurtziz, delikatuki. Ederregia zara arrazoiaren truke aldatzeko; heldua banintz egin beharko nukeena, erantzukizun morala, balentria eta kontu horiek niri bost, ez baitizute begietatik edan ez ahotik jan, ez baitira zure haragian hondoratu goizeko zure hats epela dastatu ostean, ez eta ere natazko izterren artean atseden hartu baso usaina itsasoarenarekin nahasten den une horretantxe, une horretantxe, sexuaz ere ez dakien konjuntzio miragarri ia mistiko horretantxe.

        Katu baten txilio metalikoa, katu baten txilio metalikoa lepoa partitzerakoan bezalakoa da dena, guztia, txilioa gogora ez ekartzea besterik ez dago damurik ez sentitzeko, txilioa ahaztu eta zure gorpu zurbila, horaila, begiratzen jarraitu, kontrargitik salaraino, komunetik oheraino, leihotik kantoian galtzen deneraino, begiradaz lapurtu, autobusak irentsi arte, zikintzen hasi den zure ilearen gantz usaina bakarrik gelditu arte nire esku traketsetan; eta itzuliko zara komunean ahantzitako gutunazala jasotzera, eta ez zaizu inportako sikiera ikusi ote dudan, sikiera zer pentsatu ote dudan, zer sentitu ote dudan anaiaren hitzak irakurtzean, nekeak dena kutsatu baitu aspaldian, baita bere izena zurearen ondoan ere, hiruron azken argazki koloretsuak pasilloan lerrokaturik, oroitzapenak, guztia.

        Hosto eiharrak argazki albumetan, orbelaren eskeletoak orriz orri, desamodioaren kide hilak, ospelaren koloreko kronologia panpina kaligrafiaz betikotutako azpi-tituluetan; non egongo ote dira erantzunak odol kaliza bukatuko denean, hitzek errealitatearen pisua baizik izango ez dutenean, paraxuta ahaztuta salto egin dudala jakingo dudanean, tristurarekin traturik ere egin barik.

        Dutxa hartu eta soinekorik dotoreena jantzita, bularrik tenteenak bilduta, ezpainik jorienak pintatuta joan zara, horrelakoa baitzara. Ez dakit, odol gutxi gelditzen zait. Eta orain, zure izter esnetsuak bere aurpegia harresituz zure izter esnetsuak bere aurpegia harresituz bilakatu dira, eta bere aurpegian metafora bako begi egartiak ikusten ditut, poesiaz biluzturiko bere mingain luzea zure alu argi eta udatiarra miresten. Beti jakin nuena betiko jakingo dut, berandu da ordea hautua egiteko, ala bilaka liteke oraindik iragandako uda ahaztezin.

        Usainagatik ez ote den dena hasia naiz pentsatzen, gantz usain nerabeagatik; maitasun trasbasearen lekuko patetikoa izatearena, begirada sorgorrena, bitrinazko begiena. Den guztia den guztia bilakatu denean, aulki gainean gelditu den zure abrigoa, hutsik lagatako maindire partzela, beti heze mantendu nahiko nukeen toalla horia, hori besterik ez direnean, akabo dena; akabo nostalgiaren udazken kolorea, paperezko muxuen dardara zinema osteko gau itxietan, eiakulaziorik gabeko etorriak masail erorietan. Dena da laua hemen, dena behar da idatzi, metaforizatu, letren iragazitik igaroarazi, odolik irtengo ez den arren murtxikatu ñak ñak ñak; denak du hauts usain bera, primarioa, landugabea; dena da zu, azken begiratua gabardina lotu duzunean, Barkatu esan didazu gabardina lotu duzunean, bere irudia gordetzen duten kanika nabarrak, Barkatu, eta gero fabriken konposizio geometrikoa horizontean, kedarra begiradetan, denbora luze luuuuze luzea, zureak izan litezkeen pausoak eskaileretan supermerkatutik masailak gorriturik, existitzen ez diren telefono deiak azalpenak ematen, ordenagailuaren aurrean zure gogoa eta ni, zure gogoa eta pentsamenduok, eta idatzi eta idatzi eta idatzi erlojuari behatu barik, atetik sartzen den zure silueta karpetaz gainezka, gabardina, euriak bustiriko ilearen zain, Gabon, amor, autobusa huts egin dut, ala gaur izango ote da azkenik zu joan zineneko eguna.