Euri kontuak
Euri kontuak
1999, narrazioak
176 orrialde
84-86766-96-6
azala: Xabier Gantzarain
Jose Luis Otamendi
1959, Azpeitia
 
2022, poesia
2019, poesia
2014, poesia
2007, poesia
2000, poesia
1995, poesia
1990, poesia
1987, poesia
 

 

Ebakuntza

 

Behera begira ez nuen ikusten ahal pixak konketa zurian eratu geriza. Buruz isurkiaren bidea jarraitzera egiten nuen. Kainu estuetatik hodi zabaletara, eta hodietatik estolda nagusiraino. Erdoka definigaitza osatuz, zomorroen ezkutuko beldurraren begipean. Zakil soraioa habiaratu, txarretera lotu eta korridorera egin nuen berriz. quirofanos, no pasar. Luis hilko balitz nire bizitza zertan aldatuko litzatekeen jarri nintzen pentsatzen. Etxekoei gorputza eroaten lagunduko niela, paperak betetzen, hileta gertatzen. Eta nahigabea, azukre koskor bat nola, joango zitzaidan urtzen denborarekin, harik eta neure baitako zuntz eta guruinetan aienatuz makalaldietarako gorazarre txipatu bilakatu arte.

        Betiko zarratuak ziruditen kirofanoko ateek, plastikozko xafla oker haien atzean erbeste ezkutu baterako nasak gordeko balira bezala, despedidaren samina debeku baten pean arindu nahiz edo. Berriz ere bihotzeko mugarriak tokiz aldatu beharra etorriko ote zitzaidan. Ez nengoen onartzeko Luisek berekin eramatea urtetan isilean gordetakoa.

        Itxarongelako besaulki maiztuetara itzuli nintzen, erne, banekien-eta kirofanoko ate ostean zelatan behar zutela erizainek, Luis gaixoaren gorpuzkinak ateratzeko nik noiz alde egingo. Kafea hartzeko premiari muzin egin eta han jarraitu nuen, aurrean nuen moja xaharrari ezikusia eginez. Neure burutazioen konpasean zorabiatzeko zorian nintzen. Noiz horman zintzilik zegoen okilari erreparatuz, noiz gogoeta itunei amore emanez, mundutik aparte ikusten nuen neure burua, punpuila isolatu baten barruan. Luis, nazioarteko errai-trafiko sare bateko biktima jotzen hasia nintzen unean ate hotsak zutitu ninduen.

        — Ba al dakarzue? —hautsi nuen erizain baino itzain itxurako morroskoa ageri bezain laster.

        — Nor? —txakur muturra zorroztuz.

        — Luis Garcia, nor bestela? Azken zortzi ordu honetan ez duzue beste inor sartu...

        — Aizu!, jakin beharko zenuke hemen etzanda sartzen dena ez dela bere kabuz ateratzen gehienetan...

        Zaunka egin eta etorritako bidetik ezkutatu zitzaidan. Han geratu nintzen aho bete hortz, ez egitekoren bat egiteko prest unearen larriak epeldu ez balizkit barrenak. Errudun sentitu nintzen, seguru nengoen Luisen osasun galtzearekin zerikusi zuzena nuela. Hori lehendik banekien gauza izan arren, ordura arte ez ninduen horren betean hartu kulparen keizuak. Su emango nion etxe santu hari, su emango nion lekaime ergel haren abituari, su eman garunak zulatu nahi zizkidan okilari, su neure memoriari, su, su, su... eta komunean sartu nintzen egarriari eutsi ezinik. Inolaz ere larritasunezko begiak bilatuko zizkidan mojak, buruezetza egin zidan-eta itxarongela paretik pasa nintzenean. Ez ote zegoen Luis bizkarrean hartu eta zulo hartatik ateratzeko modurik; ez al zen hobe, aukeran, hiltzekotan lagunaren besotan hiltzea —aldirietako areka bazter narras batean izanda ere—, esku arrotzek barruak hustea baino. Zarata atera bai, baina, beste behin, nire adoreak labur zituen oinak.

        Euria ari zuen, nola ez. Urri osoan egun bakarra egin zuen ateri. Ni autorik gabe nintzen, afaria genuen ezagun batzuen baserrian eta Luisenean joan ginen. Mozkortu artean afariek ezer apartekorik eskaintzen ez dutela uste den adinekoak ginen. Sei urte bai.

        Lagun asko ginen afaritan, Luis eta ni mahaiaren mutur banatan egokitu ginen. Sortu zen eztabaidan ere larre-behiak mendigoizaleari bezala begiratzen genion elkarri, miraz, bakoitzak geure iritziaren aterpetik. Hasi berria zen euskal presoen sakabanatze politika; gu mutur banatan. Azkena esatekoak aurrena esan, eta aurrena esatekoak isildu.

        Biontzako larria zen gai baten inguruan ez ginen egundo horren urrun jarri. Begiak ubeldu arte edan genuen, gogoa belztu arte sumindu. Zoratu egin balitzait bezala ahora etorritako denak bota nizkion. Biok hitz egin genuen sobera... nik soberago.

        Korridore hartan ematen nuen pauso bakoitzeko mintzenago ari zitzaidan odola. Beldur nintzen, halako batean erietxetik irtetea erdiesten banuen, lehendik ezagutzen nituen herriak, kaleak, tokiak betiko galduko ez ote nituen, ni han nintzen bitartean geografia unibertsalaren legeak aldatuak ez ote ziren, eta nirea ez zen beste garai batera etorri beharko nuela adurraren indarrez. Korridore barreneko leihora jo nuen, bezperako aparkalekua ez zen aldatu, nire autoak mesede galanta egin zidan han egote hutsaz, bere kaskarrean. Zuzper samartuta hurbildu nintzaion mojatxoari, jesarri eta lehen baino harroago begiratu nion argazkiko okilari. Irri-antxa egin niola uste dut aurrean nuen uroiloari, gurutzea zeraman paparrean zintzilik, libraerdiko trozoa bai.

        Luisek ikasia behar zuen, honezkero, bakarrik egotea zer den mahai hotzaren gainean, anestesiaren peko ur hotzetan igeri baldarrean, ebakiaren sorgor hotza, harri hustu bat sabelera biltzen. Errukia nion. Zoruak amorruz jotzen zizkidan oinazpiak, izerdi likatan nituen eskuak. Ondo nekien zerk gaiztatu zuen gure artekoa, urteak ziren hori aurpegiratzen ari zitzaidala bere gaixotasuna medio.

        Oinez jaitsi behar izan nuen afaltzetik. Haserreak haserre egunak argituko zuen, eta askorik estutu gabe ibili nintzen azkeneko tabernak ixten. Egunkari saltzaileak txabola giltzatzeko tenorean hoztu nuen ohea. Bizpahiru hormatan, ageri-agerian, gorriz irakurri nuen Luis Garcia, txakurra! Ezingo nion sekulan barkamenik eskatu bezperakoagatik. Espero nuen ez galdetzeko adinako bihotza izango zuela, baina, galdetzekotan, buruz nekien zer esan, eta hala erantzun nion, "Bai!".

        Ez genion utzi horregatik lagun ibiltzeari, lehen bezain sarri egoten ginen elkarrekin, laster, ordea, makaltzen hasi zen osasunez. Hilabete gutxiren buruan pisu asko galdu zuen eta, urtebetegarrenean edo, erretiratu egin zen. Hesteetan omen zuen gaitza; ordu luzeak egiten genituen Luisen etxean kontu kontari. Hilabetetik hilabetera, ia-ia astetik astera, mermatzen ari zitzaidan laguna begien aurrean, ezkoa balitz bezala. Behin tanpez bota nion beldurra zela barrenak jaten ari zitzaiona, baina, gaia saihestera egiten zuen gaixotasuna aipatu orduko. Tipo minbera zen. Astebete lehenago esan zidan ebakuntza egin behar ziotela, heste puska kendu behar ziotela. Eskatu ez zidalako lagundu nion erietxera.

        Ez dakit zenbat denbora neraman gogoetan, ni ohartzeke alde egina zen moja. Okila eta biok ginen, bakoitza geure tokitik, elkarren beilan jarraitzen genuen bakarrak. Zerbaiten zarata barrundatu eta trantsitura irten nuen. Oraingoan bazekarten.

        Kirofanoko ate aurrean eskuaz agur egiteko besteko kemena bildu zuen. Ni igogailu parean nintzen zain. Gorriak ikusita ozta-ozta salbu denaren hazpegiaz irribarre zabala eskaini zidan. Muzin egin nion eskua luzatu zidanean, eskua ohetik zintzilik zuela utzi nuen, gora eta behera, baso uretan izotz koskor bota berria. Erizainak oker begiratu zidan, zoruko lauza zuriek oker begiratu zidaten, erretzeko debekuak oker. Esku bat ikusi nuen igogailuan azkena sartzen.

        Autoko giltzak atera nituenean, bezperan utzi nuen mundu berbera han zela jabetu nintzen. Neure kautan, Luis aspaldi joana zelakoa egin nuen, paperik gabe, hiletarik gabe, garbi-garbi, urrezko sastakai batek muinetik erauzia. Euria ari zuen berriz, euri-zirina kaleak, erretenak, estoldak, gogoak basitzen. Modako abesti baten lelo merkea murduskatzeari ekin nion.