Euri kontuak
Euri kontuak
1999, narrazioak
176 orrialde
84-86766-96-6
azala: Xabier Gantzarain
Jose Luis Otamendi
1959, Azpeitia
 
2022, poesia
2019, poesia
2014, poesia
2007, poesia
2000, poesia
1995, poesia
1990, poesia
1987, poesia
 

 

Amari

 

— Amak eraman du —murduskatu zuen izeba Mirenek Andoniren ondoan.

        Egun berdinean, abuztuaren 3an, hil zitzaion Andoniri ama, zazpi urte lehenago. Afaldu ostean Josuren gorpuari begira zeuden biak.

        Aitarik ez zitzaien behin ere aitortu, ez anaia bati eta ez besteari. Hortik gaitzizenarena. Sasi-tarrak ziren. Eta ama, genealogiaren zertzeladak argitzeke joan zitzaien.

        Josuren hogeita bi urte ederrak Eskuztako bihurgunearen parean eten ziren. Kamioak jan egin zuen moto eta guzti.

        Urteko egunik tristeenetakoa izaten da abuztuaren hiru hori, San Inazioak amaitu ondoko biharamun gaitza, biharamunen amama.

        Hondartzatik zetorren lagun batek utzitako motoarekin. Kolpe garbi-garbia izan zuen, gorputza San Pedroren santutxoaren atzeko aldetik jaso zuten, burdinazko barandaren gainean jausita zegoen, zerutik botata bezala.

        Handik aurrera, izeba Mirenek bere lore sorta xumeaz apainduko zuen kamio bazter hura astelehenero. Lore eskaintzen museo ibiltariak dira Euskal Herriko errepideak.

        — Lo ere egin beharko dugu, izeba.

        — Banoa.

        Zerraldoburuan otoitz egin zuen eta zuzen tinkatu zion plastikozko gurutzea Josuri hatz artean. Izebari malko bat Josuren masailean labaindu zitzaion musu emateko makurtu zenean.

        Ahizpa biek atera zuten etxea aurrera. Josurik gabe, amarik gabe, Andoni bakarrik ari zen geratzen bizitzaren karelean. Izeba zitzaion orain lotura bakarra iraganarekin, izeba eta anaiaren gorpua, izeba, anaiaren gorpua eta memoria neurrigabea.

        Leihotik Odria inguruko soroetara joan zitzaizkion begiak Andoniri. Ilunean lo behar zuen belarrak han goian. Bertan egon nahiko luke, ahuspez etzanda, gainera zetorkion bakardadearen zamari eusten.

        Gogora inguratu zitzaizkion irudiak, sentimenduak eta aieruak trumilka. Gauak maitale baten xeraz inguratu zuen Andoniren beila. Oroitzapenak ikusmen bilakatzen zitzaizkion bata bestearen atzetik eta ikusmenak oldozmenerako bide zeihar edo bihurkariak.

        Oinarrizko heziketa amaituta lanean hasi zen, peontzan, etxean laguntze aldera, eta anaia txikiak sikiera ikasketak izan zitzan. Ama-izebak, etxe garbiketa lanetatik itzultzen zirenean laurek egin ohi zituzten askari gozoak. Edota bi anaiak Kaminburuko aroztegira egur-eskean joaten zirenekoa, eta Ernesto zapateroa zenak utzitako organ, Errebalean goitik behera abiada hartzen zuenean, egur haiek garraiatzeko larritasunak. Amari etsipena eman ziotenean elkarren zotin itoak adituz loak hartzen zituela. Eta ekaineko lanuztearen kausaz bien artean sortutako azken aurreko haserrea...

        Irudiak baino, hala ere, sentimenduak ziren Andoniren barrua inarrosten ari zirenak. Biharamunean egin beharrekoetara lotu nahi zuen gogoa ahalbait estuen. Epaitegiko zertzeladak, elizarekikoak... Egongelako horman ispilu handi bat zegoen.

        — Hau duk hildako baten anaiaren aurpegia —ekin zion Andonik ispilukoari erreparatuz komunerako jaiki zenean.

        Harritu egin zen komunetik kaleko atea jotzen zutela entzun zuenean. Goizeko lauretara zihoan.

        — Ezin du atea izan —egin zuen berekiko.

        Irudimenaren eskuari egotzi zion txirrina jo izana. Kaleko atea ireki zuen hala ere. Eskaileretako zulotik hileta-etxeko mahaia ikusi zuen: ilunpe zizelatuzko zelai bat. Ez zegoen inor.

        Irudimenaren eskuak, errime, temoso, lau ertzain handi ekarri zizkion atalaurrera Josu Gesalzaz galde eginez. Hilkutxa hartu eta atxilotuta zeramaten. Epailearen agindua zekartela. Izeba, garrasi batean,"Hildako hori gurea da! Hildako hori gurea da!", bere amorrua polizien papar beltzaren kontra lehertzen irudikatu zuen. Eta Josuren gorputza eskaileretan behera labaintzen ertzainen bizkar gainean. Eta bere ezintasun sorgorra. Kale hutsak. Jenderik eza. Gertaerak banan-banan kainu-zulotik ihesi balihoazkio bezala. Gogoan zabaldu zuen pankartan "Josu askatu!" idatzi zuen, eta penaren lurrunak ezabatu zizkion hitzak letraz letra. Labur zuen eskua, ordea, Andoniren irudimenak ordurako, adorea bezain labur. Gauminak sortu zituen gertakari haiek gauminak jan zizkion, Andoni bakardadearen arbel garbiarekin utziz berriro.

        Goiza heldu zain dagoenari astuna zaio gauaren maitaletza, ematen dio argitasuna ez dela gehiago iritsiko, dena aurrez jakinarazi gabeko eklipse luze baten peko abaildu dela, bat-batean muturrera joanak direla espazio hau gobernatzen zuten koordenadak eta iparburuko gaua ahitu zain egon besterik ez daitekeela egin. Irudimenaren esku bihurriarentzat arbel zati bat besterik ez, eldarnio jostakina.

        Lasaitasuna zeukan Josuren aurpegiak, atseginaren eta hondartzan bildutako itsas airearen lurrina kendu gabe oraindik. Plastikozko gurutzea albora okertua zuen eta hatz artean tinkatu zion berriz. Goiko soroetan, mendian euria egin zezan nahi zuen. Euriz egindako ehuna josi nahiko lioke Josuri. Anaia arteko despedida modu bat. Aberriño pribatu batentzat bandera isila.

        Eguna ilun zetorren. Jubilatu bi kanpaiaren dandan hotsei segika goizeko mezatara zihoazen frantziskanetara. Ibai bazterrean ahatekume batek txiri egin zion ozta-ozta katu nabarraren atzaparrari.

        Izeba aurki jaikiko zen, eta bazuen aurretik zertu nahi zuen lan bat, bulkada zoro bat. Hartu zuen ohar koadernoa eta hosto bat erauzi zion. Mandatu triste bat eman nahi zion anaiari.

        Papera bi tolesetan batu eta kolkotik sartu zion Josuri. Laster, ama-semeak elkarren gainean paratuko zituzten Abitaingo hilerrian. Hildakoak bata bestearen gainean, pilatan, hustera goazen etxe bateko liburuak legez.

        Izebaren oinotsak ekarri zuen Andoni bere baitara. Hilkutxara hurbildu zen, zuzen jarri zuen Josuren esku artean eroria zegoen plastikozko gurutzea.

        — Egunon izeba, gosalduko al dugu? —galdetu zuen Andonik.

        Euria hasi zuen belardi ihartuetan.