POLITIKA ALBISTEAK
1
Bazkaldu ondoren konturatu da. Sabelean azkura sentitu eta zer ote zen begiratzeko alkandoraren azkeneko botoia askatu duenean, lizundurik azaldu zaio zilborra. Oraindik urdindu gabeko lizuna, hauts zuri harroa, txikitan hainbeste maite genituen sorgin-loreen antzekoa. Minutu bat eman du horrela, zilborrari begira, norabide hartan putz egiten; baina ezer ez, ez da joan.
Sukaldeko mahaiaren aurrean, plater hutsak jaso gabe, bazkalostearen kolore bakarra postreko laranja azalaren serpentinak dira. Serpentinek, eta inoiz jaio ez den semearen algarek, alaitzen dute giroa.
Josebaren fotoa erakutsi dute Teleberrian. Duela hamasei urte errefuxiatu zenetik beste hirutan bakarrik atera dute. Aspaldian ez zuten erakutsi, eta Idoia urduri jarri da. Argazkian beltz-beltz dauka ilea, ezpainak gorri eta azala leun. Ikusi zuen azkeneko aldiz, ordea, betaurrekoak eramateaz gain, urdindua zeukan ilea, eta zimur finek gurutzatzen zioten aurpegia.
Idoiak primeran gogoratzen du erretratu hura egin zueneko eguna. Hemeretzi urte zituen berak eta hogei Josebak. Josten ikasteko akademiara joan zitzaion bila, lehenengo aldiz kotxez. Gidatzeko baimena erakusteko eskatu zion, paper arrosa luzatu zion hark: argazki hura, hamasei urte gutxiagorekin, telebistako irudi bera. Autotik irten eta kioskoaren atzeko bankuan eseri ziren. Alboetan makalak, bakardadez jantzirik; pintura, bankuetatik jausirik; eskuak eta haragia.
Akaso gero Maritxu, Josebaren ama, ikustera joanen dela pentsatu du, berririk izan ote duen jakiteko, gaur, kaleetan balarik ez dagoela dirudien egun honetan. Akaso botikatik bueltan.
2
Idoiaren amak gorroto du alabaren bakarrik hitz egiteko ohitura. Hilkutxa den ohetik bere ahotsak eromenaren inpresioa areagotzen du. Amak isiltzeko eskatu dio Idoiari garrasika. Idoiari iruditu zaio amaren boza entzun izana. Erabaki du ez diola gaixotasun berriari buruz ezer esango, eta lizuna gordetzeko erabili duen potea eskuoihal batean bildu du. Josebaren fotoa albistegietan agertu denik ere ez dio esango, gaixoa. Amak arren erregutu dio isilik egoteko, bere pentsamenduak bereak direla eta beretzat gordetzeko. Baina Idoiak ez dio entzuten, edo entzuten badu uste du erotzen ari dela, amaren ahotsa entzun izana iruditzen baitzaio.
3
Ez nintzen ausartu neure kabuz kentzera, baina nori deituko nion? Koilara txiki batekin egin dut azkenean, zilborretik hauts guztia kendu eta piper pote honetan gorde. Gero xaboiarekin ondo garbitu dut zilborra. Hemen duzu, azter dezazuen esan dio Idoiak Piliri.
Ez dut uste ezer larria izango denik Pili, botikaria, asperturik dago. Sakoneko asperdura, existentziala, haserrea ia. Kristalezko potea kendu dio eskuetatik, Idoiaren begi berdeetan ezkutatzen den urduritasuna enoratuz. Laborategian begiratuko dut esan dio sinesgarritasunik gabe. Pasa zaitez bihar, arratsaldean-edo.
Ez nekien nori deitu. Amak aspaldian ez du hitzik egiten, oso gaixo dago. Ez dakit ondo egin dudan edo ez. Agian hoberena zuk zeuk pintza batzuekin kentzea izango zen, baina ezin izan dut jasan, lizuna hor, nire zilborrean; eta koilaratxo batekin atera dut.
Bigundu egin da Pili. Begi berdeak ikusi dizkionean izan da, emakume haren garai bateko edertasunaz oroitu denean, Patxikuko belazeetan elkarrekin erre zituzten lehen zigarroen kearen atzean gogoratu duenean, barrez. Pilik ez du Josebaren oroitzapen gardenik gordetzen, nahiz eta lehengo koadrilakoa izan. Telebistako argazkia da daukan oroitzapenik gardenena.
Bihar arte orduan, eta lasai egon, ez da-eta ezer izango. Aizu, Idoia, oraindik erretzen al duzu? galdetu dio Pilik antzinako belazeetako belar bustitik berreskuratu duen freskotasunarekin.
Ez. Galarazita daukat. Kaferik ere ezin dut hartu. Nerbioengatik, badakizu.
Lepoa inguratuz daraman kufia burua estaltzeko erabili du eta, alde batera eta bestera begiratu ondoren, botikatik korrika bizian atera da. Kioskoan Gara erosi du; etxetik horretarako apropos hartutako karpetan gorde ondoren, poltsan jaso du. Ertzaintzaren kotxe bat eguneroko erronda egiten ari da Idoiaren ondotik igaro denean. Orduan Idoia etxe-atari batean gotortu da, bizilagunen izen-abizenak hamaika aldiz txirrinetan irakurriz, norbaiten bila ariko balitz bezala. Ertzainak izkinan galdu direnean jarraitu du bere bidea korrika batean, etxeraino.
Atearen kontra joan da, arnasestuka. Behatxulotik herria bare dagoela dirudi. Herriko enparantzaren zati bat ikus dezake. Haurrak jolasean udaletxeko arkupeetan. Bi bizkartzainen betaurreko lausoak, kalakan. Etxe horretan jaio da Idoia. Hogeita hamabost urte daramatza hor bizitzen.
Lasaitu denean sukaldeko mahaian eseri da, Gara-n bere ezinegonaren zioak topatu nahian. «Batasuna augura acciones policiales inminentes». Josebaren argazkia bilatu du egunkarian. Ez du deus aurkitu.
4
Egunkariarekin dagoenean, Idoiak gustuko du amaren ondoan esertzea. Titularrak irakurtzen dizkio; amak gorroto du hori, baina alabak ez ditu amaren hitzak entzuten.
Biharkoan aterako da bere argazkia. Bihar ere erosteko arriskua hartu beharko dut, baina tira. Elizan ikusi ditudan bala zuloek bart gauekoak behar dute izan pentsakor gelditu da, hormako friso loredunak osatutako hodeiertzari begira. Seko lo uzten naute pilula hauek, eta eskerrak, horrela ez naiz-eta erdiaz enteratzen. Putakumeak, ez dakit noiz utziko gaituzten bakean.
Gaurkoa bezalako egunetan Idoiaren ama damutu egiten da alabari gerra zibilari buruzko kontuak aitatu izanaz. Hala ere, hirurogeita sei urte geroago, arratsetan, amildegitik heltzen diren uluak entzun ditzake. Zorigaiztokoen hegaldiak isiltasunean. Zakurren negarrak diruditen azken irrintziak. Ignazio. Esteban. Xebe. Martin. Animalien orrorik ere ez zen entzuten, haiek ere adi. Amildegian behera jaurtiki eta heriotzaren zain zeudenen letrarik gabeko heresiak oroitzen ditu haurraren memoria zintzoarekin. Ez zuen harrikoa egitera joan nahi izaten errekara, ura odolarekin nahasturik etortzen zelako, oin azpian partitzen ziren adaska gazteak gizonen hezur erdi ustelak bihurtzen zituelako irudimenak. Oraindik herritar asko biltzen da urtero amildegiari begira, ekitaldi xume baten aitzakiaz, hainbat urteren ondoren askatasuna gertuago dutelakoan, oraindik negarrez.
Berriro azaldu zaio hauts hori zilborrean. Beste pote batean gordeko du badaezpada, batek daki. Ez du batere itxura onik. Bihar, analisia jasotzera joandakoan, pote berria eramango dio Piliri, bata eta bestearen artean aldaketarik ba ote dagoen begira dezan.
5
Bi piper pote daude hozkailu gainean: hutsik bat, kotoi maluta bat gordetzen du besteak. Ondoan sugea eta aizkora tailaturik dauzkan erloju bat, beheraxeago «Bietan jarrai» idatzia duela. Geldirik. Hozkailuan zintzilik, Seaskaren egutegia. Izen batzuen aldamenean «neska», besteetan «mutila» idatzi zuen Idoiak urte hasieran, eta Amets izena axota gorriz borobildu, «neska zein mutila».
Logelatik egurrezkoa den ama baten zurrunga gozoa heltzen da. Haur logelatik, isiltasun metalikoa. Ondokotik nire hitzak, honek ez du batere itxura onik, logelako ispiluari begira zilborra atzamar dardaratiz arakatzen dudanean. Hauts gehiago.
6
Bazkalostean zorua eta sabaiaren arteko distantzia handitu egiten da etxe honetan. Eguneko ordurik okerrena da, dudarik gabe, zorua sabaitik urrutien dagoeneko hura, bazkalostea.
Makalek ere berdin pentsatzen dutela dirudi, eta kolore ugerra hartzen dute ordu horretan, denboraren kolorea.
Telebistan hire argazkia erakutsi ditek. Ordutik atzean ditiat zipaioak, ondo baitakite hire andrea naizela. Botikatik irten naizenean hantxe zeudean nire zain, putakumeak. Hire gutunak Piliri gordetzeko emango zizkioat badaezpada; hamaika gutun hamasei urteotan, eta azken sei urteetan gutunik ez. Barkatuko didak, baina batzuetan zalantza zaukaat egia ote den segurtasun kontuagatik ez didaala idazten, maitea. Hemen ere latza duk egoera, faxistek inguraturik gaitiztek, eta ez zigutek euskaldun bizitzen uzten. Denok gaudek kontrolpean. Herria hartua zagok. Baja hartu nuenetik etxetik egunean behin baino ez nauk irteten, goizean Gara erosteko eta mandatuak egiteko, eta kito. Amaren egoera ere tristea duk. Gaixoak ez dik hitz egiten aita hil zenetik. Ohean jarraitzen dik. Tristea duk gerra, maitea, eta ez gudarientzat soilik. Umea nahi diat, borrokan jarraituko duen adaska gaztea. Amets jarriko zioagu. Berandu izan baino lehen, barrendik lizuntzen ari naiz-eta; horretarako idazten diat, zita bat adosteko: igandean Donibane Lohizunen, Petiteko aparkalekuan.
Zapia buruan ipini, gutunazala kuleroen barruan gorde eta Herriko Tabernara abiatu da Idoia. Poliziarik ikusten ez duen arte geldituko da erakusleiho baten aurrean, kirioak ezin eutsi. Euriak lurra busti du eta espaloiko kolorea biziagotu.
«El congreso aprueba la ilegalización de Batasuna». Ezin duela denborarik galdu pentsatu du, eta Herrikoan sartu da. Idoiak badaki toki arriskutsu batean dagoena, gerra garaian ezin dela horrelako tokietan sartu, baina hori da duen irtenbide bakarra Josebarekin egon ahal izateko.
Lehen, Josebaren gutunak heltzen zitzaizkionean, heldutako bidetik bidaltzen zituen bereak. Orain ordea ez dago biderik, ez baitago gutunik.
Zuzendariarekin hitz egin nahi dut. Urgentea da esan dio tabernari tximadunari.
Zerbitzari gazteak erdi asperduraz erdi nazkaturik begiratu du:
Herrikoetan ez dago zuzendaririk, emakumea.
Ba arduradun batekin.
Ezta ere. Zer nahi duzu?
Idoiak mutikoaren azalari erreparatu dio. Mutiko bat da. Hemeretzi urte izango ditu, asko jota. Ez du ezagutzen, baina belarritik zintzilik duen zilarrezko arranoaren distira dela-eta fio da. Laguntza emango diola seguru dago. Papera eta axota eskatu dizkio. «Joseba Amilibiaren andrea naiz. Gutun bat helarazi behar diot. Lagundu». Paperarekin batera gutunazala entregatu dio, eta kufiarekin aurpegia estaliz irten da tabernatik. Mutikoak ez daki zer egin. Joseba Amilibiaren izena ezaguna egiten zaio, nondik ez dakien arren.
Neskalaguna kafea hartzera joan denean kontatu dio gertatutakoa, kontakizunari misterioa eransteko eginahalik egin gabe; neskak esan dio oso ondo gelditzen zaiola eraztuna sudurrean, bolatxoa baino hobeto; eta mutil tximadunak erantzun dio, bera ere polita dagoela ile lisoarekin. Ordu erdi geroago, inor ez da akordatzen gutunazala eta oharra existitu diren ere.
7
Erditzen ari den emakume batenak dirudite logelatik heldu diren garrasiek. Idoiaren ama erditzen edo erdibitzen ari dela esango luke edonork. Bera dela alabaren egoeraren errudun iruditzen zaio batzuetan, kontzientziak traizionatzen dionetan; baina segituan ahazten zaio. Segituan ahazten zaio hein handi batean bera dela alabaren egoeraren errudun.
Ama garrasika ari dela iruditzen zaidak batzuetan. Susmoa zaukaat ez ote den ari guztiaz jabetzen; gerra, etxetik irten gabe ere, gaixo egonda ere, usaindu egiten baita. Are gehiago, aurretik beste gerra bat ezagutu duenak. Eroskin gauzak faltatzen hasi dituk. Gaur ez zegoan hegaluzerik, eta beste apal asko ere erdi hutsik zeudean. Probisioak erosten hasia nauk. Eramango ditiat batzuk Urruñara. Maitek kajera lanetan jarraitzen dik; eta, zailagoa dena, gutarra izaten... ez Arantza bezala, Eroski utzi eta Antxonen bulegoan lanean hasi zenetik El Diario Vasco-rekin paseatzen da-eta herriko kaleetatik. Keinu bat egin zioat Maiteri, baina ez zidak ezer erantzun, beldurragatik agian. Berak ere ez dik umerik eduki. Lesbiana dela esaten ditek.
8
Ezer ez duela esan dio Pili botikariak hurrengo egunean, osasuntsu dagoela eta ez larritzeko, kotoizko jantziren batek askaturiko arrastoak baino ez direla potean ekarritakoak. Idoiak poteak itzultzeko eskatu dio, baina Pilik ez dizkio eman nahi, ezertarako balio ez dutela argudiatuz. Azkenean nahi duena lortu du Idoiak, poteak egunkarian bildu eta sumindurik irten da botikatik.
Arratsaldeko laurak dira. Aldi berean, goizegi eta beranduegi da kaleetan jendea egon dadin. Pauso azkarrez doa Idoia. Animalia-denda bateko abereak begira gelditu zaizkio eta berak keinu itsusi bat eginez erantzun die. Taxistek aharrausika egin dute errepidearen beste aldetik, eta erosketez beteriko plastikozko poltsak lurrean pausatu dituzte emakumeek aurrera egin aurretik.
Etxera iritsitakoan, Idoiak kufia erantzi du eta amaren logelara joan da negarrez. Bere altzora makurtu da, honek ilea laztandu eta galdetu dio: Zer duzu, zer duzu, zer duzu; baina Idoiak ulu luze zurrun bat baino ez du entzuten.
Afaritarako arroza lapikoan egosten ari den bitartean, Idoiak berriro ere lizun hori aurkitu du zilborrean. «Espezialista batengana joan beharko dut» dioen bere ahotsaren oihartzuna entzun da sukalde hutsean.
Tomate itxurako erlojuak, egunero bezala, albistegiaren ordua iragarri du. Irakinaldiaren burbuilak esatariaren ahotsarekin nahastu dira: «La Policía gala ha detenido en un camping de la localidad francesa de Arles al presunto etarra Joseba Amilibia y a su compañera Dominique Paulus. Los detenidos, junto con su hija de tres años, se disponían a abandonar el camping cuando un agente de la Policía francesa les pidió la documentación».
Idoiak sabela laztandu du, zilbor zuloa urduritasunez arakatuz, telebistako irudiei begira. Joseba da. Eta emakume horail bat. Aipatu duten umearen irudirik ez da inondik ere ageri, eta pentsatu du gezurra dela, manipulazioaren beste azpijoko bat dela. Baina irudiek, nahiz eta errealitatean baino berdexeago agertu, bere gizona erakutsi dute. Eta blonda hori..
Ohartu orduko Idoiak odoletan dauka zilborra, eta azkazala odol lehorrez zikindurik. Arnasarik gabe gelditu da garrasi luze bat egin ostean. Egurrezko ama egurrezko mugimenduak eginez jaiki da bere hilkutxa bigunetik. Krema koloreko kamisoiaren azpian aurrera egin dute oin gardenek, alabaren oihuraino, sukalderaino. Esatariak Josebaren atxiloketaren berri eman du bigarren aldiz. Bor-borra gero eta bortitzagoa da, baina ez dira ohartu ez ama ez alaba, ez dute usaindu arroz errea. Eskutik helduta daude sukaldeko eserleku luzean, pantailari begira. Lurrinak telebista umeldu du, eta orain leihotik ikusten diren makalak bezala ikusten dira telebistako irudiak, telebistako Joseba, telebistako esataria eta poliziak. Idoia eta amaren bisaiak ere ohi baino lurrinduago daude. Hitzek ez dute pisurik, ez dira entzuten, ez dira esaten.