Ardoa baino ez
Ardo hark gure mahairainoko bidea egin zuen. Ez dakit zelan baina han zegoen mehe, ilun eta gozo gure edalontzietan, lurrin gorrantza eta bristada odolkara zeriola. Itsaso sakon eta urrun batetik jaulkitako edabea zen, luzaroan jeinu baten gisa jaregin zezaten egon-egona.
Igande arrunta zen, izeba Eulalia gonbidatua genuen bazkaltzera. Ohitura zuen zerbait ekartzekoa, berak egindako opilen bat, etxerako apaingarri xumeren bat, loreak sasoian, ardoa.
Zoko batean agertu zait, eta alferrik galduta ez badago edango duzue bere-berea zuen irribarre herabearekin ekin zion izebak sukaldera orduko.
Fuenmayor zioen txartelean, eta uzta 1939. urtekoa zela. Artean gu jaiotzeko hogei bat uzta falta zirela eta Espainiako gerra amaitu berria etorri zitzaizkidan burura, atximurka gazi-gozoa eginez bihotzean.
Emazteari eta bioi gustatzen zaigu ardoa etxean. Izeba ere zalea zen, eta edan ere edango zukeen sendagilearen epai atzeraezinak galarazia ez balio hirurogeita hamabigarrena bete zuen zorigaiztoko egunaz geroztik.
Medikuek tristuraz hil nahi gaituzte esaten zuen gurean ia igandero. Marka da, gero, gaixoa bezala bizi behar osasuntsu hiltzeko.
Guri, berriz, areagotu egin zitzaigun ardoarentzako isuria azken boladan. Pixka bat gogoan arakatzea aski du edonork muturra berotzeko aitzakia zoragarriak topatzeko. Lanean nagusiak estu hartzen gintuela, umea izateko itxaropena galdua genuela ordurako, nekeak joa zuela elkarrenganako grina, urteetan aurrera gindoazela... Horiek guztiak egia izanik ere, hainbeste izan daitezke edanzaletu gintuzten gertaera oreka hausleak, joera neurtu ezinak, bulkada laxoak.
Emaztea gulak banatzen ari zitzaigunean jo nion lehen zangada luzea. Aho-sabaia gozatzen apur batean ibili ondoren eztarrian behera ardoaren epeltasun atsegina sumatu nuen. Horretara aski ohituta nengoen, baina urdail zuloan sentitzeaz batera izan nuen ikusmen harrigarri haien lehen txinparta eta zigorrada.
Mahasti bat, lur gorria eta begirada larriko gizonezko bat. Bala zorro bat bezain hutsa sentitu nuen barrena eta ez nuen besterik edateko adorerik izan.
Ederra dago izeba, baina zerbaitek ez dit onik egin izeba Eulaliak eskertu zidan azalpena.
Afaltzen akaso...
Botalarriak ez zidan komuneraino heltzeko betarik eman. Zorrotz agindu nion emazteari ardo hartatik ez edateko eta ez botatzeko inola ere. Bazitekeela beste edozerk kalte egin izana. Loak hartu ninduen ohera sartu eta gutxira; ordubetegarrenean edo zakila gogor eta aldarte onean jaiki nintzen atzera.
Eskuz banakako lau koadro eta erdiko txapelketako final laurden bat ikusi genuen telebistan eta igandero legez, izeba Eulalia lagunetara joan zenean, larrua jo genuen telebistaren argitan, grina handirik gabe baina elkarren itoiteak astean behin bederen arakatzearen pozarekin eta nolabaiteko premia neurtuaz.
Bihar Biasterira noa esan nion emazteari kuleroak emateaz batera.
Morrinengana?
Bai, lau bat garrafoi ekarri nahi ditut.
Parada-paradan egokitu zitzaidan Biasteriko urteroko txangoa hilabete batzuez atzeratzea. Ordurako banekien Fuenmayorren behar zuela ardoa edatean ikusi nuen mahasti hauskara, fusilatuaren besoetan sehaskatutako hustasun hura, banekien lehenbailehen hara behar nuela.
Abiatu aurretik gehiago ikusten ahalegintzera deliberatu nintzen. Sukalde bazterrean eseri eta ase ederra hartu nuen ardo hartatik. Emaztea ez da aise larritzen denetakoa eta jarrera aski barregarrian aurkituko ninduen, izutu egin zen eta.
Baina, baina Julen, arima baino zurbilago zaude. Sar zaitez ohera!
Nik hitzik egin gabe eraman omen ninduen logelara, han eldarnio batean bakarrizketa ulergaitz bati lotu nintzaiola, lo-ero batean nengoela, eta negarrari ere eman omen nion emaztearen gerriari oratuta.
Goizeko ordu biak jota ziren kordea bere osoan itzuli zitzaidanerako. Emaztea zurrunga batean nuen alboan eta ilunpean, itsu-itsuka egin nuen komunerainokoa. Aieru gaiztoz, mesfidati begiratu nion neure buruari ispilutik. Txoil horditu nintzen, besterik ez. Izebaren ardoak galdua zuen estreinako eragin miresgarria. Ardo ona baino ez zen zegoeneko. Eta ajearen argitan hala biktima batena nola hiltzaile baten soslaia izan zitekeen nirea; aspaldi erabaki nuen, ordea, oso-osoan ez nintzela ez bata eta ez bestea izango eta, denok bezala, banuela nik ere bietarik ukitua.
Labur iritzi nion Biasteritik Fuenmayorrerako bideari. Behin eta berriz zetorkidan gogora fusilatuaren irudia eta mahasti ilun hura, nire begien aurrean aspergabe agerraldi tragiko beraren sekuentzia bera etengabe berritzen zutela. Mutu heltzen zitzaizkidan irudiak, gizon bat berunezko konfiteen pean lur gorriaren gainean jausten, eta niri begira. Bolantearen ordez fusilaren burdin hotza nuela eskuetan sortu zitzaidan halako batean, ni neu nintzela oilarrari sakatzen ziona; hurrena, berriz, bala zorroak jasotzen ari nintzela agertu zitzaidan neure burua, eta adore ematearren bizkarrean jotzen ninduten aurpegibako esku hotzek.
Halabeharraren mende bilatzen nuen neure burua. Duela hirurogei urteko Errioxako ardoa edatea suertatu zitzaidan, hortik ikusmen harrigarri hura, besterik ez. Ez nion bestelako loturarik ezarri gura gertatu zitzaidanari, 1939ko Fuenmayor nire garaitik eta nire barne geografiatik at zegoen erabat. Hala ere, erakarmen indartsu hari ihes egiten ez nuen asmatu. Zorra nion lur hari, zorra nion fusilatu ezezagun hari.
Cenicerotik aurrera Fuenmayor baino lehentxeago, malda leun baten eskuinera gelditu nintzen. Bertan nuen bezperaz geroztik sosegua kendu zidan irudien gertalekua. Hostotsu eta berde zeuden aihenak.
Autotik atera eta mahastian aurrera egin nuen. Udaberriaren azkenetan izan arren, hotz jotzen zuen haizeak hostoei isilkari mintzaraziz. Mahats landareez inguratuta nengoen, Gulliver berritu eta are arrotzago bat nanoen erresuman bezala. Baina Liliput mutu eta hustu haren lozorro zorabiatutik atera ninduena euriaren erasoa izan zen. Euri tanta hotzak sumatu nituen aurpegian, "giro aproposa ohartu gabe negar egiteko" egin nuen neure kautan. Lekua, eszenatokia, aurkitu banuen ere denboraz erratuta nenbilen. Ordukoan sargori ustela behar zuen, ordukoan lurrak beste modu batera taupatzen zuen, lurrak odol-gose ematen zion aurpegi ortziari, eta hondarreko tiro hura ozen ari zen esaten uzta bildua zela zegoeneko, han ez zela niretzat ez mahatsaren orpotik, ez gizonaren lanetik sortutako ezer jasoko haboro.
Orain, baina, ez zebilen inor inguruan. Zerua itsu-itsu jarri zen. Bustitasunak hurbildu egiten zizkidan neurriak, kolore festa bat ziren mahastiak. Gurpil handiko traktore bat zetorren soroen kareletik tar-tar-tar batean. Ez nengoen inorekin hitz egiteko, ez azalpenik emateko. Autoari pixkat sakatzen banion oraindik Leintz-Gatzagara garaiz hel nintekeen bazkaltzeko.
Makurtu eta atzapar biak sartu nituen lur heze gorriminetan. Mutiri begiratzen ninduen lurra baino ez zen. Neure burutazioen amildegian jausiak nituen bezperako irudiak eta arestiko errezelo beltzak. Ulertzen jakin ez nuen mezu larri baten hartzaile suertatu nintzela sentitzen nuen. Fusilatu bat besarkatzeko besteko bihotzik gabeko lekuko soraioa nintzen.
Musuzapia zabaldu eta eskukada bete lur hartu nuen. Eskukada bete lur ostu nion nazio handi bati. Auto barrutik ikusi nuen traktorea berriro urruntzen, mika ale batzuk airatzen. Atertzera egin zuen. Amets egiteko zerbait gordea nekarren.