ETA HANDIK GUTXIRA GAUR
Egin arte ez nuen jakin horren erraza izango zenik. Baina egin eta zapla, hortxe amaitu ziren kezkak. Beldur nion lehendabiziko urratsari, buruan buelta asko eman nizkion, asko.
Florenek oihalezko musuzapi bat patrikatik atera eta kopeta sikatu du. Bilobak erdi kezkaturik erdi errespetuz entzuten dio, lurrean jesarrita, indio posturan, maistrak txikiak zirenean agintzen zien bezala. Aitonak bizkarra eman dio lorategiko lanak egiteko, eta hitz egiten jarraitu du.
Egin eta ospa, hori zen dena, sinplea eta azkarra begira gelditu zaio bilobari, eta zeremoniatsu gaineratu du: Baina egin behar zen.
Sargori dago Miarritzen. Abuztua da.
Manex aitonarengana hurbildu da hitzak gertuagotik entzuteko. Belauniko dagoela ari zaio hizketan zaharra, lurra iraultzen, zuhaixka bat landatzeko. Arrazoia du, lehenengo urratsa izango da okerrena. Aitona lur hezea eskuetan ibiltzen ikustea lasaigarri zaio.
Egidazu kasu, Manex, lehen urrats hori da gaitzena. Hortik aurrerakoak bakarrik datoz, ikusiko duzu. Ausarta izan beharra dago eta lehenengo pauso hori eman. Ondorengoa eginda dago, coser y cantar, nire herrian esango luketen bezala.
Noiz joango gara zure herrira, aitona?
Untxiak bizikletan ibiltzen direnean.
Irri egin eta begirada jausi zaio Manexi. Belar artean bere bidea egiten duen amona mantangorri baten gorputzean ipini du arreta. Aitonak arrazoia du. Egin eta kito.
Agureak kopeta lehortu du eta Manexen ondoan jesarri da, plastikozko aulki batean. Adaska baten muturrarekin azkazaletako zikinkeria garbitu du eta entzuten jarri da. Baina Manexek ez du fitsik esan. Amona mantangorriari begira jarraitu du, ez dago zertan hitz egiten jarraitu. Aitonak arrazoia dauka.
37ko udaberria oroitzen du. Oraindik ez da oinazerik gabe gogora ekartzeko gai. Edo ez du oinazerik gabe gogora ekarri nahi. Oinaze hori da Manuelengandik gelditzen zaion bakarra. Akaso inoiz ez diolako nehori kontatu, akaso oroitzapenak euriteek urratzen dituztelako eta, orduan, kontatutakoaren oihartzun tantak baizik gelditzen ez direlako. Eta euri asko izan da 37tik hona. Baina berak ez dio inoiz nehori kontatu, ez eta Genevieveri ere, ohean, eskuak elkarri emanda, heriotza itxaroten zuten arratsaldeetan.
Isiltasuna paretei itsatsirik. Harrien mututasunak herriarenarekin bat egiten zuen. Ez zen inoiz hildakoei buruz hitz egiten, eta haien senideei ez zitzaien keinu ulerkorrik eskaintzen. Alkate berriaren etorrerarekin, udal langileen berregituraketa egon zen, gaur egungo hitz bat erabiltzeagatik. Gorriak bota egin zituzten udaletxetik, edo gorria izan zitekeen oro. Faxisten lagunek bete zituzten hutsik gelditutako lanpostuak, edo beste gizagaixo batzuek. Floren mantendu egin zuten. Mutil laño hura beti bakarrik ibiltzen zen, ez zirudien lanjerosa zenik. Herrian arrarotzat zeukaten. Jaio zenean galdu zuen ama, eta aita Iruñera joan zen lan egitera hiru urte geroago. Izeba batekin hazi zen, eta hark ez zuen subertsibo trazarik. Beraz, bota distirantedun alkateak bere lanpostuan mantendu zuen Floren, udal jagolea. Denetarik egiten zuen, baina zereginik kuttunena landareak zaintzea zuen. Izaki delikatu haiei bizitzen lagundu, zurtoinen freskura hatzetan ukan, muskilen gizentzea gertutik ikusi. Nafarroako Erriberan, balkoian landareak izan zituen lehen udaletxea. Aurreko alkateak baimena eman zion korridoreetan eta balkoietan lorontzi handi batzuk paratzeko, eta halaxe egin zuen Florenek.
Manexek ez daki zer den Gerra Zibila. Eskolan azaldu zieten, baina gauza horiek ahaztu egiten dira, azterketa osteko ogitartekoa irentsi orduko. Aitonaren ahotik entzutea gustuko du. Kosta egiten zaio aitona guda batean irudikatzea. Gudak heriotza eta etsaia esan nahi du, hegazkinak eta kedarrez pintaturiko aurpegierak; eta zaila egiten zaio aitona Floren kontzeptu horiekin lotzea. Zirrara sortzen dio gerratik ihes egin zuela entzuteak, pelikuletako delinkuente edo heroi modura imajina dezake aitona xalo eta bonetaduna.
Astean zehar bero handia egin zuen, txitxarrek garrasi egiten zuten gauez. Bazirudien euri erauntsi bat izanen zela. Goiz-goizetik irratiak Marokoko kolpe militarrari buruzko berriak zabaldu zituen. Badakizu non dagoen Maroko?
Afrikan, desertuan eta sorbaldak harrotu ditu.
Guardia Zibilaren buruak lasaitasuna eskatu zion herriari, indar polizialak Errepublikaren alde zeudela esanez. Badakizu zer den Errepublika?
Gutxi gorabehera.
Zer gehiago, gutxi ala behera?
Leihotik saiheski erre usaina dator, eta ondoren amantal hori bat jantzirik daraman emaztea, À table!, frantsestuek bakarrik dakiten bezala garrasi egiten, À manger!, eztarriko zain guztietatik indarrez irteten zaion xuxurla. Jakien inguruan jesarri dira Manex eta aitona. Emakume oreztadunak entsalada zerbitzatu die plastikozko koilara eta sarde oso handiekin. Manex ez da bere ama begiratzera ausartzen, nahiago du aitonaren solas lasaigarrian murgildu, ama beti dago erdi ospel. Aitonak ere nahiago du Manexekin solasean jarraitu, berarekin egotea Manuelekin batzea bilakatu da bat-batean. Amak, bestalde, nahiago du Manexek eta aitonak elkarrizketa pribatuan jarraitzen badute, ez du esparru samurrera jauzi egin nahi, eroso dago bere egontasun inpartzialean.
Eta Serge? galdetu dio aitonak, hiru plater besterik ez daudela ikusi duenean.
Bordelera joan behar izan du bilkura batera. Ez da gauera arte itzuliko.
Begiratu gabe erantzun dio aitonari, Manexen plater gainean uhaza hostoak pausatu dituen bitartean. Ez du aitaren ezkutuko galderari jaramon egiteko gogorik. Manex uhaza hostoei gelditu zaie begira, amaren esalditik ehunka legoara.
Floreni bihotza kargatu zaio bilobarekin izandako solasaldiaren ostean, eta ez da gose. Alabaren muturrari aurre egiteko ere indarge gelditu da.
Sergek lan gehiegi egiten du, ezta? galdetu dio Florenek.
Bof.
Bof. Horrek esan nahi du: Zaude isilik behingoz, ez dut hitz egiteko gogorik, utzidazu bakean eta jan uhaza ostia hori, cette merde de laitue, kokoteraino nago zentzu bikoitza duten zure galderez, jan eta ixo, agure nekagarri hori, eta segi sagarrondoak landatzera eta irratia entzutera.
Bizilagunen belarra mozteko makinaren motor hotsa besterik ez da entzuten mahaian. Bizilaguna bainujantzi gorriarekin eta Baionako festetako elastikoarekin egongo da ziur aski makinaren atzean, espartinak oinak baino txikiago, oskolean kabitzen ez diren itsas karakolak. Zuhaitzetako hostoak geldirik daude, beroak makaldurik. Ez dabil haizerik.
Gerra garaiko kontuak esaten ari nintzen Manexi. Agian egun batean herrira eramanen dut, bakantzak amaitu baino lehen. Zer iruditzen zaizu?
Benetan? aurpegia oskarbitu zaio alabari, agian berarengandik urrun dagoen zerbaiti buruz ari direlako hizketan. Eta zer galdu zaizu ba han?
Galdu ezer ez. Manexek joan egin nahi du erantzun dio aitonak errudun antzera.
Manex kasketaren azpian gorderik dago. Irri egiten duenean zulotxo bat jaiotzen zaio aurpegiaren alde banatan. Bi zulotxo eta kasketa bat da Manex. Eta hortz handi batzuk. Eta oreztak.
Sergeri galdeginen diot Donostiara autoz eramateko. Han hartuko dugu autobusa jarraitu du Florenek.
A bon alabak.
Agian bihar bertan.
A bon hitz berdinak, bolumen berdina, baina bekainak zentimetro erdi gorago, eta ezpainekin zirkulu itxiago bat egin du.
Bihar ezin dut, surf ikastaroaren azken eguna da, baina etzi bai esan du Manexek, amari trabeska begiratuz.
E be ados. Niregatik ez dago arazorik eta saihetsak banatu ditu hiru plateretan, mugimendu nekosoz.
Antzeko beroa egiten zuen udaberri hartan. Herriko Etxearen atzealdean topatu behar zuen Manuel, pilota partida jokatzeko. Bezperan, bero handiegia zegoenez, partida egin ordez belazeetan etzan ziren, alkandorak erantzirik, urdintasun epelera begira, izerditan, hizketan, begira. Gazte harekin bakarrik hitz egiten zuen Florenek herrian, eta bera baino gazteagoa zen lehengusina batekin. Manuel agertu ez zen arratsalde hartan tenperatura altuak zeuden, eta Floren poztu egin zen, pilotan ibili ordez belazeetan etzango zirelako, hizketan, izerditan, begira. Ero eta alai. Halakoxea zen Manuel. Eta Florenek ere halakoxea izan nahi zuen. Horretan pentsatuz eraman zituen zahatoa eta gazta pusketa bat, baina arratsalde hartan Manuel ez zen azaldu. Eta Floren haserretu egin zen, pentsatuz batzar ezkuturen batean egonen zela, beste batzuetan legez. Florenek bakardadea sentitu zuen aurreneko aldiz bere bizitzan. Ordura arte inoiz ez zuen pertsona baten gabezia sumatu, presentzia ere sentitu ez zuen bezala. Eta gauza itsusia zen bakardadea, lapurreta bat bezala, harri gainean lo egitea bezala. Manuelen zain jarraitu zuen arratsalde hartan zahatoa ia hustu zuen gaztarekin lagunduta. Mingaina ahoan ezin kabiturik etxera itzuli zenean, izebak esan zion, aho-kordei ia eragin gabe, hil egin zituztela herriko bost gazte. Eta izebaren keinu gabezia hura, nola jarraitu zuen marmitatik esnea ateratzen, eta gero arrozarekin eta kanela adar zatiekin nahasten.
Valentin Sarnago: Conejo. Adolfo Belzunze. Mari Garro: Leonorren koinatua. Luis: harakinaren semea. Eta Manuel Iroz: Manuel.
Florenek odolaren zapore gazia sentitu zuen ardoarekin nahasturik. Eta Manuelen izena behin eta berriz ahopeka errepikatzea besterik ez zitzaion etorri, izebak mahai gainean afaria paratu zuen arte. Egurrezko mahaiaren kontra platerek egindako hotsak ekarri zuten Floren bizidunen mundura, edo, kasu honetan, hildakoenera.
Ma chèrie esan dio alabari frantsesaren ahoskera lege guztiei muzin eginez: Siestara noa. Bero nardagarri honek tripak aldrebestu dizkit. Mon pot esan dio Manexi eta, zerbait gaineratuko zuela zirudien arren, ez du beste ezer esan.
Eta meloiari haginka eginez gelditu dira ama eta semea, bata bestearen ondoan, irribarre berde erraldoiak aurpegietan, etxea inguratzen duen hesiari so.
Floren ohe gainean jesarri da. Ez du loak hartzeko inolako asmorik. Bihotza erreta daukala konturatu da, eztarria puztuta. Genevieve hilzorian zegoenean hainbatetan pentsatu zuen guztia kontatzea, Manuelekin iragandako egunei buruz hitz egitea, baina ezin. Emaztea hil ostean heriotzak bete zion gogoa, eta ez zen gehiago Manuelekin oroitu. Gaur arte. Manuelen eta Genevieveren hozkak gibelean, odolaren eta eritasunaren usainak, alabaren begi grisak mahaiaren bestaldean. Eta Manex ttipiaren beldurrak.
Hurrengo egunean Floren betiko legez joan zen udaletxera lanera. Alkatea barrez lehertzen entzun zuen eskailerak igo zituenean. Egun hartan goiko gelara zihoan eskaileraren harmaila konpontzea egokitu zitzaion, eta hori profitatu zuen ganbaran gorderik egoteko, noizean behin mailukada batzuk jotzen. Ohiko lasaitasunaren arrastorik ez zegoen gazte harengan, dena zen sua eta gorrotoa. Eguerdi aldera, alkatea eta idazkaria hamaiketakoa hartzen ikusi zituen betiko tabernan, eta Floreni tripak irauli zitzaizkion berriro.
¿Qué vida o qué? bota zion alkateak, bere mutur olioz bustia basa animalia baten antzera mugituz.
Txerri oinak ikusi zituen platerean, atzamar bat sardean iltzaturik, saltsa arrean bildurik. Idazkariak arrautza bat eta txistorra zati bi zituen aurrean, eta eskuoihala lepo inguruan loturik.
¿Te se ha comido la lengua el gato, o qué?
Buen día, señor alcalde eta hitzok esan eta berehala konprenitu zuen mendekua izanen zela.
Atea jo dute. Florenek ohea harrotu du eta bertan etzan da, esnatu berriaren plantak eginez. Alaba da.
Banandu egingo gara. Serge eta biok banandu egingo gara. Apartamentu bat hartu du Bidarten. Datorren hilean joango da hemendik. Voilà, hori da dena. Eta ez dut hitz egiteko gogorik. Ez egin galderarik, otoi.
Maratila askatu gabe mintzatu da, korridoretik, aitaren logela zapaldu gabe. Floren ohean eserita dago, eta ez daki zer den egokiagoa, poztu edo serios aurpegiera jartzea.
Bo ausartu da.
Bion arteko erabakia izan da. Hauetako egun batean esango diot Manexi, eta voilà eskuak haserre bezala astindu ditu. Arraina utzi dizuet gauerako. Magaliren etxean afalduko dut nik. Labean sartu eta kito, hogei minututan prest izango duzue.
Eta gero eskaileretan behera abiatu da, takoiek egur gainean egiten duten hotsa Florenen logelan utziz.
Bilobarekin herrira joateko irrikan dagoela ohartu da, aspaldidanik ez duela halako grinarik gorputzean sentitu. Manuelena gaztaroko kontu txatxu bat izan zela uste nahi izan zuen, baina ez da. Pelikuletan bezala, argazkiak begiratu nahiko lituzke orain, 63 urteren ondoren, baina ez du argazkirik. Izebaren gutun batzuk gorde zituen garai batez, lehengusinaren baten batzuk, larruzko pilota bat, eta Manuelek inoiz eman zion Errepublikaren intsignia txiki bat, baina orain hori ere ez du. Crédit Agricole banketxeak noizbait oparitutako maletatxoan gorde izan zituen gauzok. Orain Crédit Agricolek oparitutako maletatxoan Genevieveri Paristik igorritako gutunak dauzka, Genevievek Ziburutik erantzun zituenak, Manexen lehen marrazkietako bat, eta gurasoen ezkontzako argazkia, baina horrek ez dio urrutiko oroitzapenik ekartzen, ez antzinako barnerik ukitzen, ukabil hutsak edukitzea bezala da. Manuelen oroitzapena da herriarekin duen lotura sendo bakarra, hango lur usaina gogora dakarkion bakarra. Eta horra hurbiltzeko memorian arakatzea beste biderik ez du.
Mendekua bururatu zitzaioneko eguna oroitu nahi du Florenek. Badaki Manuel erail eta gutxira izan zela, baina ez du oroitzen zehazki noiz. Lehengusinari eskatu zion Iruñetik haziak ekartzeko. Petuniak etxeko baratzean landatu zituen lehenik, loratu arte. Mendekua gehiago gozatzeko modu bat izan zen: egunero baratzera joan, lurrean zerbait irten zen zaintzera, ureztatzera, haizearen magalean mugitzen begiratzera. Hasieran koloretako burutxoak hasi ziren, gauza delikatu batzuk, iletxoekin, Florenentzat izaki erabat ezezagunak. Gero burutxoak zabaltzen joan ziren kanpai itxura hartu arte. Eta Floreni berebiziko ikuskizuna iruditu zitzaion. Loreak erabat zabaldu ziren egunean garraiatu zuen lurra orgatxo batean. Udaletxeko balkoiko lorontzietan lurra atontzen ikusi du bere burua. Lur freskoa eta leuna.
¿Qué pasa o qué? galdetu zion idazkariak, bota distiranteek ematen zioten itxura beldurgarritik.
Que voy a adornar el balcón p'al día de la Virgen.
Idazkaria Florenek ezagutzen ez zuen militar batekin zegoen, eta honek esandako zerbaitengatik barrez lehertzen aldendu ziren biak. Larruzko botek lurreko hautsa harrotzen zuten ibiltzerakoan. Bi gizaseme haiek hodei batean urruntzen ikusi zituen Florenek eta lurra ukabil zarratuetan estutu du hartxintxarren oinazea sentitu arte.
Manex kasketa jantzirik duela jaitsi da gosaltzera. Motxila handiegia du bizkarretik zintzilik, eta horrek areagotu egiten du bere argaltasuna. Florenek bi baso esne atera ditu mikrouhin labetik.
Ez al duzu motxila kenduko gosaltzeko? Dortoka bat dirudizu esan dio aitonak.
Manexek masailak puztu ditu, eta eskuekin dortoka baten igerialdia imitatu du. Aitonak eta bilobak txokolatesnea hartu dute, eta ogi errea ahabi konfiturarekin. Gauean Florenek ez du ia lorik egin nerbioen erruz. Uste baino denbora gehiago darama bere herrira itzuli gabe, eta uste baino gogo handiagoa dauka itzultzeko. Ontziak harraskara eraman baino lehen entzun dute Sergeren autoaren bozina hotsa eta etxetik irten dira. Manexek agur egin dio eskuaz amari; bere logelako leihotik begira dago, katilu bat eskuartean, korri egiteko txandalarekin jantzirik. Florenek ere agur egin dio, eta motorra martxan duen autoan igo dira.
Zer gertatu zaizu ba orain hara joateko? Ondo iruditzen zait, ez pentsa, baina arraroa da, ez?, hainbeste urte eta gero halako batean hara itzultzea.
Sergek azkar gidatzen du. Sintonizatu gabeko irrati orroen gainetik egiten du oihu. Bere alboan, Manex, Game Boyarekin jolasean ari da.
Manexi nire jaioterria erakutsi nahi diot, jakingura dauka erantzun du Florenek atzeko eserlekutik.
A bon? eta Manexi kolpetxo konplize bat eman dio kasketan maitekiro.
Mutikoak ez du pantailatik begirada altxa. Atzean utzi dituzte belaze berdeak eta pertsona begiak dituzten behiak, eta etxe zuri-gorriak bidearen bazterretara. Donostiara iritsitakoan, autobus geltokian utzi ditu Sergek.
Zortzietan puntuan hemen izanen naiz bueltan. Txintxoak izan esan die irratiaren zurrunbiloaren gainetik, eta Manexi beste kolpetxo bat eman dio buru gainean.
Floren eta Manex aske sentitu dira bakarrik gelditu direnean. Txartelak erosi eta autobusean igo dira.
Hitz egin genuenari buruz pentsatu duzu?
Pixka bat.
Eta?
E be hori Manexek itzalita dagoen Game Boyaren gomazko botoiak sakatu ditu, begirada jausirik.
E be hori zer? galdetu dio aitonak haserre plantak eginez.
E be arrazoi duzula.
Seguru nago ez dela horrenbesterako izango. Irakasle bat hil eta lorategian ehortzi duzu!, hori da?
Ez mutikoak irriz.
Norbait akatzeko egitasmotan zabiltza?
Ez!
Amaren ezkontza-eraztuna saldu duzu droga erosteko?
Ez!
Orduan zaude lasai, amari ere ez zaio hain grabea irudituko-eta.
Eta botoiei sakatzen jarraitu du pixka batean. Gero lo egin du, kasketa aurpegi gainean paraturik, aitonaren izterren gainean kiribilduta. Floren erne doa, leihotik begira, ez du egun honen segundo bat bera ere galdu nahi. Bere bizitzan egiten ari den atzera bidaia da, ilobaren eskutik iraganera. Paisaia horitzen den heinean bizkorrago doa Florenen gogoa. Bi orduren buruan iritsi dira. Errepidetik ikusten den elizagatik izango ez balitz, ez luke bere jaioterria ezagutuko. Manex esnatu behar duela pentsatu du, baina unea luzatu du, gustura dago-eta bakarrik. Sexuan kilimak igarri ditu herrira iritsi direnean, gaztetan ere gertatzen zitzaion halakoetan, nerbioengatik. Manexi kasketa kendu dio aurpegi gainetik eta eguzkia jarri da bere gainean. Begiak kliskatuz, ezpainak adurrez bustirik, galdetu du:
Non gaude?
Nire herrian esan du, eta bakarrik sentitu da bat-batean.
Manuel eta gero, Florenek ez du beste gizonik maitatu. Bera baino lehen bai, 14-15 urterekin, esne saltzailearen semea, baina ez du bere izena oroitzen. Behi artean maitatzen zuten elkar, ukuiluan, pixa usaineko lastoaren gainean, azkar. Eta gero errapeetatik edaten zioten esne epela behiari, azkar baita ere. Hori ere ahaztuta zeukan gaur arte. Baina Manuelena ezberdina zen. Lagunak ziren. Edo oraindik inportanteago zena, lagunak izango ziren. Manuel izan da bere azken gizona. Handik gutxira, herritik alde egin zuen urte berean, Ziburun ezagutu zuen Genevieve, eta handik gutxira ezkondu ziren. Handik gutxira jaio zen alaba, eta handik gutxira Akizen bizi den Pedro. Eta handik gutxira gaur.
Lehen soroak ziren hartan supermerkatu eta gasolindegiak landatu dituzte, eta etxebizitza geometrikoek eten dute hodeiertza. Baseliza zegoen tokian osasun-etxea jarri dute, eta bere etxea zegoen tokitik errepide zabal bat igarotzen da.
Hemen bizi nintzen, Manex.
Errepide gainean?
Jendearen azentuak ezagutzen ditu, gaztelaniazko hitzak ahoskatzeko modua, hain bakarra. Norbaitekin hitz egiteko premia sentitu du, gaztelaniaz; Miarritzen oso jende gutxirekin egiten du gaztelaniaz, Behobiko lagun batekin eta beste pare batekin, baina ez gaztetako gaztelaniaz. Bere adineko norbaitekin hitz egin nahi du, aditzak ebakitzeko modu gozo hori, ahoskera hunkigarri hori entzun. Lo aurpegiarekin oraindik, Manexek aitonaren ibilerak kopiatu ditu, eskuak atzean emanda, begitartea zimur, bonetaren ordez kasketa. Antza dute.
Udaletxeko plazara iritsi direnean erdi-erdian paratu dira.
Hortxe egiten nuen lan. Ez da asko aldatu. Ni izan nintzen balkoietan lorontziak jarri zituena, bazenekien? Hau izan zen Erribera osoan loreak izan zituen lehen udaletxea.
Gau hartan alde egin zuen herritik, betirako, atzera begiratu gabe. Gaur arte. Burusi batean bildurik: argazki bi, ogi apur bat, txokolatea, gazta laurden bat, alkandora bat, galtzontzilo eta galtzerdi pare bat, eta galtzerdien barruan 25 ogerleko.
Bidean negar egin zuen, atzean utzi ez zituen gauza guztiengatik. Egun osoa oinez eman ostean iritsi zen Iruñera. Bere bigarren aldia zen hirian. Jende gehiegi zegoela iruditu zitzaion. Militar batzuk ondotik igaro zirenean arnasa eten zuen Florenek, uste baitzuen bazekitela, eta fusilatu egingo zutela. Baina militarrak bota hotsekin batera urrutiratu ziren, eta hautsez beteriko espartinei begira gelditu zen Floren, oraindik denbora pixka batean. Bi egunen buruan muga gurutzatu eta Ziburun hartu zuen ostatu. Han ezagutu zuen Genevieve, eta handik gutxira ezkondu ziren. Handik gutxira jaio zen alaba, eta handik gutxira Akizen bizi den Pedro. Handik gutxira alaba Sergerekin ezkondu eta Manex jaio zen.
Eta handik gutxira gaur.
Udaletxe pareko arkupean dago Floren, Manexekin, gau hura oroitzapenean. Lorontzietan pinu txikiak daude landaturik, eta balkoitik zintzilik Paz dioen pankarta karratua.
Negarrez ari zara? galdetu dio Manexek.
Zergatik ariko naiz ba negarrez?
E be agian triste jarri zara zure herrira etortzeagatik.
Triste? Pozik nago-eta!
Negarrez ari zara esan dio haurrak, detektibe plantak eginez.
Hemen esaten duten bezala, Eres peor que una caparra en los huevos esan dio Florenek, baina Manexek ez du ulertu zer den caparra eta huevos.
Loreak erabat ireki zirenean baratzetik erauzi eta lurrez betetako orgatxoan jarri zituen etzanda, umetxoak bailiran. Hiru bidaia egin behar izan zituen lore guztiak baratzetik udaletxeraino eramateko, gauez, eta inoiz baino isilago zegoen harrizko herri hartan orgatxoaren karrankarekin jendea esnatzearen beldur izan zen. Gau epela zen, eta argia. Balkoietako lorontzietako lurra atondu eta petuniak landatu zituen bertan, Manuel eta besteen kolore maiteekin: lehenengo ubelak, gero horiak, gero gorriak. Asko. Gau hartan ilargiak gazta tankera zuen edo barrez ari den emakume oso gizen batena. Ez zebilen inor kaleetan. Udaletxe plazako arkupeetan zigarro bat isiotu zuen Florenek. Ederra zen handik ikusten zena. Ilargi esnetan bustiriko loreak balkoietatik zintzilik, mendekuaren kolorekoak, garrasiaren kolorekoak, haize epelaren kulunkan. Manuel lapurtu ziotenetik lehen aldiz sentitu zen osorik, nahiz eta bakarrik.
Manexi lepoan zimiko bat eginez esan dio:
Goazen, gauza asko ditugu ikusteko.
Biak eskuak atzean emanda dituztela joan dira, pauso txikiz, udaletxe ondoko estankora.
¿Tú eres Perico? esan dio, goxoki, fruitu lehor eta tabako paketeen atzean kristal lodi eta zikinetan gordetzen den agureari. ¿Te acuerdas de mí?
Gizon betaurrekodunak hortz artean duen zotzari eragin dio, baina ez dio ezer erantzun.
¿Sabes quién soy? Soy Floren Ainzua, el sobrino de la Paca, la huevera. ¿Te acuerdas?
Gizonak betaurrekoak erantzi eta litxarreriak biltzeko erabiltzen dituen paperezko eskuoihal batekin garbitu ditu. Arrautzak saltzen zituen emakume hura oroitu du, gaztetan desagertu zen iloba isil eta arraroa... oroitzapenak etortzen hasi zaizkio.
Sí que me acuerdo tabako saltzaileak eskua luzatu dio leihatilatik, debekaturiko zerbait egiten ariko balitz bezala, azkar eta ikarati. ¿Qué vida o qué?
Florenek tinko estutu du, eta oraindik sendoak diren hortzak erakutsi dizkio.
Mira, éste es mi nieto esan dio, lur koloreko eskua Manexen buru gainean jarrita. Eta aurrera egin baino lehen, begirada udaletxeko balkoian etzanda, gaineratu du: Sólo habla francés y vasco.