Euri kontuak
Euri kontuak
1999, narrazioak
176 orrialde
84-86766-96-6
azala: Xabier Gantzarain
Jose Luis Otamendi
1959, Azpeitia
 
2022, poesia
2019, poesia
2014, poesia
2007, poesia
2000, poesia
1995, poesia
1990, poesia
1987, poesia
 

 

Nire aitaren etxea...

 

— Barkamena eskatu behar al dut?

        — Bai; ez dituk, behintzat, pozik agertzeko garaiak.

        — Ezkontzara joan egingo naiz, ordea.

        Loiola Irratiko errosarioak erantzun zidan, hildakoen zerrenda amaigabeak. Muturra belztu zidan aitak, eta horrek esan nahi zuen ez zegoela etsitzeko.

        Biktima sentitzen nintzen neu ere. Eromen kolektibo erraldoi baten bazterreko biktima nolabait. Jimeneztarrak ziren gure etxepean bakarrak... Etsaiak esatea asko litzateke, hala ere, horrela adieraztea eskatzen zuen egun haietako giro bero eta erreak. Etsai berriak ziren, baztertu beharrekoak, hitza ukatu eta ahal zela ingurutik betiko uxatzeko hobe zirenak.

        Txikitako laguna nuen Juan, eta handitakoa ere bai. Bizitzako pasadizo garrantzitsuenak gogora ekarri eta beti ondoan ageri zitzaidan. Lehenbiziko parrandetan eta azkenekoan, lehenbiziko borroketan eta azkenekoan, lehenbiziko neskatan egiteko saioan eta azkenekoan. Niko, Anjel Mari, Gotzon... puzzleko pieza aldagarriak nituen, gaur bai eta bihar ez, azaltzen zirenak nire bizitzako panavision pantailan, baina Juanen izena beti-beti urrezko hizkiz ageri zen niri zegozkidan gertaeren kredituetan.

        Aitak ez zituen inoiz begiko izan Jimeneztarrak. Etorkinak zirelako baino gorriak zirelako. Eta hori bekatu larria zen artean Azpeitia baterako.

        — Ez zegok ba gaizki. Muturbeltzak, eta gainera gu baino abertzaleago...

        Hori zen barkatu ezin ziena. Oso bakan, eta aho txikiarekin, aitortzen zuena gure aitak bestalde.

        Uztailak 10-11 haiek ez ziren gozoak izan gurean ere. ETAk Ermuko PPko zinegotzia bahitu eta berrogeita zortzi orduko epea jarri zion haren biziari ordurako euskal presoak Euskal Herriratzen ez baziren. Ustekabeko handi batek hartu gintuen denok. Estatuak polizia, inteligentzia eta gizartea bera jarri zituen lanean bahiketaren balizko babesleen aurka. Poliziak, juezek, gudarosteak, legeak betetzeko badaude, hor dago herria, demokraziaren zutoina, bere nahia kalera ekartzen duena kinka erabakigarrietan. Alferrik jo ditu sistema liberalak berrehun urte aginteen banaketa eratzen berriro ere sans culotteak karrikaratzeko, baina oraingoan diren errege guztien alde, diren errepublika eta goitik ezarritako agintaritza guztien alde.

        Hizketa molde hori ibili genuen Juanek eta biok ostiral arratsean.

        — Ez zaik berehalakoan ahaztuko ezkontzako eguna.

        — Ez duk komeni, Martin. Dena dela, lapiko honek ere hoztu beharko dik inork bertatik jatekotan.

        — Eta etxeko balkoian Presoak Euskal Herrira dioen ikurrina jartzeak horretan lagunduko duelakoan al hago?

        Ez ziren telefonotik hitz egiteko gauzak eta Zuhatz tabernan jarraitu genion solasari.

        — Badakik gure aita zer den. Baina Etxabetarrek balkoian begizta handia jarri ez balute guk ez genikek ikurrinik aterako.

        Iritsi zen eguna eta Kiruri-koan dantzan ari ginela heldu zitzaigun denok espero genuen berria. Gazte bat aurkitu zutela Lasarte aldean, buruan bi tiro zituela. Aurrena hilda zegoela esan zen eta handik gutxira, oso larri egon arren bizi zela artean.

        Balkoietan jarrita zeuden begizta urdinak beltzekin aldatu zituzten garaitsuan etxeratu nintzen. Goizean jakin zen hila zela Ermuko zinegotzia, eta Juanen etxeko ikurrinak lehen adinean zirauen.

        Sentimenduek poltergeist bat nozitu arren, bizitza gailendu zen arratsalde hartan ere. Jendeak hondartzara eta mendira jo zuen errepideetako hainbat kontrol gaindituz. Festetan ziren herri gehienek festari eutsi zioten... Egunen segidak ez zuen kera egin, aurrera segi zuen galtzen zituen txatalei destainaz agur eginez.

        Ermuko zinegotzia hil edo biziko borrokan murgilduta zebilen bitartean happy hour itzel baten traza hartu zuten herrietako kaleek; larunbata zen, udabeteko larunbata. Burutapen hori izan nuen goizaldera Goenako bazter batera Aioraren Twingoan joan ginenean; elkar eranzteko jolasak beti izan du niretzat proklama askatzaile baten indarra eta lilura. Egunsentia Garmendigaineko gandua zuritzen ari zela jaitsi ginen herrira.

        Juan eta Amaia eztei-txangoan izango zirela zegoeneko gogoratu nion aitari.

        — Lotsa gutxi dik hemen jendeak, lotsa gutxi —esan zidan ekarri nion egunkariaren lehen orrialdeari erreparatu ahala.

        Sukaldean ari zen gosaltzen. Ama hilez gero hala egiten zuen igandeetan ere. Batzuetan laguntzen nion, baina orduan hobea nengoen oherako.

        — Jimeneztarrek ez ziaten kenduko balkoitik, ezta?

        Loak eta gertaeren bortitzak indartuta zeukaten aita. Sesiorako zegoen eta lehenbiziko puntada botea zidan.

        — Ez. Ezta Etxabetarrek ere, ezta Uriatarrek ere —erantzun nion gaiztoz.

        — Hire laguna-eta firin-faran ibiliko dituk hor zehar. Nora? Irlandara esan al huen?... Eta hemen ikurrina defenditzen zein utziko, eta aita-ama zaharrak. Ederra kontua, a ze seme-alabak, a ze abertzaleak.

        Ez nion atzeman nora jo nahi zuen.

        — Bihar eguerdirako bilkurak zeudek —esan zidan egunkaritik begirada jaso gabe—. Eta gure etxepea guztien ahotan ibiliko duk. Zerriak!

        Betiko jardunaren traza emanda neure gelara alde egin nuen. Nekeak une hartan behar nuen hoztasuna eman zidan eta bazkaltzeko nire zain ez egoteko esanda ohera jo nuen. Loak hartu ninduenean herri honetako tragedia desberdinen arteko ezinezko ranking bat ezartzen ari nintzen neurekiko.

        Gure lantokian ez zen ordubeteko lan uzterik egin astelehen eguerdian. Beste gehien-gehienetan ere ez, hainbat denda eta bulego izan ziren itxi zituztenak antza. Baina hori, gero, arratsaldean jakingo nuen.

        Lanetik bueltan hiru lagunek pare bat basoerdi hartzeko ohitura daukagu egunero. Astelehen hartan ere Orkatz tabernan sartu ginen aurrena. Gure pausoen berri jakitea zaila ere ez da-eta, hor datorkit ingurura Antonio Jimenez, Juanen aita, herio batean. Autoa atarian zuela eta laguntzeko, gure aita Zumarragako erietxean zela.

        Plazatik pasatzean galdetu nion zenbaterainokoa zen aitarena, eta ikusi nuen Jimeneztarren etxean goizeko ikurrina falta zela.

        — Ez, ez dik ezer baina badaezpada han eduki nahi ditek bihar arte.

        — Eta nola joan da ba gauza!

        — Begira —esan dit Loiolako etorbidean Ertzaintzako patruila bat aurreratzen genuen bitartean—, badakik kontzentrazioa deituta zegoela plazan eguerdirako. Hasi duk jende mordoska pilatzen, eta pilatu ahala batzuk berotzen asesinoska eta cobardeska gure etxera begira. Ausartenak gure karrerara hurbiltzen ikusi ditudanean ertzainei deitu eta abiatu nauk eskaileretan behera.

        Bide ertzeko akaziek, panpanoek muturreko bana ematen zidaten Zumarragara bidean.

        — Atariko ateari helduta han aurkitu diat zuen aita Jose, eztabaida batean, sartu nahi zutenekin. Haien artean bahituen bere lagunak, badakik... Traidoreka eta hasi zaizkiok batzuk, hiltzaileka eta bultzaka ere bai beste bakarren bat, eta egin zaiok nobedadea, eta orduan kontuak.

        — Bihotza! —atera zait brastakoan.

        — Itxura batera bai, baina azkenean tentsioaren igoera besterik ez duk izan.

        Ni lasaiago sumatzen ninduen heinean lasaiago ikusten nuen Antonio. Errepide bihurriari arreta jarrita mintzo zen, ohi baino irriberago eguerdikoak gomutara ekarriz.

        — Zerraldo erori denean jendeari kendu zaiok gurean sartzeko gogoa. Ertzainak etorri dituk eta Zumarragara ekarri diagu.

        Bere osasun egoerak kezkatzen ninduen, baina zail, ia-ia sinestezina egiten zitzaidan gure aitaren jarrera. Ez nekiena zen bere osasunarekin, zahardadearen ajeekin zerikusirik izan ote zezakeen eguerdian manifestariei oldartzearenak.

        Ohe ertzera inguratu nintzaionean irribarrea eskaini zidan.

        — Zer gabiltza aita?

        — Sartu zieat ederra! —hasi eta ahapean jarraitu zuen—. Gainera zetozela ikusi dudanean hasi nauk teatroa egiten, itotzen nintzeneko plantak-eta eskuarekin paparrari helduta...

        Puztuta zegoen burutu zuen balentria ahogozatuz.

        — Zergatik, baina?

        Antonio Jimenez zegoen aldera begiratu, niri ohebururaino hurbiltzeko agindu eta keinu konplizea egin zidan.

        — Seme, ni ere gudaria nauk; zer uste dute hezurbeltz zikin hauek.

        Ezustekorik ez bazen hurrengo eguerdian emango zioten alta. Antonio Jimenezekin herrira nentorrela jotako aharia nola, halaxe sentitzen nintzen. Ikusi egiten nuen Juani kontatutakoan haren barre algara lasaigarriek nola tindatuko zidaten barrua saminez.

        Heldu ginenean Azpeitiak astebete lehenagoko, hilabete lehenagoko edo urtebete lehenagoko itxura lasaia zuen atzera berriz. Astelehen iluntze bat.

        Antonio Jimenezek ere igarri zidan, nonbait, gogoeta ilunekin nenbilela, eta animatzearren harro egoteko moduko aita nuela esan zidan despedidakoan. Poz hartu nuen beragatik.