Euri kontuak
Euri kontuak
1999, narrazioak
176 orrialde
84-86766-96-6
azala: Xabier Gantzarain
Jose Luis Otamendi
1959, Azpeitia
 
2022, poesia
2019, poesia
2014, poesia
2007, poesia
2000, poesia
1995, poesia
1990, poesia
1987, poesia
 

 

Mugak

 

— Zu Frantzian lanean hasita hobeto izango ginela eta begira orain, kaka jatea bakarrik falta zaigu.

        Plateretik bururik altxa gabe jarraitzen zion zopa jateari Juan Josek. Bokaleko ADA lantegiko bi hilabete pasako grebak Mailo eta bien arteko harreman behiala gozoei ere erasan zien. Hala ere egunero saiatzen zen, egunero atzerriko bidea hartu, inoiz euskaraz bazen ere, beti arrotz mintzo zitzaion jendearekin elkartu, eta berririk ez zela jakin ostean etxeko sukalde izoztura itzuli beharra, iluntzeroko erantzukiak aditzera.

        — Nagusiari emango nizkioke nik gure etxeko afariak.

        Sekula diru faltarik izan ez duenaren tenplearekin esaten zuen Juan Josek soldatarik gabe aise biziko zela beste hamar urte, baina ezin zuela Mailoren haserrerik eraman hamar minututik gora.

        Baziren Acierie de l'Atlantique altzairutegiko grebalariek sartzen uzten zieten egunak, baina ez beti. Azken batean espainolak ziren, nagusiak bezala. Eta horrexek jaten zizkion barruak Juan Joseri.

        — Hango langileentzat eskirol putakume batzuk besterik ez zarete-eta.

        — Hi, adarrik ez! Gure sindikatuak han ez dik ezagupenik. Nahita ere ezingo genikek ezer egin.

        — Hori duk ba! Sindikatuen zain hagoen bitartean ez hago horren gaizki.

        Anttoni barkatzen zizkion horrelakoak, lagunari edozer; baina nekagarria da egunero piketea parean noiz gertatuko ibili beharra. Hoa Azpeititik Baionaraino eta onenean makinen aurrean orduak egin eta atzera etxera. Geldirik dago produkzioa eta mantenukoak ere, gu bezala, fitxatu eta hortzaz gora begira egoten dira.

        Turutak jotzen duenean tailer atariko jendeak zorrotz begiratzen diete. Zakur espainolak esanen dute, baina horrekin bizi behar.

        "Zer kristo!" pentsatuta ibilbidea aldatu du gaurkoan Juan Josek. Zuzen jarraitu beharrean Ziburu parean eskuinetara hartu du, barru aldera, eta Azkainetik zehar Sarako plaza jo du goiz erdian. Frontoi ondoan autoa utzi eta Herriko Etxeko Edantegian espainolez eskatu behar izan du pastiza, ulertuko bazioten.

        Bigarren aperitifaren karietarat beroa sumatu du samatik gora, burmuinak lurrun gozo batek hartzen zizkiola. "Tristea da gero; hauxe da niretzat askatasunaren antzekoena" egin du bere kautan, ezdakitzenbatgarrena eskatuz zerbitzari pinpirina muxindu zaionean. Mailori telefonoz deitzeko grina sartu zaio bat-batean, baina eutsi egin dio gogoari, badaki-eta gaizki hartuko diona, telefonoaren beste aldetik zurrutaren kiratsa antzemango dio, horretan erbi-zakurrak behar lukete emakumezkoek.

        Taberna pareko hotelean turistentzat paratutako mahaian opil batzuk erosi eta autora itzuli da. "Saran beti astia" irakurtzeak ezpainak okertu dizkio Juan Joseri, eta esaera hori kanpandorrean, erlojupean idatzitako ahapaldi beldurgarriarekin lotzen saiatu bada ere, ezin izan du. Zangoak pisu ditu eta haize epelaren konpasean baldar dantzatuz egin du autorainoko bidea.

        Jarlekuari atzera eragin dio erosoago etzateko. Bizpahiru opil marruskatu ditu eta negar gozo eta oparo batek eztitu dio ikusmena loak hartu duen arte. Panpano hostoak oparo jausten eta herrestatzen ziren Sarako plazan. Juan Joseren amets larriak kulunkatzen zituen udazkeneko haizeak esan gabeko mehatxu batean.

        Aitaren aldeko amona zenarekin egin zuen amets, magalean hartzen zuela eta kontu txikiak egiten zizkiola belarrira. Halako batean ate-hots bat aditu eta amonaren aurpegiera aldatu egin zen. Juan Joseren atzeko aldetik zetorren pauso zarata eta, berak amonari begiak zuzentzen bazizkion ere, amonak zetorrenarentzat baino begirik ez zuen. Amonak jaikitzera egin zuen eta Juan Jose euskarririk gabe mantaletik lurrera erori zen, airean, amildegi sakonean behera zihoala alferrik ahalegindu zen nor zetorren ikusten. Hatz-koskoekin alboko leihatila jotzen zuen hedexuriak iratzarri zuen deblauki.

        Jendarme bikoteari azalpen handirik ezin izan zien eman, baina autoa berea zuela eta Bokaleko ADA altzairutegiko langile zela erakusten zuten paperak erakutsi, eta bakean utzi zuten greban zegoela adierazi zienean.

        Ahoa espartzuz igurtzita bezala zuen eta urdaileko zuloa huts. Erabakia zuen, mugaz alde batera edo bestera grebalaria zen, eta horri eutsi behar zion azkenera arte, nahiz eta bere sindikatuak horri buruz ezer esan ez. Aurrerantzean lantegi aurrean geratuko zen sartzeko keinurik ere egin gabe, eta asanbleatan zer zerabilten bertara joanda jakingo zuen. Eta Mailok ulertu beharko zion; beretzat kalte bestela.

        Aurki ilunduko zuen eta etxerako bideari lotu zitzaion. Sarako kanpandorrekoa etorri zitzaion burura deblauki eta lehengo egonezinaren lekuan kemena erantsi zion oraingoan. Oren guztiek dute/ Gizona kolpatzen/ Azkenekoak du/ Hobirat egortzen. Etxeratzeko garaia zen eta Xantako paretik aurrera auto ilara luzeak egin ziren Donibane Lohizuneko sarreran. Ortzia gorri zegoen, gaugiro egingo zuen, baina jendea bizi-bizi zihoan etxera, astegun neketsu bati azkena ematera. Haurrak, gozotasun amiñi bat borroka latzaren buruan, lagunak, fereka deslai batzuk: atsedena.

        Autoestrata utzita kostako bidetik ohiko orduan helduko zen Azpeitira. Gorputzaldi txarra zekarren, ajea arintzeko ere balioko zion, hala ere, behingoan, bederen, bere kabuz zerbait garrantzitsua erabaki izanak. Elkartasuna, lankideen onespena, gogoan hizki handiz ageri zitzaizkion hitzak ziren Sokoatik aurrera, kostako argi bakanen artean. Itsaso zabala zuen begipean; kantoi batean Hendaia.

        Muga pasa eta autopistan sartu zen. Aritzetako restopean kopa bat hartu zuen: busti beharra zegoen. Adorea hartu beharra zegoen. Bi kopa edanagatik afaltzeko orduan Mailorekin izango zen, sukaldeko mahaiaren aurrean eserita. Plazan utzi zuen autoa, aldamenekoa Anttonena zela jabetu zen. Azkena Eperrarenean jotzea deliberatu zuen, zer gerta ere. Han ez zegoen Anttonik eta, gehiago atzeratu gabe, etxera jo zuen, Mailori azken berriak ematera. Karreran sartzera zihoala Anttonek agurtu zuen auto barrutik.

        Mahaiaren aurrean zegoen. Eta aspaldiko partez abegi ona egin zion.

        — Zer, ospatzen ibili al gara? —bota zion irribarretsu.

        — Zer nahi duzu ba esatea? —erantzun zion Juan Josek nora begiratu ez zekiela.

        Mailok berakatz-zopa bero-beroa jarri zion aurrean.

        — Ba zen garaia, Juan Jose! Bazkaltzeko garaian deitu egin behar zenuen sikiera.

        Ohi bezala zopatatik bururik altxa gabe jarraitu zuen jaten Juan Josek. Nabarmena zen Mailoren haserre-antxak jolasetik gehiago zuela benetako trumoiaren atariko lainotzatik baino. Senarrak gainera handi samarra bazetorkiola bai, baina ezin zuen azertatu zer.

        — Etxeberritxoko Luisek esan dit gaur goizean sartu direla grebalari denak lanera. Txanpaina daukat freskatzen. Aterako al dut.

        — Bai, bai, atera.

        Juan Josek txanpainaren aparra bere edalontziaren gainak hartzen ikusi zuen. Bat, bi, hiru, hamar, hogei... burbuilak nola aienatzen ziren behetik gora, bere ordubete lehenagoko poza nola lurruntzen zen eta udazkeneko haize beroak nola zeraman bihotzeko zoko lizun batera. Labanarekin platerean okela mozten zuen bitartean ahopean amorru etsituz atera zitzaion hitz bat.

        — Frantsesak!