ANAI ARTEA
Manito,
Koadernoa esku artean ordu pare bat besterik ez daukat azken urtean hainbestetan buruz idatzi dizudan gutun hau paperean jarri eta entregatzeko, nahiz eta jakin ez inoiz ailegatuko zaizun, eta ailegatuz gero ere agian ordurako independenteak izango gara, auskalo! Zer moduz zaude, Harkaitz? Ni, ondo nagoela esan daiteke.
Gaizki nagoela ere bai. Goibel dago eguna. Antzina maite nuen horrelako egunen malenkonian zilipurdikatzea, bizitzaren alde ilunari gortea egin eta mundu hobe baten nostalgiak indarberriturik aurrera jarraitzea; dark side esaten zenidan zuk, ezaugarri horren jabe ez izateagatik harro, eta barre egiten zenuen, nahiz eta biok bagenekien ez nintzela ni itzala eta zu argia, ez ginela txanpon beraren bi aldeak, baizik eta genetika-zientzia oroahaldunaren anaia bikiak, onerako eta txarrerako. «Y decirte que todo está igual, la ciudad, los amigos y el mar, esperando por ti» entzuten nuen horrelakoetan zure logelako musika katean; Silvio puta, esaten zenuen zuk, kantuak gogoz zenekizkien arren, eta nik ere bai Saderenak, Sade Adou, gure ametsetako emakumea, egur gurian tailaturiko jainkosa. Emakumeak filtro bezala erabiliz bizi beharra beti. Zenbat poz eta zenbat buruhauste ekarri dizkigun honek.
Parke batean nago, kolore biziz pintaturiko burdin eta porlanezko parke batean. Beste egoera batean nire onetik aterako ninduketen haur garrasiek lasaitu egiten naute, eta bizien mundura itzularazten. Gizon berri bat naiz! Lau hilabete egunargia ikusi barik pasa eta gero, orain ezin ditut eguzkitarako betaurrekoak erantzi. Sekulako piura daukat, motel. Bitxia da, lehenengo aldia da horrelako betaurrekoak ipintzen ditudana, eta hala ere eroso nago, bizitza eguzkitarako betaurreko barik imajinatu ezin izango banu bezala. Bi ama txutxumutxuka ari dira urrutian eta ezin naiz kontzentratu. Aspaldi da emakumerik ikusi ez dudala; egunkarietan bakarrik, eta txuri beltzean, pentsa. Gizon bat haur parke batean bakarrik ikusteak aztoratu egin omen ditu; pedofilotzat hartuko naute akaso, eta ez da gutxiagorako daukadan itxurarekin. Jakingo balute zer eragiten didaten haurdunaldia eta gero zahartzeari uko egin dioten haien gorputz aerobikoek, eskandalurako motiboa aldatu beharko lukete. (Honezkero ohartuko zinen beti bezalaxe jarraitzen dudala: antzinako senak forma ezin hobean, eta hori kirola egin barik).
Por zierto, elkar ikusten dugun hurrengoan gogorarazi lepoa bihurritu behar dizudala. Putaseme deituko nizuke nire anaia bikia izango ez bazina. Urtarrilean izan nuen zuen artekoaren berri; eta zertarako gezurra esan, burura etorri zitzaidan lehenengo gauza ohe eszena bat izan zen, eta traizioaren zimikoa sentitu nuen sabelaldean. Segidan, nire mortifikaziorako, berak beti izan zaituela nahiago berresteko balio zuten aurrekari bila hasi nintzen, manito, hirurok elkarrekin igaro ditugun uneak patetikoki distortsionatuz eta, nire kalterako, gu bion arteko konparazio morbosoak eginez.
Aitzol Parisen epaitu zutenean egin zenuten bidaia oroitzen dut: Norekin egin duzu lo?, Zure nebarekin, Norekin bestela?, Eta?, Eta zer?, Badakizu nolakoa den, bidaia osoa literaturaz mintzatzen eta txisteak egiten pasatu dugu, Zer kontatu dizu ba?... eta hitzetan baino begiradan arakatuz maitasun ezkutu bat ernaldu ote zen erne nengoen, keinu ñimiñoena eta euforia haren arrazoia aurkitu nahian, anaia konplizea lehiakide maltzur bihurtua. Jakingo ez nuen ba nik, gure bizitzaren errepikapena besterik ez zen hura: Ihintza, Ainhoa eta orain Susana, atrapaturik, 3-1, zure sarean euforiaz gainezka. A ze barreak!, oso graziosoa da zure anaia, esan zidan; eta nik pentsatu nuen, fartsante hutsa zinela eta gure arteko harremana pozoitzen zenuela. Gau hartan ez zen sexurik izan, saiatu nintzen arren; Ez, maitia, autobusean ez dut lorik egin eta leher eginda nago. Baina nik zure aurpegia ikusten nuen bere ezpainetan, Zerbait gertatzen al zaizu?; Ez, maitia nekaturik nagoela besterik ez. Eta nik zerikusia zenuela susmatu nuen.
Arrunki zeloak bezala ezagutzen den periodo deuseztatzaile hau airoski gainditu nuen ordea, eta gaur egun arrangura barik imajina dezaket Susana zure besoetan. Saia zaitez zure alde iluna ezagutzera ez ematen, espantatu ez dadin, eta probetxu on, kabroi hori. Eta nigatik lasai, ondo nago, benetan. Ez ezer esan berari, baina Susana galdu izanak baino gehiago izorratzen nau zuk irabazi izanak, badakizu.
Herdoildutako sentipen bat dela sinetsi nahi dut. Maitasuna hasi eta bukatu egiten da, badakit. Behin nirekin maitemindurik egon zen hura zurekin dago orain. Baina berdin egon zitekeen beste norbaitekin. Zergatik zurekin?
Susanaren izter esnetsuek ez daukate bilorik, eta batzuetan, izterrak soilik begiratzean, haur batenak dirudite. Detaile horrek txoratzen ninduen. Badakizu haur ezaugarri horiek biziki eszitatzen nindutela, eta zu ere berdin, eta agian beste guztia moral kontua zela, segur aski bai, edo agian gurea zela moral kontua. Zinemara joan ginen egun hartan, L.A. Confidential ikustera. Gona zeraman, bion artean eseri zen, zuk eta biok izter zuri lotsagabe haiek konpartitu genituen begirada bat elkarrekin trukatuz. Eta nik susmoa izan nuen berriro. Bihurria izan zen nire begirada. Baina zureari beste zerbait zerion, miresmen intelektualetik haratago zegoen zerbait, bizirik zegoen zerbait.
(Txutxumutxuka ari ziren amatxoetako bat etorri zait su eske. Lastima erretzen ez dudala. Desolé triste bat besterik ez diot esan eta dezepzionatu aurpegiarekin joan da. Eguzkitarako betaurrekoen atzean babesturik arakatu dut, disimulu barik, jauzika urrutiratu den bere ipurdia. Supizteko bat erosteko gogoa sartu zait. Mademoiselle, tenez! un bricquet et tout ce que vous voulez. Etsipenezko azken begiratu bat... eta gutunari lotu natzaio).
Hemen denbora oso poliki doa. Gertatzen ez diren gauzek gertatzen direnek bezainbesteko eragina daukate. Esan gabeko hitzek esandakoen pisu bera. Eta ausentziek presentziek baino leku handiagoa betetzen dute. Ia hiru urte elkar ikusi barik. Faltan hartzen zaitut, brother, gorputz atal erauziaren antzera sentitzen zaitut, eta zure ezak azkura sortzen dit maiz. Euskaltegian hasi omen zara lanean. Ez pentsa, hemen txutxumutxu horiez guztiez enteratzen naiz. Imajinatzen zaitut, lehen inoiz jartzen ez zenituen metalezko betaurrekoak gainetik kendu barik, irakasle rolean erabat sarturik, ikasleak txora-txora eginda; Ez, Marta, ergatiboa falta zaio honi, eta ukitutxo sotil bat axotadun bere eskuan, etorkizuneko harreman potentzialak ereiten, ebitatu ezinik.
Bakarrik sentitzen naizela aitortu nahi nizuke.
Bakarrik sentitu naiz entxupinaturik egon naizen bitartean. Bakardade iragankor bat zela uste nuen, hainbeste denbora ezkutuan bakarrik pasatzen duzunean derrigorrez sentitzen den zerbait. Orain, parke honetan, bizitza errealean, gordezuloaren filtroak ez du ezertarako balio, eta bakardadeak min egiten du. Liburuekin bete nahi izan dut hutsunea, baina horrek hutsune sentsazioa areagotzeko baino ez du balio izan.
Gogorrena ordea ez da bakarrik sentitzea, baizik eta ohartzea bizitza osoa daramadala hau arrastaka, sentimendu kronikoa dela, eta erremedio posible bakarra emakumeak eta zu zaretela.
Lau hilabete igaro ditut orainik eduki barik, oroitzapenetatik elikatuz, liburuak baltsa bakar. Orain, kalean, ausardia falta zait iragana abandonatu eta erremediorik gabeko orainaldira lotzeko.
Alde egin nuen eguna irudikatu dut sarri. Zure etxera joango zen, gertatutakoaren berri ematera; Eta orain zer?, zure bularrarekin urtuz, elkartasun fereka eta aitatasun muxuak ilean, malkoak agian, eta bere begi nabarrak nabarragoak; Alde egin du eta orain ez dakit zer egin. Nire ihesak sortutako minaren aurpegi gozoarekin jolastuko zineten, zuen buruei aitortu barik erakarpena elkartasunarekin sublimatzen ari zinetela. Edo manifa batean ikusten zaituztet: Gora gure preso, errepresaliatu eta errefuxiatuak; eta nire itzalak kutsatutako zuen txalo hunkituak. Gorroto dut behin eta berriz ondo umotu gabeko sentimendu honekin estropezu egitea.
Denbora agortzen ari zait eta ez dut ia ezer idatzi. Orri zuriek koldartu egin naute. Gainera, idazlea zu zara eta ez ni. Inoiz galdetu al diozu zure buruari zer dela-eta hautatu ote ditugun hain bide ezberdinak? Nik bai, eta noizbait azalduko dizut zein den nire teoria, nahiz eta ordurako, prestigiozko poeta epel bihurturik, zure anaia terroristaz lotsatuko zaren: Harkaitz Aguirre Alberdi, Premio Nacional de Literatura, ha tenido que huir del País Vasco ante el acoso de ETA. Tener un hermano terrorista no le ha servido de nada. Saizarbitoriaren posea imitatzen ikusten zaitut, El País-eko argazki batean, astebeteko bizarra eta gaupasa aurpegiarekin, hodeiertzera dramatikoki begira, panazko jaka batekin. Ez didazu horrelakorik egingo, e anaiatxo?
Erantzuten didazun arte, eman gabeko besarkadekin eta erantzunik gabeko galderekin bizitzen jarraitu beharko dugu. Jakin ezazu, Harkaitz, tandem garaiezina izaten jarraitzen dugula, eta gogoan zaitudala gau eta egun. Ohartzen naiz, uste baino zailagoa izan zaidala hitzen kaiolatik hegats eginez pentsamenduak orrian islatzea, nahiz eta ziur nagoen esan barik gelditu dena lerro artean irakurtzen jakin duzuna.
Adiorik ez, manito.
Maite zaitut.
Iban Terriblea