Eta handik gutxira gaur
Eta handik gutxira gaur
2004, narrazioak
168 orrialde
84-95511-63-0
azala: Lourdes Sanchez
Eider Rodriguez
1977, Orereta
 
2021, nobela
2019, saiakera
2017, narrazioak
2007, narrazioak
 

 

BELLEVUE

 

                Patrika-erlojua, ondo eman diot ordua.

                Musker arrakalak dira kaleak

                Maldan behera, ezkutatzeko zuloekin.

                Hobe dugu kale itsu batean elkartzea.

 

                Belusezko jauregi bat

                Ispiluzko leihoekin.

                Hortxe dago bat segurua,

                Ez dago famili argazkirik...

 

                                «Gigolo», S. Plath

 

 

Hamalau

 

Erizainak sardina zahar bat dirudi, asko jota lumarik gabeko oilasko biguna. Arropa zintzilikatzen ariko balitz bezala oratzen dit, indiferentziaz, mahuka batetik lehenik, gero bestetik, pixka bat astindu zimurrak kentzeko eta hurrengora, op!, mahuka bat, gero bestea. Aho parean paratu dizkit patetikoki pintaturiko azkazalak, gorritik baino laranjatik hurbilago dagoen kolorez pintaturiko gainazal arrailduak, dortoka hatzak. Eguerdiko pilulak ahoratu dizkit, hirurak batera, beste erizain batekin mintzatzen den artean. Egunerokotasunaren poderioz sufrimendua egoera normala iruditzen zaionaren ohituraz mugitu da, uniformea bezain aseptiko.

 

 

Hamabost

 

Orratzezko belaze bat zeharkatzen ariko balira bezala ibiltzen dira, antzinako garai batean esleitutako espazio jakin batean kokatu beharko balute bezala gorputz atalek, gogoa hila, galdatan jarritako burdinaren biharamuna.

        Eskai zuriz tapizaturiko metalezko aulkiak naturaltasunik gabe sakabanatu dira gelan: telebista aurrean bospasei, mahai bakoitza inguratuz lau, lerro ia zuzenean beste lau... Lehen begiratuan, gizatasunik ez da nabari okupaturik dauden eta ez daudenen artean: harmoniaz ez dakien mugimendua noizean behin, telebistatik hurbilago egon nahi duenak eragiten duen aulkiaren karranka besteetan, tximino baten antzera kizkurtuta dagoenaren kexu monotonoa... Lehen begiratuan, erizainak dira materialtasun hau inarrosten duten bakarrak. Besteek azukre uretan beratu udareak dirudite.

 

 

Hamasei

 

Hamasei egun besterik ez dira Bellevuen nagoela, eta ohitu naiz jada bizimodu honetara. Lehen egunetako ajea ahanzturaren bazka da aspaldidanik. Oroimenaren zama ere ez dut sentitzen. Alegia, oroimenak ez nauela akuilatzen; kontu handiarekin jotzen du atea, printzesa baten zolitasunez. Uzkur gelditzen natzaio begira, haren sotiltasunak garaitzen nauenera arte, eta eguzkiaren kilimak bizkarrean senti ditzaket ia, uhinak nire oin txikietan hausten, esku sendo eta gihartsua nire eskua atxikiz, eta beste eskuan, zuk erositako kubo gorria dilindan, karramarroen gotorlekua inbaditzen lagunduko zidanaren pausoa irmotasun berarekin imitatu nahian, dorpeki.

        Abuztuko egun sargoria izan zen, airea ente mardula den egun horietakoa, Portugalgo hondartza batean. Zenbat har ditzaket, aita?; Nahi hainbat, maitia; Berrogeita hamar? Gomazko sandaliarik ezean aitak besoetan hartu ninduen arroketara igotzeko. Lepotik heldu nuen eta gerria inguratu nion hankekin, karramarrorik polit eta handiena nintzela esanez. Hark gorputzaren aurka estutu ninduen, eguzkiak erretako bere bisaia niretik gertu. Haize beroaren kilimak bere muxuen kilimekin nahastu ziren, adatsekin, eta hatz luzeez gainetik kendu zizkidan hondar ale ikusezinak, bular herabeak setiatuz, terrenoa irabaziz, azal gaineko hondartza imajinarioa orraztu arteraino, nire tolestura ezkutuenak, bainujantzi azpiko fereka ausartekin.

        Eta ondoren eguzkia berriro ere. Eguzki zuria ni itsutzen eta karramarro preziatuak iraulitako kubotik ihesi, euren bizilekuetara bueltan.

 

 

Hamazazpi

 

Gaurkoa egun bekartsua da. Une batzuetan ordulariaren orratzek atoian eraman behar naute. Agian kanpoan haizerik egiten ez duelako da, mundua burbuila batean sartuta dagoela dirudielako eta txoririk pausatzen ez delako harrizko barandan.

 

 

Hemezortzi

 

Hari bat ikusten dut, eta hari horren muturrean dagoena ez dakit zer den zehatz-mehatz, baina ona edo txarra edota handia edo txikia den badakit. Bilatzen ari naizena den edo ez den badakit. Tira egin behar dut, intentsitate jakin batekin, nire arreta osoa horretan ipiniz, ez suabeegi, bestela hari gehiagorekin nahastu eta denbora luzea eman beharko baitut askatzen, baina indarrarekin ere ez, hari hauek ez baitira batere malguak, eta apurtu egiten dira segituan. Honela jasotzen dut iraganaren uzta. Orduak eta orduak igarotzen ditut hari egokiak bilatzen, eta behin aurkituta, bitxigilearena imajinatzen dudan zehaztasunez, haietatik tira egiten dut, garaipen txiki bat lortu izanaren zirrararekin.

        Bazkaria prestatzen ari ziren apartamentura iritsi ginenean. Isil-isilik nengoenez, aitarekin haserre nengoen-edo galdetu zenidan. Baietz esan nahi nizun, zure gorputz oparoan galtzea desiratu nuen, zure esku beti zintzoek laztan nintzaten utzi, baina ezin hitzik egin, ezin negarrik egin; begiradarekin adierazi nizun dena. Zuk, beti bezala, ez zenuen ezer ulertu. Aitak esan zizun ez genuela karramarrorik harrapatu eta horregatik nengoela horrela, eta zuk maitekiro begiratu zenidan, eta maitekiro begiratu zenion berari. Orduantxe sortzen hasi zen gure arteko labarra, ez segundo bat lehenago ez geroago, orduantxe baizik.

        Oporrak bukatu zirenean itzuli ginen etxera. Elefante bat marraztuta zeukan katilu gorria, amonaren askari bedeinkatuak, buztinarekin egindako eskulanak eta Dyane Seisaren eserlekuetako zigarro zuloak, Ez itzazu behatzak sartu, geroz eta handiago bihurtzen ari dira, eta nik kasurik ez, eta zuk Neska honi zerbait gertatzen zaio, Ramon, esaten diodanari jaramonik ez egiteaz gain beti haserre dagoela dirudi, eta hark Badakizu nolakoak diren haurrak, etxean otso eta kalean uso, pasako zaio, emakumea.

        Urtebetetze egunekoa izaten zen frogarik gogorrena. Oroitzen al duzu oparitu zenidan margo kaxa handia? Zenbat ordu ez ote nituen igaro erakustoki aurrean hari begira? Mila esker diplomatiko bat besterik ez nizun esan, eta zuri begiak itzali zitzaizkizun bat-batean, hodeiez bete zitzaizun aurpegia eta logelatik irten zinen.

        Zoriontasunarekin nahas zitekeen seinalerik ñimiñoena agerian ez uztea, hori zen nire zigor partikularra; eta dena, eguerdi hartatik aurrera bi begi berde hauek ezkutatzen zuten saminean arakatu ordez, Ume honi amonarenak bezalako begi tristeak atera zaizkio esanez konformatu zinelako.

 

 

Hemeretzi

 

Erizainak zer moduz nagoen galdetzen dit batzuetan, orain egin berri duen moduan, jauregi honetako kondesa abegikorra izango balitz bezala, gaixoak. Zuk ere galdera bera egiten zenidan batzuetan, baina iruditzen zitzaidan, begietara begiratu gabe egiten zenidan galdera zelako, nahiago zenuela egia osoa ez jakin. Eta horrela bilakatu zen ohitura nire mututasuna, eta horrela estali zuen utzikeriak zure kezka, egoera betikotuz, etorkizuna erreakzio ustelez ereiten ari ginela enoratuz. Praktikotasunetik haratago zegoen esaldi eta keinu oro desagerrarazi genuen ordurako murritza zen gure harremanaren errepertoriotik. Zure aurrean zorion seinalerik ez ematea, hori zen umetako nire justizia-zentzu zurrunak agindutakoa. Horren aurrean ez aztoratzea erabaki zenuen zuk, nonbait bion arteko harremana errazagoa izango zelakoan. Eta oiloak arrautzak legez, oinazea erruten joan nintzen ni ere, ohartu gabe oinazeak bizitza propioa daukala, eta zartadak ematea lortu zuen arte.

        Osaba Manuelek esan zidan etxera iritsi nintzenean. Ikusi orduko jakin nuen zerbait jazo zela, zerbait fatidikoa. Sukaldeko aulki batean eserita zegoen; zergatik ez ote zuen egongela aukeratu?, erosoegia agian horrelako albistea emateko. Matilde, aita eta ama kotxe istripuan hil dira Hendaian. Eta nik intxaurrak hausteari ekin nion, aitak erakutsi bezala, esku bakar batez. Eta berak negarrez jarraitu zuen, Entzuten ari al zara, Matilde? Eta zeuden intxaur guztiak apurtu nituen, esku bakar batez.

        Barruan ernaldutako minezko arrainaren buztankadak igar nitzakeen inoiz baino hobeto, eta okerragoa dena, inoiz baino iheskorragoa antzeman nuen gorputz ezkatadun eta lizun hura, inoiz baino burujabeagoa. Urteetan erreprimitu nituen irri eta hitz amultsuz osatutako munstroa nire kontra altxa zen une hartan, eta nire borondateak ezer gutxi egin zezakeen gatibutzatik libratzeko.

        Eta gero hau. Hemen. Uste dut osaba baino ez zaidala etorri bisitan, ez dut ondo oroitzen, eta istripuarena esan zidan berriro, ulertu izan ez banu bezala; zuk gidatzen zenuela, arraroa zela hainbeste urteren ondoren autoa berriro hartzea. Eta eskatu nion esateko, amonarenak bezalako begi tristeak ote ditudan; esan zidan amonak ere begi berdeak zituela, pixka bat tristeak, bai.

 

 

Hogei

 

Denborak aurrera jarraitzen du, gezurra badirudi ere. Bere erritmoa jarraitu beste erremediorik ez zait gelditzen, bere erritmo berean oroitzapenen zama arinduz joatea. Hasteko esaldi bat, gero toki bat, gero aurpegi bat, Nolakoa zen zure sudurra, ama?, lurraren kontra talka ez egiteko ekipaia bota behar duen globoko bidaiariak bezala.

 

 

Hogeita bat

 

Antzinako aingurak egurrezkoak bilakatu dira, ur azalean gelditzen dira, itsasoa harrotzen denean zeri heldu izan dezadan. Eta ni desiratzeari utzi zioten hatz luzeen mugak geroz eta higatuagoak daude, eta erantzunetatik beti ihesi ibili zen zure ahotsaren oroitzapen traketsa baino ez dut gordetzen nire baitan. Eta azken irudi bat.

        Autoa gidatzen irudikatzen zaitut, eta aita ondoan, zure isiltasunaren biktima, zigarro bat erretzen, leihotik begira, Kontuz gero bihurguneekin, maitea, sartu segunda; eta zu ere begi triste horiekin, isilik zu ere, Abadia gaztelua toki ederra da heriotzara jauzi egiteko, pentsatzen. Ondoren, gustuko zenituen kotoizko hodei potoloak, belar berde berde berdea, atertu ostean bezala, Abadia gaztelua toki ederra da.

        Haizeak orbela harrotzen du. Koloreak elkarren kontra igurzten dira zarata lasaigarria sortuz. Harrizko barandan txori bi daude, elkarri kontuak esaten, zarata lasaigarria entzuten.