Euri kontuak
Euri kontuak
1999, narrazioak
176 orrialde
84-86766-96-6
azala: Xabier Gantzarain
Jose Luis Otamendi
1959, Azpeitia
 
2022, poesia
2019, poesia
2014, poesia
2007, poesia
2000, poesia
1995, poesia
1990, poesia
1987, poesia
 

 

Txangoa

 

Gogotik joana zenuen alabak bezperan esan zizuna. Dirua eskatu zizula bai, ibilaldia zutela gaur eskolan, nondik nora ibiltzekoak ziren-eta arrastorik ez, ordea. Hartzeko dirua eta etxerako oroigarritan ez gastatzeko. Nora doazen galdetzearren neskatoa horren goiz iratzartzea ez zaizu iruditu. Ohi legez irratia biztu, kafea berotu eta ahalik bizkorren beharrera egin duzu.

        Berandu zabiltzatelako hartu duzue autobidea Galdakaoko irteeraraino. Haizea harro samar ibiltzea, bestela ederra dakar eguna. Autoan motore zaharkituaren marranta eta irratiko kalaka aspergaitza beste hotsik ez.

        Zamudioko parke teknologikoan ari zarete pabilioi berriak jasotzen. Subkontrata. Oraintxe ia azkenetara ekarri duzue lana. Hiru bazkide zarete eta beste hiru-lau langile hartzen dituzue zerbait handixea sortzen denean. Gaur uralitazko teilatua eman nahi diozue pabilioietako bati. Datorren astean amaituko duzue egitekoa eta etxetik hurbilago jardun ahal izango duzue atzera, izan ere, maiz, dagoena hartu beste aukerarik ez dago bezeroa ez galdu alde. Eta horrela.

        Ez zaitugu gauza txipiei erreparatzera oso emana. Aurrena egizu lan eta gero jan. Hala ere, eta bazkalostean, hain juxtu, birritan itzuli zaizu gogora alabaren txangoarena. Bizkaia inguru horretan behar zutelako errezeloa duzu, baina ezin zuzen asmatu non.

        Ostirala denez bidean kera egin duzue basoerdi bana hartzeko. Lanak lan, ostiral iluntzeko haixeak erasan dizu zuri ere; bestetan ez bezalako hiztun egiten zaitu, bestetan ez bezalako arrai eta lagunarteko. Zornotzan autoan zurekin datozen bi lagunei itxarotekoa egin diezu, txinparta batek jo zaitu gozotegi bat sumatu duzunerako. Lagunek irri gaiztoz hartu dizute burutazioa. Apur bat desbideratu, kale bazterrean matxura argiak jarri eta bazoaz bulkadari amore emanda, behingoagatik. Zer arraio, biak dituzu gozozale etxean, estimatuko dizute. Erabaki duzu, sanmarkosa.

        Txantxa artean egin duzue Elgoibar arterainokoa, ea gozo hartzen ez zaituzten etxean, gozatu beharrean zaren eta gisakoak. Bekaitzez agurtu zaituztela bi lagunek iruditu zaizu zeuri. Handia da irri baten aterpea hori falta duzunean, datozen orduetan, datozen egunetan gertu izango duzula norbait argitzear den goizaren segurantzia bezala, sabai sendo bat gure loaren gainean, oin bero batzuk, izter arte bat eskuari emana gauaren beltza urratzeko.

        Orain bakarrik zatoz etxera bidean, oraindik burura ekarri ezinik non ibiliak dituzun alaba-eta. Zeure kautan egin duzu politagoa dagoela ile motzarekin, amaren antz handiagoa hartzen duelako agian. Haize harroa altxatu du berriz, goiak txistu batean dira.

        Gauza ederra da ostiral iluntzea, zoriontasun betea zer den ez duzu jakingo, baina ostiral iluntzeak maiz sortzen duen lasaitasun sentimendu atseginari ez diozu tamaina txarra irizten.

        Ibai ondotik, aldapa beheran herrira sartzen ari zara, haizeak egunkari orriak astintzen ditu kaio nekatuak balira bezala. Irratia amatatu duzu eta abiadura moteltzera egin duzunean jabetu zara ezin duzula autoa noratu. Bolanteari batera eta bestera eragin; alferrik. Bihurgune itsuaren bukaeran jausi zara ibaira.

        Doi-doi ikusi duzu aurrerago, ibaiaren beste aldean, autobusa geratuta eta neska-mutiko jaitsi berrien zalaparta alaia. Saiatu zaren arren, ezin izan duzu gogoratu, azkenean ere, alaba-eta zein ingurutan ibili diren; onik iritsi direna badakizu bederen. Pena hartu duzu tartarengatik.