Euri kontuak
Euri kontuak
1999, narrazioak
176 orrialde
84-86766-96-6
azala: Xabier Gantzarain
Jose Luis Otamendi
1959, Azpeitia
 
2022, poesia
2019, poesia
2014, poesia
2007, poesia
2000, poesia
1995, poesia
1990, poesia
1987, poesia
 

 

Markos

 

Nekeak jota zeukan Markos. Unatua. Zigarrokina Zazpiak bat hautsontziko Gipuzkoako armarriaren gainean saka-saka eginda amatatu zuen. Hamabi kanoi izun kea dariola errege arroztu baten aldamenean. Errautsaren antza ekiditeko eskuaz haranztu zuen ontzia. Zurrunbilo hark harrapatua zuen eta nahita ere nondik libraturik ez zuen ikusten, lotsarik gabe alde egiterik ez zuen. Behin horretara ezkero eramaten gaitzagoa zen, hala ere, egiaren daratuluari bere lana egin zezan uztea, bertan geratu eta laido horren peko bizitzea baino. Nahiz eta bere jarraitzaileen begietara hobenik ez izan, nahiz eta burkide bikainaren ospearekin joan, barruan zeraman bizi-bizi huts egin izanaren harra, hesteetan zebilkion ase ezinik berebiziko aukera galdu zuelako sugegorria. Ongi pentsatuta, espero zitekeen amaiera zen baina, behin bederen gauzak nahi bezala aterako diren itxaropena ezin zuen hil.

        Alderraiaren suertea ezagun zuen lehendik ere. Jota, ardurazko zauriei zorne gaiztoa zeriela baina osorik atera zen behintzat ataka hartatik. Moldatuko zen beste nonbait ere, beste behin. Berriro bere buruarentzat iragan ederrago bat asmatu beharko zuen.

        Izarloka nola, halaxe pasa zen Markos Astarloa Azpeitiko ortzi aspaldi izarratu gabean. Indar betean ageri, tarte zoragarri batez gure zoko-moko ilunak argiztatu, deblauki itzali eta joan. Goizetik gauera masa-fenomeno bilakatu zen, herria aspaldiko urtetan zain zegoen gidaria izan zen. Liderra.

        Oharra sinatu, kartazalari tu eman eta kalera irten zuen. Natik utzitako autoa hartu eta Zestoako bideari lotu zitzaion ezkerreko besoa, ukabila barne, leihatilatik kanpora zuela. Goizeko hozkirriak bete zizkion birikak, zahartzera heldu baino lehen zapuztu zitzaizkion ametsen errauskinen gainean. Enparan kalea, Telefonika aurrea, Geltokiko Zubia... atzeko ispilutik joan bazihoakion etorkizuna galdua ageri zitzaion hondarrekoz. Herri itsusi hartako irudi panoramikoei kredituak jartzen ari zitzaion gogoan.

        Herri-batzar izeneko hogeitsu laguneko bilera politiko batean nabarmendu zela ez zela, ardurak hartzeko aukerak zerutik bezala hasi zitzaizkion esku artera etortzen. Aldez herriratu berria zelako eta bertako bizitzan txertatzeko bide egokia izan zitekeela iritzita, aldez etxekoari barkatzeko ez direnak kanpotarrarengan edergarri zaizkigulako maiz. Erantsiozu horri etorria, mintzo gozoa eta planta dotorea, langile ospea, janzkera itxurazkoa eta harrotasun neurtu bat, horra buruzagi ezpaleko bat.

        Haren jardunarekin liluratuta, gutxi axola izan zitzaien bertaratutakoei Iñakik gaiztoz emandako azalpena. Infiltratu hitza erabiltzen ausartu ez bazen ere, argiturri-ren ebakerak nekez estaltzen zuen Iñaki beraren sakoneko gaitzondoa eta urtetan erasan gabeko buruzagi politikoaren gainbehera tamalgarriaren ageriko lehen aztarna jo zitekeena. Izena handiegi dagokion argiturri bat izan ziren haren hitzak.

        Harripetik bezala sortu bazen ere, aurpegi berri bat gauza beharra zuen gure bizitza militanteak. Eta estimatu genion, hain ezti zitzaizkigun belarrietara haren ahotik isuritako eleen xirripak, esaldien lanbro fina, ahoskeraren jauzi leunak. Hain ametsez kargatuak, hain hegalariak, hain jori, hain txori, hain ziren hain...

        Hurrengo herri-batzarrak Markosen erakarmen indarraz betetzenago joan ziren, hanpatzenago, itsutzenago, horditzenago. Maiztutako esaldiei eta hitzei leinuru berria aurkitzen zien, gozatu berria ematen zien ordura arte panfletoen lerroarte itunetan eta azpeitiarren batez besteko mintzo gozakaitzean hilduratuta zeutzan askatasuna, herria eta borroka legezko kontzeptuei. Horrela, astiro-astiro, kutuna, araoa bilakatu zen gutako askorentzat Markosen izena, ahora ekartzeaz bat sendotu egiten ziren gure konbikzioak, ezabatu gure burubideen lausoak, geure kaskarrean, gu ere handitu egiten ginen apur bat izen miresgarri horren ubera oparoan.

        Urretxindor hura nondik sortua zen inork ez zekien. Gutxi ardura zigun horrek azken beltzean. Berekoi jokatzen dugu askotan. Bestelakoan gainera etor dakigukeen ardurak besteren bizkarrera lerratzen ikusteak damaizun lasaituak arintzen du, eta ez gutxi, bizitzearen lor astuna.

        Su-etena aldarrikatua zuen ETAk. Nork ez daki hori dagoeneko. Tiroak apaldu eta bihotz askok irteera seinaletzat hartu zuten isiltasunaren eztanda hori. Epelak berotu egin ziren, apalak harrotu eta beltzak zuritu; eta alderantziz. Ordura arte mortu ziren parajeetan landare modu ugari hasi ziren hazten: barazki, lekadun, labore, fruitu... Sastraka, zuhaitz eta belar jende orotarikoak, luze ondo gordean edukitakoak itsastu eta loratzen.

        Herriko komitearen aurrean iraultzaile agertu zen, eskarmentu handiko internazionalista, hamaika borrokatan zaildua. Iñakiren bekozkoaren gerizak ez zuen atertuko, hala ere, Markosi zegokionean. Inoiz pauso bat atzera ez. Ezkerreko begitik sartua zitzaion ezagutu orduko. Areago Natiren soslai hotza zelan beratzen zen ohartu zenetik, ia urtzeraino esango luke. Denok daramagu narrasean maitale zapuztu bat barruan.

        Aspaldi, Franco hil eta urte gutxira espetxean egondakoa. Ertamerikan ibili omen zen laurogeiko hamarkada erditsuan. Handik itzuleran borroka alternatiboei eskaini bide zien bere kemena. La Salveko kuartelean birritan ostatu hartutakoa, torturen arrasto beltzak erakutsi izan zizkigun inoiz lagun hartuenei. Izutzekoak.

        Eskola handia zuena bistakoa zen. Ordezkaritza bat betetzera heldua zen Azpeitiko Institutura. Matematikak eta etika. Zuzenbide ekonomikoa ikasia zuen Deustuan. Deus Town-etik Lohi olara, kaka lantegira, gustuko aipua zuen. Futitzen zen jesuitez, futitzen zen San Inazioz. Hari edozer barkatzeko geunden.

        Udagoien hura bezain gogoangarri etorri zen ondotik negua. Presoen aldeko plataforman aitzindari, Lizarra-Garaziko taldean aurreko muturrean, sindikalgintzan gailen. Markos gora zetorren aparra bezala eta beldur ginen, aurki gure Azpeitia tristea plaza txikitxoa ez ote zen gertatuko gisako idisko politiko batentzat. Alde egingo zigula. Utzi egingo gintuela berriro betirako geure urolatartasunaren kalma zurian kirasten.

        Eta etortzekoa zena ohi duen doitasunez iritsi zen. Maiatzaren aurrenarekin jo zuen sabaia Markosen gorabideak. Ordurako aski lotuta ziren ekaineko udal hauteskundeetarako zerrendak. Oraindik erabakia herri-batzarrak bedeinkatu gabe egon arren, denek jotzen zuten Markos Azpeitirako alkategai egokiena. Nork kenduko zion sekulan EAJri alkatetza bestela...? Halako kontuak zebiltzan bolo-bolo.

        Maiatzaren Lehena. Manifestaldi bikaina euripean: LAB, ELA, ESK, EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuak uztarri berean Iruñea zaharreko karriketan. Zoragarria.

        Azpeiti-Azkoitiko autobuskadak ez zuen askorik gizenduko batasun hura baina eman zion kolore apur bat Golem zinemak eta Sarasate pasealeku arteko txangoari: irrintzi bat han eta oihu bat hemen. Euskal langileriaren unibertsoan neurrian nabarmentzeko tamainan. Sateliteak.

        Baina Markos izan zuen eskas autobus hark, Markos zuen eskas langileen erakustaldi paregabe hark, egun hark Markos zuen eskas, peitu, falta. Gripe zikin batek ostu zigun.

        Bezperan joan zitzaion bisitan Nati azkenekoz. Gaixotasunaren arrastoak artean sakon margotuak zituen Markosek soinean. Laranja zumo bat ari zen gertatzen. Aurreneko lana hautsontzia hustea egin zuen. Etxe hartan zer non zen ondo zekien lehendik, Markosen bihotzean ere bai. Ordura arte hala uste zuen behintzat.

        Zaputza hartuta irten zuen Markosenetik. Onean eta txarrean ahalegindu zen. Maisuki dantzatu zituen maitekidearen berotasun konplizea eta burukidearen arrazoibide irmoa. Sukaldeko mahaian Natiren esku artetik ihesi labaindu zen aingira zen Markosen esku hotza. Hainbestekoa sumatzen zuen bere baitan gogoaren oldarra, non aitzakia merkea irizten baitzien Markosen argudioei bata bestearen atzetik. Etorri egin behar duk, bihar ezin diguk huts egin ekiten zion Natik behin eta berriz, etorri egin behar duk. Alferrik. Markos bere gaixotasunaren harresi zurbiletan gotortu zen. Aterpe hartatik ezin dinat herabe eta triste bat baino ez zuen jaulkitzen tarteka zintz eta eztul artean. Ondo zagok esanda danbatekoa eman zion kaleko ateari. Muzin egin zion bertan afaltzeko gonbitari. Beharbada orduan ikasiko zuen Natik ere lilura eta maitasuna ore bateko opilak ez direna. Eta bata dastatua zuelakoan bestea janda egongo zen beharbada. Beharbada.

        Markosik gabe baina handikiro eta ozen eskatu genituen hogeita hamabost orduko lan astea eta soldata soziala Iruñeko kaleetan. Geure egin genituen lider sindikalen hitzak. Txalo beroz agurtu genituen. Handik Jarautan barrena bizpahiru basoerdi hartu eta Labrit frontoia jo genuen lagunarte giroan proletario gosea berdintzera. Ohi zuenez begipe zorrotzean ginduzkan Iñakik, hala ere ez zuen aukera galtzen bateko zein besteko ezagunak agurtzeko. Laster gure mahaitik aldendu eta bi mahai harantzago jesarri zen Arratia aldeko jendearekin. Begirazun sutua zuzentzen zigun bertatik. Alboko lagunak esaten zizkionak entzun egiten zituen miraz. Entzun eta entzun ari zen. Igorreko gazte hura Iñakiren ganbara betetzen ari zen heinean, ostargi zabal batek argitu zion aurpegiera, kopeta. Tartean-tartean ahoratzen zuen oilasko izterrak garaipenaren okelaz mamitua behar zuen inolaz ere.

        Xarmaren katea etenik gainbeheraren pendizak ez zuen azkenik. Bigarren zirgitaldia nozitu zuen Azpeitia aldeko militantziak urtebete azpitik. Iñakik ahogozatuz aletu zituen aletzekoak, Markos izena Natiri zuzendutako destainaz ahoskatzen zuela herriko batzordean. Zeanuritarra zela eta Deustuan ikasia zelakoa egia zen bederen. Hortik gora gutxi.

        Euskadiko Kutxan, Bilboko sukurtsal batean egin zituen antza pare bat urte beharrean. Lar arintxo aberastu zela. Hogeitaka milioiko diru-zuloa tarteko botako zuten lanetik. Barruan ere egon ote zen; lapur arrunta noski.

        Ertamerikatik gertuena Bilbon zen ibilia, San Antongo zubitik hara, Bilbo Zaharreko kaleetan nazioartekotzan sexu bidezko trebatze trinkoan. Torturak, berriz, Barazar jaisten esku beltz batek —errepresio espainiarra ausaz— marraztutako bazterra jo izanari zor zizkion. Gizajo gaizto bat.

        Ez zen lan samurra izango jendeari azalpenak ematea. Zelan aurre egin Markos auziari? Bluff bat izan zela aitortu apal-apal eta desliluraren ekaitzari eutsi ahal moduan? Hurrengo herri-batzarrean salatzea ere bazegoen, hori onartzera, baina, toki ederrean geldituko zen alderdiaren izena. Berriz ere azpeitiarren buru argitasuna eta adimenaren ospea sua bezain bizkor zabalduko zen lau haizetara. Azkoitia beti dago nahi baino gertuago. Hortik osatuta geunden lehen ere. Urtetako lan politikoa ere egon zitekeen arriskuan gainera. Ez zen taktikoki egokia. Hauteskunde kanpainaren atalasean areago. Iñaki zen mintzo zena. Pragmatikotasunaren ur epeletan must egiteko bidean jarri ginen herriko buruzagitza politikoa, zuzpertutako gidari historikoaren gerizpean.

        Hauteskunde zerrenda onartzeko herri-batzarrean Iñakik emango zuen berri. Leuntzen jakingo zuen bonbazo bat. Militantziaren deia. Lehentasun kontua. Ertamerikan behar zuen alderdiak. Nazioarteko egituran giltzarria izango zen Markos. Atzera, gezur txiki bat gehiago eramaten asmatuko zuen azpeitiarren urdail zurratuak.

        Gogor eztabaidatu zen. Erantzun gaitzeko galderak lehertzen ziren Sindikatu Zaharreko aretoan. Zergatik? Zergatik? Zergatik? Hamaika begi lausotu zuen asanblearen dramatismoak. Zergatik joan behar zuen? Zergatik abandonatu gintuen? Txakur bat bezala alde egin zuen, ezer esan gabe. Haserre zen jendea Markosekin. Hauteskundeak. Umezurtz sentimendua. Tragedia bat.

        Iraultzailearen eskuzabaltasuna goretsi eta aldarrikatu zuen Iñakik. Bero hitz egin zuen. Egoki. Azpeitiak maite zuen.

        Markos Astarloari argi azaldu zion Natik zertan ziren gauzak. Edo egiaren lauzapean zapuztuta ito edo santu usainean desagertu. Isil, muker entzun zituen Markosek. Hila zegoen, ez bristadarik bere soslaiak, ez pozik bere soin behiala lerdenak, hilduratuta bere hizketarako grina. Herritarrek sinesmen sendoz suspentsuan hartu eta zeruraino jasotako idoloa bere begien aurrean zetzan sugearen pare. Ondo nahi bazuen bi baldintza zituen nahitaezko: isiltasuna eta desterrua.

        Gorrian pasa zuen azken semaforoa eta eskuinera jo zuen Markosek. Zumaiako geltoki aurrean laga zuen autoa. Natiri idatzi bezala geltokiko tabernan utzi zizkion giltzak. Ohar hura izan zen bere azken mezua, garrantzirik gabea, hutsaren sinbolismo hutsa. Ez zekien zergatik sinatu zuen.

        Ortzi urdin bustian hodeitza mardula kargaontzi astiroa zen abantean barru aldetik kostara hurbiltzen. Erdizka zirriborratutako irribarrea eskaini zion Markos Astarloak eguerdiko eguzkiari nasatik.

        Poltsa eskuan zuela beste geltoki bat etorri zitzaion akordura. Beste poltsa bat. Beste sasoi bat.

        Iraganeko lauso ederretsitik ikusi zuen bere burua Bilboko bulegoan. Espero bezain erraz gertatu zitzaiola Euskadiko Kutxako altxorra arintze hura. Seul-88 inprimatuta zuen kirol poltsan sartu zituen ostutako diruak. Urrearen distira zuen artean beretzat ekintza haren gomutak: ustebako deia, lehen orduko zirrara, beldurrak, zalantzak, hitzordu klandestinoa bestaldean... Larunbat eguerdia zen. Negua. Pauso guztiak nola aurreikusi hala jazo ziren, aurrez bizi izandakoaren segurantziaz. Inon arazorik ez. Muga pasa eta garaiz heldu zen geltokira. Hitz eginda bezala diruak utzi eta etxera buelta. Aspaldiko nekea eta arrakastaren aho gozoa berritu zitzaizkion Markosi urrutiminez. Diruak hartu zizkiona bera bezain urduri zegoela begitandu zitzaion orduan.

        Hamar urteko hesi baten gainetik jauzia egin eta Zumaiako geltokian pausatu zen Markos harzara. Oroitzapen maiztuek zamatzen zioten poltsa, oroitzapen gozoek, oroitzapen minek. Joan, joan, joan... nonbaitera buruz zihoazen hodeiak ostarteak saihesten. Ortzia zabal-zabal irekitako leihoa zen, gizon bat zegoen bertatik begira.

        Trenak txistua jo zuen. Nasako airea berotu zuen motorraren lamadak. Markosek zigarro isiotu berriaren kaligrafia bihurriari eman zion arreta.